
Geografia da arazoa.
Lehenago ere susmatu zuen, Zinemaldiko prentsa bulegora akreditazio eske hurbildu eta bidegurutzea ikusi zuenean: Espainiako hedabideak eskuinean, atzerrikoak ezkerrean. Bietako zeinetara hurbildu behar zuen ezin asmatu. “Atzerrikoa ez nauk, baina neure bizarrengatik, ni ez nauk Espainiakoa!”
Atzokoa da berria eta zahartu samarra ailegatuko zaizue agian, ailegatu baldin bazaizue noski. “Espainiarra edo Frantziarra sentitzen zara?” galdetu zioten Sergi Lopez aktoreari
La maison filma aurkezteko prentsaurrekoan. Erantzuna, antologikoa iruditu zitzaion. “Ni aktore naizen aldetik ez naiz inongoa sentitzen, eta pertsona gisa kataluniarra naiz” esan zuen Lopezek. Antologikoa. Baina gauzak zer diren, ez zuen inon irakurri biharamunean. "Richard Gere-ren ile zuriak garrantzitsuagoak direla ez dago esan beharrik, gizarajoa!".
Geografia hizkuntzetan ere: aretoetan euskaraz hizketan entzun du, ikusleen ahotan. Ekitaldietako aurkezleenetan nekez.
Gobernuz Kanpoko Erakunde batek finantzatuta edo, filmen bat edo beste euskaraz azpititulatu dute. Ze goxoak gaurko ogi apurrak. Hizkuntza azpigaratuak hitz egiten ditugunok asko estimatzen dizuegu.
Geografia ikastea izango da. Berlin Alemanian dago eta Zinemaldia Espainian. Donostian egin arren, euskaldunetik hori du: izena. Euskara? Arrautza pinu gainean. Lehenago ingelesez, and thank you Mister Marshall.
Horregatik gaurko burutazioa, Sergi Lopez bezalakoei eskaini nahi nieke: aktore bikainak izateaz gain mapetatik harago pentsatzen dakitelako. Eta kazetari batek galdera euskaraz egin zionean ere, “barkatu ez dakit euskaraz” ohikoaren ondoren “gustatuko litzaidake” esan zuelako.
Visca hi eta hitarrak!