Kostaldeko herri honetako kaleetan zehar ibiltzeko aukera dutenek, Gipuzkoako arkitektura erlijiosoaren gailurretako batekin topa daitezke parez pare: Santa Maria Eliza. Eraikuntza ikusgarri hau, Euskal Herriko Historiaren etapa disdiratsuenetariko baten adierazle da.
Erdi Aroaren bukaeran eta XVI. mendean, Iberiar Penintsularen iparraldeko itsas herriek, garraioaren eta alturako arrantzaren bitartez aberasteko aukera izan zuten. Garai hartan, Debak, garrantzia handia izan zuen. Gaztelako artilea Frantziara, Britania Handira eta Herbeheretara esportatzeaz gain, XVI. mendearen bigarren laurdenetik aurrera, bale eta bakailao bila Terranovarantz irteten ziren espedizioen prestaketa lekuetako bat izan zen.
XV. mendean, aurreko mendean eraikitako eliza gotikoa txiki geratu zela eta, hiru nabedun eliza eraiki zen. Proiektu honetan inguruko familia aberatsek hartu zuten parte. Herriaren aberastasuna Elizan islatu zen, egoera honek ekarriko ditu gaur egun ikusgarriak diren Euskal Herrian eginiko portada bakarrenetako bat eta Gipuzkoako lehendabiziko klaustro gotikoa.

Irudia: www.deba.net
XVI mendearen erdi aldera, Debako Santa Maria Elizak beste fase bat ezagutu zuen eta altura bereko nabeekin eta hauen euskarri diren zutabeekin, gustu errenazentistara egokitu zen.
Aipaturiko portada eta klaustroa garrantzia handikoak dira Euskal Herriko Artearen Historian.
Portadan, apostolatu erromaniko batekin osatzen den Ama Birjinaren bizitza irudikatzen duten eskulturak biltzen dira. Portiko edo sarrera hau, 1682an polikromatu zen eta zaharberritze lanen ondorioz, urte haietan zuen koloreez orniturik agertzen zaigu begien aurrean.
Irudia: www.deba.net
Klaustroa berriz gotiko berantiarrekoa da (1510) eta eztiorrazezko trazeria errenazentistadun leihateak ditu (1547).
Honetaz gain Pedro de Alloitiz-en urreztatutako zurezko erretaula, Francisco de Ibero-k rococo estiloan diseinatutako XVIII. mendeko sakristiak eta ehorzketako bost kapera gotiko pribatu ikus daitezke.
Elizaren Ordutegia: 9:00tik 13:00 ra egunero, baina nahi duenak 45 minutuko iraupena duten bisita gidatuak ditu eskuragai 1€ truke. Hauetariko urrengo bisitak Martxoak 4, Martxoak 18,
Apirilak 8 eta Apirilak 22 izango dira, 17:00 etan Turismo Bulegotik.
Gehiago jakiteko: http://www.deba.net/
Urtarrilaren 31ean, Portugaleten museo berri bat zabaldu zen, Rialia: Industria Museoa. Badirudi, museo berri honek, Bilboko industrializazio garaia gogoratu nahi duela baina, bere helburua benetan lortzen du?
Atzo museo berri hau muxutruk bisitatzeko aukera egon zen. Ni joatekoa nintzen hasiera batean baina, azkenean ezin izan nuen. Zuetako norbait joan al da? Horrela bada, museo honen inguruko zuen iritzia jakitea gustatuko litzaidake.
Beti interesatu izan zait ondare industriala eta beraz, honen inguruan eginiko proiektuei buruz informazioa izatea atsegin dut. Hala ere, kulturaren barruko ondare hau oso gutxi landu dela eta landu den kasuetan ez dela difusiorako bide zuzena hartu deritzot. Objektuei garrantzia gehiegi ematen zaie eta alde soziala edo gizatiarra alboratua gelditzen da.
Rialiak lortzen al du garai haietako bizimodua, lan baldintzak, teknikak... bisitariari trasmititzea? Edo gure inguruan hain ugariak diren museo tradizionalen lista luzatuko duen beste museo bat da?
Ea zuetako batenbat bere iritzia ematera animatzen den!!!
Galdua duguna berreskuratuz, ahaztutakoa oroituz, urrunekoa gerturatuz, daukaguna balioztatuz eta guk egiten dugulako, historia geureganatuz.