Entzun

Asteburukoa da
notizia baina hemen oilarrari baino zezenaren buztanari begira egoten garenez ez dut inon irakurri orain arte.
Nicolas Sarkozyk “pirateria” esaten dioten fenomeno horren inguruko txosten bat eskatu zion
Denis Olivennes FNAC enpresako buruari. Neskame baten zilarrezko erretiluan iritsi zen testua asteburu honetan, 40 orri. Dena urratsen oihartzuna Eliseoko egongelako arratsaldean.
Badirudi Sarkok afera honetan ere letaginak zorroztuko dituela. Gillotina piratari. Musika legez kanpo deskargatzen duenak Interneteko konexioa galduko du beharbada. 2008. urteko hasieran jakingo dugu zehatzago nola ariko diren Robespierre berriok kulturaren elkartruke librearen kontra.
Entzuleak izango du
luddismoaren berri. Industria iraultzan langile ingeles batzuk fabriketako makinak txikitzen ibili ziren, langabezia eragiten zutela argudiatuta.
Beti iruditu izan zaizkit luddistak itsasoa guraizeekin moztu nahian zebiltzan zoro kuadrilla bat. Begiak itxi zituzten historiak ekarri duen eraldakea nagusienetako baten aurrean. Eta galdu egin zuten.
Frantziako gobernuak eta
lobby kultural handiek bultzatutako neo-luddismo honek ere ez du irabaziko. Denborak aurrera egiten duen neurri berean galduko dute indarra euren argudioek. Ia urte bukaeran gaude eta ikusi beharko da. Sarkozy eta lagunak urte berriaren aurkako manífestazioren bat antolatzen ari direla uste dut. Biba errepublika eta biba inboluzioa!