Eskerrik asko denoi! 450 atxikimendu jaso ditugu hainbat herritar eta eragileren aldetik, euskarazko irakaskuntzaren alde. Apirilaren 24an ordu erdiko kontzentrazioa egin genuen hainbat lagunek, "Getxon ere eskolak euskaldundu behar du" leloa zuen pankartaren atzean, udaletxe aurrean. Behin Plenoan, zuen ekarpen eta atxikimenduekin egindako testua irakurri genuen.
Mila esker parte hartu duzuen guztioi!!
Bizarra Lepoanen testua euskarazko hezkuntzaren alde.pdf
Elkarteak eta zenbait herritarrek adostutako testu honi atxikimendua eman nahi badiozue bidali e-mail bat gure posta elektronikora: bizarralepoan@euskalnet.net. Zuen izen-abizenak eta herria jakin nahi ditugu, baina datu hauek ez dira inon argitaratuak agertuko, bakarrik kopurua aipatuko dugu.
Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak, Getxoko Udalaren laguntzaz, toponimia ibilbideak eskainiko ditu euskaraz Getxoko ikastetxe guztietan.
Getxoko Udalak 2005ean Getxoko leku izenak deituriko materiala aurkeztu eta banatu zuen: Mikel Gorrotxategik eta Sofia Susok egindako liburua, Getxoko mapa-planoa eta CDa (liburua eta mapa agertzen dira eta baita 8 ibilbide, 250 argazki eta jolasak ere).
Getxoko II.EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) martxan jartzen ari den honetan, Getxoko Udalak material hori eskoletan ezagutarazi nahi du, gazteenen artean. Horretarako, material didaktikoa prestatu du eta 9 toponimia-ibilbide eskainiko dizkie ikastetxeei (2005ean argitaratutako CDko 8ak eta Bizarra Lepoanek sortutako euskararen ibilbidea), Bizarra Lepoan Euskara Elkartearen laguntzaz.
Ibilbide hauek eskola orduetan izango dira, goizez, eta ordu eta erdikoak izango dira, gehienez ere. Horrela, ikasleek materiala eskolan landu eta gero bertatik bertara ezagutuko dituzte Getxoko bazterrak, azalpen guztiak emango dizkien Bizarra Lepoaneko kide batek lagunduta.
Horretaz gain, Bizarra Lepoanek postal lehiaketa eta erakusketa antolatu du ikasleen artean, toponimia sustatzeko.
Getxoko Udalaren asmoa da lehenengo fase honetan ikasleentzako ibilbideak izatea eta, arrakasta badu, herritar guztiei eskaini.
Apirilaren 9an proiektuaren berri eman zitzaien ikastetxeetako arduradunei eta ibilbideak eskatzeko epea apirilaren 14an hasi da, ikasturtea amaitu arte.

Maiatzaren 24an, larunbatean, Bapirukek urpekaritza ibilaldia antolatu du. 9 eta 16 urte bitarteko gazte euskaldunentzat zuzenduta dago eta egun osoko irteera izango da. Goizean itsaso bazterrean kayak hartu eta itsasoan murgilduko gara bertako bizitza ezagutzera. Izena emateko epea apirilaren 21etik 30era izango da. Prezio bi egongo dira, bazkide direnentzat 25€ eta bazkide ez direnentzat 35€.
Animatu eta parte hartu!!!
Karitate kalea 1, 10.bulegoa GETXO 48991 94 491 43 57 bizarralepoan@euskalnet.net
