Azken urteotan, artxibo ugari, beren dokumentazioaren digitalizazio lanetan dabiltza murgilduta. Teknologia berriek, dokumentu hauek eskuragarriagoak izatea posible egiten dute originalen kontserbazioa hobetu eta bultzatzearekin batera.
Gure arteko artxiboetako batzuk bide hori hartu dute baina, baita munduko artxibo famatu eta handiek ere. Horrelako artxiboak aipatzerakoan erraz etortzen zaigu Vaticanoaren Giltzapeko Artxibo handia burura. Nork daki zenbat eta zer nolako dokumentuak egon daitezkeen bertan gordeta!
Ba orain, badago etxetik mugitu gabe artxibo horretan murgiltzeko aukera. Dirudienez, hauek ere teknologia berriez baliaturik beren artxibo sekretuaren digitalizazioari ekin diote. Ez daude dokumentu asko ikusgai, denbora gutxi baitaramate lanean baina, bitxikeria batzuk aurki daitezke.
Web gunea Italieraz eta Ingeleraz bakarrik dago kontsultagarri baina, honek ez du bilaketa asko oztopatzen. Hona hemen helbidea: http://asv.vatican.va/
Aurkitu daitekeenaren adibide bezala, hona hemen historiako dokumentu famatu bat: Martin Luteroren Eskumikua.
Batzuetan harritu egiten naiz, harritu eta baita haserretu ere. Zergatik funtzionatzen du horrela kultura munduak? Lerro hauen zergatia, artxibo batzuetan topatu dudan jokaera negargarria da.
Artxiboek duten hautsez beteriko leku zaharkituen irudi hau kentzea ez da erraza, baina sarritan toki hauek kudeatzeaz arduratzen direnak irudi oker hau mantentzen laguntzen dute.
Gezurra dirudi baina, egunotan horrelako pare batekin topo egin dut esku artean dudan proiektu bat aurrera eramateko garaian. Bertara gerturatu eta dokumentu batzuetaz interesatzen diren pertsonen motibazioa garatu beharrean, oztopoak bakarrik jartzen dituzten horietarikoak topatu ditut. Lotsagarria! :oops: >:(

Askotan, jendea galdurik joaten da artxibo batera, ez daki bilaketak nola egin behar diren edo eta nola bete behar den eskaera orria. Honek bisitaria kikildu egiten du. Artxiboko langileen lana jendea artxibora urbiltzea litzake, hauei gauzak erraztu eta bilatzen dutena topatzen laguntzea, baina artxibo batzuetan hau ez da horrela.
Egunotan bi kasu desberdin tokatu zaizkit, bata Udal Artxibategi batean eta bestea Museo baten Artxiboan:
Lehenengoan, langileak behar nuen guztia behin eskatzeko ez zela nigatik bueltaka ibiliko esan zidan. Zur eta lur geratu nintzen, ez al da ba hori bere lana? Nik jakin dezaket aurretik ze dokumentu behar ditudan, baina sarritan dokumentu horiek kontsultatu ondoren beste dokumentu batetara eramaten zaituzte. Beraz, ezineskoa da behar dituzun dokumentu guztiak batera eskatzea, ezta artxiboarentzat komenigarria ere. Harrera horrekin jendea artxiboetara joatea bultzatzen al da?
Bigarren kasuan, museoko artxibora jo behar izan nuen egiten nabilen lanerako enpresa baten artxiboa kontsultatu behar nuelako eta enpresa honek bere fondo pribatua museo horretan utzi duelako. Enpresako dokumentu guztiak ikusteko baimena nuen. Horrela museora joan eta ze dokumentu behar nituen esan nion arduradunari. Egun batzuk beranduago, zeukan guztia ez zidala erakutsi jakin nuen. Zergatik? Agian berak landu duen gaia lantzen ari naizelako ni ere? Baina zer inporta du horrek? Badirudi, kultura munduan pertsona batek gai bati buruz idazten duenean gai hori berea dela pentsatzea nahiko arrunta dela eta nik horrelako batekin egin dudala topo.
Baina egoera hauek sutan jartzen naute. Kulturak guztien eskura egon beharko luke, denok ditugu kulturarekiko eskubide batzuk. Horrela pentsatzen al dugu kultura jendeari gerturatzea? Jendeak kultura bere egitea?
NEGARGARRIA BENETAN. :'(
Martxoak 8 dugu gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Honengatik, egun hau posible egin zuten emakumeak gogoratzeko egun aproposa iruditu zait.
Egun honi buruz egin diren erreferentzia gehienak New York-eko ehun fabrika baten sutean kokatzen dute bere sorrera. Liliane Kandel eta François Pick historialariak berriz, 1955 urtean Emakumearen Nazioarteko Egunak zuen kutsu komunista ezabatzeko sortu zen mitotzat dute gertaera hori. Hala ere, 1910. urtean "Triangle Shirtwais Company" izena zuen fabrikako sutea egun garrantzitsua izan zela ezin da ukatu. Bertan, fabrikako patroiak, beren lan egoeraren hobetzea eskatzen zuten historiako lehen emakume grebalarien heriotza eragin zuen sutea piztuz.
Baina badirudi ez dela gertakari hau Nazioarteko Emakumeen Eguna ospatzearen arrazoia. Egun hau, Clara Zetkin-ek (1857-1933) bihurtu zuen nazioarteko egun. Emakume hau, Alemaniako emakume sozialisten liderra izan zen. Nazioarteko emakume sozialisten II bilkuran (Danimarka 1910/08/26-27), Nazioarteko Emakumeen Egun baten eskaera proposatu zuen. Hala ere, eskaera honen proposamenak bazuen aurrekari edo erreferentzia bat: Estatu Batuetako emakumeek 1908tik emakumeen botua lortzeko ospatzen zuten Women´s Day-a.

Clara Zetkin: www.marxists.org
1914tik aurrera, Clara eta Rosa Luxemburg, Lehen Mundu Guda gelditzeko ahaleginetan ibili ziren. Borroka honen ondorioz behin baino gehiagotan gartzelaratuak izan ziren. 1918. urtean, Clara, Alderdi Komunistaren Lehen Kontseiluko partaide izango, 1920-1932 urteko tartean honen lehendakaria delarik. Bestalde, Rosa Luxemburg-ekin batera, Alemaniako Alderdi Komunistaren sorreran lagundu eta nazien Alderdi Nazional Sozialistaren kontrako borroka hasi zuten.

Rosa Luxemburg: www.marxists.org
Bai Clara eta baita Rosa ere, gaur egungo emakume mugimenduen eta feminismoaren aitzindari izan ziren. Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduko emakumeen boto eskubidea aldarrikatzeko sortu zen. Egun hau, Austrian, Alemanian, Danimarkan eta Suezian ozpatu zen lehenengoz 1911ko Martxoak 19an. Hemendik aurrera, tokiaren arabera egun desberdinetan ospatzen hasi ziren. 1914an emakume alemanek Martxoak 8 egunean bateratzea proposatu zuten, baina badirudi egun honen betirako instituzionalizazioa 1917ko Martxoaren 8an Errusiako emakumeak, elikagai faltagatik matxinatu zirenean eman zela.
Emakume sufragistek hasi zuten borrokaren testigua gaur egungo milaka emakumek hartu dute beren eskubideen zapalkuntza zalatu eta honen kontra lan egiteko. Baina ez dugu ahaztu behar, Emakumeen Nazioarteko Eguna Martxoaren 8a izan arren, egunerokotasunean burutzen den lanak duela garrantzia.
:roll: Italian, ezta? Italia da pastaren erresuma!
Ba hemendik aurrera ez da horrela. 88|
Batzuetan, berri arkeologiko bitxiak jasotzen ditugu. Gaurkoa honen adibide garbi bat da.
Txinako Ipar-ekialdean kokaturik dagoen Lajia lurraldean egin dute aurkikuntza bitxi hau. Lurrikara eta uholdeek suntsitutako asentamendu batean lanean dabilen eta Houyan Lu doktoreak zuzentzen duen Pekingo Zientzia Unibertsitateko lantalde baten eskutik jaso da berria.
Bertako indusketetan dabiltzala, lokatzean buruz behera lurperatutako bol txiki batean fideo hori eta luze batzuen arrastoak topatu dituzte.
Egin diren analisiek, fideo hauek 4.000 urteko antzinatasuna dutela erakutsi dute. Analisi hauetatik eratorritako beste datu bat, fideoak, gaur egungo gari fideoen aurrean artatxiki irinez eginikoak direla adierazi dute.
Beraz, Txina da pastaren erresuma!!! ;)
Gobernu Batzordeak Euskadiko Museoen Legearen Aurreproiektua eztabaidatu eta onartu du aste honetan. Ekarpen hau, 1990 Kultur Ondare Legea osatzeko beste pauso bat bezala ikusi behar da.
Badirudi, museoen inguruan zaharkiturik aurkitzen den terminologia eta ordenamendu juridikoa gainditzeko bidean gaudela. Ea egia den eta Euskal Herriko Museoak herriari gerturatzeko estrategiak bideratzen hasten garen.
Garai bateko beharrak asetzeko sortu ziren museo tradizionaletatik, gaur egungo gizartearen beharretara egokitzen diren museoetara bideratzeko ordua da.
Lege honen inguruan informazioa lortzeko: http://www1.euskadi.net/acuerdos/indice_e.apl?Fecha=11/01/2005#DPTO4
1976ko Martxoaren 3a egun odoltsua izan zen Gasteizen.
Hiriburu honetako zenbait langileek, beren eskubideengatik borrokatzen zeramaten otsailetik. Hau horrela eta langile hauekiko elkartasuna adierazteko, greba orokorra antolatu zuten zenbait sindikatuk egun honetarako.
1976ko Martxoaren 3an milaka lagun kalera ateratzeaz gain 5.000 langile inguru Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bildu ziren langile batzar bat egiteko.
Poliziaren presentzia ugaria izan zen egun guztian baina, egoera, Espainiako Poliziak Elizan bilduta zeuden langileen kontra ekin zionean okertu zen. 5.000 langile haiek kez beteriko elizatik irten zirenean, poliziak, tiroka hartu zituen. Modu baketsuan bildurik zeuden langileen kontrako eraso honen balantzea, 5 hildako eta ehunka zauritu izan ziren.
Egun, hilketa hauek argitu gabe jarraitzen dute eta errudunek zigorrik gabe. Gaur, Gasteizen, ekitaldi ugari antolatu dira egun hau gogoratu eta zalatzeko.
Egun honen inguruko dokumentu eta materiale interesgarriak: http://teketen.blogspot.com/
Galdua duguna berreskuratuz, ahaztutakoa oroituz, urrunekoa gerturatuz, daukaguna balioztatuz eta guk egiten dugulako, historia geureganatuz.