2008-05-05

Permalink 21:52:42, Atalak: Euskalerria irratia  

Midas edo urdaiazpiko bokadiloa jateko ezintasuna

Entzun

Midas erregea urdaiazpiko bokadiloekin arazoak izaten ari zen Juantxorenean. Bat ahoratu nahi zuen bakoitzean urre bihurtzen zitzaionez hortzetan min hartzen zuen eta gosez geratzen zen.

Jendea nahiko aspertua zegoen berarekin, batez ere noizbait bere lagun izandakoak. Gutxi geratzen zitzaizkion inguruan. Elkarte gastronomikoko adiskideen emazteek berriz, ez agurtzearren, kalea gurutzatzen zuten ikusten zuten bakoitzean. Izan ere, Midasen bostekoak urrezko estatua bihurtu zituen haietako askoren senarrak, eta ondoren hiriko plazak dekoratzeko erabili zituzten, erabileraren bat ematearren.

Atentatuarena gauza jakina zen, gertatu beharrekoa. Bitxigileen gremioa arduratuta zebilen merkatuan hainbeste urre berri sartuta euren salgaiaren prezioa behera zihoalako; alkimistek iruzurgiletzat zuten, milaka urtetako teknikak baztertu ostean benetako urrea egiten hasi zelako, euren ofizioa prestigiogabetuz. Etsai gehiegi, eta indartsuegiak errege bakarrarentzat.

Maialenek bakarrik ulertzen zuen Midas gizajoa, beharbada -eta beharbada bakarrik diot- eraikuntza enpresa batean lan egiten zuelako. Bazekien nola sentitzen zen erregea, bazekien eskasa den ondasun bat alfer-alferrik ugaritzeak jendartean sortzen zituen ezinikusiak.

Bikote polita osatzen zuten, kanpotik begiratzen zuenarentzat ohiko harreman heterosexual estandarra, etxeko ateetatik barrura jarrera ez hain politikoki zuzenak ere bazituzten arren -asmatu duzue, bai, urre-zaparrada bikotearen oheko ohituren artean zegoen-. Gerora jakin da hori, erregearen biografia ez ofizialak argitaratu direnean.

Dena bukatu zen goizean etxetik lasai irten zen Midas, eta bere BMW urre kolorea pizteko giltza sartu zuenean ez zuen asmatzerik izan keinu hori izango zela bere bizitzako azkena. Lehergailuak ke handia utzi zuen eta urrezko hodei handi bihurtu zen, errege puskak ukitu zituenean.

Rostropovitxek jotako Bach-en minuet bat behar zuen eszenak dramaren epikotasun perfektua izateko: Maialen etxeko ataritik oihuka irteten (ez da bere ahotsa entzuten, txeloa bakarrik) Midasen gorpu zatikatu errea ikusten uzten ez duen urrezko hodeiak, kamera geldoan, inguruko zuhaitzen adarren gainetik hegan egiten duen bitartean.

Nahiz eta ondorengo urteetan higiezinen negozioak hondoa jo zuelako Maialen Midas erregearekin izan zuen bizimodua telebistako programetan kontatzetik bizi izan den, bonba hark asko eragin ziola esan dezakegu. Maite ere maitatu zuela pentsatzeko arrazoiak daude, inoiz ukitu ez zuen arren. Ez da beste inoren eskutik helduta azaldu jende aurrera eta gaur, atentatuaren zortzigarren urteurrenean bere etxeko sofan pilula gaindosi batez aurpegi zurbila, ahozabalik, hilda aurkitu dutenean, askok oroitu dute nolako irribarrea izaten zuen alfonbra gorria bere senarraren alboan gurutzatzean.

Maialenen bizitzari buruzko xehetasun gehiago eman ditu albistegiko aurkezleak, artxiboko irudi batzuekin batera. Gero Juantxok katez aldatu du, futbol partidua hastera doalako. Tabernan daudenek urdaiazpiko bokadiloei haginka egin diete.
----------

2008-04-22

Permalink 18:59:16, Atalak: Argia  

68ko maiatza, Internet eta bi Scorsese

Papera eta Internet uztartzeak eskaintzen dituen aukerak. 1968ko maiatzari buruzko erreportajea egin dut ARGIArako, baina pena nuen, egindako elkarrizketak eta bildutako materiala bospasei orrialdetan kontzentratzea nahiko zail ikusten nuelako. Paperekoarekin gustura geratu naiz, baina bideo kameratxo batekin grabatutako irudiekin Scorsese bik (Lander Arbelaitz & Belai Irazabal) lan distiratsuagoa egin dutela iruditu zait. Hona hemen:

----------

2008-04-12

Permalink 13:39:30, Atalak: Euskalerria irratia  

Autopistak eta politika

Astelehenean Euskalerria Irratitik eskatu zidaten burutazioa da ondorengoa. Ezin hemen jarri orain arte, eta dagoeneko Maltzagari egin diodan erreferentzia zaharkitua geratu da. Edonola ere, norbaitek hor bestaldean entzuteko pazientzia nahikoa badu, triangeluari sakatu.

Autopistarako irteera ez da batere ona baina bi aldiz ezkerreko ispilutik begiratu eta abian da. Mugimendu mekanikoz sartzen du intermitentea, ezkerreko erreira pasa, aurreratu. Musika klasikoa dauka jarrita, berdin dio, ez du aditzen. Ez dago autoan, ez da ezertan pentsatzen ari, subkontzientea ari da gidatzen. Eta hala ere ez du abiadura muga gainditu, segurtasun distantzia gorde du eta gaur ere ez dio lanetik etxerako bidean dagoen paisaiari erreparatu. Motorra itzali duenean, norbaitek botoia sakatuta bezala, berriro ere bere ekintzen jabe izan da.

Librea zarela uste duzu, baina bizitzan egiten dituzun ekintzen erdiak makina baten erreakzioak baino ez dira. Automata libreak gara asko jota. Etxera joan eta lotara sartu den gizonaz aritu naiz, baina berdin gertatzen da alderdi politikoekin ere. Bakoitzaren ohiturak gorabehera denak imajinatzen ahal dituzu A-15etik gidatzen. Batzuk Mercedesean, garbi eta miseria usaina duen tapizerian eserita, bi karrilen erdian jarrita mundua beraiena izango balitz bezala; auto handi txurigorriberde bat ere ikusiko duzu gutxieneko abiaduraren mugan, “lasai, asko zahartu baino lehen helduko gara norabait” esanez apur bat deseroso, derrigorrez mugiarazi dutena bezala; eta furgoneta bat, karrila behin ere aldatzen ez duena, topera zapalduta ere orduko 70 kilometrora eta matrikula doblatuekin. Gero badira karril batetik bestera pasatzen diren gidari ipurtarinak, komenientziaren arabera helmuga kilometro bakoitzero aldatzen dutenak, beti eskuinera doan kurba hartzen dutenak, lerro bakarreko errepide mapak saltzen dituztenak, Maltzaga non geratzen den galdezka bizi direnak...

Automata librea esnatu da eta lanera joateko autoan sartu, garajetik irten, bizilaguna agurtu. Ezin du bestela egin, nahi gabe ateratzen zaio. Gauza bakarrak batzen ditu gure espektro politikoko gidariak ere: politika giroa auto bat bezala maneiatzen dutela, eta autoa automatak izango balira bezala. Ezin dute bestela egin.

Agian esan berri dudan hori txorrada hutsa da, sinplekeria. Beharbada gasolioaren prezioa igotzea eta gure zera politikoaren azken inflazioa batera gertatu izanak eragin du burutazio hau. Edonola ere, hobe genuke garraio berriren bat pentsatzea, autopista hau errotonda handi bat baino ez baita, eta ni dagoeneko mareatzen hasia naiz.
----------

2008-03-08

Permalink 16:51:22, Atalak: Testu motzak, Iritzia  

Sua

Pistola batean bukatzen zen beso beltzak atzo erabaki zuen hitzak soberan daudela. Txano zuriak esan du zeinek bizi behar duen, zeinek hil. Atzo autobideko peajeko langile baten bizitza kiskali zuten plazan, denen aurrean. Ustearen kontrara, sorgin ehizetan protagonista ez da heretikoa izaten, ezta plazan bere gorputzarekin txondorra egiten dutenean ere. Garrantzitsuena, noren azala ikatz bihurtuko den erabakitzea baino, sua piztuta mantentzea da. Inkisizioarentzat heretikoak suaren gasolina baino ez ziren. Errudunak, errugabeak ETAri ez zaio axola, garrantzitsuena sua gorri mantenduko duen erregaia eskura izatea da. Behin sua instituzio bihurtu denean, berak bakarrik agindu dezake. Egunero atera behar egur eta gorpu bila sua biziko bada. Instituzioak (barka "erakunde" esan nahi nuen) ez du beti heretikoen konfesiorik lortzen eta horregatik denak susmopean jartzera jotzen du, beldurra ogi bihurtzera. Gertatzen da, sutarako hautagaiak geroz eta gehiago diren neurrian, gutxiago direla haren inguruan dantzan ari direnak. Iritsiko da eguna, denok makila bati lotuta egongo garena. Eta hankapean beroa sumatzen hasten garenean, haragi errearen usaina hartzen, ez du asko inportako haga nork josi duen lurrera, nork lotu dizkigun eskuak, inkisizio euskaldunak, ala hegoaldetik etorritakoak.

----------

2008-02-28

Permalink 11:52:51, Atalak: Testu motzak  

Euskal orkestra baterako instrumentuak

Biolina
Biolontxeloa
Biola
Biolentzia

Klabizenbaloa
Kontrabaxua
Kontramanifa

Flauta
Fagota eta
Fagozitatutakoak

Oboea

Tronpetak
Tronpak
eta, nola ez,
Tronpatuak

(Oharra: musika hastean behin ere ez bukatzeko arriskua dago)
(2. oharra: orkestra prest legoke kontzertu ekonomikoak jotzeko)
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Lizentzia

Creative Commons License

Egileaz

Zein da Gorka Bereziartua hori?

Irakurketa gomendatua

It was the best of times, it was the worst of times, it was the age of wisdom, it was the age of foolishness... Osoa irakurri

(Charles Dickens, Tale of two cities)

Sortzailearen profila

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution