Artxiboak: 2007

2007-12-04

Permalink 20:09:13, Atalak: Testu motzak  

% 100 Basque (digital sheperds'' meeting)

Izugarri gustatu zait irratia.com-ekoek euren 100. programa egiteko prestatu duten spota. Eta kopiatzea libre denez...



----------

2007-12-01

Permalink 17:16:54, Atalak: Iritzia  

Bunker merkerik alokairuan?

Gauzak ondo, atzo ospatu genuen Sareko Argiaren 10. urteurreneko ekitaldiaz idazten egon beharko nuke. Vicent Partal izan zen gure artean eta oso hitzaldi interesgarria eskaini zuen. Ondorengo luntxean berarekin hitz egiteko aukera izan nuen; tira, hobe esanda Arkaitz Zubiagak, Gorka Juliok eta berak esandakoak aditu nituen eta apunteak hartu (azaldu izan ditut teknologiaren harian orekarik ez galtzeko izaten ditudan arazoak).

Dena itzultzen da ordea zuri-beltzera. No-do: Ekitaldiaren hasieran bagenuen atzoko atxiloketen berri. Free18/98.

Gaur goizean berriz, su-etena ofizialki apurtu zuenetik lehen pertsona hil du ETAk.

Ekintza-errepresioa-ekintza, berriro. Eta horrela ezin da. Bunker batean gorde nahi nuke eta dena pasatzean atera. Garesti samar daudela esan didate, eta ezin. Umore gehiagorekin nagoenean idatziko dut kronikatxo bat. Bitartean, gozatu Lander Arbelaitz lankideak urteurrenaren karietara egin duen dokumentalarekin.
----------

2007-11-26

Permalink 19:56:16, Atalak: Euskalerria irratia  

Sarkozy eta luddismoa

Entzun

Asteburukoa da notizia baina hemen oilarrari baino zezenaren buztanari begira egoten garenez ez dut inon irakurri orain arte.

Nicolas Sarkozyk “pirateria” esaten dioten fenomeno horren inguruko txosten bat eskatu zion Denis Olivennes FNAC enpresako buruari. Neskame baten zilarrezko erretiluan iritsi zen testua asteburu honetan, 40 orri. Dena urratsen oihartzuna Eliseoko egongelako arratsaldean.

Badirudi Sarkok afera honetan ere letaginak zorroztuko dituela. Gillotina piratari. Musika legez kanpo deskargatzen duenak Interneteko konexioa galduko du beharbada. 2008. urteko hasieran jakingo dugu zehatzago nola ariko diren Robespierre berriok kulturaren elkartruke librearen kontra.

Entzuleak izango du luddismoaren berri. Industria iraultzan langile ingeles batzuk fabriketako makinak txikitzen ibili ziren, langabezia eragiten zutela argudiatuta.

Beti iruditu izan zaizkit luddistak itsasoa guraizeekin moztu nahian zebiltzan zoro kuadrilla bat. Begiak itxi zituzten historiak ekarri duen eraldakea nagusienetako baten aurrean. Eta galdu egin zuten.

Frantziako gobernuak eta lobby kultural handiek bultzatutako neo-luddismo honek ere ez du irabaziko. Denborak aurrera egiten duen neurri berean galduko dute indarra euren argudioek. Ia urte bukaeran gaude eta ikusi beharko da. Sarkozy eta lagunak urte berriaren aurkako manífestazioren bat antolatzen ari direla uste dut. Biba errepublika eta  biba inboluzioa!
----------

2007-11-24

Permalink 17:45:51, Atalak: Iritzia, Errusia  

Kasparov eta peoiak

Anna Politkóvskaya erail eta gutxira izan nintzen Errusian oporretan (ikus Errusia atala). Geroztik hango berriak jarraitu izan ditut prentsa eta Internet bidez. Tamainak inporta du, kezka sortu zidan munduko herrialde handienak hain osasun demokratiko eskasa izateak, baita Putin nazioarteko gatazketan hartzen ari zen (den) pisu estrategikoak ere.

Gaur Gari Kasparov atxilotu dute, xake munduko jeinua, Kremlinen aurkari gogotsua. Ez naiz ni hasiko Europar Batasuneko bizilagunon (gutxiago hemengoon) demokrazia baldintza zoragarriez hizketan, oraino goizeko seietan esne banatzaile ez direnek atea jotzen dutenean. Zakurrak hemen ere ortozik baino, botaz eta kaskoz jantzita.

Eta politikak, han bezala hemen, xake taula baten antza geroz eta handiagoa du. Piezak mugitzen dituztenek inoiz ez dute berdinketa helburu eta erortzen bakarrak fronteko lerroan dauden peoiak dira, Politkóvskaya betirako, Kasparov oraingoz ez, gero batek daki. Noizean behin dorre-zaldietatik gorbata inportanteak lurrera doaz, itzalpeko aizto soinuen oihartzunean. Baina erregeek ez dute inoiz burdinezko laukiaren kezkarik.

Xake mate. Geroz eta gutxiago geratzen da pintatzeko zurien eta beltzen arteko absurdu honetan.
----------
Permalink 15:20:52, Atalak: Argia  

Kindle: negozio eredu berria liburugintzan?

Johannes Gutenberg hil egin da, eta ez naiz ni izan. Irakurtzeko jostailu berria behar du mende binarioak. IPod bat, literaturarentzat. Horrela definitu du Newsweek astekariko Steven Levy kazetariak Kindle.

Zertaz ari garen? Folio erdiko tamaina, 300 gramo (telefono mugikor batek baino pixka bat gehiago) eta E Ink izeneko teknologiaz baliatzen den testu irakurgailuaz. Paperean idatzitakoak bezain erraz irakurtzeko diseinatuta dago eta 30 ordu irauten du bateriak. Preziosoa da gainera: 399 dolarretan (269 euro inguru) jarri du salgai munduko liburu denda digital handienak, Amazon.com-ek. Bost ordu eta erdian agortu dira orain arte salgai jarri diren Kindle guztiak...

Testu osoa Argian
----------

2007-10-29

Permalink 20:39:46, Atalak: Hernaniko Kronika  

Rafa Egiguren: «Errazagoa egin zait esperientzia pertsonaletan oinarritutako nobelak idaztea»

Paperak bere mugak ditu eta asteburu honetan Rafa Egigureni egin nion elkarrizketaren pasarte batzuk Hernaniko Kronikako orrietatik kanpo geratu ziren. Horregatik hemen jartzea erabaki dut, ez dezazuen gero pentsa erabat alfertuta nabilenik bloga batere berritu gabe.

Chevrolet tropikala nobelarekin itzuli da Rafa Egiguren (Hernani 1948) liburu dendetako nobedadeen apaletara. Migel Salaberria iruñarraren Habanako ibilerak kontatu ditu Susa argitaletxeak plazaratu duen obra berrian. 1992. urtean kokatu du istorioa, Ernesto Che Guevararen heriotzaren 25. urteurrenean. Efemeride hori dela-eta, Iruñeko lagunak Cheren omenezko erakusketa antolatzen ari dira, eta laguntza eskatuko diote gure Habanako gizonari. Liburuaren nondik norakoez hitz egin du Egigurenek Kronikarekin, bide batez bere ibilbidea errepasatuz.

Habanako kaleetan girotu duzu nobela. Arrazoi bereziren bat bada horretarako?
Kubako iraultza oso hurbil sentitu du gure belaunaldiak. Oraindik galtza motzetan genbiltzanean egin zuten erreboluzioa; oso gertua zen, ulertzen genuen, erdaraz zelako. Iraultzaileek esaten zutena ulertzen genuen, beste iraultzekin gertatzen ez zena. Itxura bera ere bai: nik uste ordura arte ez zela bizarrik ikusten hemen, kubatarrek garaitu zutenean hasi ziren hemen. Desiratzen geunden bizarra hazten hasteko. Hamar-hamaika urte izango genituen iraultza egin zenean; igual momentuan ez ginen hainbeste enteratu, baina handik urte batzutara bai.
    Eta Kuba ezagutzea ere tokatu zait. Hiru bidaia egin ditut Kubara. Ezkerrean hezitakoa naiz eta hara joateko desiratzen nengoen. Ahal izan nuenean, nagusitan, turismo bidaia bat egin nuen, nahiko zozoa. Gero beste bi aukera izan ditut: exiliatu hernaniar bat bazegoen han, Joxe Mari Larretxea, eta ni bere anaiaren laguna naiz. Pribilegioa izan zen hara joan eta bere lagun kubatarrekin egotea. Hura ezagutzeko beste modu bat izan zen. Eta hirugarrena, nik uste 1990ean edo horrela, espedizio kultural bat izan zen. Hemendik hainbat jende bildu ginen: Ruper Ordorika, Hertzainak, Mikel Laboa, Bernardo Atxaga, Jose Luis Zumeta... eta nik ere hor muturra sartu nuen eta han ibili nintzen. Habana ezagutzeko beste modu bat izan zen, ofizialagoa. Esperientziak pilatzen dituzu, apunteak hartu, oroitzapenak gorde... Eta esan nuen: "Hemen badago nobela bat egiteko adina".

Nobelak badu autobiografiatik beraz.
Nobela guztiak autobiografia diren neurrian. Nire ustez nobelak irudimenetik filtratutako oroitzapenak dira. Oroitzapenak dira adreiluak, baina egiten dituzu desitxuratu, distortsionatu, aldatu, tolestu... Azpian oroitzapenak daude, baina askotan ez dira zureak ere. Beste batenak izaten dira, kontatuak edo. Material horrekin idazten duzu, baina beti trama baten eta fikzio baten zerbitzuan. Autobiografiarena komatxo artean jarri behar da.

Protagonista Migel Salaberria nafarra da. Kubara joan eta hangoekin integratzen saiatzen da, baina ez du erabat lortzen.
Habanako bizitza oso bizia da, oso mugitua. Migelek egoera horren erretratua ateratzeko, ispiluarena egiten du. Nik uste beti ondo kolokatuta dagoen pertsonaia dela, baina beti baten bat etortzen zaio, baten batekin konektatzen du... Bera ez dijoa bila, ez da oso aktiboa alde horretatik. Han dago eta amua botatzen diotenean heldu egiten dio. Sokari segitzen dio, eta horren bitartez erakusten du zer iritzi duen Habanaz. Ematen du bera hemen ez dagoela oso gustura, hara joaten da, eta azken batean nik uste aitzakia dela hango berri emateko. Ikusten duenari buruz idazten du, berari buruz baino. Badago pasarte bat, hemendik eramaten dituen kezkak eta bueltan jasotzen dituenak azaltzeko, baina gehienbat markoa emateko da. Ispilu horren bitartez Kubak sortzen dizkidan eta oroimenari sortzen dizkion kezken begirada bat azaltzeko: iraultza, izan dituen degenerazio batzuk, aurrera eramateko zailtasunak, hango jendea nola bizi den lortutakoaren harrotasunarekin, baina, era berean, eguneroko bizitza aurrera atera ahal izateko trikimailuekin...

Protagonistak badu halako ukitu naïfa; kontrastean kubatarren pikareska dago.
Migel inozente antzean dijoa hara, zer datorren ikustera. Eta besteak oso ikasita daude beren ohituretan. Pixkanaka postura hartzen joaten da gauzen aurrean. Jendeari hitz egiten uzten dio, ez du uzten engaina dezaten erabat, baina badaki non dagoen eta pribilegio batzuekin dijoala hara.

Espainiarra ote den galdetzen diote, eta azalpenetan gehiegi ez luzatzeko, baietz esaten du. Zaila al da euskaldun modura ibiltzea munduan?
Niri tokatu izan zait, ez bakarrik Kuban (ia urtebete pasa bainuen Txinan ikasten), eta ikastaroak eman behar izaten dituzu jendeak uler dezan. Kuban gehiago ulertzen dute, eta orokorrean orain, lehen baino gehiago. Baina Txinan haluzinantea zen. Han Euskal Herria esatea Islandia esatea bezala zen. Espainia esan, eta ETA eta toreroengatik ezagutzen zuten. Kuban berriz, beste kontu bat da. Askotan bazilatu egiten dizute, badakite guk badaukagula zer edo zer, gauzak ez daudela argi. Oso zomorroak dira, gure antzera haiek ere. Galderak egiten dituzte, baina zeharka.
Gu oraindik ez gaude normalizatuta ezertan, batzuetan onerako igual, eta besteetan txarrerako; nik batzuetan uste dut txarrerako dela. Eta orduan plus bat ordaindu behar dugu azalpenetan.

Barruan literatur lan ugariren aipamenak biltzen dituen nobela da. Boris Pasternak aipatzen da, Bertold Brecht ere bai...
Egia da erreferentzia asko daudela, horrela atera zait, ez dut behartu. Liburuak sei ardatz ditu eta bat teatroarena da. Horrekin nobelaren egituran islatu nahi izan ditut Brecht-ek egitura teatralean egindako aurkikuntzak. Ez dakit nabaritzen den. Aprobetxatu egin dut protagonistak prestatu behar duen ikastaroa aurkikuntza horiek lau pelikularen bitartez azaltzen. Eta hor azaltzen dira Aristoteles, Castelvetro, Antonin Artaud, Brecht, Akira Kurosawa...
    Niri Pasternak ideia, hain zuzen ere Italo Calvinoren bitartez hartutakoak, interesatzen zitzaidan. Iraultzaren ideia, espontaneoa, eutsi ezin zaion asperen bat bezala lehertzen dena. Iraultzaren alderdi positiboa eman nahi izan dut. Ez zaizkit gustatzen nola ari diren gelditzen garai batean egindako iraultzak, baina oraindik ez dut etsi. Nik uste dut aldaketa sakonak behar direla.

Pesimismoa ere badago ordea, Arsenio izeneko pertsonaiak esaten duenean "Aún no veo aquel hombre nuevo que dihera el Che" ("Oraindik ez dut ikusten Chek aipatzen zuen gizon berri hura").
Baina Arseniok, era berean, definitzen ditu alderdi batzuk, egunen batean, gauzak aldatzen badira, nola aldatu beharko liratekeen esateko. Egia da asko lortu zela, asko galdu dela, gauzak deterioratu egiten direla. Baina gelditzen dira hondakin batzuk eta ari dira sortzen beste ideia erradikal eta interesgarri batzuk aurrera eramateko.

Erreferentzia literarioetara itzuliz, Graham Greene-en Gure gizona Habanan nobelaren oihartzuna ere badu liburuak.
Nahiago nuke. Ni oso Graham Greene zalea naiz eta Gure gizona Habanan ikaragarri gustatu zitzaidan. Hori Batistaren garaian dago kokatua. Graham Greenek nobela horri izen hori eman ez balio, nik jarriko nion neureari. Baina bueno, Greene... chapeau! Ni amateur bat naiz. Haren izenaz gogoratzea bakarrik laudorioa da niretzat.

Koldo Izagirrek zure poesiaz esan zuen jostailuz betetako mundua erakusten zuela. Chevrolet tropikala honetan ere objektuek garrantzia dute: Migelen erlojua, terminologoaren liburua edo Cheren txapela besteak beste. Pieza txikiak josiz idazten al duzu?
Koldok hori jarri zidanean niretzat berria izan zen. Ez nintzen kontziente. Banekien objektuak zeudela, baina ez nuen ezaugarri modura hartzen. Eta orain berriz ere gauza bera esan didate, eta ez nintzen kontziente. Egia da adar bakoitzean badaudela hiru edo lau gauza, eta ez dakit zergatik den.
Batzuk esaten didate "zure nobeletan ez da gauzarik gertatzen". Eta egia da. Ez zaizkit gustatzen gainera: hilketak, amodio pasionalak... exagerazioak iruditzen zaizkit. Iruditzen zait eguneroko bizitzak badituela bere xarmak. Hilketek eta horrelako gauzek nobela bateko ekintza asko lotzen dute, eta pentsatzen dut, agian nik baliatzen ditudala objektu horiek, nahi gabe, istorioa lotzeko. Baina hori a posteriori esaten dut.

Euskarazko nobela da, baina kubatarren esanak gaztelaniaz jarri dituzu. Errealismoagatik izan da?
Erabaki pragmatikoa izan zen. Nik liburu hau egin baino lehen, hil zen lagun baten nobela baten itzulpena eta berrantolatzea egin nuen, Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi-ren Mentxakaren aitorpena. Laguna nintzen, lotura handia nuen berarekin.
    Hor ekintza komisaria batean gertatzen da, eta niri Guardia Zibilak euskaraz hizketan jartzea oso naturala egiten zait, nik uste hori gure barruan sartuta daukagula. Baina hasi nintzen kubatarrak euskaraz hitz egiten jartzen eta arrotza egiten zitzaidan, segur asko nire inkapazitateagatik. Gainera ez da bakarrik gaztelera, kubera da. Esapide batzuk ditu, kolore batzuk, paisaia... konnotazio batzuk ematen ditu. Gero saiatu nintzen hori limatzen eta kentzen... Zer edo zer kendu nuen, baina gutxi. Eta esan nuen, "horrela eramango dut argitaletxera eta debatea sortzen bada, aldatuko dut". Baina problemarik gabe pasatu da.
    Eta gertatzen da, hiru milioi euskal herritar bagaude eta irakurle posibleak horietako berrehun mila edo gutxiago badira, %90-ek segur asko gaztelaniaz badakite. Badakit ez dela soluzio perfektua, baina nobela hau garai honetan atera zait eta horrela erantzun diot.

Nobelak 1992. urtera garamatza. Guevararen heriotzaren 25. urteurrena da.
Garai batean kokatu behar nuen eta urte hori interesantea iruditu zitzaidan: alde batetik Ernesto Guevararen heriotzaren 25. urteurrena, bestetik Espainiak Amerika konkistatu zueneko 500. urteurrena eta gainera Sobiet Batasunean gertatzen ari zena, Bosniako gerra... Niri Cherena eta konkistarena lotzea interesatzen zitzaidan. Urte hartan Amerikaren deskubrimentuarena magnifikatu egin zuten eta Cherena azpian geratu zen, ez inkontzienteki. Horregatik egiten dut Cheren aldarrikapena.
    Segur asko Che gaur egun bizi izan balitz onetik adina izango zuen txarretik. Baina tipo autentikoa zen. Cheren nobedadea hori da: ez zela bakarrik iraultzailea, errebeldea ere bazela. Iraultzaile guztiak ez dira errebeldeak. Horregatik tiroi haundia dauka. Orain edozeinek jartzen du. Juxtu liburua atera zenean DYAko kartelak jartzen ari ziren, Cheren aurpegiarekin eta "gauza inportante guztiak lan boluntarioari esker egin dira" esloganarekin. Ez zait gaizki iruditzen.

Ez da aurreneko aldia atzerrira begira jarri zarena: Ilargia putzuan ageri nobela Txinan kokatu zenuen eta Mandarin dotore liburu-diskoko testuen itzulpena ere zerorrek egin zenuen txineratik. Munduko idazletzat duzu zure burua?
Nik uste euskaldunak mundukoak garela beste edozein lekutakoak bezala. Eta ez da erraza hemengoaz idaztea momentu honetan; nik uste dut idatziko dudala, baina errazagoa egin zait esperientzia pertsonalean oinarritutako nobelak eta hainbeste konpromiso gabekoak idaztea. Baina desiratzen nago. Denbora izango banu idatziko nuke. Geroz eta errazagoa egiten zait honi buruzko erreflexioak egitea. Badakit zenbait gauza nahi gabe sahiesten ditugula, baina uste dut egoerak hobera egin duela. Mentxakaren aitorpena hor dago esate baterako.

1990etik ez zenuen libururik argitaratu. Lanak denbora asko jaten al dizu?
Bai, dudarik gabe. Txinatik etorri, aurreko nobela bukatu eta honekin hasi nintzen. Baina egunero zazpi-zortzi ordu lan egin, alaba izan genuen... Lau bider haundiagoa zen nik pentsatuta neukan nobela, hau parte bat bakarrik zen. Gero konturatu nintzen ez nintzela gai hori dena dominatzeko eta urte asko pasata erabaki nuen puska bat hartu eta bere horretan argitaratzea. Gero gerokoak. Ikusiko dugu beste zatietatik zer edo zer ateratzen den. Batzuk ofizio gehiago daukate, baina ni autodidakta naiz erabat.

Dena dela, beti mugitu izan zara letren munduan. 1960ko hamarkadan, oso gazte zinela Zeruko Argia-n idazten zenuen.
Hasieran bai, bide horretatik hasi ginen. Gu Santo Tomas Lizeoko lehenbiziko belaunaldia izan ginen. Ni bigarren batxilergoan sartu nintzen, hamaika-hamabi urte izango genituen. Zortea izan genuen: Rikardo Arregirekin topo egin genuen, Ramon Saizarbitoriarekin... jende oso interesantea. Baina gero hemezortzi-hemeretzirekin bukatu ziren literatura eta kultura, eta politikaren tunelean sartu ginen urte askotarako. Eta ni politikaren tuneletik hogeita hamar urte beteta atera nintzen. Orduan berriz ere errekuperatzen duzu.
    Nik euskeraz, Zeruko Argia-ren garaian, justu-justu artikulu labur batzuk idazteko adina nekien. Gero hogeita hamar urtetik aurrera alfabetatu, irakasle bihurtu... prozesu guztia egin nuen. Politikaren zulotik ateratzean poesia idatzi nuen, eta lehenengo nobela berrogeita bat urterekin-edo idatzi nuela uste dut.

Harrobi ona izan zen Zeruko Argia-ko 'Gazte naiz' atal hura.
Urte haietan oso suerte handia izan genuen. Ramon Saizarbitoriak gehienbat, baina baita Ibon Sarasolak, Mari Karmen Garmendiak eta beste batzuek, 'Gazte naiz' sekzio hori egin zuten. Rikardo Arregik berriz, 'Nazioarteko unea' saila egiten zuen. Gogoratzen naiz Rikardo Arregi Alderdi Ederrera etortzen zitzaigula makuto batekin Joxemi Zumalaberi, Antton Santamariari eta niri, Nouvel Observateur batzuk banatzen zituen eta artikuluak Zeruko Argia-n ateratzeko fusilatzera!
    'Gazte naiz'-en Ramonek-eta egiten zituzten artikuluak, eta guri sekzio txiki bat egin ziguten azpian, 'Hemen gazteagoak'. Lau edo bost hasi ginen han idazten: Joxemi, Antton Santamaria, Amaia Lasa...
Nik azkenean idazteari utzi nion, euskera idatzia dominatzen hasi nintzenean. Esan nuen "nik ez daukat ezer esateko!". Ematen zuen idazten zenuela, idatzi egin behar zelako.

Orduan euskeraz zegoen aldizkari bakarra izango zen.
Besterik ez zegoen. Zeruko Argia fraide kaputxinoena zen, eta hor sartu ziren Ramon-eta saltseatzera. Utzi egin ziguten eskua sartzen.

Debekuaren mehatxua ere ez zen urruti ibiliko.
Gogoratzen dut Santo Tomas egunean aldizkaria saltzera joanda atxilotu egin gintuztela. Bi harrapatu gintuzten, Tomas Arozena eta ni. Galdezka aritu zitzaizkigun, zer zen banatzen ari ginen hori-eta. Hamazazpi urte izango genituen.

Adin horrekin eta horrelako tragoak pasa behar.
Gu oso seguru geunden. Tomasek aurrekoan esan zidan, ni ez nintzen gogoratzen: "Hi gogoratzen haiz? Hiri izena galdetu eta esan hien ez hiela emango!".
----------

2007-10-27

Permalink 12:03:38, Atalak: Argia  

Meza bat Guggenheimen alde

Hamar urte eta gero hau. Kyrie eleison moduan izan genuen joan den astean Guggenheim museoaren urtebetetzearen berri. Hedabideen sermoiaren ostean Kristoren gorputza eskukadaka; antzeko kantu gregorianoa norabide askotatik: hasieran fedebakoek nolako kritikak egin zituzten eta zenbat itzuli diren artaldera; Gehryren beso titanikoak nola altxa zuen Bilbo, itsaso gorriak eta bi pasatzen ari zenean. Gaiaren abarretan interesa duenak begira dezala joan den asteko bandoetan.
Guggenheim Bilbao (fotoa: mcfer2k, CC-by-nc-nd)
Arteaz ez zen (asko) hitz egin. Urteurrena ospatzeko galan hango eta hemengo prokuradoreak izan zirela jakin genuen; Museoaren web gunean irakurri genuenez, oraingo euskal artisten erakusketa paratu dute “Hamargarren Urteurrena (sic) betetzeko dagoenean” –”dagoelako” ez zen hobe izango?–. Pulpitutik etorritakoak entzunda burutazioa mandeuliaren modura pasa da: konbentzitu egin nahi gaituztela. Oraindik, eta hamar urte dira, konbentzitu egin nahi gaituztela hartu zuten erabakiaren zuzentasunaz.

Ahaztu egin dute nonbait, Mendiko Sermoia behin esatearekin nahikoa dela bakoitzak gehien komeni zaiona uler dezan. Ez dela sinistran sinesten dutenak seduzitzen ibili beharrik honezkero. Are gutxiago aurreko asteetan Erromak, galtzak lanez betez, erdia baino gehiago Getsemanitik arrastaka preso eraman dituenean. Esan nahi dut, gauzak dauden moduan, inor ez dela Noe-ren arkarekin sartzen hasiko.

Eta Judas ere azaldu da, saltsa guztietako perrexil. “Zorionak zuri” birika betez abestu, zilarrezko hogeita hamar txanponen kontua gorde eta museoak sei kilometro autobideren prezioa duela atera du mahai gainera. Merke atera zaio Jerusalemi tenplu berria.

Merke edo garesti, artearen berezko balioak ez du axola hemen. Gurutziltzatutako gizona, bi mila urte iraun duen artelana, ez zen txanponez ordaindu: mailu bat eta hiru iltze nahiko izan ziren, borrero kreatibo samar bat eta jendearen interesa. Interesik ez dago orain, ez artea sentitzeko, ez sustatzeko, ezta, sikiera, artistei jaten emateko ere. Hori ez dagoen bitartean, alferrik ariko zaizkigu sindikoak hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituela kontatzen. Eta orain zoazte Jaunaren bakean, museora ere bai, nahi baduzue.

Jatorrizkoa Argian
----------

2007-10-23

Permalink 23:00:07, Atalak: Euskalerria irratia  

Vianako amoranteak

Astelehenean Euskalerria Irratiko Burutazioa idatzi nuen eta gaur dakarkizuet, atzerapen apur batekin. Testua luze samarra atera zait, eta astuna gera litekeenez, irakurritako bertsioa ere entzun dezakezue, gutxiago nekatzeko. Sakatu triangeluan eta entzun nire ahots marrantatua...

Besoa jaso zuen katxia ahoratzeko eta laurogeita hamar graduko angeluan eduki zuen luzaz. Bazirudien denbora gelditu zela, mila egun eta mila gau iragan zirela Vianako zeru gainetik; hamaika hodei, hamaika txori eta beharbada esperantza bat. Azken aparrak golkora erori zitzaizkionean bakarrik pitzatu zen etena. Maldizio bat esan zuen, pintorearen azken pintzelkadaren modukoa eta begirada jasota ikusi egin zuen, ilehoria. "Gora Euskadi" txapelean, herabe xurrupatzen zuen sei litroko kalimotxotik. Beregana korrika hasi zen jokaldirik onenentzako gordetzen den kamera mantsoan, bidean katxia, eskuineko hankeko mendiko bota eta lagun bi utzita. Han egon zirenek esan dutenez, biolin baten soinua entzun zen, inork nondik ez dakiela. Han egon zirenek diotenez, mahatsondoak loretan zeuden, egoerarekin gaizki ez emateko.

Dena perfektua zen biak banatzen zituen berrogei metroko tartean.

Baina magia ere egunotan iraungipen datarekin fabrikatzen denez, ez zen gure edale bukolikoa bere helmugaraino iritsi. Sabelak hitz egin zuen lehenago bere foruak aldarrikatuz. Borborka atera zen protestaren emaitza eta hesteen menia etorri zenerako ilehoriak alde egin zuen. Belauniko jausi zen hildako plastikozko edalontziz eta lohi beltzez mukuru zegoen guda zelaira. Esan digutenez, negar egin zuen. Dena dela, eguerdia besterik ez zen. Hori pentsatu zuen. Zain zituen esperantza eta aurreko egunean erositako litronak. Aurkituko zuen ilehoria.

Eta aurkitu zuen. Hori esaten du berak behintzat, ikusi zuela, bizpahiru aldiz. Lehenengoa "Besterik Gabe" taldearen kontzertuan izan zen: dantza mozkorrean hurbiltzen hasi zen eta lurrean bukatu zuen, min hartuta;

Bigarrena anbulantzian: hanka puskatu zuela esan zioten une berean ilehoria ikusi zuela uste baitu;

Hirugarrena eta guk dakigula azkena, autobus guztien abialekuan. Oso urruti zegoen, eta ezin ziurta dezakegu ilehoria goizeko bera zenik. Ezin esan, bestalde, Bilbokoa ote zen ala Ziburukoa, Ataungoa, Aramaiokoa ala Tuterakoa. Egia esan, puntu honetara ailegatuta gure heroi hordiak kontatutako hitz bakar bat ere egia denik ziurtatzea nekeza da. Guk etxeko atarian aurkitu dugula esan dezakegu, kolore arrez tintatua, bi makulu, gorputz substantziatua eta maldizio berri bat ahoan zuela. Giltza galdua omen, non eta "Giltza daukagu" ozen esan duten herrian.

Hau izan da Vianako ezinezko amodioaren istorioa. Izango dira berriak euskararen aldeko hurrengo jai etilistetan.
----------

2007-09-24

Permalink 19:04:48, Atalak: Euskalerria irratia  

Sergi Lopezen apologia

Geografia da arazoa.

Lehenago ere susmatu zuen, Zinemaldiko prentsa bulegora akreditazio eske hurbildu eta bidegurutzea ikusi zuenean: Espainiako hedabideak eskuinean, atzerrikoak ezkerrean. Bietako zeinetara hurbildu behar zuen ezin asmatu. “Atzerrikoa ez nauk, baina neure bizarrengatik, ni ez nauk Espainiakoa!”

Atzokoa da berria eta zahartu samarra ailegatuko zaizue agian, ailegatu baldin bazaizue noski. “Espainiarra edo Frantziarra sentitzen zara?” galdetu zioten Sergi Lopez aktoreari La maison filma aurkezteko prentsaurrekoan. Erantzuna, antologikoa iruditu zitzaion. “Ni aktore naizen aldetik ez naiz inongoa sentitzen, eta pertsona gisa kataluniarra naiz” esan zuen Lopezek. Antologikoa. Baina gauzak zer diren, ez zuen inon irakurri biharamunean. "Richard Gere-ren ile zuriak garrantzitsuagoak direla ez dago esan beharrik, gizarajoa!".

Geografia hizkuntzetan ere: aretoetan euskaraz hizketan entzun du, ikusleen ahotan. Ekitaldietako aurkezleenetan nekez.

Gobernuz Kanpoko Erakunde batek finantzatuta edo, filmen bat edo beste euskaraz azpititulatu dute. Ze goxoak gaurko ogi apurrak. Hizkuntza azpigaratuak hitz egiten ditugunok asko estimatzen dizuegu.

Geografia ikastea izango da. Berlin Alemanian dago eta Zinemaldia Espainian. Donostian egin arren, euskaldunetik hori du: izena. Euskara? Arrautza pinu gainean. Lehenago ingelesez, and thank you Mister Marshall.

Horregatik gaurko burutazioa, Sergi Lopez bezalakoei eskaini nahi nieke: aktore bikainak izateaz gain mapetatik harago pentsatzen dakitelako. Eta kazetari batek galdera euskaraz egin zionean ere, “barkatu ez dakit euskaraz” ohikoaren ondoren “gustatuko litzaidake” esan zuelako. Visca hi eta hitarrak! 

----------

2007-07-22

Permalink 23:08:04, Atalak: Kontakizunak  

Piano azpian gosaltzen

Nik, berez, euria ari ote zuen ikusi nahi nuen. Ez neukan hemen geratzeko intentzio handirik. Alde egin nahi nuen egia esatera. Baina euria ari eta ezin. Atertu zuelakoan hurbildu atarira, eta oraindik zirimiria era susmagarrian ari zela iruditu zitzaidanez gero, eskua ateratzea erabaki nik. Asko bustitzen ez bazen alde, alde ez itzultzeko.

Zer diren gauzak eh? Ez nuen gehiagoren gehiagoan hona itzultzeko intentziorik eta begira! Pertsonaren erabakiak daude, eta bere zirkunstantziak. Eta normalean bigarrenek 22-0 irabazten diete aurrenekoei, azkeneko dejada eta guzti.

Eskua atera nuen, atera banuen eta geroztik atera atera, argazkiak ateratzen dizkidate. Nik, berez, euria ari ote zuen besterik ez nuen ikusi nahi. Steinway & Sons ikusi nuenerako berandu izan zen. Piano bat erori zitzaidan osoa. Piano bat alajaina, hortz eta isatsarekin, laugarren solairutik. Piano bat piano-piano.

Eta horrela, orain ondo bai, eskerrik asko galdetzeagatik. Lekua hartu dugu eta, ez gara kejatzen hasiko ezta? Diru pixkat ere eta... Ez dago gaizki.

Garestia zela ditxosozko Steinway hori eta jabeak nolabait amortizatu behar erosketa. Eta lurrean danba egin zuenean kalteak handiagoak zirela eman bazuen ere, jotzeko moduan zegoela esan zuen Ingalaterratik bereziki horretara etorritako luthierrak. Hori bai, ni, nengoen lekutik mugituz gero, akabo.  Eta ni, ikusten duzunez, gorputz erdiz piano barruan nago. Eskerrak burua kanpoan geratu zitzaidan! Aber bestela elkarrizketa hau nola egin behar genuen ezta?

Baina harro sentitzeko arrazoiak ere baditut. Luthierraren esanetan oso soinu berezia ematen diet nota grabeei gerrialdeko mitxelinarekin. Hori esaten du, halako lilura aurpegiz, afinatzera ertortzen den bakoitzean.

Total jabeak Udalarekin hitz egin zuela (kontaktu inportanteak zituen, eta eskerrak), hiriko monumentuen zerrendan Piano Gizon Harrigarria (horrela dut izen artistikoa) sartzeko.

Hogei urte honezkero. Tira aurrenekoa ia osoan erreabilitazioan pasa nuen, eta gero ohitzen ere bai ezta? Kosta egiten da akorde minorren tristura infinitua behazun xixkuan bibratzen sentitu eta nolabaiteko kezka esistentzialak ez edukitzea. Baina bueno, hori hasierako kontua izan zen.

Honekin nahikoa izango duzu artikulurako? Ederki ba. Lasai, kafea neure kontu, hemen ez dut ezer ordaintzen eta. Jainko bat bezala! Nahi duzunean etorri berriz, astelehenetik ostiralera kontzertuak egoten dira. Ah! Eta larunbatean Vladimir Ashkenazy dator jotzera. Pase bat nahi?
----------

2007-07-09

Permalink 10:59:57, Atalak: Testu motzak  

Inmigrazioa tourist bati esplikatua (Donostian entzuna, 2007-VII-06)

- OK, the arabics...

Kanpai soinua, kaio bat, far westeko lasto fardo bat kalean behera jiraka.

- I'm not racist, but...
----------

2007-06-06

Permalink 19:51:19, Atalak: Iritzia  

Sisiforen 408 hitzak

408 eta berriro ere telebista itzali behar. Berriro berunezko beloak itsuentzat.

408, berriz bukatu da. Berriz hasi dira.

408. Berriz liburuen bila hasi, arrapazka.

408 hitz eta Homero berriz ere, ihes egin nahi dudalako baina dena lehertzen da atzoko 408 hitzetan.

Eta Sisifo aurkitu orrialde horituetan. Sisifo, mendian gora, arroka eramaten. Sisifo itsua. Sisifo alfer alferrik saiatua. Gora iritsi, eta behera erortzeko. Eta behera bidean 408 hitz esateko.

Eternitatea mendian gora eta behera, ezer balio ez duen arroka horren atzetik.

408 hitz.

Bakarra ere ez genuen behar.
----------

2007-05-26

Permalink 12:18:37, Atalak: Kontakizunak  

Go-goetan

Ez zion inori idazteko eskatu, baina gutunak iristen hasi zitzaizkion. Dozenaka. Hasieran ilusioa egin zion, gero indiferentzia eragin eta kezka sortu zitzaion azkenik.

Zer egin hainbeste lagun berrirekin? Bat etxea konponduko ziola esaten. Besteak autobusa ordainduko ziola. Hirugarren batek, konfiantza giroan idatzitako letraz, aurreneko biek esandakoak oso sinesgarriak ez zirela, kontuz ibiltzeko, eta hurrengoan ikustean bokata bat jango zutela.

Dozenaka gutun. Batzuenak ohe azpian sartzen zituen, lehen aldizkari pornoekin egin bezala, lizunkeriak bailiran. Badaezpada egiten zuen, bizilagunek ez zezaten pentsa idatzi zion tipo HORI bere laguna zela. Badakizu, BATZUEN laguna zarela esatea ez da oso komenigarria bizi zaren auzune horretan.

Ehundaka gutun. Hasieran mesanotxean gordetzen zituen, gero zaku batzuk eskuratu zituen, zortzi-hamar. Baina horiek ere bete egin ziren. Gehiago iritsi ziren, ohe gainean pilatu zituen, armairuan, komunean, sukaldean, egongelan.

Eta E eguna iritsi zen. Lagun guztiek postaz jarri zioten hitzordua. Maiatzaren 27a.

- Zer duk buruan motel? Ez duk ezer esan goiz osoan!
- Ez zekiat, ez zekiat...
- Zer duk?
- Ez zekiat bihar zeinekin geratuko naizen.
- Bihar?
- Bai, hiri ez al zaizkik gutunak ailegatu? Honek, eta besteak-eta, biharko eguna garrantzitsua dela eta beraien alde egiteko-eta, badakik.
- Hi haiz hi inuzentea!
- Zer ba?

Egia zen bai. Inuzentea zen gero! Ez konturatzea ere! Baina beti dago lagun on bat, benetakoa, gauzak aurrez aurre azaltzeko. Eta, "Baboa, hi ilegal hago hemen, nori emango diok botoa?" esateko.

- Eta horretarako hainbeste gutun eta hostia! Doazela denak beren amarenetik zupatzera!
----------

2007-04-24

Permalink 01:04:39, Atalak: Kontakizunak  

Harreman sentimental laburra Liburuaren Egunean (tearjerker bat)

Udaberriko maitasun istorio guztiak igualak izaten dira. Honek desberdina ematen zuen. Gutxitan aurkitzen duzu jende interesgarria liburuaren egunean, merkezurri, deskontujale, intelektual ustezko, javiermariaszale... zertarako segi?

Zerbait klasikoa darabil esku artean Afrodita, Atenea eta pastazko betaurrekoen hirutasun profanoak. Legnaren zerbaitekin ari naiz ni, begi bat orrian, bestea bere bularretan (hori ez zait oso helenikoa geratu, katxis!).

Gipuzkoa plaza, luma grisak hegaldatu dira eta hitz batzuk belarrira atzetik pasa zaidanean. "Zertan saiatzen zara Anacronio...". "Tira, liburu bat erostekotan nintzen". Beti bezain original orain ere. Irribarre erdia berak. Ez du alde egin hala ere.

Erosi berri duenaren azalari begiez kosk egiteko adina erreflexu izan dut eta "Gallia est omnis diuisa in partes tres..." bota diot. Badirudi konpondu dudala. Amuari heldu dio. Boli Kosta bere ezpain artean.

Bi izozki, Kontxatik promenaldi bat eta eskua eman diogu elkarri. Eta Beatlesen kantari inozokeria neritzon. Esku horri heltzea nirvanara iristeko biderik motzena iruditu zait eguerdiko lehen lebitazioan (gehiago egon dira gero).

Historia ikasitakoa da; lehorra, sarkastikoa; liburu bat: ez daki erantzuten (hori gustatzen zait); kanta bat: The Verve, Bitter Sweet Sinphony: topiko samarra agian?

- Bai zera! Hiri honetan milioi batetik pertsona bakarrak ez luke hori esango! Zeren zain hago?!

Ados, barkatu.

Ni lotsati samarra izan naiz hasieran. Gero, ukitu erromantiko batez margarita bat oparitu diot tamarindoen itzalpeak eskaintzen zigun pribatutasunaz. Hitz egin dugu literaturaz eta politikaz (kontserbadore samarra da, espero nuen eta gustatu zait -kontserbadore izatea ez al da espero duzun hori lortzea? Kontserbadore beraz, ni? Axola ote dit batere?); humanoez jardun dugu (zein urrun dauden!), musika entzun dugu, eta bere eraztunetako bat oparitu dit.

Eraztuna... Banandu behar izan dugunetan (jatetxean lekurik ba ote zegoen galdetzeko, komunera joateko...) berarekin akordatu naiz eraztun horri begiratuta. Malenkoniaren erremintak dira eraztunak, patuaren jostailu ni, Billy.

Orain artekoa irakurrita norbaitek hau Amo a Laura-ren tankerako zeozer izan dela pentsatu badu, oker dabil. Haragia ere egon da bazkalondoan, errestauranteko komunean, kafea etorri bitartean. Ez naiz sartuko hemen bakoitzak besteari zer egin dion esatera, ezta nork ahoan zer sartu duen ere. Oraindik errespetu bat zor diot.

Oraindik... Laburra izan da.

Arratsaldean, askatasunaren etorbidetik gindoazela bota dizkit, 1, 2, 3, 4.

"Distantzia gehiago behar dut, presionatu egiten nauzu, denbora gehiegi pasatzen dugu elkarrekin eta hau monotonoa bihurtzen ari da". Bosgarren kolumnarik ez du behar izan irabazten hasteko.

"Esan egia, besteren bat dago... Zein da?"

"Ez dago inor".

"Beti esaten duzue gauza bera".

"Ez dago inor".

Eta isilik ibili gara ordu bat edo bi, edo abenidatik Parte Zaharrera bitartekoa (ez dakit zenbat behar izan dugun). Gero bi eskailerak: berak masaila ukitu dit, nik serio egon nahi izan dut, berak Jon Miranderen txiste beltz horietako bat kontatu du eta ezin izan diot eutsi. Barrez lehertu naiz, besarkatu egin dut etc. etc. Badakizue, bakeak egitean nola izaten diren gauzak ezta? Ez dakizuela? Ah! Klaro! Euskaldunak...

Bueno, bada hasieran ematen du mundua jan behar duzuela elkarrekin. Hamar-hamabost minutuan dena baretzen da eta gutxi behar izaten da berriro ere 1, 2, 3, 4-ak entzuteko eta ondoko konbertsazio guztirako.

Ilundu duenerako berriro bazter hori jo dugu. Inor gutxi Gipuzkoa plazan. Liburuzainen bat azken stand-ak jasotzen, luma grisak lur hartuta, azken autobus metropolitarrak.

"Eta?" bota dit.

"Zer?"

"Isilik zaude aspaldion. Ez al duzu ezer esan behar?"

"Begira, hau ez dabil ondo... Zuk zeozer sentitzen duzu honezkero?"

"..."

"Hoberena uztea dugu".

"Baina..."

"Sinetsidazu, hoberena da".

Negarrak eta autobus gehiago etorri dira. Lagun izango garela zin egin diogu elkarri. "Lagun on-onak".

"Polita izan da" esan dit.

"Oso" esan diot.

Eta autobusera igo naiz, Legnaren liburua zabaldu eta gorputzari humoreak ateratzen saiatu behar dudala pentsatu dut. Bera markesinan eserita geratu da, behera begira, rimmela masailetatik zeriola.

Autobusak arrankatu duenean gertatu da. Zerbait piztu da nire barnean eta korrika abiatu naiz atzeko leihatilara, garrantzitsuena ahaztu dudala konturatuta. Berak igarri egin du, eta altxa egin da, autobusari segika.

"Nola duzu izenaaaaaaa!" esan diot oihuka.

Erantzun dit. Badakit erantzun didala. Baina motorraren soinuak, trafikoak, nire belarrietako ezkoak... nik zer dakit. Edo agian nahiago izan dut ez entzun. Ahaztu eta kapitulu berri bat hasi, aurrekoan ezer azpimarratu gabe. Agian bai.

"Edo -esango du norbaitek- ez zaizu neska izenik okurritzen kontakizun hau bukatzeko baina berandutzen ari zaizunez misterio ukitu bat eman nahi izan diozu azken paragrafoei. Agian esperantza ukitu bat ere bai, inoiz berriro elkarrekin topo eginez gero izena galdetuta kimika berriro sor daitekeela pentsa baitezake irakurleak...".

Agian hori ere bai. Joder, zuekin ezin da!
----------

2007-04-21

Permalink 23:58:51, Atalak: Testu motzak  

Hauteskundeak

Bihar Bidasoaren iparraldeko bizilagunek haustekundeetan (ez da errata) parte hartu behar dutela kontuan izanda, Charles Bukowskiren poema hau etorri zait burura.

Hautagai politiko baten aurpegia publizitate panelean

Hor dago:
aje handiegirik ez
emakumeekin borroka gehiegirik ez
neumatiko hustu gehiegirik ez
ez zuen inoiz pentsatu suizidioan

haginetako mina hiru aldiz gehienera
inoiz ez zuen otordurik huts egin
inoiz ez zen kartzelan egon
inoiz ez maiteminetan

7 zapata pare

seme bat unibertsitario

aseguru-polizak

etxeko jardin berde-berdea

zaborrontzi tapaki hermetikodunak

seguru hautatuko dutela

Poema Antologia
-tik (Susa 1997), Josu Lartategiren itzulpena.

PS: Maiatzeko hauteskundeetarako ere balio zezakeen, baina tira.
----------

2007-03-06

Permalink 00:05:32, Atalak: Boligrafo Gorria  




















----------

2007-02-26

Permalink 22:52:07, Atalak: Erretratuak  

Zapuzkeriak (estilo ariketa bat kokaz eta komuna okupatzeaz)

Zuri ikusi zintudan, ezpainen artetik zure hortzak ere zuri, larunbateko komun are zuriagoan. Argia zuri, begiak, zuri eta zabal, zuria zen sudurretik sartu berri zenuen zera ere. Eta zure lagunek ere zera zuri hori sudurreratzeko zituzten zergatiak azaldu zenizkidan kalean zirimiria hasi zuen une berean.

Esan dut, komun zuri batean jazo zen eztabaida. Ni zarrazta botatzera joan nintzen baina "Zaude!" esan zidan zure adiskideak, eta zera zuria sartzen ari zirela. "Zera... komunzulo zuria zarrazta botatzeko izaten da", ziztatu nuen eta "zupazak hemendik!" izan zen erantzuna. Izorrai.

"Zergatik ez zarete zuen zerritokira abiatzen zera zuria sartzera?" zirraraz zapla bota eta "zuk oraindik ez dakizu zeinekin ari zaren hizketan" zartatu ninduen beste zorrizto batek. Dena, esan dut, komun zuri batean zera zuria sartzeko zuzenbidearen zergatiak galdetzeagatik.

Zurrumurru ozena zabaldu zen tabernan mozkorrek komun zurian zera sartzen ari zirenen zilegitasuna ezbaian jarri zutenean. Baina zuria sudurretik nahi zutenek ezin zuten zera hori guztia etzirako utzi eta zarrazta bota nahi zuen gizarajo honek kale izkiñan lasaitu behar izan zituen giltzurrunak, zirimiriaren zipriztinak zaparradan zerutik zorura zetozen bitartean.

Eta dena zergatik? Zorrizto batzuek zera zuria sudurreratzeko tabernazuloko komun zurian izkutatu behar izan zutelako. Izorrai.

----------

2007-02-15

Permalink 17:08:21, Atalak: Erretratuak  

5 aitormen

Ez naiz nire buruari buruzko datu gehiegi ematearen aldeko, baina Patxik lekukoa pasa didanez gero, niri buruz jendeak jakingo ez dituen bost gauza (bitxi ahal bada) kontatuko ditut, lehenago beste batzuek (hemen, hemen eta hemen esaterako) egin duten bezala. Bide batez, meme hauek gurean izaten ari diren arrakasta honek ez ote dio arrazoi puntu bat ematen Gotzon Egiari? EH 2.0 jardunaldietan blogariok exibizionista hutsak garela adierazi zuen, eta post honek nonbaitetik edan badu, exibizionismoaren iturritik izan da dudarik gabe...

  • 1984ko uztail batez jaio nintzen. Gurasoei San Ferminak izorratzeaz gainera badu jaiotza hark anekdota bat (gutxi gora behera bitxia izan daitekeena). Joseba Elosegi zenaren alaba izan nuen emagin. Jaio eta berehala aitak begiratu eta "aitaren igual-iguala!" esan zuen. Aitona Klaudio zenaren antza nuela alegia. "Bueno, bueno... no vamos a empezar con parecidos..." esan omen zuen emaginak.
  • Ez naiz inoiz telebistan atera egindako lanengatik (blogari modura edo kazetari modura esan nahi dut). Alabaina, behin nire bost segunduko famatxoa izan nuen Goenkale telesailari esker. 2000. urtea zela uste dut, eta mundua ez zela bukatuko konturatu ginenean ikasbidaia prestatzeari ekin genion klasekook. Finantziazio iturri modura joan ginen ETBko sugetzar (gure orduko euskara irakaslearen hitzak erreproduzitzearren) famatuenera. Gorka Otxoa aktoreak egiten zuen Patxi izeneko pertsonaiaren funeralean azaldu ginen eta ni Soziedad Alkoholika taldearen kamixeta batekin joan nintzen, beltzez joan behar genuela esan zigutelako. Oraindik harrituta nago nire adineko zenbat jendek ikusi zuen.
  • Ez naiz batere kirolzalea eta hala ere Euskadi Irratian ibilia naiz kiroletako albisteak ematen, bekadun nintzenean. Kirolen bat jarraitzen EZ badut, hori txirrindularitza da. Hala ere, Abraham Olanoren poster bat daukat nire gelan, duela 12 urtetik. Munduko Txapelketa irabazi zuenean jarri nuen. Beti iruditu zait tipo sinpatikoa.
  • Gorroto ditut piperrak: berdeak eta gorriak.
  • Beste blogari batzuek beren iragan eajoteroaz hitz egin dutela ikusita neuk oso present dudan eragina dela nabarmendu nahiko nuke, bukatzeko. Ia larunbatero joaten naiz Hernaniko EAJk egoitza duen eraikinera. Norbait EGIkoa naizela pentsatzen hasi aurretik argibide bat: EAJren egoitzaren azpian Cereales de Oro jatetxe txinatarra dago eta hara joateko ohitura dut bazkaritan. Jende jatorra. Janari bikaina. Jabeak joan den udan Hernaniko Kronikarako elkarrizketatu nituen.
Eta orain brownie-a pasako dut. Julen, Balaklaba, Julenne, Saregu eta Metropolitan... (bakarrak erantzutearekin nahikoa da) kontatu zuen sekretuak!

PS: Ana M.-ri ere pasako nion meme-a, baina honezkero hiru edo lauk esan diote beraz nahikoa sekretu izango du kontatzeko.
----------

2007-02-07

Permalink 22:57:11, Atalak: Testu motzak, Erretratuak  

Besarkada (argazki baten aurreko pentsamenduak I)

Zenba itzazu elkarregandik banandu gabe igaro ditzakegun segundu, minutu, ordu eta egunak. Agian norbaitek irribarre egiten dugun bitartean begiratuko digu.

Zenba itzazu elkarrekin igaro ditzakegun urte, hamarkada, mendeak. Agian norbaiti hunkigarria irudituko zaio. Nork zioen ezin zuela betirako izan?

Zenba itzazu mila, bi mila, hiru mila urte. Agian irribarrez jarraituko dugu. Besarka nazazu, zer axola dio denborak, zer, umeak negar egiten badu, zakurra zaunka ari bada, teilatuan itoginak baditugu; heldu nazazu. Behar zaitut. Besteek, ez hainbeste. Itxarongo dute.

Zer axola dio denak. Azken finean, zer axola dio hementxe gogortuta hiltzen bagara ere? Ez zaizu iruditzen?

----------

2007-01-27

Permalink 19:34:01, Atalak: Testu motzak, Iritzia  

Esperantza hil egin da

83 urte zituen eta seme bat kartzelan. Hilzorian.

Bi egun dira semearen gorpu biziari presondegiko ateak itxi zizkiotela.

Zenizkiotela.

Kasualitaterik ez da.

Esperanzari esperantza kendu diozue.

Eta hil egin da.

Esperantza hil egin da.

Hil egin duzue.



Elur beltza ari du.

Ez dirudi geldituko duenik.



Esperanza Chaos Lloret, Iñaki de Juana presoaren ama hil egin da.


----------

2007-01-08

Permalink 20:42:15, Atalak: Kontakizunak, Iritzia  

Ulises eta gu, euskaldunok

Abenduaren 30ekoaren ondotik politikariek hartu duten jarrera ikusita, ez dut inolako informaziorik jaso nahi hemendik aurrera. Leihotik behera bota dut telebista, ordenagailua arrainontzi bihurtu eta egunkariak erosi eta berehala sutara botatzen hasi naiz etxea berotzeko. Irratiak patu hobea izan du, baina diala 24 orduz musika klasikoa jartzen duten emandegi batetik mugitzea debekatu diet etxekoei.

Behin herri honetan bizi naizela ahaztea lortuta, beste askotan bezala liburu artean bilatu dut galdera ikurren zaparrada honetarako aterpea. Zehatz esateko, Homeroren Odisea izan dut esku artean azken aste honetan.

Mundu guztiak ezagutzen du Odisearen istorioa eta Ulises gizarajoak Itakara, eta han zain zuen Peneloperengana iristeko pasa behar izan zituenak. Begibakar lerdetsuek bidailagunak jan zizkioten, Poseidonek itsasoa astinduz jazarri zuen eta sirenen tentaldiari eutsi behar izan zion; Zeusek itsasontzia lehertu zion, urteetan ez aurrera eta ez atzera egon zen Ogigiako irlan eta, beti Itaka helburu zuela, bere itsasontziak hondoa jo zuenean ere, aurrera egiteko indarra atera zuen.

Azkenean Ulises Itakara heldu zen, bere arkua tenkatu eta erregea zela erakusteko adina indarrekin. Eta Penelope zain zuen, hainbeste urteren ondoren beti fidel.

Abenduaren 30etik inbidia ematen dit Ulisesek. Berak, pasatakoak pasata, Itaka zapaldu zuen berriro. Helmugara iritsi zen.

Iritsiko ote gara gu? Bukatuko ote da inoiz gure Odisea? Nolako Itaka aurkituko dugu itzultzean? Zer galdu dugu bidean? Eta itzulita ere, zain izango ote dugu Penelope?

Beldurrez nago ez ote dugun ohean, begiak zabalik aurkituko, bortxatua, eta hila.

Iruñeko Euskalerria Irratirako 'Burutazioa'
----------

2007-01-06

Permalink 11:18:58, Atalak: Testu motzak  

Kurt Cobaini elkarrizketa, ouija bidez (momentu hautatuak)


Zer pasa zitzaizun burutik zure buruaz beste egin zenuen egun hartan?

Em... tira... bala bat ezta?
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution