Argumento eskasa. Argumento eza. Sentsazio horrekin atera nintzen zinematik. Istorioaren nondik norakoa gutxi gora behera denok baigenekien. Berrikuntzarik ez, eta tramak ahula zirudien ondorioz.
Halere, gustora ikusi nuen. Gustatu zitzaidan bada. Ezin ukatu. Buruak baina, filmaren ahultasunak gogorarazten zizkidan.
Zergatik behar du filmak trama? Eta trama indartsurik gabeko film zoragarriak egitea posible balitz? Lost in Translation zoragarria gogoan, Sofia Coppolaren zinema mentalki errepasatu nuen. Lost in Translation-i buruz batek baino gehiagok komentatu izan didana: "ez da ezer gertatzen baina...". Ez nago ados. Atmosferak, argazkiak, argiak, musika. Sentsazioak. Isiltasunaren indarra. Elkarrizketa sinple edo intraszendenteen artean, isiltasunaren esanahia. Musikaren adierazkortasuna.
Hitzik behar ez bada ikusleei oiloipurdia jartzeko, zertarako behar elkarrizketa sasi-intelektual astunak. Paradigma aldaketa: bideoklip luze bezain zoragarria. Ezin burutik kendu The Strokes-en What Ever Happened abestiaren estribilloa agertzen den eszena, Maria Antonietaren barneko suaren adierazle: "I wanna be forgotten and I don´t wanna be reminded ...".
Argazki bezala uler daitezkeeen filmak. Egoera baten, momentu baten, barne-min baten 2 orduko argazkiak. Argazkietan ere ez da ezer gertatzen. Nori inporta?
Bigarren irakurketa bat ere badu filmak. Nork ez du gaur egungo gizarte kontsumista irudikatu Maria Antonietaren portaeran? Horrelakoak gara bai, haur heldugabe eta materialistak. Argi erakusten du filmak bizimodu horrek ezin duela bukaera onik izan. Gaizki amaitzera kondenatuak gaude.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Egoera askotan sentitzen gara blogeaturik. Ez bakarrik ordenagailu aurrean. Zer esan ez dakigunean, esan nahi duguna argi eduki baina hitzez adierazten asmatzen ez dugunean, ezusteko zerbaiten aurrean, kalean ustekabean norbaitek ordua galdegiten digunean...