Artxiboak: Otsaila 2008

2008-02-28

Permalink 11:52:51, Atalak: Testu motzak  

Euskal orkestra baterako instrumentuak

Biolina
Biolontxeloa
Biola
Biolentzia

Klabizenbaloa
Kontrabaxua
Kontramanifa

Flauta
Fagota eta
Fagozitatutakoak

Oboea

Tronpetak
Tronpak
eta, nola ez,
Tronpatuak

(Oharra: musika hastean behin ere ez bukatzeko arriskua dago)
(2. oharra: orkestra prest legoke kontzertu ekonomikoak jotzeko)
----------

2008-02-26

Permalink 20:07:01, Atalak: Euskalerria irratia  

Indar guztiekin bozkatzeaz

Entzun

Ez da serioa eta horregatik ezin dut barrerik egin. Autoan nindoala ikusi nuen gobernuko alderdiaren afixa: “Bozkatu zure indar guztiekin”. Eslogan txarra iruditu zitzaian.

Izan gaitezen serioak: zer arraio, kristo eta demonio da “indar guztiekin” bozkatzea? Nola bozkatzen da indarrarekin? Beharbada hautesmahai inguruan dabilen norbaiti muturreko bat jotzen. Beharbada bozkatzera joan aurretik, hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean-edo, gimnasiora joanez, egun handia iristean gutunazala bizeps indartsuekin sartzeko.

Indarra daukala erakutsi nahian ari da gobernua azken aldian. Indarra, gezurra badirudi ere, ahulen errekurtsoa da. Indarra erabiltzen da beste ezer erabiltzeko gaitasunik ez denean. Indarrez bozkatzeko eskatu digute.

Indar guztiekin.

Indarrez sartu dituzte kartzelan 200 errugabetik gora. Beste gauza batzuetan berriz, lau urteko basamortuan mingainetik alde egin die indarrak.

Hauteskunde eguna iristean utzi balkoia zabalik, zabor biltzaileak jasoko ditu hautes txartelak; balkoitik ikusiko duzue. Hauteskunde eguna iristean, utzi balkoia zabalik, gure demokrazia gorpu biziaren usainak irten daitezen. Ni komunean izango nauzue indar guztiekin nire bozka ematen. Gutxienez tronu horretan, denok gara berdin, denok gara errege.
----------

2008-02-12

Permalink 21:49:25, Atalak: Erretratuak  

K (notimeforlove)

Norbaitek belztu behar izan du zure izena K, atxilotu baitzaituzte goiz batez ezer txarrik egin gabe. Ordu txikietan deitu zuten zure etxera eta ez zen esnezalea. Ez da horrelako zerbait gertatzen zaizun aurreneko aldia. Ohean egongo zinen K, begi bat zabalduta lo, atearen azpiko zirrikituan pausoak ikusteko. Irekiko zen atea K, egiten ari zenaren lotsaz aurpegia estalita zeraman gizon bat sartzeko. Beltzez jantzia, ez zenuen nor zen galdetzeko beharrik ikusiko K eta bera ere ez zen azalpenekin luzatu. Kaleko arropak jantzi ote zenitzakeen galdetuko zenion K eta berak, ikusten ez zenuen toki batean zegoen norbaiti luzatuko zion itauna. Barreak entzungo zenituen K, ez dakizu pertsona bakarrarenak, gehiagorenak, berdin dio. Beharbada norbaitek negar egingo zuen etxean. Beharbada liburuak sartuko zituzten kaxetan, azterketak, Dylanen disko hura, A hard rain's a gonna fall. Eskuburdinak jarriko zizkizuten ondoren K, eta lapur bat bezala polizia autoan sartu. Barkatuko didazu K baina nik antzezlan txar honetako azkenaurreko eszena hori baino ezin izan dut ikusi. Asmatu egin dut gainontzekoa. Zuk erakutsi zenigun batzuetan, egia estaltzen dutenean irudimena erabiltzea beste biderik ez dela geratzen.

Ez dute uzten maitatzen gauean, NO TIME FOR LOVE
----------

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution