
Problema handia izaten da gertakari historiko batean kazetaririk ez dagoenean, gero inork ez dakielako kontatzen denak zenbat duen egiatik, zenbat gezurretik.
Erdipurdiko pelikula bat, duela urte batzuk: musulmanek Jerusalem berreskuratu zuten momentua kontatzen zuen, hala moduz. Kristauek galdu egiten dute, pelikularen bukaeran, Jerusalem; hori horrela gertatu zen, XII. mendean. Ez dakit, ordea, film bukaeran erakusten duten elkarrizketa benetakoa den.
– Zenbat balio du Jerusalemek? –galdetzen dio Ibelingo Balianek, hiria defenditu duen gerlariak, Saladin sultanari.
– Ezer ez –erantzuten du sultanak, eta Baliani bizkarra emanda bere soldaduengana abiatzen da. Baina, gelditu, buelta eman, Baliani begiratu eta zera gehitzen du– Guztia.
Esan dut, ez dakit benetan horrelako elkarrizketarik izan zuten ala ez.
Baina, fikzioa, beharrezkoa bihurtzen da horrelakoetan, ez dagoelako kazetaririk gertakaria kontatzeko.
Balizko elkarrizketa horrek galdera zaila jartzen digu, bide batez: zenbat balio du, izan ere, Jerusalemek? Zenbat balio du Palestinako lurrak? Urtea bukatzeko erantzun antzeko bat eman nahi izan dute Ehud Olmertek, Tzipi Livnik, Ehud Barakek, Israelgo agintariek oro har, hirurehundik gora palestinar akabatuz.
Eta kazetariak Gazan sartzea zail dagoenez, fikzionatu egin beharko dugu, berriro ere, gertatzen ari dena.
“Barre karkailaka ari da soldadu israeldarra zigarroa ezpainean; barre karkailaka bere metraileta urduria ere, bonbak goitika egiten dituela, bere hegazkinak. Tomate zapalduak bezala haurrak, gizonak, emakumeak gorria soinu bigunez lurrera isurtzen.
Hezur erreek ereiten dute lur gorpuz asea.
Olibondo guztiak kiskali dira.
Usoen eskeleto beltzei oraindik kea darie.
– Zenbat balio du gure lurrak? –galdetuko dio palestinar batek soldaduari.
– Ezer ez –erantzungo du soldaduak. Gero, pentsatzen hasi, eta zera esanez borobilduko du esaldia– Zure bizia.”
Alferrik da. Talentu handia behar da Israelen exekuzio makina gaur, bihar, etzi egiten ari dena kontatzeko, erdipurdiko pelikula baten tankera hartu gabe.
Noski, ni neure zereginaz ari naiz: kazetaritzaz. Besterik da errealitatea kontatu ordez, kudeatu behar dutenen lana.
Talentu gutxiagorekin, eta irmotasun gehiagorekin jardun behar zuten, ene ustez, Europar Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek. Egiazkoak dira, baina pelikula txar batetik ateratakoak dirudite. Su-etena eskatzen ikusi ditugu, nola eskatzen dion umeak amari, ordaindu ezin duen opari bat Gabonetarako.
Aspaldi behar zuen Israelek lurralde okupatuetatik kanpo, baina, historiak ondo jasotzen duenez, sionistak izaina bezala atxikitzen dira lapurtu dituzten lurraldeetara. Indarra erabiliz kanporatu beharreko zomorro beltzak dira: 1973an Egiptok tiroz eta bonbaz bota zituen Golango gainetatik; 2006an hezurretan astindu ederra hartuta erretiratu ziren Libanotik.
Orain ere, Europar Batasunaren eta Nazio Batuen mehatxupean ez bada, ez dute atzera egingo.
Problema handia da, ez baikaude XII. mendean: gertatzen ari denaren egia, edo zati bat bederen, ezagutzen dugu. Baina, erdipurdiko pelikula batean bezala, Jerusalemek zenbat balio duen galdetzen jarraitzen dugu.
- Bonbardaketei buruzko informazioa Wikipedian. [en]