Entzun
Ryszard Kapuścińskiren “Bidaiak Herodotorekin” liburua irakurtzen aritu naiz asteburuan, aspaldi lagun batek egindako gomendioari behingoz kasu eginez. Kapuścińskik mugaren beste aldera egindako bidaiak kontatzen ditu lan sailkagaitz horretan: II. Mundu Gerraren osteko Poloniatik lurralde ezezagunetara egindako irteerak, Herodotoren “Historia” gidaliburu zuela. Zinemaldiko zurrunbiloan harrapatu nau kurtso berriko Euskalerria Irratiko lehen burutazioak. Bide batez, abisua blog honen balizko irakurleei (baten bat geratzen al da?). Bolada batean irratirako kolaborazio horiek baino ez ditut igoko blog honetara. Beheko txapa irakurtzeko gogorik ez baduzu, entzun ere egin dezakezu.
Entzun
Historiako gitarra solorik onena izaten ari da: Hendrix bezalakoa da, baina psikodelia gutxiagorekin; Claptonen garbitasuna du haren ñoñokeria eduki gabe; Tom Morelloren indarra, sofistikazio gehixeagorekin; Kirk Hammeten punteo baten antza duela esan du norbaitek, baina ez da hain metalikoa; Santanaren gitarratik badu, nahiz eta haren gozotasun latinoa alde batera utzi; BB Kingen bluesa da, Slashen gasolina eta ke usaina, Pete Townshenden eztanda elektrikoa, Brian Mayren glamourra. Norbaitek esan du John Fruscianteren arima duela, beste norbaitek ezetz, hura Angus Young gaztea zenean egiten zuenetik hurbilago dagoela; Keith Richards! Oihu egin du norbaitek eta euskaldunen bat ere falta ezin denez, Kaki Arkarazo edo Aitor Gorosabel, bietako bat, esan du. Noski, konparazioak egiten hasita Jimmy Page hobea zela aldarrikatu du beterano batek, nahiz eta ados, entzuten ari direna historiako gitarra solorik onena den. Entzun
Midas erregea urdaiazpiko bokadiloekin arazoak izaten ari zen Juantxorenean. Bat ahoratu nahi zuen bakoitzean urre bihurtzen zitzaionez hortzetan min hartzen zuen eta gosez geratzen zen. Papera eta Internet uztartzeak eskaintzen dituen aukerak. 1968ko maiatzari buruzko erreportajea egin dut ARGIArako, baina pena nuen, egindako elkarrizketak eta bildutako materiala bospasei orrialdetan kontzentratzea nahiko zail ikusten nuelako. Paperekoarekin gustura geratu naiz, baina bideo kameratxo batekin grabatutako irudiekin Scorsese bik (Lander Arbelaitz & Belai Irazabal) lan distiratsuagoa egin dutela iruditu zait. Hona hemen:
Astelehenean Euskalerria Irratitik eskatu zidaten burutazioa da ondorengoa. Ezin hemen jarri orain arte, eta dagoeneko Maltzagari egin diodan erreferentzia zaharkitua geratu da. Edonola ere, norbaitek hor bestaldean entzuteko pazientzia nahikoa badu, triangeluari sakatu.
Autopistarako irteera ez da batere ona baina bi aldiz ezkerreko ispilutik begiratu eta abian da. Mugimendu mekanikoz sartzen du intermitentea, ezkerreko erreira pasa, aurreratu. Musika klasikoa dauka jarrita, berdin dio, ez du aditzen. Ez dago autoan, ez da ezertan pentsatzen ari, subkontzientea ari da gidatzen. Eta hala ere ez du abiadura muga gainditu, segurtasun distantzia gorde du eta gaur ere ez dio lanetik etxerako bidean dagoen paisaiari erreparatu. Motorra itzali duenean, norbaitek botoia sakatuta bezala, berriro ere bere ekintzen jabe izan da. Pistola batean bukatzen zen beso beltzak atzo erabaki zuen hitzak soberan daudela. Txano zuriak esan du zeinek bizi behar duen, zeinek hil. Atzo autobideko peajeko langile baten bizitza kiskali zuten plazan, denen aurrean. Ustearen kontrara, sorgin ehizetan protagonista ez da heretikoa izaten, ezta plazan bere gorputzarekin txondorra egiten dutenean ere. Garrantzitsuena, noren azala ikatz bihurtuko den erabakitzea baino, sua piztuta mantentzea da. Inkisizioarentzat heretikoak suaren gasolina baino ez ziren. Errudunak, errugabeak ETAri ez zaio axola, garrantzitsuena sua gorri mantenduko duen erregaia eskura izatea da. Behin sua instituzio bihurtu denean, berak bakarrik agindu dezake. Egunero atera behar egur eta gorpu bila sua biziko bada. Instituzioak (barka "erakunde" esan nahi nuen) ez du beti heretikoen konfesiorik lortzen eta horregatik denak susmopean jartzera jotzen du, beldurra ogi bihurtzera. Gertatzen da, sutarako hautagaiak geroz eta gehiago diren neurrian, gutxiago direla haren inguruan dantzan ari direnak. Iritsiko da eguna, denok makila bati lotuta egongo garena. Eta hankapean beroa sumatzen hasten garenean, haragi errearen usaina hartzen, ez du asko inportako haga nork josi duen lurrera, nork lotu dizkigun eskuak, inkisizio euskaldunak, ala hegoaldetik etorritakoak.
Entzun
Ez dute uzten maitatzen gauean, NO TIME FOR LOVE
Entzun
Nafarroa, katarroa: birus gaizto baten modura sartu zait 2008a. Xanpain botilaren kortxoa kentzerakoan egindakoa baino ahalegin handixeagoa beharko du nire sudurrak oraintxe daukan tapoia kendu nahi badu. Dena dela, baditu gauza onak osasunaren istripu txiki honek. Sudurrek gaur egungo gizartean duten garrantziaz pentsatzeko aukera eman dit.