Mezua: Ideologiak

2009-05-05

Permalink 14:24:27, Atalak: Euskalerria irratia  

Ideologiak

Entzun

Egun batean esnatzen zara, eta konturatzen zara ezkerrekoa zarela. Ideologiaz, esan nahi dut. Bigarren hezkuntzako ikaslea naiz, 15 urte, eta Manifestu komunista irakurri nuen atzo. Beraz, komunista izango naizela erabaki dut gaur goizean. Iraultzailea. Gorria. 16-rekin Sarrionandiaren poema batzuk irakurri ditut, eta komunista euskalduna izan behar dudala erabaki. 17-rekin irakurri dugu ikastolan Leturiaren egunkari ezkutua, 18-rekin, neure kasa, Sartreren Goragalea eta Izatea eta ezereza, eta jada jabetuta ez dela aski izatea ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea eta gorria bakarrik, existentzialista egin naiz.

Gero, karrerako aurreneko mailan, Monzón, Azurmendi, Krutwig eta beste baten bat etorri ziren, eta egin nintzen abertzale. Kontuak ez galtzeko: ezkerrekoa, euskalduna, komunista, iraultzailea, gorria, existentzialista eta abertzalea.

Baina berehala, bigarren mailan edo, badator Solzhenitsyn eta ideologia bezain garrantzitsua den kontzeptu batez jabetu naiz: ñabardura. Uste dut orain egin naizela estrukturalista, edo horrelako zerbait, eta hasi zait iruditzen “komunista” hitza, bere horretan, nahiko hustua dagoela (ez du asko lagundu konturatzeak, 2004an-edo, Berlingo harresia erortzearen kontu hori pentsatzen nuena baino garrantzitsuagoa izan zela). Gainera Kunderaren Izatearen arintasun jasanezinaren ondoren, bolada batez, ideologiak baino gehiago interesatzen zaizkit neskak.

20-21 urterekin Fredric Jameson irakurri eta nire ezkerraldeko kezkak klase-borrokatik posmodernismora igarotzen dira: eztabaida sakonak subjektu historikoaz, Lisabö eta Ama Say-ren soinu bandaz lagunduta. Adin berarekin, bidaia pare bat tarteko, abertzale izatearena kuestionatzen hasiko naiz, baina Unamunori kasu egin, eta bidaiatzeari utziko diot, nazioaren gaixotasun sinpatiko horrek abandona ez nazan.

22rekin, Céline eta Houellebecq: grazia egiten didate, eta jada ez dakit ezkerrekoa naizen edo zer, ze bi frantses pikaro hauek fatxa batzuk iruditzen zaizkit, baina arrazoizko gauzaren bat edo beste esaten dute. Nola karrera bukatu dudan, eta lanean hasi naizen jende progrearekin, tsunami kontzeptual bat etortzen zait burura: anarko-ekologismoa, dekrezimendua, feminismoa eta bere aldaera porno-punkiak King Kong teorian, abertzaletasun historizista, nihilismoa...

Eta horrela, ideia ideiaren gainetik, azkenerako nazkatu eta neure burua orekatzearekin nahiko lan izango dudala otu zait azkenean. Gainera, zer arraio, 24 urte baino ez ditut. Pentsatuko dut beranduago gauza serioetan.

Baina 2008an gaude eta esaten didate krisi ekonomiko handi bat datorrela, beharbada kapitalismoa suntsituko duena behin betiko. Albisteak tortila bat prestatzen harrapatu nau, eta ez diot garrantzi handiegirik eman hasieran, baina telebistak ez duenez beste ezertaz hitz egiten, ba, azkenean, sinestu behar.

Ikusi ditut gobernuak, bankuak salbatzen.

Ikusi dut Bernard Madoff Historiako Lapurreta Handiena egiten.

Ikusi ditut lagunak lana galtzen, eta kezkatu naiz, nirea galduko ote dudan.

Eta esan dut: ondo ote doa hau guztia? Ez ote du norbaitek gauzak beste modu batera antolatzea proposatu inoiz? Egun batean esnatzen zara, eta buruari bueltak ematen hasi, eta erabakitzen duzu ezkerrekoa zarela. Eta beharbada merezi duela Manifestu komunistari bigarren irakurria ematea.

---------

PS: Norbaitek plagioa edo dena delakoa salatu baino lehen, Denys Arcand-en Les invasions barbares filmeko elkarrizketa batetik hartu dut burutazio honetarako ideia. Gero ez etorri esaten lapurretan nabilenik.

Erantzunak:

Bidaltzailea: karabantxelgo Haritz [Bisitaria]
oso ona...
krisia gorroto dut...
ekonomi aditua egiten ari naiz horrenbeste prentsaurreko, analisi, komisio, kongresu aurreko agerraldi...jarraitu ostean...

lengoan Erik gure lagunari erran nion...etorkizuneko nafarroako gobernuan non Unai Lako lehendakari izanen dugun, nik ekonomi sailburu izan nahi dut
Permalink-a mezu RSS 2009-05-05 @ 15:43
Bidaltzailea: Sugandila [Bisitaria] · http://sugandila.blogspot.com
Asko Kunderaren irakurketaren ondorio horretan geratu dira. Eta ez dago hain txarto, nik aldiro aldiro ideien betekada izaten dot eta gurago dot ekonomia-politika-eztabaidaideologikoak komunetik bota eta futbola ikusi. Gainera, batzuk badogu eguaztenerarte droga dosi nahikoa... eta hortik aurrera... ajea :D
Permalink-a mezu RSS 2009-05-11 @ 01:18
Bidaltzailea: Amonamantangorri [Bisitaria]
Oso ona. Nire burua islatua ikusten dut.

Unamunorena dela diozun esaldia ("Nazionalismoa bidaiatzen sendatzen den eritasuna da), nik Francisco Umbrali irakurri nion. Esaldia googleatu, eta hona agertzen diren izenak: Unamuno, Pío Baroja, Valle-Inclán, Albert Einstein,... Uste dut sarreretan Barojak irabazten duela, baina auskalo.

Dena den, ez nago konforme, eta esaldia aipatzen duten gehienak fatxa kabernikola hutsak dira. José Martí, Gandhi, Nelson Mandela, Agirre lehendakaria, Evo Morales, horiek denak nazionalistak dira.
Permalink-a mezu RSS 2009-05-11 @ 22:57
Bidaltzailea: 27zapata [Bisitaria] · http://www.27zapata.com
Arraioenea irratsaioan irakurri dugu zure testua, zarautzen, Arraio Irratian. Zure baimenik gabe...
Permalink-a mezu RSS 2009-05-13 @ 22:10
Bidaltzailea: Gorka Bereziartua [Bisitaria] · http://www.argia.com/boligrafo-gorria
Aupa Imanol!

Baimenik eskatu gabe ere, hor nonbait jartzen du hemengo testuak CC-by-sa direla, beraz hartu nahi duzuena problemarik gabe. Eta bide batez, mila esker! Ohore handia da niretzat!
Permalink-a mezu RSS 2009-05-14 @ 11:28

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
----------

Kudeaketa

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Zure bloga eraman

  1. Bloga esportatu eta txt moduan gorde.
  2. blogariak.com-era joan Tresnak > Inportatu bidez zure blog berria informazioa ekarri.
Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

powered by
b2evolution