Nik, berez, euria ari ote zuen ikusi nahi nuen. Ez neukan hemen geratzeko intentzio handirik. Alde egin nahi nuen egia esatera. Baina euria ari eta ezin. Atertu zuelakoan hurbildu atarira, eta oraindik zirimiria era susmagarrian ari zela iruditu zitzaidanez gero, eskua ateratzea erabaki nik. Asko bustitzen ez bazen alde, alde ez itzultzeko.Abenduaren 30ekoaren ondotik politikariek hartu duten jarrera ikusita, ez dut inolako informaziorik jaso nahi hemendik aurrera. Leihotik behera bota dut telebista, ordenagailua arrainontzi bihurtu eta egunkariak erosi eta berehala sutara botatzen hasi naiz etxea berotzeko. Irratiak patu hobea izan du, baina diala 24 orduz musika klasikoa jartzen duten emandegi batetik mugitzea debekatu diet etxekoei.
Behin herri honetan bizi naizela ahaztea lortuta, beste askotan bezala liburu artean bilatu dut galdera ikurren zaparrada honetarako aterpea. Zehatz esateko, Homeroren Odisea izan dut esku artean azken aste honetan.
Mundu guztiak ezagutzen du Odisearen istorioa eta Ulises gizarajoak Itakara, eta han zain zuen Peneloperengana iristeko pasa behar izan zituenak. Begibakar lerdetsuek bidailagunak jan zizkioten, Poseidonek itsasoa astinduz jazarri zuen eta sirenen tentaldiari eutsi behar izan zion; Zeusek itsasontzia lehertu zion, urteetan ez aurrera eta ez atzera egon zen Ogigiako irlan eta, beti Itaka helburu zuela, bere itsasontziak hondoa jo zuenean ere, aurrera egiteko indarra atera zuen.
Azkenean Ulises Itakara heldu zen, bere arkua tenkatu eta erregea zela erakusteko adina indarrekin. Eta Penelope zain zuen, hainbeste urteren ondoren beti fidel.
Abenduaren 30etik inbidia ematen dit Ulisesek. Berak, pasatakoak pasata, Itaka zapaldu zuen berriro. Helmugara iritsi zen.
Iritsiko ote gara gu? Bukatuko ote da inoiz gure Odisea? Nolako Itaka aurkituko dugu itzultzean? Zer galdu dugu bidean? Eta itzulita ere, zain izango ote dugu Penelope?
Beldurrez nago ez ote dugun ohean, begiak zabalik aurkituko, bortxatua, eta hila.
Iruñeko Euskalerria Irratirako 'Burutazioa'
Orokorrean parkean topatu izan ditudan txori gehienekin tratu ona izan dut. Gipuzkoa aldeko eskopeten frontea aztarrika gaindituta ailegatzen dira eta esker onez hartzen dute ogia, baita alboko bankuko jonkiak kariño handiz esku ahurrean jartzen dituen gusanitoak ere.
Baina, nire ekologista eta naturzale kontzientzia guztia zukututa ere ezin izan ditut inoiz kurriloak jasan. Badakizue ze txori diren ezta? V letrak osatuz zerua zeharkatzen duten hegazti luzexka horiek. Hodei artean nazien antzik duen hegaztiren bat baldin badago, horiek kurriloak dira, dudarik gabe. Beti heriotz eskuadroiaren itxura hotz horrekin, beti formazioan. Besteen gainetik, besteak baino azkarrago, besteak baino indartsuago. Ezin ditut jasan, sentitzen dut.
Eta orain, esan didatenez, Nafarroa aldean eman diete lana. Hor abiatu dira hegazkin bonbaketariak bezala erreinu zaharreko zerua zeharkatzera.
Atzo Beran izan ziren. Ez zenituztela ikusi? Nik, han izan ez banintzen ere, banekien ez zebiltzala urrun. Ziur nago baten bat ni bezala txoriei erreparatzen ibili bazen V asko ikusi zituela atzo Berako zeruan. Telebistatik behintzat ederki ikusi ziren, Euskal omen den Telebistako albistegian Vera de Bidasoa idatzi zutenean. Gauza bitxia: Vera hitzaren gainean eseri ziren kurriloak V formazioa batere galdu gabe. Vera con uve. Como debe ser, coño.
Nire abizenean ere kurriloak pausatuko ote diren beldurrez joaten naiz orain parkera. Hainbeste gustatzen zaizkidan beste hainbat hitzetan ere eseri nahian hasiko ez ote diren. Eta zaila egiten zait imaginatzea, nola idatziko ditugun Babilonia, bakea, babesa... uverekin, edo nola ikasiko duten Berako ikastolako haurrek baleak eta bakterioak zer diren edo Balkanak non dauden, kurriloak dena uvez idazten tematzen badira.
Ezin ditut kurriloak jasan, esan dizuet. Zeruan formazioan hegan egiten dutenean begirada beste lekuren batean jartzen saiatzen naiz. Lur hartzen dutenean korrika ihes egiten dut ezkutatzera. Kurriloak ikustean irabazleen uniformeekin eskoletako arbeletan VICTORIA bakar, handi eta librea idatzi zuten beste txoritzar beltz horiek etortzen baitzaizkit gogora. Eta horiekin hobe izango dugu asko ez akordatzea.
