Zinemaz hitzegitea gustatuko litzaidake. Edo musikaz. Nire azken bidaiaren berri emateko gogoa ere badut. Saiatuko naiz nire idatziak horrelakoak izaten. Zaila izango da ordea. Egunerokotasunak blogeatzen gaitu. De Juanaren egoera dela, su etenaren sineskortasun eza, Athletic-en eta Errealaren krisia...Beti dakusagu kea gure aurrean. Eta zer ezkutatzen zaigu atzean. Axola al du?
Azken egunetan, biziki mindu nauten zenbait berri irakurri ditut. Beste baterako utzi beharko dut, bada, Maria Antonieta filmari buruzko gogoeta.
Demagun bizitza futbol partida bat dela. Ez dakigu iraupena. Noiz iritsiko den amaiera. Helburua, noski, garaipena. Gu atezainak gara eta irabazi nahi badugu, geure atean baloirik sartzen ez uztea beste helbururik ez dugu. Batentzat zoriontasuna izango da garaipena, bestearentzat familia handi bat izatea, askorentzat aberastea edo seme-alaba osasuntsuak izatea. Laburbilduaz, garaipena. Bidean baina, hainbat oztopo. Orain gradetatik laranja bat botatzen digute. Ezin partidan sarturik egon denbora guzian. Gero lesio larri bat izaten du norbaitek eta ezin jokuak segi. Gradetan bihotzekoak ematen dio norbaiti eta hari nola utziko hiltzen. Lagundu beharko halabeharrez. Arbitroa ere ez dugu atsegin baina erretiratzea garaipenari uko egitea da. Taldekide batzuk mantso-mantso dabiltza, besteek erosita ote? Zaleek bengala bat ere jaurti dute. Ezin ikusi ezer, ezin arnastu. Konturatu gabe, gol mordoa sartu dizkigute jada.
Eskuadratik sartu digute, adibidez, pasa den astean ere. Gol borobila inor ohartu gabe. Gu oraindik enteratzeke. Enpresen irabazien gaineko zerga %28ra jeitsi berri dute. Europarekin berdintzeko eta lehiakortasuna irabazteko, antza. Ez da denbora asko PFEZaren eraldaketa lotsagarria ere onartu zela. Atzerakoia guztiz eta biziki kezkagarria langileontzat. Gustorago daude kapital errentak dituztenak, presio fiskala %18ra jeitsi baizieten, tarifa laua eskeiniz ziber aro berrian. Merkealdiak kapital errentari eta enpresentzat.
Hala ere, ez da hau mingarriena. Mingarrienak ADEGIren erantzunak bezalakoak dira. DV-n irakurri genuen ostegunean. Oraindik Europako presio fiskal handienetakoa omen dute hemengo enpresek. Eta beste argudio indartsu bat eskeintzen digute zergak oraindik gehiago murriztea eskatzeko: azken 10 urteetan %240 igo omen da Gipuzkoako Foru Ogasunak enpresetatik bildu duena. 1+1= 2 den bezalaxe, %240 gehiago bildu badu Ogasunak, enpresek azken hamarkadan %240 gehiago irabazi dutelako da. Egiari zor, enpresen irabaziak zertxobait gehiago ere igo direla esan beharko genuke. Oker ez banago, %35tik %32ra jeitsi baizen urteotan tipoa.
Aurpegia behar da gero. Nire soldata ez da inolaz ere abiada horretan hazi. Ala zuena bai? Baina guk, ezjakinok, beraien esku utzi beharko genuke gure etorkizuna. Guk irabaziak huskerietan xahutzen ditugu. Enpresek, ordea, berrinbertitu egiten dituzte irabazi guztiak gure ongizatea babesteko.
Berrinbertitu diote. Badakit nik nola. Topikoak erabiliz: txaletetan, BMW-tan, drogetan eta putetan. Topikoa?. Begira hemen. Hau ere euskalduna. Familian behin baino gehiago entzun dudanarekin guztiz ados nago: Al Capone EHan jaio balitz ez zen kale garbitzaile izatetik pasako.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Azken erantzunak
Egoera askotan sentitzen gara blogeaturik. Ez bakarrik ordenagailu aurrean. Zer esan ez dakigunean, esan nahi duguna argi eduki baina hitzez adierazten asmatzen ez dugunean, ezusteko zerbaiten aurrean, kalean ustekabean norbaitek ordua galdegiten digunean...