Pil-pilean dago Gipuzkoako Aldundirako PNV-ren hautagaiari buruzko polemika. Imanol Murua Uriaren komentarioak nahiko argigarriak dira afera honetan. Barne borroka eskutik joan al zaie jeltzaleei?
Tristea da, halere, horrelako polemika herritarrongana iristea. Agian, herentzia bat jaso du azken 3 urtetan, eta ondorioz bere izenean jarri besterik ez ditu egin 5 pisu horiek. Agian, Primitivan-n sari potolo bat irabazi du eta 5 pisuetan inbertitzea erabaki. Agian emaztea da aberatsa, eta haren diruarekin erosi eta bere izenean jarri ditu pisuak. Edo zergatik ez, 5 hipoteka sufritzen ari da eta larri dabil nola buelta eman ez dakiela hileroko 5 letrei. Zeren 3000 euro inguru jasoz hilabetean, ez da samurra izango 5 hipoteka ordaintzea, nahiz eta 50 urtetara eduki edo zorrak batzen dituzten "usureria-enpresetara" jo. Ze mania dugu beti gaizki pentsatzeko?
Gehiago irakurriz SER kateak argitaratutakoa, bada hiritarrongan zalantza sortzeko beste hainbat puntu ere. Urbialde, DBS, Serbitzu etab. Boteprontoan, informazioa bildu gabe eta ausardia puntu batez galdera bat datorkit burura. Azkenekoa argi dago autopistak kudeatzen dituen enpresa dela. Beno, orain Bidegi dela uste dut eta Serbitzu garbiketa edo mantenuaz arduratzen da. Tanto monta...Berdin dio, denok ulertzeko: "Diputazioaren enpresak" dira. Langileak ez dakit, baina buruak a dedo aukeratzen direla inork ez du ukatuko. Zergatik horrenbeste oposaketa zeladore edo administratibo postu baterako eta gero postu kualifikatuak laguntxoentzat? Idazkari izateko 3 karrera, 4 hizkuntza eta 20 urteko esperientzia eskatzen dira. Horrelako enpresak zuzentzeko afiliatu karneta eta laguntxoak antza. Lehendakari izateko ez diogu inori karrerarik, hizkuntzik edo esperientziarik eskatzen (beste post batetarako emango luke gure politikarien prestakuntza eskasaren gaiak), baina tira, guk aukeratzen ditugu, teorian behinipin.
Serbitzu bezalako enpresa pribatu baina administrazioaren menpekoetan, aldiz, dena libre da. Jauregik adibidez, ziur kurrikulum potoloa zuela inmobiliarietan. Eta beste hainbeste eskarmentu mantenu enpresetan edo autopisten kudeaketan. Alkate lanetaz aparte, Udalbiltzaz aparte, makina bat lan egingo zuen...Ametsetan beharko edo loari kendutako ordutan...Eta noski, hautapen prozesu gogor bat pasa beharko zuen. Aurre-entrebista bat hautapen enpresa batean, test psikotekniko eta hizkuntzen azterketa mordoa, beste elkarrizketa bat kontratatu behar dion enpresako Giza-baliabideen zuzendariarekin, eta froga guzti hauetatik bizirik ateraz gero azken entrebista gerentearekin. Seguru baietz. Gainontzekoek lan bat lortzeko horrelakoak egin behar baditugu, zergatik zalantzan jarri? Misterioak.
Haritik tiraka, Aralarko batzarkideek egindako salaketa bat ere topatu dut. Gogoratu dut baita ere, Googlen begira, Serbitzu lehenbizi eta Bidelan orain txirrindulari talde amateur baten babesle direla. Orain eskutik emanda doaz Euskaltelekin. Nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero milioi bat euro ematen baidizkio Madariagaren taldeari. Nola edukiko ditu ba harreman txarrak Bidelan taldearekin? Ba, entzun nuenez, duela pare bat urte ezin zuen Madariagak taldea ikusi ere egin eta hainbat zurrumurru ere sortu ziren taldearen inguruan. Batere onak ez. Foru Aldundiak eskua sartu behar izan omen zuen hura konpontzeko. Batzuk ukitzen duten guztia urre bihurtzen duten bezala, badirudi Foru Aldundiak ukitzen duena kakaztu egiten duela.
Zenbat eta enpresa gehiago sustatu administrazioetatik autopistak kudeatzeko, ospitaleak, zaharretxeak etab. zerbitzu hobea jasoko omen dugu. Hori dio teoriak. Pribatizazioaren irabazleak baina, ez gara hiritarrok. Nik agian kudeaketa efizienteago baten ondoriozko zerbitzu bikainagoak gozatu ditut. Ados. Baina ez dit 5 pisu nire izenean izateko bezainbeste eman. Egia esan, nire izenean auto bat besterik ez dut...Zeren bizikleta pare bat ere baditut, baina hauek erregistratu ere ez dira egiten. Agian ez nuen hau esan behar, ideiak ez emateko gure agintariei zirkulazio zergaren erreformak txirrindak harrapa ez ditzan.
Eta pasa den asteko beste berri bat gogoratuaz, nola ez zaie ba interesatuko autopista gehiago jartzea Gipuzkoan? Nik txakur kaka garbitzen lan egingo banu, gipuzkoar bakoitzak 4 txakur edukitzearen alde lobby egingo nuke. Are gehiago, subentzionatu dezala Foru Aldundiak txakurrak izatea eta ondoren ordain diezadala niri lauzpabost aldiz gehiago, bestela ezingo baititut kaleetatik txakur kaka denak kendu. Hori da efizientzia. Igartzen da zenbat ekonomialari argi ditugun ardura postuetan.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Egoera askotan sentitzen gara blogeaturik. Ez bakarrik ordenagailu aurrean. Zer esan ez dakigunean, esan nahi duguna argi eduki baina hitzez adierazten asmatzen ez dugunean, ezusteko zerbaiten aurrean, kalean ustekabean norbaitek ordua galdegiten digunean...