Udaberriko maitasun istorio guztiak igualak izaten dira. Honek desberdina ematen zuen. Gutxitan aurkitzen duzu jende interesgarria liburuaren egunean, merkezurri, deskontujale, intelektual ustezko, javiermariaszale... zertarako segi?
Zerbait klasikoa darabil esku artean Afrodita, Atenea eta pastazko betaurrekoen hirutasun profanoak.
Legnaren zerbaitekin ari naiz ni, begi bat orrian, bestea bere bularretan (hori ez zait oso helenikoa geratu,
katxis!).
Gipuzkoa plaza, luma grisak hegaldatu dira eta hitz batzuk belarrira atzetik pasa zaidanean. "
Zertan saiatzen zara Anacronio...". "Tira, liburu bat erostekotan nintzen". Beti bezain original orain ere. Irribarre erdia berak. Ez du alde egin hala ere.
Erosi berri duenaren azalari begiez kosk egiteko adina erreflexu izan dut eta "
Gallia est omnis diuisa in partes tres..." bota diot. Badirudi konpondu dudala. Amuari heldu dio. Boli Kosta bere ezpain artean.
Bi izozki, Kontxatik promenaldi bat eta eskua eman diogu elkarri. Eta Beatlesen
kantari inozokeria neritzon. Esku horri heltzea nirvanara iristeko biderik motzena iruditu zait eguerdiko lehen lebitazioan (gehiago egon dira gero).
Historia ikasitakoa da; lehorra, sarkastikoa; liburu bat: ez daki erantzuten (hori gustatzen zait); kanta bat: The Verve,
Bitter Sweet Sinphony: topiko samarra agian?
- Bai zera! Hiri honetan milioi batetik pertsona bakarrak ez luke hori esango! Zeren zain hago?!
Ados, barkatu.
Ni lotsati samarra izan naiz hasieran. Gero, ukitu erromantiko batez margarita bat oparitu diot tamarindoen itzalpeak eskaintzen zigun pribatutasunaz. Hitz egin dugu literaturaz eta politikaz (
kontserbadore samarra da, espero nuen eta gustatu zait -kontserbadore izatea ez al da espero duzun hori lortzea? Kontserbadore beraz, ni? Axola ote dit batere?); humanoez jardun dugu (zein urrun dauden!), musika entzun dugu, eta bere eraztunetako bat oparitu dit.
Eraztuna... Banandu behar izan dugunetan (jatetxean lekurik ba ote zegoen galdetzeko, komunera joateko...) berarekin akordatu naiz eraztun horri begiratuta. Malenkoniaren erremintak dira eraztunak, patuaren jostailu ni,
Billy.
Orain artekoa irakurrita norbaitek hau
Amo a Laura-ren tankerako zeozer izan dela pentsatu badu, oker dabil. Haragia ere egon da bazkalondoan, errestauranteko komunean, kafea etorri bitartean. Ez naiz sartuko hemen bakoitzak besteari zer egin dion esatera, ezta nork ahoan zer sartu duen ere. Oraindik errespetu bat zor diot.
Oraindik... Laburra izan da.
Arratsaldean, askatasunaren etorbidetik gindoazela bota dizkit, 1, 2, 3, 4.
"Distantzia gehiago behar dut, presionatu egiten nauzu, denbora gehiegi pasatzen dugu elkarrekin eta hau monotonoa bihurtzen ari da". Bosgarren kolumnarik ez du behar izan irabazten hasteko.
"Esan egia, besteren bat dago... Zein da?"
"Ez dago inor".
"Beti esaten duzue gauza bera".
"Ez dago inor".
Eta isilik ibili gara ordu bat edo bi, edo abenidatik Parte Zaharrera bitartekoa (ez dakit zenbat behar izan dugun). Gero bi eskailerak: berak masaila ukitu dit, nik serio egon nahi izan dut, berak
Jon Miranderen txiste beltz horietako bat kontatu du eta ezin izan diot eutsi. Barrez lehertu naiz, besarkatu egin dut etc. etc. Badakizue, bakeak egitean nola izaten diren gauzak ezta? Ez dakizuela? Ah! Klaro! Euskaldunak...
Bueno, bada hasieran ematen du mundua jan behar duzuela elkarrekin. Hamar-hamabost minutuan dena baretzen da eta gutxi behar izaten da berriro ere 1, 2, 3, 4-ak entzuteko eta ondoko konbertsazio guztirako.
Ilundu duenerako berriro bazter hori jo dugu. Inor gutxi Gipuzkoa plazan. Liburuzainen bat azken
stand-ak jasotzen, luma grisak lur hartuta, azken autobus metropolitarrak.
"Eta?" bota dit.
"Zer?"
"Isilik zaude aspaldion. Ez al duzu ezer esan behar?"
"Begira, hau ez dabil ondo... Zuk zeozer sentitzen duzu honezkero?"
"..."
"Hoberena uztea dugu".
"Baina..."
"Sinetsidazu, hoberena da".
Negarrak eta autobus gehiago etorri dira. Lagun izango garela zin egin diogu elkarri. "Lagun on-onak".
"Polita izan da" esan dit.
"Oso" esan diot.
Eta autobusera igo naiz, Legnaren liburua zabaldu eta
gorputzari humoreak ateratzen saiatu behar dudala pentsatu dut. Bera markesinan eserita geratu da, behera begira,
rimmela masailetatik zeriola.
Autobusak arrankatu duenean gertatu da. Zerbait piztu da nire barnean eta korrika abiatu naiz atzeko leihatilara, garrantzitsuena ahaztu dudala konturatuta. Berak igarri egin du, eta altxa egin da, autobusari segika.
"Nola duzu izenaaaaaaa!" esan diot oihuka.
Erantzun dit. Badakit erantzun didala. Baina motorraren soinuak, trafikoak, nire belarrietako ezkoak... nik zer dakit. Edo agian nahiago izan dut ez entzun. Ahaztu eta kapitulu berri bat hasi, aurrekoan ezer azpimarratu gabe. Agian bai.
"Edo -esango du norbaitek- ez zaizu neska izenik okurritzen kontakizun hau bukatzeko baina berandutzen ari zaizunez misterio ukitu bat eman nahi izan diozu azken paragrafoei. Agian esperantza ukitu bat ere bai, inoiz berriro elkarrekin topo eginez gero izena galdetuta kimika berriro sor daitekeela pentsa baitezake irakurleak...".
Agian hori ere bai. Joder, zuekin ezin da!