2008-08-27
Derioko udalak parkin bat eraiki nahi du Derioko plazan. Hori dela eta, Gizaker enpresari enkargatu zion azterketa bat egitea parkina bideragarria den ala ez erabakitzeko. Azterketa horretan bestelako gauza batzuk ere aipatu zituen baina horiek aurrerago jorratuko ditugu beste artikulu batean.
Datu zenbait
Azterketa 650 pertsonari egin zitzaien, derioztarrak denak, 2008ko urtarrilean, telefonoz.
Derion gaur egun 2.487 auto daude matrikulatuta, baina eurek kalkulatzen dute auto gehiago aparkatzen direla egunero gure herrian. Horietatik estimatzen dute 1308 kalean aparkatzen direla eta horietatik 845 erdigunean eta San Migel auzoan (beste auzoetakoak ez dira kontuan hartu behar, Aldekonekoek ez dute parkina erosiko plazan).
Herritarren %95,7k ez du gaur egun garaje plazarik bilatzen. Estimatzen dute 100 plaza-edo beharko luketela derioztarrek egun. Eta hemendik hiru urtera 384 izango direla plaza bila ibiliko liratekeenak.
Prezioei buruz galdetzerakoan, jendeak pagatuko lukeen batez besteko prezioa 11.837 eurokoa litzateke. Baina kontuan izan behar da udalak aurreikusten duen prezioa 15.000-20.000 eurokoa dela.
Gure irakurketa
Datuak eta datuak. Baina datuak horrelakoak dira. Gaur egun, 100 pertsona egongo lirateke prest garajea erosteko, baina gehienek udalak eskaintzen duen preziotik oso behera. Baina tranpa da auzo guztietakoak sartzen direla ehun horien artean. Eta Aldekone-Txosna aldean bizi direnek erosiko al dute garajea plazan? Euren etxetik 10 minutura oinez?
Horrez gain, estimatzen dute hiru urte barru 384 pertsonak erosiko luketela parkina. Baina tranpa bera da, are nabarmenagoa kontuan izanda estimazio horretarako hartzen dutela kontuan Derio asko haziko dela hiru urteetan. Bai, hazi egingo da, baina biztanle berri gehienak biziko dira Aldekonen, hau da, parkinetik urrun, oso urrun.
Hortaz, Derioko ezker abertzaleak uste du plazan egin nahi den parkina ez dela egin behar. Ez dago eskaerarik, ez dago horren beharrik. Eta berriro diogu: Derion aparkalekuei dagokienez omen dagoen arazoari aurrez aurre begiratu behar zaio. Aztertu behar da non, noiz eta nortzuk duten aparkatzeko arazoak, eta horiek jakinda benetako konponbideak bilatu, eta ez parkin bat egin, ea arazoa konpontzen duen. Ganora gehiago eskatzen diogu udalari.
Erantzunak:
Erantzun: