Zer da LZP edo PTP?Lurralde Zatikako Plana da hirigintza plangintzarako dokumentu nagusia, konstituzioa alegia. Plan honek zehazten ditu lurralde zehatz batean zeintzuk izan behar diren hirigintzari dagokionez printzipio nagusiak, lurraren erabilerari dagokionez. Plan honek hein handi batean lurralde baten etorkizuna irudikatu nahi du, bertako lurren eta ekonomia etorkizunean zelan izango diren irudikatu nahi du.

Txorierriko LZP:Txorierrik ez dauka LZP propiorik. Euskal Autonomia Erkidegoaren arabera, gure eskualdeak ez du eskualde izaerarik. Bilbo Metropolian dago sartuta Txorierri, beste hainbat eskualderekin batera: Bilbo bera, Uribe Kosta, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Hego Uribe. Horrek goitik behera baldintzatzen du Txorierriri dagokion LZPa. Izan ere, aintzat hartu behar da Txorierri dela eskualde hauen artean biztanle gutxien duena (ezberdintasun handi-handiarekin), baita lurzati "libre" gehien duen eskualdea dela ere.
Bilbo Handiko LZPa iaz onartu zuten. Aurrerago sakonduko dugu plan honek ekarri dituen eta ekarriko dituen ondorioetan. Baina hasteko eta behin, esan behar da Bilbo Handiko LZPak Txorierriren beharrak ez dituela aintzat hartzen. Bilbo Handian Txorierri bazterreko eskualdea da, esan bezala, eta horrek dakar Bilbo eta ingurunearekiko menpekotasun itzela. Txorierri ez da beregaina, beste lurralde batzuen menpe
dagoen eskualdea baino ez da. Bilbotik orain dela 25 urte askatu baginen ere, plan honek berriro
Bilbora eta Bilboren interesetara lotzea dakar.

Bilbo Handiko LZP Txorierrin:Oro har, Bilbo Handiko LZPak bi ardatz nagusitan banatzen du lurraldea. Alde batetik, Bilbotik Santurtzi eta Getxora itsasadarraren inguruan eratu nahi den eskaparate erraldoia dugu. Horren ikur nagusia Abandoibarra da. Itsasadarraren inguruan "ekonomia berria" bultzatu nahi da eta, horretarako, eraikin bereziak, luxuzko etxebizitzak, kultur ekipamendu elitistak, merkataritza zentroak, ... egin dira eta egingo dira. Munduari zabaldutako eskaparatea.
Eskaparatearekin ados egon zein ez, eskaparateak zeharkako kalteak ere badakartza. Eskaparatearekin batera atzeko patioa ere aurreikusten du planak. Atzeko patio horretan ezkutatu nahi dira eskaparatean horren politak ez diren hainbat gauza. Eta, nagusiki, patio hori Txorierrin kokatu nahi dute.
Plana lurralde xahutzean oinarritzen da. Herri eta eskualdeen arteko komunikazioak hobetu ordez, errepide bidezko garraioa hobesten du. Lurrarekiko errespetua bultzatu ordez, lurraren gehiegizko okupazioa hobesten du. Etxebizitza hutsak erabiltzea sustatu ordez (Bilbo Handian 30.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik), etxebizitza berriak eraikitzea hobesten du (80.000 inguru). Lantokia eta bizitokia hurbildu ordez, lantokiak urrun kokatzea hobesten du. Eta abar.

LZParen ondorioak Derion:Iraganean aireportua eta hilerriak baldintzatu zuten gure herria (eta jarraitzen dute baldintzatzen). Gaur egun, ordea, Deriok morrontza berriak ditu hiriburu ase-ezinarekiko.
Hainbat etxebizitza egiten ari dira gure herrian, derioztarren betebeharrak baino dezente gehiago.
Gainera, etxebizitza horiek gero eta garestiagoak dira eta gure gazteek eurekin amets baino ezin
dute egin. Beste batzuk, ordea, etxeak hutsik dituzte inolako lotsarik gabe, espekulazioaren mamuak jaten gaitu Derion. Gainera, urte gutxiren buruan, ekipamendu gabezia handiak izango ditu gure herriak: eskola, osasun etxea, kiroldegia, kultur ekipamenduak, ...
Horrez gain, herria industria poligonoez inguratuta daukagu. Baina ez pentsa, gehiago izango ditugu aurrerantzean: Astintzen, Astikenen eta Ganbe Behekoan. Eta horrek gure herrian dauden trafiko arazoak areagotu baino ez dituzte egingo. Garraio publikoa (eskasa eta garestia) erabiltzen ez duten gure agintariek hori bultzatzeko kanpainak egingo dituzte, baina egunerokoan garraio pribatua sustatuz eta
sustatuz.
Berba gutxitan esanda, Derio berriro ere Bilboko bazterreko auzo bilakatzeko bidean ari da, lo
egiteko auzoa bilakatzeko bidean. Gazteek aldeegin behar dute ezin dutelako etxerik erosi eta, haien ordez, bertakotu nahi ez duen jendea ekarriko digute herrira (Mantulizko etorkizuneko biztanleez ari gara, noski). Herri izaera galtzeko arrisku bizia.
Eta horren aurrean gure agintariek zer egiten dute? LZPa bultzatu, LZPa aplikatu, LZPa martxan jarri. Negozioa bultzatu nahiago herritarren beharrak asetu baino. Lurra suntsitu, zaindu baino eta, betiko legez, poltsikoak bete.