Atala: Euskalerria irratia

2008-02-26

Permalink 20:07:01, Atalak: Euskalerria irratia  

Indar guztiekin bozkatzeaz

Entzun

Ez da serioa eta horregatik ezin dut barrerik egin. Autoan nindoala ikusi nuen gobernuko alderdiaren afixa: “Bozkatu zure indar guztiekin”. Eslogan txarra iruditu zitzaian.

Izan gaitezen serioak: zer arraio, kristo eta demonio da “indar guztiekin” bozkatzea? Nola bozkatzen da indarrarekin? Beharbada hautesmahai inguruan dabilen norbaiti muturreko bat jotzen. Beharbada bozkatzera joan aurretik, hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean-edo, gimnasiora joanez, egun handia iristean gutunazala bizeps indartsuekin sartzeko.

Indarra daukala erakutsi nahian ari da gobernua azken aldian. Indarra, gezurra badirudi ere, ahulen errekurtsoa da. Indarra erabiltzen da beste ezer erabiltzeko gaitasunik ez denean. Indarrez bozkatzeko eskatu digute.

Indar guztiekin.

Indarrez sartu dituzte kartzelan 200 errugabetik gora. Beste gauza batzuetan berriz, lau urteko basamortuan mingainetik alde egin die indarrak.

Hauteskunde eguna iristean utzi balkoia zabalik, zabor biltzaileak jasoko ditu hautes txartelak; balkoitik ikusiko duzue. Hauteskunde eguna iristean, utzi balkoia zabalik, gure demokrazia gorpu biziaren usainak irten daitezen. Ni komunean izango nauzue indar guztiekin nire bozka ematen. Gutxienez tronu horretan, denok gara berdin, denok gara errege.
----------

2008-01-14

Permalink 23:13:34, Atalak: Euskalerria irratia  

Sudur kontuak

Entzun

Nafarroa, katarroa: birus gaizto baten modura sartu zait 2008a. Xanpain botilaren kortxoa kentzerakoan egindakoa baino ahalegin handixeagoa beharko du nire sudurrak oraintxe daukan tapoia kendu nahi badu. Dena dela, baditu gauza onak osasunaren istripu txiki honek. Sudurrek gaur egungo gizartean duten garrantziaz pentsatzeko aukera eman dit.

Izan ere, badira sudur talkozale biziosoak eta kartaboi sudurrak, arkitektoren batek diseinatuta bezala. Baita sudur izena irabazi ez duten kartilago zatiak ere, eta Basajaun sudur iletsuak, Anbotoko Mari nondik azalduko usainka.

Azpiko ahoak baino gehiago hitz egiten duen sudur tronpeta zaratatsu batekin egingo duzu topo akaso.

Tabernan, sudur gorri nafarrak.

Zain urdinekiko sudurrak gizon haserreengan.

Ping-pong sudur txikiak eta sudur luze elefantikoak.

Asko jakin daiteke pertsona batez bere sudurrari erreparatuta. Itxurak ordea, faltsuak izaten dira. Nola diren baino, zer egiten duten da interesgarria sudur kontuetan.

Bankuetxeetako bezeroen poltsikoan boilurren xerka aritzen diren txerri-sudur gorbatadunak ezagunak dira. Badira leku guztietan azkar arnas hartuz azaltzen diren sudur urduriak, gehienetan txakur hiperaktiboren baten abangoardia.

Sudur osasuntsuak badaki noiz ari den geratzen airerik gabe, eta ito dadin indarka bultzatzen dion beso berderen bat ez badago, atera egiten da erreka bazterreko uretatik arnas hartzera.

Gutako batzuen sudurrek, katarroarekin egon arren, estoldetako kiratsa berehala sumatu dute azken aldiko albisteetan. Beste sudur batzuek berriz, usaindu ez dutenaren plantak egin dituzte. Mundu guztiak daki ez dagoela usaindu nahi ez duena baino sudur zikinagorik eta honetan utziko dugu burutazio hau.

Ea hurrengoa ez diogun saihetsei eskaini behar.
----------

2007-11-26

Permalink 19:56:16, Atalak: Euskalerria irratia  

Sarkozy eta luddismoa

Entzun

Asteburukoa da notizia baina hemen oilarrari baino zezenaren buztanari begira egoten garenez ez dut inon irakurri orain arte.

Nicolas Sarkozyk “pirateria” esaten dioten fenomeno horren inguruko txosten bat eskatu zion Denis Olivennes FNAC enpresako buruari. Neskame baten zilarrezko erretiluan iritsi zen testua asteburu honetan, 40 orri. Dena urratsen oihartzuna Eliseoko egongelako arratsaldean.

Badirudi Sarkok afera honetan ere letaginak zorroztuko dituela. Gillotina piratari. Musika legez kanpo deskargatzen duenak Interneteko konexioa galduko du beharbada. 2008. urteko hasieran jakingo dugu zehatzago nola ariko diren Robespierre berriok kulturaren elkartruke librearen kontra.

Entzuleak izango du luddismoaren berri. Industria iraultzan langile ingeles batzuk fabriketako makinak txikitzen ibili ziren, langabezia eragiten zutela argudiatuta.

Beti iruditu izan zaizkit luddistak itsasoa guraizeekin moztu nahian zebiltzan zoro kuadrilla bat. Begiak itxi zituzten historiak ekarri duen eraldakea nagusienetako baten aurrean. Eta galdu egin zuten.

Frantziako gobernuak eta lobby kultural handiek bultzatutako neo-luddismo honek ere ez du irabaziko. Denborak aurrera egiten duen neurri berean galduko dute indarra euren argudioek. Ia urte bukaeran gaude eta ikusi beharko da. Sarkozy eta lagunak urte berriaren aurkako manífestazioren bat antolatzen ari direla uste dut. Biba errepublika eta  biba inboluzioa!
----------

2007-10-23

Permalink 23:00:07, Atalak: Euskalerria irratia  

Vianako amoranteak

Astelehenean Euskalerria Irratiko Burutazioa idatzi nuen eta gaur dakarkizuet, atzerapen apur batekin. Testua luze samarra atera zait, eta astuna gera litekeenez, irakurritako bertsioa ere entzun dezakezue, gutxiago nekatzeko. Sakatu triangeluan eta entzun nire ahots marrantatua...

Besoa jaso zuen katxia ahoratzeko eta laurogeita hamar graduko angeluan eduki zuen luzaz. Bazirudien denbora gelditu zela, mila egun eta mila gau iragan zirela Vianako zeru gainetik; hamaika hodei, hamaika txori eta beharbada esperantza bat. Azken aparrak golkora erori zitzaizkionean bakarrik pitzatu zen etena. Maldizio bat esan zuen, pintorearen azken pintzelkadaren modukoa eta begirada jasota ikusi egin zuen, ilehoria. "Gora Euskadi" txapelean, herabe xurrupatzen zuen sei litroko kalimotxotik. Beregana korrika hasi zen jokaldirik onenentzako gordetzen den kamera mantsoan, bidean katxia, eskuineko hankeko mendiko bota eta lagun bi utzita. Han egon zirenek esan dutenez, biolin baten soinua entzun zen, inork nondik ez dakiela. Han egon zirenek diotenez, mahatsondoak loretan zeuden, egoerarekin gaizki ez emateko.

Dena perfektua zen biak banatzen zituen berrogei metroko tartean.

Baina magia ere egunotan iraungipen datarekin fabrikatzen denez, ez zen gure edale bukolikoa bere helmugaraino iritsi. Sabelak hitz egin zuen lehenago bere foruak aldarrikatuz. Borborka atera zen protestaren emaitza eta hesteen menia etorri zenerako ilehoriak alde egin zuen. Belauniko jausi zen hildako plastikozko edalontziz eta lohi beltzez mukuru zegoen guda zelaira. Esan digutenez, negar egin zuen. Dena dela, eguerdia besterik ez zen. Hori pentsatu zuen. Zain zituen esperantza eta aurreko egunean erositako litronak. Aurkituko zuen ilehoria.

Eta aurkitu zuen. Hori esaten du berak behintzat, ikusi zuela, bizpahiru aldiz. Lehenengoa "Besterik Gabe" taldearen kontzertuan izan zen: dantza mozkorrean hurbiltzen hasi zen eta lurrean bukatu zuen, min hartuta;

Bigarrena anbulantzian: hanka puskatu zuela esan zioten une berean ilehoria ikusi zuela uste baitu;

Hirugarrena eta guk dakigula azkena, autobus guztien abialekuan. Oso urruti zegoen, eta ezin ziurta dezakegu ilehoria goizeko bera zenik. Ezin esan, bestalde, Bilbokoa ote zen ala Ziburukoa, Ataungoa, Aramaiokoa ala Tuterakoa. Egia esan, puntu honetara ailegatuta gure heroi hordiak kontatutako hitz bakar bat ere egia denik ziurtatzea nekeza da. Guk etxeko atarian aurkitu dugula esan dezakegu, kolore arrez tintatua, bi makulu, gorputz substantziatua eta maldizio berri bat ahoan zuela. Giltza galdua omen, non eta "Giltza daukagu" ozen esan duten herrian.

Hau izan da Vianako ezinezko amodioaren istorioa. Izango dira berriak euskararen aldeko hurrengo jai etilistetan.
----------

2007-09-24

Permalink 19:04:48, Atalak: Euskalerria irratia  

Sergi Lopezen apologia

Geografia da arazoa.

Lehenago ere susmatu zuen, Zinemaldiko prentsa bulegora akreditazio eske hurbildu eta bidegurutzea ikusi zuenean: Espainiako hedabideak eskuinean, atzerrikoak ezkerrean. Bietako zeinetara hurbildu behar zuen ezin asmatu. “Atzerrikoa ez nauk, baina neure bizarrengatik, ni ez nauk Espainiakoa!”

Atzokoa da berria eta zahartu samarra ailegatuko zaizue agian, ailegatu baldin bazaizue noski. “Espainiarra edo Frantziarra sentitzen zara?” galdetu zioten Sergi Lopez aktoreari La maison filma aurkezteko prentsaurrekoan. Erantzuna, antologikoa iruditu zitzaion. “Ni aktore naizen aldetik ez naiz inongoa sentitzen, eta pertsona gisa kataluniarra naiz” esan zuen Lopezek. Antologikoa. Baina gauzak zer diren, ez zuen inon irakurri biharamunean. "Richard Gere-ren ile zuriak garrantzitsuagoak direla ez dago esan beharrik, gizarajoa!".

Geografia hizkuntzetan ere: aretoetan euskaraz hizketan entzun du, ikusleen ahotan. Ekitaldietako aurkezleenetan nekez.

Gobernuz Kanpoko Erakunde batek finantzatuta edo, filmen bat edo beste euskaraz azpititulatu dute. Ze goxoak gaurko ogi apurrak. Hizkuntza azpigaratuak hitz egiten ditugunok asko estimatzen dizuegu.

Geografia ikastea izango da. Berlin Alemanian dago eta Zinemaldia Espainian. Donostian egin arren, euskaldunetik hori du: izena. Euskara? Arrautza pinu gainean. Lehenago ingelesez, and thank you Mister Marshall.

Horregatik gaurko burutazioa, Sergi Lopez bezalakoei eskaini nahi nieke: aktore bikainak izateaz gain mapetatik harago pentsatzen dakitelako. Eta kazetari batek galdera euskaraz egin zionean ere, “barkatu ez dakit euskaraz” ohikoaren ondoren “gustatuko litzaidake” esan zuelako. Visca hi eta hitarrak! 

----------

<< Aurreko orrialdea ::

Kudeaketa

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution