Pistola batean bukatzen zen beso beltzak atzo erabaki zuen hitzak soberan daudela. Txano zuriak esan du zeinek bizi behar duen, zeinek hil. Atzo autobideko peajeko langile baten bizitza kiskali zuten plazan, denen aurrean. Ustearen kontrara, sorgin ehizetan protagonista ez da heretikoa izaten, ezta plazan bere gorputzarekin txondorra egiten dutenean ere. Garrantzitsuena, noren azala ikatz bihurtuko den erabakitzea baino, sua piztuta mantentzea da. Inkisizioarentzat heretikoak suaren gasolina baino ez ziren. Errudunak, errugabeak ETAri ez zaio axola, garrantzitsuena sua gorri mantenduko duen erregaia eskura izatea da. Behin sua instituzio bihurtu denean, berak bakarrik agindu dezake. Egunero atera behar egur eta gorpu bila sua biziko bada. Instituzioak (barka "erakunde" esan nahi nuen) ez du beti heretikoen konfesiorik lortzen eta horregatik denak susmopean jartzera jotzen du, beldurra ogi bihurtzera. Gertatzen da, sutarako hautagaiak geroz eta gehiago diren neurrian, gutxiago direla haren inguruan dantzan ari direnak. Iritsiko da eguna, denok makila bati lotuta egongo garena. Eta hankapean beroa sumatzen hasten garenean, haragi errearen usaina hartzen, ez du asko inportako haga nork josi duen lurrera, nork lotu dizkigun eskuak, inkisizio euskaldunak, ala hegoaldetik etorritakoak.