Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak, Getxoko Udalaren laguntzaz, toponimia ibilbideak eskainiko ditu euskaraz Getxoko ikastetxe guztietan.
Getxoko Udalak 2005ean Getxoko leku izenak deituriko materiala aurkeztu eta banatu zuen: Mikel Gorrotxategik eta Sofia Susok egindako liburua, Getxoko mapa-planoa eta CDa (liburua eta mapa agertzen dira eta baita 8 ibilbide, 250 argazki eta jolasak ere).
Getxoko II.EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) martxan jartzen ari den honetan, Getxoko Udalak material hori eskoletan ezagutarazi nahi du, gazteenen artean. Horretarako, material didaktikoa prestatu du eta 9 toponimia-ibilbide eskainiko dizkie ikastetxeei (2005ean argitaratutako CDko 8ak eta Bizarra Lepoanek sortutako euskararen ibilbidea), Bizarra Lepoan Euskara Elkartearen laguntzaz.
Ibilbide hauek eskola orduetan izango dira, goizez, eta ordu eta erdikoak izango dira, gehienez ere. Horrela, ikasleek materiala eskolan landu eta gero bertatik bertara ezagutuko dituzte Getxoko bazterrak, azalpen guztiak emango dizkien Bizarra Lepoaneko kide batek lagunduta.
Horretaz gain, Bizarra Lepoanek postal lehiaketa eta erakusketa antolatu du ikasleen artean, toponimia sustatzeko.
Getxoko Udalaren asmoa da lehenengo fase honetan ikasleentzako ibilbideak izatea eta, arrakasta badu, herritar guztiei eskaini.
Apirilaren 9an proiektuaren berri eman zitzaien ikastetxeetako arduradunei eta ibilbideak eskatzeko epea apirilaren 14an hasi da, ikasturtea amaitu arte.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Karitate kalea 1, 10.bulegoa GETXO 48991 94 491 43 57 bizarralepoan@euskalnet.net
