2007-02-23

Permalink 10:27:31, Atalak: blogeaturik, Ekonomiaz, 154 hitz  

0,7az

Laster, erakunderen batek bere gabonetako bazkarian sobratutako diru apurrarekin loteria erosi ondoren sobratutakoaren  0,7a garapenerako eman duela irakurriko dugu prentsan. Beraiek gustora, kazetariak ere bai eta hiritarrok ere bai zein ongi bizi garen pobreei lagunduaz. 0,7a eman dugu !!! Onenak gara, solidarioenak !!!

Gogoratu baina, 0,7aren ideia ONUren 1970ko erresoluzio batetik datorrela. Herrialde garatuen BPGren 0,7a herrialde txiroen garapenerako bideratzea zen proposamena. Ia 40 urte ondoren, ia inon ez da bete. Euskal Autonomi Erkidego ponposo honetan ere ez, hala saldu nahi badigute ere. Eusko Legebiltzarra harro dabil bere aurrekontuaren 0,7a horretarako erabiliko duela aireratuz. Aizue: noizko BPGren 0,7a? Oraindik ez duzue betetzen ONUren erresoluzioa eta dagoeneko txanpaina edaten munduko solidarioenak garelako? 

Ala beste behingoz herritarren gehiengoa engainatu duzuela ospatzen zabiltzate? Azken finean, Madrazok badaezpada zerbait aipatu du por lo bajini, baina nor ohartuko da benetan aurrekontuaren 0,7a eta BPGren 0,7a ez direla berdinak? Benga, goazen denok zein solidarioak garen ospatzera, 2012an 0,7a !!!

 

2007-02-21

Permalink 11:16:42, Atalak: blogeaturik, Ekonomiaz, 613 hitz  

Autopistak eta txakur kakak

Pil-pilean dago Gipuzkoako Aldundirako PNV-ren hautagaiari buruzko polemika. Imanol Murua Uriaren komentarioak nahiko argigarriak dira afera honetan. Barne borroka eskutik joan al zaie jeltzaleei?

Tristea da, halere, horrelako polemika herritarrongana iristea. Agian, herentzia bat jaso du azken 3 urtetan, eta ondorioz bere izenean jarri besterik ez ditu egin 5 pisu horiek. Agian, Primitivan-n sari potolo bat irabazi du eta 5 pisuetan inbertitzea erabaki. Agian emaztea da aberatsa, eta haren diruarekin erosi eta bere izenean jarri ditu pisuak. Edo zergatik ez, 5 hipoteka sufritzen ari da eta larri dabil nola buelta eman ez dakiela hileroko 5 letrei. Zeren 3000 euro inguru jasoz hilabetean, ez da samurra izango 5 hipoteka ordaintzea, nahiz eta 50 urtetara eduki edo zorrak batzen dituzten "usureria-enpresetara" jo. Ze mania dugu beti gaizki pentsatzeko?

Gehiago irakurriz SER kateak argitaratutakoa, bada hiritarrongan zalantza sortzeko beste hainbat puntu ere. Urbialde, DBS, Serbitzu etab. Boteprontoan, informazioa bildu gabe eta ausardia puntu batez galdera bat datorkit burura. Azkenekoa argi dago autopistak kudeatzen dituen enpresa dela. Beno, orain Bidegi dela uste dut eta Serbitzu garbiketa edo mantenuaz arduratzen da. Tanto monta...Berdin dio, denok ulertzeko: "Diputazioaren enpresak" dira. Langileak ez dakit, baina buruak a dedo aukeratzen direla inork ez du ukatuko. Zergatik horrenbeste oposaketa zeladore edo administratibo postu baterako eta gero postu kualifikatuak laguntxoentzat? Idazkari izateko 3 karrera, 4 hizkuntza eta 20 urteko esperientzia eskatzen dira. Horrelako enpresak zuzentzeko afiliatu karneta eta laguntxoak antza. Lehendakari izateko ez diogu inori karrerarik, hizkuntzik edo esperientziarik eskatzen (beste post batetarako emango luke gure politikarien prestakuntza eskasaren gaiak), baina tira, guk aukeratzen ditugu, teorian behinipin.

Serbitzu bezalako enpresa pribatu baina administrazioaren menpekoetan, aldiz, dena libre da. Jauregik adibidez, ziur kurrikulum potoloa zuela inmobiliarietan. Eta beste hainbeste eskarmentu mantenu enpresetan edo autopisten kudeaketan. Alkate lanetaz aparte, Udalbiltzaz aparte, makina bat lan egingo zuen...Ametsetan beharko edo loari kendutako ordutan...Eta noski, hautapen prozesu gogor bat pasa beharko zuen. Aurre-entrebista bat hautapen enpresa batean, test psikotekniko eta hizkuntzen azterketa mordoa, beste elkarrizketa bat kontratatu behar dion enpresako Giza-baliabideen zuzendariarekin, eta froga guzti hauetatik bizirik ateraz gero azken entrebista gerentearekin. Seguru baietz. Gainontzekoek lan bat lortzeko horrelakoak egin behar baditugu, zergatik zalantzan jarri? Misterioak.

Haritik tiraka, Aralarko batzarkideek egindako salaketa bat ere topatu dut. Gogoratu dut baita ere, Googlen begira, Serbitzu lehenbizi eta Bidelan orain txirrindulari talde amateur baten babesle direla. Orain eskutik emanda doaz Euskaltelekin. Nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero milioi bat euro ematen baidizkio Madariagaren taldeari. Nola edukiko ditu ba harreman txarrak Bidelan taldearekin? Ba, entzun nuenez, duela pare bat urte ezin zuen Madariagak taldea ikusi ere egin eta hainbat zurrumurru ere sortu ziren taldearen inguruan. Batere onak ez. Foru Aldundiak eskua sartu behar izan omen zuen hura konpontzeko. Batzuk ukitzen duten guztia urre bihurtzen duten bezala, badirudi Foru Aldundiak ukitzen duena kakaztu egiten duela.

Zenbat eta enpresa gehiago sustatu administrazioetatik autopistak kudeatzeko, ospitaleak, zaharretxeak etab. zerbitzu hobea jasoko omen dugu. Hori dio teoriak. Pribatizazioaren irabazleak baina, ez gara hiritarrok. Nik agian kudeaketa efizienteago baten ondoriozko zerbitzu bikainagoak gozatu ditut. Ados. Baina ez dit 5 pisu nire izenean izateko bezainbeste eman. Egia esan, nire izenean auto bat besterik ez dut...Zeren bizikleta pare bat ere baditut, baina hauek erregistratu ere ez dira egiten. Agian ez nuen hau esan behar, ideiak ez emateko gure agintariei zirkulazio zergaren erreformak txirrindak harrapa ez ditzan.

Eta pasa den asteko beste berri bat gogoratuaz, nola ez zaie ba interesatuko autopista gehiago jartzea Gipuzkoan? Nik txakur kaka garbitzen lan egingo banu, gipuzkoar bakoitzak 4 txakur edukitzearen alde lobby egingo nuke. Are gehiago, subentzionatu dezala Foru Aldundiak txakurrak izatea eta ondoren ordain diezadala niri lauzpabost aldiz gehiago, bestela ezingo baititut kaleetatik txakur kaka denak kendu. Hori da efizientzia. Igartzen da zenbat ekonomialari argi ditugun ardura postuetan.

 

 

2007-02-20

Permalink 16:37:00, Atalak: blogeaturik, Zinemaz, 32 hitz  

Apocalypto

Mesedez ez gastatu xentimorik pelikula hau ikusten. Ramboren bertsio bat besterik ez da, hots, gerlari garaitezin bat pelikula guzian korrika eta ihesi. Ez daukat esan beharrik sano eta salbo amaitzen duela, ezta?

2007-02-15

Permalink 10:46:14, Atalak: blogeaturik, Zinemaz, 211 hitz  

Maria Antonieta, oraingoan bai.

Argumento eskasa. Argumento eza. Sentsazio horrekin atera nintzen zinematik. Istorioaren nondik norakoa gutxi gora behera denok baigenekien. Berrikuntzarik ez, eta tramak ahula zirudien ondorioz.

Halere, gustora ikusi nuen. Gustatu zitzaidan bada. Ezin ukatu. Buruak baina, filmaren ahultasunak gogorarazten zizkidan.

Zergatik behar du filmak trama? Eta trama indartsurik gabeko film zoragarriak egitea posible balitz? Lost in Translation zoragarria gogoan, Sofia Coppolaren zinema mentalki errepasatu nuen. Lost in Translation-i buruz batek baino gehiagok komentatu izan didana: "ez da ezer gertatzen baina...". Ez nago ados. Atmosferak, argazkiak, argiak, musika. Sentsazioak. Isiltasunaren indarra. Elkarrizketa sinple edo intraszendenteen artean, isiltasunaren esanahia. Musikaren adierazkortasuna.

Hitzik behar ez bada ikusleei oiloipurdia jartzeko, zertarako behar elkarrizketa sasi-intelektual astunak. Paradigma aldaketa: bideoklip luze bezain zoragarria. Ezin burutik kendu The Strokes-en What Ever Happened abestiaren estribilloa agertzen den eszena, Maria Antonietaren barneko suaren adierazle: "I wanna be forgotten and I don´t wanna be reminded ...".

Argazki bezala uler daitezkeeen filmak. Egoera baten, momentu baten, barne-min baten 2 orduko argazkiak. Argazkietan ere ez da ezer gertatzen. Nori inporta?

Bigarren irakurketa bat ere badu filmak. Nork ez du gaur egungo gizarte kontsumista irudikatu Maria Antonietaren portaeran? Horrelakoak gara bai, haur heldugabe eta materialistak. Argi erakusten du filmak bizimodu horrek ezin duela bukaera onik izan. Gaizki amaitzera kondenatuak gaude.

2007-02-14

Permalink 13:38:36, Atalak: blogeaturik, Ekonomiaz, 446 hitz  

Al Capone euskaldunak

Zinemaz hitzegitea gustatuko litzaidake. Edo musikaz. Nire azken bidaiaren berri emateko gogoa ere badut. Saiatuko naiz nire idatziak horrelakoak izaten. Zaila izango da ordea. Egunerokotasunak blogeatzen gaitu. De Juanaren egoera dela, su etenaren sineskortasun eza, Athletic-en eta Errealaren krisia...Beti dakusagu kea gure aurrean. Eta zer ezkutatzen zaigu atzean. Axola al du?

Azken egunetan, biziki mindu nauten zenbait berri irakurri ditut. Beste baterako utzi beharko dut, bada, Maria Antonieta filmari buruzko gogoeta.

Demagun bizitza futbol partida bat dela. Ez dakigu iraupena. Noiz iritsiko den amaiera. Helburua, noski, garaipena. Gu atezainak gara eta irabazi nahi badugu, geure atean baloirik sartzen ez uztea beste helbururik ez dugu. Batentzat zoriontasuna izango da garaipena, bestearentzat familia handi bat izatea, askorentzat aberastea edo seme-alaba osasuntsuak izatea. Laburbilduaz, garaipena. Bidean baina, hainbat oztopo. Orain gradetatik laranja bat botatzen digute. Ezin partidan sarturik egon denbora guzian. Gero lesio larri bat izaten du norbaitek eta ezin jokuak segi. Gradetan bihotzekoak ematen dio norbaiti eta hari nola utziko hiltzen. Lagundu beharko halabeharrez. Arbitroa ere ez dugu atsegin baina erretiratzea garaipenari uko egitea da. Taldekide batzuk mantso-mantso dabiltza, besteek erosita ote? Zaleek bengala bat ere jaurti dute. Ezin ikusi ezer, ezin arnastu. Konturatu gabe, gol mordoa sartu dizkigute jada.

Eskuadratik sartu digute, adibidez, pasa den astean ere. Gol borobila inor ohartu gabe. Gu oraindik enteratzeke. Enpresen irabazien gaineko zerga %28ra jeitsi berri dute. Europarekin berdintzeko eta lehiakortasuna irabazteko, antza. Ez da denbora asko PFEZaren eraldaketa lotsagarria ere onartu zela. Atzerakoia guztiz eta biziki kezkagarria langileontzat. Gustorago daude kapital errentak dituztenak, presio fiskala %18ra jeitsi baizieten, tarifa laua eskeiniz ziber aro berrian. Merkealdiak kapital errentari eta enpresentzat.

Hala ere, ez da hau mingarriena. Mingarrienak ADEGIren erantzunak bezalakoak dira. DV-n irakurri genuen ostegunean. Oraindik Europako presio fiskal handienetakoa omen dute hemengo enpresek. Eta beste argudio indartsu bat eskeintzen digute zergak oraindik gehiago murriztea eskatzeko: azken 10 urteetan %240 igo omen da Gipuzkoako Foru Ogasunak enpresetatik bildu duena. 1+1= 2 den bezalaxe, %240 gehiago bildu badu Ogasunak, enpresek azken hamarkadan %240 gehiago irabazi dutelako da. Egiari zor, enpresen irabaziak zertxobait gehiago ere igo direla esan beharko genuke. Oker ez banago, %35tik %32ra jeitsi baizen urteotan tipoa.

Aurpegia behar da gero. Nire soldata ez da inolaz ere abiada horretan hazi. Ala zuena bai? Baina guk, ezjakinok, beraien esku utzi beharko genuke gure etorkizuna. Guk irabaziak huskerietan xahutzen ditugu. Enpresek, ordea, berrinbertitu egiten dituzte irabazi guztiak gure ongizatea babesteko.

Berrinbertitu diote. Badakit nik nola. Topikoak erabiliz: txaletetan, BMW-tan, drogetan eta putetan. Topikoa?. Begira hemen. Hau ere euskalduna. Familian behin baino gehiago entzun dudanarekin guztiz ados nago: Al Capone EHan jaio balitz ez zen kale garbitzaile izatetik pasako.

 

 

 

 

:: Hurrengo orrialdea >> Azken erantzunak

BLOGALIZAZIOAN BLOGEATURIK

Egoera askotan sentitzen gara blogeaturik. Ez bakarrik ordenagailu aurrean. Zer esan ez dakigunean, esan nahi duguna argi eduki baina hitzez adierazten asmatzen ez dugunean, ezusteko zerbaiten aurrean, kalean ustekabean norbaitek ordua galdegiten digunean...

| Hurrengoak >

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Blogalizazioan blogeaturik

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Azken erantzunak

Atalak


Bilaketa

Artxiboak

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution