Edukira joan | Menura joan | Bilaketara joan

:: Hurrengo orrialdea >>

Zer da Berbalamiñe?

Berbalamiñe Leioako Euskara Elkartea da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta EUSKARA du xede nagusi.

Horregatik, hauek dira elkartearekin bat datozen helburuak:

  • Leioan euskararen erabilera sustatzea.
  • Leioako euskal-komunitatea ezagutarataztea eta harremanetan jartzea.
  • Leioan euskaraz egiten diren ekintzen gabeziari konponbidea ematea.

Horretarako, hurrengo dinamika daramagu:

  • Batzarren bidez, herrian egin nahi ditugun ekintzak planteatzen ditugu. Batzarrotan, ekintza horiek aurrera eramateko giza-baliabide eta baliabide ekonomikoak erabakitzen dira. Horrela, lantaldeak sortzen dira ekintza bakoitza burutzeko.
  • Urtero, Batzar Orokorra antolatzen dugu bazkideei egindako ekintzen berri emateko, baita datorren urteko plangintza proposatzeko ere.

Nola parte hartu Berbalamiñen:

  • Herritar oro gonbidatua dago ekintzetan parte hartzera, eta ekintza berriak proposatzera ere. Gainera, nahiz eta Leioako biztanleei zuzentzen gatzaien gehien bat, beste herrietako biztanleek ere lekua dute Berbalamiñen.
  • Bazkidetzeko aukera dago. Urtero, 36 euroko kuota ordaintzen dugu eta, era horretan, deskontuak lortu ditzakegu Berbalamiñek antolatzen dituen hainbat irteeratan. Bestalde, elkartearen ekintzei buruzko informazioa jasoko dute bazkideek. Kuota ordaindu gabe ere, Berbalamiñeren data-basean izena emateko aukera dago, ekintzen inguruko informazioa jasotzeko.

Aipatu dugun bezala, ekintzak aurrera eramateko bidea batzarrak dira:

  • Hamabostean behin biltzen gara, elkartearen lokalean (Berbalamiñe Euskara Elkartea, Iturribide 6, 48940 Leioa).
  • Asteazkenetan, arratsaldeko 7etan batzen gara.
  • Interesa daukan edozein bazkide zein herritar etorri daiteke batzarretara.

Berbalamiñeren BATZAR OROKORRA

Aupa Berbalamiñe kide hori,

Urtero legez, gure elkartearen batzar orokorra burutuko dugu, eta
elkartearen kidea zarenez gero, bertan parte hartzeko gonbitea luzatu
nahi dizugu.
Batzar Orokor hau abenduaren 20an (asteazkena) lehenengo deialdiz
arratsaldeko 7.30etan eta bigarrenez arratsaldeko 8.00etan burutuko dugu
LEIOAKO KIROLDEGIKO BATZAR ARETOAN, hain zuzen ere.

Batzar honetan hizpide izango ditugun gaiak honako hauek izango dira:
 - 2005-2006 urtearen balantzearen aurkezpena eta taldearen egoera.
 - 2006-2007 urterako egitasmoaren proposamenaren aurkezpena eta   hala
badagokio onartzea.
 - Buru Batzordeko karguen berriztatzea.

Ikusten duzunez batzar honetan erabaki beharreko kontu garrantzitsuak
daude eta horrexegatik elkarteak zuen laguntza behar duen momentu
honetan guztiok etortzea espero dugu.
Animo, eta ez huts egin!

Berbalamiñe Euskera Elkartearen Buru Batzordea.

Egon al zara inoiz telebistan?

Xabier Euzkitzek aurkezten duen eztabaida-saioa da Kalaka. Ostegunero emititzen da ETB-1en gaueko 10etan. Zortzi-hamar solaskide programa bakoitzean lantzen den gaiaz arituko dira, ikuspuntu anitz islatuz. Elkarrizketak eta zuzeneko testigantzak bilduko dituzte platoan eztabaidari ekiteko.

Berbalamiñe Euskara Elkarteak programa zuzenean ikusteko aukera zabaltzen dizu orain, DOHAN. Azaroaren 23ko saiora joango gara programaz gozatzera publiko gisa. Autobus bat irtengo da azaroaren 23an (osteguna) Erromoko Ajedrez plazatik 19.00etan eta Sakoneta Kiroldegitik 19.30etan. Gaueko 1.30etarako bueltatuko gara.

Interesa baduzue, deitu edo bidali sms-a 695753110 telefono zenbakira. Emaila bidaltzeko aukera ere baduzue: berbalamine@euskalerria.org

Animatu zaitezte!


Mila esker http://www.aztarna.com -i argazkiagatik

Eskerrik asko guztioi!

Aupa lagunok, 

Idazki honen bidez Berbalamiñe Euskera Elkarteko kideok aurreko ikasturtean (2005-2006) euskararen aldeko hainbat ekimen aurrera ateratzen lagundu zeniguten guztioei gure eskerrik bero eta zintzoenak luzatu nahi dizkizuegu.

Era berean, euskarak horrenbeste behar duen guztion arteko bultzada honetan aurrerantzean ere lagun diezaguzuen animatu nahi zaituztegu. Berbalamiñe Euskara Taldea ere zuen zereginetan laguntzeko prest izango duzuela adierazten dizuegu.

Hortaz, gure eskerrik beroenak zuoi guztioi (alfabetikoki):


 

§                  Artaza okindegiari

§                  Betiko ikastolari

§                  Gure Ohiturak Dantza Taldeari

§                  Ikastetxe publikoei

§                  Kraska konpartsari

§                  Lamia euskaltegiari

§                  Lamiakoko Jai Batzordeari

§                  Leioako Euskara Zerbitzua

§                  Leioako Kultura Zerbitzua

§                  Okinder okindegiari

§                  San Bartolomeko auzokide elkarteari

§                  San Bartolome auzoko tabernari

§                  San Bartolomeko Auzotarrok elkarteari

§                  San Bartolomeko Jai Batzordeari

§                  Txikiak Dantza Taldeari

§                  Txitoa tabernari

§                  Txoperako Jai Batzordeari

§                  Txoperako tabernariei

§                  Udal euskaltegiari

§                  Udondoko Jai Batzordeari

§                  Udondoko tabernariei

  

ESKERRIK ASKO!!!!!!


Aurten ere zuen laguntza jasoko dugulakoan, agur bero bat.


 

Leioako Berbalamiñe Euskera Elkarteko Zuzendaritza taldea

Berbalamiñe Euskara Elkarteak 2 urte beteko ditu

Datorren azaroaren 18an, 2 urte beteko dira Leioako Berbalamiñe Euskara Elkartea sortu zenetik. Bi urte horietan Leioako euskal komunitatea harremanetan jartzen saiatu gara. Aurten, udako geldialdiaren ondoren, Berbalamiñe indarberriturik dator denboraldi berriari ekiteko.

Elkarteak antolatuko dituen ekintza guztietara parte hartzera animatzen zaituztegu. Zuen proposamenen, ideien eta iritzien zain gaude!

Hamabostean behin biltzen gara (asteazkenetan) Berbalamiñeren lokalean, arratsaldeko 7retan. Aurpegi berriak ikusteko irrikitan gaude; mundu guztiak du lekua Berbalamiñen!

:: Hurrengo orrialdea >>

This site works better with web standards! Original skin design courtesy of Tristan NITOT.