
Olentzero maitea:
Uste dugu amaitzen ari den urte honetan ere zintzo portatu garela, nahiz eta hobeto portatu ahal ginen, beti bezala. Egin behar genituen gauza gehienak eta beste batzuk ere egin ditugu eta jarraitzen dugu gure helburuaren bila: Getxo berreuskalduntzea.
Bapiruken gauza asko antolatu ditugu: irteera eskiatzera, asteburu pasak, udaleku irekiak, Bapigabonak… zenbat egun eta zein ondo pasa dugun umeekin!
Uda honetan, lehenengo aldiz Bapikasi antolatu dugu, proba moduan, eta uste dugu oso ekimen interesgarria izan daitekeela aurrera begira.
Gehi hitzarmenean, Getxoko Udalarekin batera, aisialdian euskara bultzatzen ibili gara, horretarako begirale ikastaroak antolatu ditugu. Ah! Eta ahaztu barik orain dela gutxi egindako SMS eta bideo lehiaketa, Getxori buruzko mezu asko jaso genituen.
Gehi Aisiarekin batera, Gehitu Kirolera ekimena ere abian dago, Getxoko kirol elkarteetan ere euskara normalizatzeko, Udalarekin elkarlanean.
Herriko euskaltegiekin batera osatzen dugun EGIZUn gauza pila bat egin dugu aurten ere: 120 berbalagun, horietako asko berriak eta gazteak, kirol jarduerak, mendi irteerak, bizikleta asteburuak, txangoak Iparraldera, bisita kulturalak, ipuin kontaketak, hitzaldiak, sagardotegira bertsolariekin, diaporamak... 40 jarduera baino gehiago.
Eta hori dena gutxi balitz gurasoentzako SENDI proiektuarekin jarraitzen dugu, inoiz baino indartsuago, Udalarekin elkarlanean: ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak eta 40 guraso 8 gurasolagun taldetan banatuta.
Ekimen apalagoak egin ditugu urtean zehar: euskararen inguruko proposamen zehatza Getxoko politikari guztiei, bizkaiera ikastaroa martxan jarri, aitzakiarik ez kanpaina udako jaietan, Berriaren harpidetza Aldai Patronatuan, etab.Hau dena posible izan da, nola ez, gaur egun dauzkagun 330 bazkide, laguntzaile eta lagunei esker. Zorionak denei!
Ikusten duzunez, aurten ondo portatu gara eta, hala ere, gauza bakarra eskatuko dizugu ekartzeko: euskara gehiago Getxon. Euskara gehiago kaleetan, eskola eta ikastetxe guztietan, koadriletan, etxeetan, plazetan, tabernetan, dendetan, udaletxean, banketxeetan, komisaldegietan, anbulategietan eta baita epaitegian ere. Euskara gehiago gazte, zahar, ume, politikari, mediku, dendari, polizi, epaile eta tabernarien ahoetan. Euskara gehiago nahi dugu Getxon, Olentzero!
Bizarra Lepoan
Euskara Elkartea

Zemendiaren 27an, martitzenean, Josu Landeta izan genduan gurean. Josu getxoztarra da eta bertoko berbakerez berba egin euskun. Gauza asko kontau euskuezan, Getxo zelangoa zan haren txikitako sasoian, euskararen egoera Getxon lehen eta gaur egun, zelan ikisi eban harek euskara, eta beste gauza asko! Oso interesgarriak izan ziran bebai amamak hari kontetan eutsazan sorgin istorioak. Ordu eta erdiz ibili zan gugaz kontu kontari, argia bebai amatau egin jakun!
Eskerrik asko Josu!!
"Hedoi guztien azpitik eta sasi guztien gainetik"
Zemendiaren 20an, martitzenean, gonbidatu bi izan genduzan gurean. Ahizta sopeloztarrek euren txikitako bizipenak ezetuteko aukera emon euskuen. Ordu bi eta erdiz ibili ziran kontu-kontari, baserriko bizitza, gerra osteko garaia, eskola garaia... Sopelako istorio bi bebai kontau euskuezan! Benetan gustora ibili ginala eurekaz!
Eskerrik asko Bene eta familia! Bejondeizuela!
"Osasuna, munduko ondasuna"
Goizane

Gabonak heltzear daudela eta urtero bezala Bizarra Lepoanek umeentzako ekintzak antolatuko ditu 5-12 urte bitarteko ume euskaldunentzat. Hauek abenduaren 26, 27, 28 eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an izango dira, guztira 6 egunetan zehar. Ordutegia, goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:30ak arte izango da eta irteera egunetan (27an eta 3an) arratsaldeko 17:00ak arte. Ekintzak Zabala eta Erromo ikastetxeetan burutuko dira. Izena emateko epe bi egongo dira: bazkideek aukera izango dute azaroaren 19tik 28ra izena emateko (50€ bazkideek) eta bazkide ez direnentzako epea abenduaren 3tik 11ra izango da (65€ bazkide ez direnek). Izena emateko inskripzio orria beteta eta baldintzen orria sinatuta ekarri behar dituzue bulegora bankuko ziurtagiriarekin eta Osakidetzako txartelarekin batera. E.K. 3035 0108 06 1081032766
Uribe Kostako Irakurzallen txokotik Katixa Agirre idazle gasteiztarra gonbidatu dute. Hilaren 25ean, 20:00etan, Villamonteko kultur etxean aukera izango dugu atera berri duen ipuin liburuaren inguruan hitz egiteko. Zazpi ipuinez ehundutako liburua da Agirrerena eta liburuaren izenburuak izena ematen dio liburuaren lehenengo istorioari: Sua falta zaigu.
Atzo hamabi lagun hasi ginen bizkaiera ikastaroan eta Josu Arroyo izango dugu irakasle maiatzera arte. Adin guztietako jendea lotu ginen han; geure burua aurkeztu eta ipuin batekin eman genion hasiera ikasturteari. Datozen asteetan, saio praktikoetara etorriko diren gonbidatuen berri emango dizuegu blogaren bitartez. Ni ere saiatuko naiz ikasi ahala bizkaieraz berriak ematen.
Goizane Miruri

Bapirukekook asteburu pasa egitera goaz! Getxoko 5-12 urte bitarteko ume euskaldunentzat da. Ekintza ezberdinak antolatuta daude astebururako: piraguismoa, ibilbide ekologikoa, jolasak, tailerrak... Urriaren 27an, goizean, Getxotik irtengo gara eta 28an, arratsaldez itzuliko gara. Izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 18ra arte goizeko 9:30etatik eguerdiko 13:30ak arte. Beti bezala prezio bi egongo dira, bazkideentzat 55€ eta bazkide ez direnentzat 60€. Izena emateko lekua: Karitate kalea 1, 10.bulegoa. Kontu korrontea, Euskadiko Kutxa: 3035 0108 06 1081032766.
Aita eta ama askok, euskaraz jakin arren, arazoak izaten ditugu umeei etxeko lanetan laguntzerakoan: hiztegia, gaiak nola azaldu, etab. SENDI Proiektuak antolatzen duen ikastaro honen helburua ez da euskara irakastea baizik eta guraso euskaldunei edo zertxobait dakizuenoi (euskaltegiko 5. urratsa) trebakuntza ikastaro berezia eskaintzea, umeen etxeko lanak ulertzen eta egiten laguntzeko.
Urriaren 16an hasiko da, 50 orduko ikastaroa, astearte eta ostegunetan, 10:00-11:30 edo 18:00-19:30, 40 euro, Getxoko euskaltegietan, izena eman urriaren 5era arte. Begirale zerbitzua doan arratsaldez umeak zaintzeko gurasoak ikastaroan dauden bitartean.
Izena emateko zein informazioa jasotzeko deitu (685 73 29 63) edo idatzi (sendigetxo@yahoo.com).

Bizkaiera ikastaro aitzindaria iminiko dogu martxan: teoria eta praktika uztarturik, 100 orduko ikastaroa, Labayruk homologatua. Urrian hasita Aste Santuko oporrak arte, bizkaiera estandarra eta gure eskualdeko eta herrietako bizkaiera landuko dogu. Martitzen eta eguenetan, 20:00etatik 22:00etara, egun batean teoria eta bestean mintzapraktika. Mintzapraktika saio honeetan, nonoz, eskualdeko gonbidatuak ekarriko doguz. Garrantzi berezia emon gura deutsagu praktikotasunari eta gure asmoa da behin ikastaroa amaituta eta ikasleek gura badabe bizkaierazko Berbalagun taldea sortzea Getxon. Prezio bi egongo dira: Bizarra Lepoaneko bazkideentzat 150 € eta bazkide ez diranentzat 200 €. Informazinoa eskatzeko eta izena emoteko: 94 491 43 57 / bizarralepoan@euskalnet.net
SENDI Proiektua martxan dugu Getxon, egitasmo aitzindaria Euskal Herrian. EGIZU Elkarteak eta Udalak, ikastetxeen babesa eta laguntzarekin gurasoei hilero aukera ezberdinak ematen dizkiete haien seme-alabekin euskaraz egiteko. Gurasolagunan parte hartzeaz gain ikastaro ezberdinak antolatzen dira. Otsailerako martxan izango dugu EUSKAL JOLASAK, Getxoko gurasoentzat eta umeekin ibiltzen zaretenontzat. Urtxintxa Eskolak emango du 8 orduko ikastaro hau Getxoko hiru ikastetxetan: Gobela, Zubileta eta Andra Marin, otsailean zehar astean behin arratsaldez. Euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera dago 10 eurotan. SENDIn ohikoa denez begirale zerbitzua egongo da umeak zaintzeko gurasoak ikastaroan dauden bitartean. Informazio gehiago nahi baduzue: 685 73 29 63 telefonoan Lander duzue. Aprobetxatu aukera hau eta animatu zaitzezte!
Karitate kalea 1, 10.bulegoa GETXO 48991 94 491 43 57 bizarralepoan@euskalnet.net
