Atala: Euskalerria irratia

2008-10-28

Permalink 18:02:33, Atalak: Euskalerria irratia  

Kapuściński, Konfuzio, Lao Tse

Entzun

Ryszard Kapuścińskiren “Bidaiak Herodotorekin” liburua irakurtzen aritu naiz asteburuan, aspaldi lagun batek egindako gomendioari behingoz kasu eginez. Kapuścińskik mugaren beste aldera egindako bidaiak kontatzen ditu lan sailkagaitz horretan: II. Mundu Gerraren osteko Poloniatik lurralde ezezagunetara egindako irteerak, Herodotoren “Historia” gidaliburu zuela.

Gaurko burutazio honen asmoa aholkulari literarioarena egitea ez denez, hariari heldu eta esango dizuet Kapuścińskik Txinari buruz kontatzen dituenak egin zaizkidala deigarrien. Oso lerro gutxitan kazetari poloniarrak Konfuzioren eta Lao Tse-ren jarraitzaileen arteko desberdintasuna egiten du; zakar azalduta, konfuziarrek legea eta ordena errespetatzen dute; Lao Tseren taoismoa jarraitzen dutenek dena iragankorra dela pentsatuta munduarekiko distantzia eta ekintza ezaren alde egiten dute. Ordena vs. Hutsunea nolabait esateko.

Zer pentsatua eman didate bi korronteek, gaur egungo egoera politikoak bi jarreren arteko zein aukeratu asmatu ezinda utzi bainaute. Azalduko dizuet: abertzale eta espainolisten arteko eztabaida geroz eta aspergarriagoa bihurtzen ari zait; esango nuke diskurtso nazionalistak gainbeheran doazela eta espainolismoa espazio hori okupatu nahian inork sinesten ez duen baskizazioa antzezten ari dela. Zirku bat, pailazo negartiz eta besorik gabeko trapezistaz betea.

Asperraldi horren aurrean Lao Tseri kasu egitea da aurreneko erreakzioa: euskal arazoaren botere harremanak momentuko zerbait direla pentsatu eta urruntzea, zeure burua politikaz desokupatzea. Baina gero konturatzen zara astelehenero daukazula buruan norbaiten adierazpena, larunbatean zure herrian izandako istiluak, baten edo bestearen aldeko argudioren bat. Politikaren ordena errespetatzen duzula fidel.

Kantak zioen bezala, “nire baitan daude biak”.

Kapuścińskik “Bidaiak Herodotorekin”-en aipatzen duenez, Txinan Konfuzianismoaren eta Taoismoaren arteko oreka moduko bat mantendu izan dute mendez mende, eta horrela egin dute aurrera, gaur egungo superpotentzia bihurtzeraino; ados, filosofia baino zerbait gehiago behar da horretarako, baina filosofia ere bai.

Beharbada geure burua politikaz, edo politikak gaur egun betetzen duen espazioaz desokupatzeko unea bizi dugu; Herodotok eta Kapuścińskik bidea erraztuko digute. Baina ez dezagun ahaztu espazio batzuk hustean beste batzuk betetzen direla, botere harreman, arau eta diziplina berriak sortuz. Eta berriro etorriko dira horiek husten hasteko garaiak, bidai berriei ekiteko. Eta berriro, eta berriro, mendeen mendetan, amen.
----------

2008-09-23

Permalink 13:13:13, Atalak: Euskalerria irratia  

Glamourra eta gernua

Zinemaldiko zurrunbiloan harrapatu nau kurtso berriko Euskalerria Irratiko lehen burutazioak. Bide batez, abisua blog honen balizko irakurleei (baten bat geratzen al da?). Bolada batean irratirako kolaborazio horiek baino ez ditut igoko blog honetara. Beheko txapa irakurtzeko gogorik ez baduzu, entzun ere egin dezakezu.

Inor begira ez dagoelakoan Maria Cristina hoteleko zinpeko zaindaria ipurdiko azkurak kentzen saiatu da. Hamabost urteko neskak giltzurruna lehertzeko zorian dauka, koadernoa eskuan: sei ordu daramatza, Javier Bardem ikusi nahi du eta ez du ulertzen nola jendeak autografoak eskatzen dizkion Mario Moni... Monicelli ezta? Izeneko gizon zahar horri. Zera ere pentsatu du, noski: Komun bat jarri beharko luketela hemen.

Filmak iragartzeko kartel handiek hilkorraren dimentsio txikia gogorarazi diote Urumea ondotik paseatzen ari zen gizon deprimituari. Alde zaharreko tabernari bakoitzak bere zeluloide ukitua eman nahi izan dio barrari, odolki eta txorizo pintxoen ondoan Bogart, Hepburn, Allen-en argazkiak jarrita, beste kaña bat Ramon, zer egin du Realak?.

Berrogeita hamarretan ibiliko den atsoak kioskoan lan egiten duen lagunari esan dio “niri denak ergel hutsak iruditzen zaizkit”. Atzo Maria Cristinaren atean egon zen eta aktore famatu batek ez omen zion autograforik sinatu “baina badakizu, nik kontu honetaz erabat paso egiten dut; ergel hutsak denak”.

Menu merke bat jaten ari diren bi gizon, akreditazioa lepoan, jatetxe guztia enteratzeko moduan ari dira zinemaz.

Alfonbra gorria fuksia kitsch batez tindatu dute eta hotelaren barruan kanapeak, tragoak eta gaizkiesanak zilarrezko erretilutan zerbitzatzen dituzte dotorez mozorrotutako langile subkontratatuek.

Zinpeko zaindariak hemorroideak dituela uste du, azkura hori ez dela normala.

Eta ez dago komunik hemen, gehiago eutsi ezinik Bardemen jarraitzaileak hotelaren albo batera jo du, obretan daude eta inor gutxi dabil han. Kokoriko jarrita irteera eman dio parrastada hori bero bati. Laster sortu da gernu ibaitxoa, aktore famatu hori, zuzendari jenial errepikaezin hori lotan dagoen lekutik metro eskasera.

Likido hori da Zinemaldiari glamourretik geratzen zaiona. Gainontzekoa pelikulak dira, eta eskerrak horiek beti ematen dutela sorpresaren bat.
----------

2008-06-02

Permalink 22:11:38, Atalak: Euskalerria irratia  

Historiako gitarra solorik onena

Entzun

RATMen kontzertutik bizirik atera ziren guztiei.


Historiako gitarra solorik onena izaten ari da: Hendrix bezalakoa da, baina psikodelia gutxiagorekin; Claptonen garbitasuna du haren ñoñokeria eduki gabe; Tom Morelloren indarra, sofistikazio gehixeagorekin; Kirk Hammeten punteo baten antza duela esan du norbaitek, baina ez da hain metalikoa; Santanaren gitarratik badu, nahiz eta haren gozotasun latinoa alde batera utzi; BB Kingen bluesa da, Slashen gasolina eta ke usaina, Pete Townshenden eztanda elektrikoa, Brian Mayren glamourra. Norbaitek esan du John Fruscianteren arima duela, beste norbaitek ezetz, hura Angus Young gaztea zenean egiten zuenetik hurbilago dagoela; Keith Richards! Oihu egin du norbaitek eta euskaldunen bat ere falta ezin denez, Kaki Arkarazo edo Aitor Gorosabel, bietako bat, esan du. Noski, konparazioak egiten hasita Jimmy Page hobea zela aldarrikatu du beterano batek, nahiz eta ados, entzuten ari direna historiako gitarra solorik onena den.

Soinu zorrotza da, distortsionatua baina garbia, malenkoniatsua eta koloretsua era berean; soinu beltza, soinu gorria, soinu zuria, berdea, urdina, morea; eskenatokitik begiratuta zerumugaraino iristen da entzule oldea. Denak daude geldi, Woodstock ezagutu zuen 65 urteko emakumearekin hasi eta Death Cab For Cutie-ren kamiseta daraman neraberaino. Heavyak daude, punkiak ere bai -nahiz eta soloak ez gustuko izan- pijoren bat edo beste, moja bat bularrak erakusten, guraso kontserbadore batzuk, koloretako kristalak dituzten betaurreko borobilak, Nick Hornby, noski, eta Euskalerria Irratiko kazetari bat mikroarekin bafleen ondoan, historiako gitarra solorik onena hasieratik bukaeraraino grabatzeko.

Horrela daude gauzak eta derrepente, hara non azaltzen den ministerioko langile bat maletatxo eta korbataz, entxufea kendu eta dena popatik hartzera bidali du. Krisian gaudela eta argindarra aurreztu behar dela. Debekatua hemendik aurrera musika aparailuak entxufatzea, tori bandurria bat ea moldatzen zareten. Espartin espartanoen eta kandelen garaia dator. Iraungo ote du rock and rollak? Kronikagile honek ez du uste. Rock and rolla hil egingo da, ez klasikoak gainditzea ezinezkoa delako, entzun dugu, historiako gitarra solorik onena bukatzeke dago. Rock and rolla hil egingo da garestiegia delako. Ezingo dugulako ordaindu. Ongi etorri beraz, artobizarrak erretzen biziko dugun ziklo berri akustikora. Musika herriko plazara bueltatuko da, 50 entzule, feria egunetan sarrera doan. Gitarra joleok, hasi juglare ofizioa ikasten, etorkizuna hor dago eta.
----------

2008-05-05

Permalink 21:52:42, Atalak: Euskalerria irratia  

Midas edo urdaiazpiko bokadiloa jateko ezintasuna

Entzun

Midas erregea urdaiazpiko bokadiloekin arazoak izaten ari zen Juantxorenean. Bat ahoratu nahi zuen bakoitzean urre bihurtzen zitzaionez hortzetan min hartzen zuen eta gosez geratzen zen.

Jendea nahiko aspertua zegoen berarekin, batez ere noizbait bere lagun izandakoak. Gutxi geratzen zitzaizkion inguruan. Elkarte gastronomikoko adiskideen emazteek berriz, ez agurtzearren, kalea gurutzatzen zuten ikusten zuten bakoitzean. Izan ere, Midasen bostekoak urrezko estatua bihurtu zituen haietako askoren senarrak, eta ondoren hiriko plazak dekoratzeko erabili zituzten, erabileraren bat ematearren.

Atentatuarena gauza jakina zen, gertatu beharrekoa. Bitxigileen gremioa arduratuta zebilen merkatuan hainbeste urre berri sartuta euren salgaiaren prezioa behera zihoalako; alkimistek iruzurgiletzat zuten, milaka urtetako teknikak baztertu ostean benetako urrea egiten hasi zelako, euren ofizioa prestigiogabetuz. Etsai gehiegi, eta indartsuegiak errege bakarrarentzat.

Maialenek bakarrik ulertzen zuen Midas gizajoa, beharbada -eta beharbada bakarrik diot- eraikuntza enpresa batean lan egiten zuelako. Bazekien nola sentitzen zen erregea, bazekien eskasa den ondasun bat alfer-alferrik ugaritzeak jendartean sortzen zituen ezinikusiak.

Bikote polita osatzen zuten, kanpotik begiratzen zuenarentzat ohiko harreman heterosexual estandarra, etxeko ateetatik barrura jarrera ez hain politikoki zuzenak ere bazituzten arren -asmatu duzue, bai, urre-zaparrada bikotearen oheko ohituren artean zegoen-. Gerora jakin da hori, erregearen biografia ez ofizialak argitaratu direnean.

Dena bukatu zen goizean etxetik lasai irten zen Midas, eta bere BMW urre kolorea pizteko giltza sartu zuenean ez zuen asmatzerik izan keinu hori izango zela bere bizitzako azkena. Lehergailuak ke handia utzi zuen eta urrezko hodei handi bihurtu zen, errege puskak ukitu zituenean.

Rostropovitxek jotako Bach-en minuet bat behar zuen eszenak dramaren epikotasun perfektua izateko: Maialen etxeko ataritik oihuka irteten (ez da bere ahotsa entzuten, txeloa bakarrik) Midasen gorpu zatikatu errea ikusten uzten ez duen urrezko hodeiak, kamera geldoan, inguruko zuhaitzen adarren gainetik hegan egiten duen bitartean.

Nahiz eta ondorengo urteetan higiezinen negozioak hondoa jo zuelako Maialen Midas erregearekin izan zuen bizimodua telebistako programetan kontatzetik bizi izan den, bonba hark asko eragin ziola esan dezakegu. Maite ere maitatu zuela pentsatzeko arrazoiak daude, inoiz ukitu ez zuen arren. Ez da beste inoren eskutik helduta azaldu jende aurrera eta gaur, atentatuaren zortzigarren urteurrenean bere etxeko sofan pilula gaindosi batez aurpegi zurbila, ahozabalik, hilda aurkitu dutenean, askok oroitu dute nolako irribarrea izaten zuen alfonbra gorria bere senarraren alboan gurutzatzean.

Maialenen bizitzari buruzko xehetasun gehiago eman ditu albistegiko aurkezleak, artxiboko irudi batzuekin batera. Gero Juantxok katez aldatu du, futbol partidua hastera doalako. Tabernan daudenek urdaiazpiko bokadiloei haginka egin diete.
----------

2008-04-12

Permalink 13:39:30, Atalak: Euskalerria irratia  

Autopistak eta politika

Astelehenean Euskalerria Irratitik eskatu zidaten burutazioa da ondorengoa. Ezin hemen jarri orain arte, eta dagoeneko Maltzagari egin diodan erreferentzia zaharkitua geratu da. Edonola ere, norbaitek hor bestaldean entzuteko pazientzia nahikoa badu, triangeluari sakatu.

Autopistarako irteera ez da batere ona baina bi aldiz ezkerreko ispilutik begiratu eta abian da. Mugimendu mekanikoz sartzen du intermitentea, ezkerreko erreira pasa, aurreratu. Musika klasikoa dauka jarrita, berdin dio, ez du aditzen. Ez dago autoan, ez da ezertan pentsatzen ari, subkontzientea ari da gidatzen. Eta hala ere ez du abiadura muga gainditu, segurtasun distantzia gorde du eta gaur ere ez dio lanetik etxerako bidean dagoen paisaiari erreparatu. Motorra itzali duenean, norbaitek botoia sakatuta bezala, berriro ere bere ekintzen jabe izan da.

Librea zarela uste duzu, baina bizitzan egiten dituzun ekintzen erdiak makina baten erreakzioak baino ez dira. Automata libreak gara asko jota. Etxera joan eta lotara sartu den gizonaz aritu naiz, baina berdin gertatzen da alderdi politikoekin ere. Bakoitzaren ohiturak gorabehera denak imajinatzen ahal dituzu A-15etik gidatzen. Batzuk Mercedesean, garbi eta miseria usaina duen tapizerian eserita, bi karrilen erdian jarrita mundua beraiena izango balitz bezala; auto handi txurigorriberde bat ere ikusiko duzu gutxieneko abiaduraren mugan, “lasai, asko zahartu baino lehen helduko gara norabait” esanez apur bat deseroso, derrigorrez mugiarazi dutena bezala; eta furgoneta bat, karrila behin ere aldatzen ez duena, topera zapalduta ere orduko 70 kilometrora eta matrikula doblatuekin. Gero badira karril batetik bestera pasatzen diren gidari ipurtarinak, komenientziaren arabera helmuga kilometro bakoitzero aldatzen dutenak, beti eskuinera doan kurba hartzen dutenak, lerro bakarreko errepide mapak saltzen dituztenak, Maltzaga non geratzen den galdezka bizi direnak...

Automata librea esnatu da eta lanera joateko autoan sartu, garajetik irten, bizilaguna agurtu. Ezin du bestela egin, nahi gabe ateratzen zaio. Gauza bakarrak batzen ditu gure espektro politikoko gidariak ere: politika giroa auto bat bezala maneiatzen dutela, eta autoa automatak izango balira bezala. Ezin dute bestela egin.

Agian esan berri dudan hori txorrada hutsa da, sinplekeria. Beharbada gasolioaren prezioa igotzea eta gure zera politikoaren azken inflazioa batera gertatu izanak eragin du burutazio hau. Edonola ere, hobe genuke garraio berriren bat pentsatzea, autopista hau errotonda handi bat baino ez baita, eta ni dagoeneko mareatzen hasia naiz.
----------

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Kudeaketa

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution