Derry, 1972ko Urtarrilak 30:
Atzo, 34 urte bete ziren Ipar Irlandako Derry herriak bere historiako egun odoltsuenetarikoa ezagutu zuenetik.
Egun horretan, Britainia Handiko gobernuak ezarritako “internment” legearen kontrako manifestazio baketsurako deia egina zegoen. Lege honek, IRAko partaide izan zitekeen edozein epaiketarik gabe espetxeratzeko aukera ematen zuen. Lege honen ondorioz, ehunka pertsona atxilotu zituzten, hauetako asko errugabeak. Bai poliziak eta baita ejertzitoak ere koordinazio eta informazio falta izugarria erakutsi zuten.
Hau ikusirik eta honen harira egin ziren neurrigabeko atxiloketa ugariak buruan, lege honen kontrako eta Irlandarren eskubideen aldeko manifestazioa bat egitea erabaki zen.15.000 lagun bildu ziren modu baketsuan beren eskubideak aldarrikatzeko asmoarekin baina, martxa baketsu hau odolez beteriko egun luze baten hasiera izango da.

Tentsioak tentsio, manifestaldia baketsu hasi zen. Adin eta sexu desberdinetako jendea bildu zen Derryko kaleetan beren aldarrikapenak zabaltzeko asmoz. Bitartean, Britainia Handiko gobernuak, paraxutista erregimentu bat bidali zuen manifestaldia kontrolatzeko. Erabaki hau, Irlandarrentzako desafio argi bat izan zen, gorpu honek Britainiako ejertzitoko gorpurik gogorrena izatearen fama baitzuen.
Badirudi, manifestari batzuk, bidean hain ugariak ziren barrikada militar baten kontra harri koskorrak botatzen hasi zirela. Ejertzito Britainiarrak gasa eta gomazko balak erabiliaz gogorki erantzun zuen babes gabe aurkitzen ziren milaka zibilen kontra. Denbora gutxian, manifestaldi baketsu bat zena, kaos batean bihurtu zen.

Britainiako ejertzitoaren neurrigabeko erantzun bortitz honek, 20 minututan 13 hildako eta 30 zauritu utzi zituen. Hilabete batzuk beranduago, azken hauetariko baten heriotzak, hildako kopurua 14ra igoko ditu.
Hemendik aurrera, egun hau, Bloody Sunday izenez ezagutuko da, egun baketsu hura Igande Odoltsu bilakatu zenaren adierazle. Gaur egun oraindik, argitu gabeko puntu ugari daude gertaera honen inguruan.
Azterketa garaia dela eta nire bloga alboratua neukan baina, gaur goizean leihotik kalera so egin dudanean ikusi dudan irudiak lerro batzuk merezi ditu.
Gutxitan ikusten da kostaldea zurituta, baina egun magiko horietariko batekin esnatu naiz gaur. Begiak ireki eta ohetik elurra mara mara nola ari zuen ikusteko pribilegioa izan dut. Bi aldiz pentsatu gabe jeiki eta Zumaia zuri-zuri agertu zait nire begien aurrean.
Korrika jantzi eta kalera irten naiz nire argazki kamararekin.
Elurra zapaltzeko egun paregabea gaurkoa!
Gasteizera hurbiltzeko asmoa baduzu, ez ahaztu Santa Maria Katedrala bisitatzea!!!
Alde Zaharrean kokaturik dagoen tenplu honek zaharberritze programa erakargarri bat eskeintzen du. Zergatik da monumentu honen zaharberritze plana desberdina? Jakin badakigu, horrelako lanak, jendeari ateak itxiz burutzen direla. Ba kasu honetan, gehienetan ikusezin gertatzen diren lan hauek, ikusgarri bihurtu dira.
Gasteizko monumentu hau, urteen pisuak dakarren zahartzaroan murgildua zegoen. Arazo ugari zituen eta zaharberritze plan baten beharrean aurkitzen zen. Lan hauek aurrera eramateaz arduratzen den Santa Maria Katedrala Fundazioa 1999. urtearen amaieran eratu zuten Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak. Lan hauek burutzeko, 10 urteko plana ezarri zen, 2000-2010.
Proiektu honek, erakargarria egiten duten zenbait puntu ditu. Alde batetik, Arkitekturaren Arkeologia deiturikoaren irizpideak jarraituz, Euskal Herrian burutzen den lehen lan handia da. Honek, disziplina desberdinetatik datozen pertsonen elkarlana beharreskoa egiten du eraikuntzaren historia ezagutarazteko. Hau da, eraikuntzaren fase guztiak ezagutzeko aukera ematen digu.
Bestalde, eta publikoari begira erakargarriena gertatzen dena, bisita gidatuen bitartez, lan guzti hauek jarraitzeko aukera da. Bisita hauek, zaharberritze lanak burutzen diren bitartean egiten dira, hau da, langileak zuzenean beren zereginetan ikusteko aukera ematen zaigu. Zuzenean ikus dezakegu, sarritan, ateak itxita burutzen diren lan hauen nondik norakoak.
Planteamendu ireki honek, obrak burutzen diren 1o urte horietan, ematen diren aurrerapausoak eta aldaketak ikusteko aukera ematen die bisitariei. Behin bisita egin eta urrengo urtean berriro bisitatzea erabakitzen baduzu...Aurrera!!! Bisitatuko duzun monumentua ez da aurreko urtean bisitatu duzunaren berdina izango eta.
Proiektu bizi honek, XIII. mendeko monumentu honen eta Gasteizko alde zaharraren edo hirigunearen historia berreskuratzen lagundu du. Alde batetik, bertan burutu diren indusketek, katedrala baino lehenagoko aztarnak topatu dituzte eta bestalde, zaharberritze lanek, eraikuntzaren trasformakuntzak utzi ditu agerian. Beraz, eraikuntzaren estruktura sendotu eta berritzeaz gain, lan hauetatik lortutako informazio aberatsak, Gasteizeko eta honen inguruetako historia eta bizimodua berreskuratzeko balio izan dute. Gainera, ukaezina da, Gasteizko alde zaharra berreskuratzeko abiapuntua izan dela.
Proiektuaren inguruko informazioa, bisiten erreserba egiteko aukera eta tenpluaren historiari buruzko informazioa helbide honetan topa dezakezue: http//www.catedralvitoria.com/
EZLN-ko buruzagi nagusienetariko bat zen Ramona eta Chiapasko indigenen eta emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua. Errege egunean utzi gintuen baina, bere borrokaren suak, emakume eta gizonezko ugariren bihotzetan darrai. Hemendik nire omenaldi txiki eta xumea, Mexikoren historian, esperantzaz beteriko lerro batzuk idatzi zituen emakume paregabearentzat.
Ramonak, 1996ko Urriaren 12an, Mexiko Hiriko Zokaloan esaniko hitz batzuk:
Hermanos y hermanas mexicanos:
Yo soy la comandante Ramona del Ejército Zapatista de Liberación Nacional.
Soy el primero de muchos pasos de los zapatistas al Distrito Federal y a todos los lugares de México.
Esperamos que todos ustedes caminen junto a nosotros.

Irudia: http://www.rweeksart.com/
Marcos Komandanteordearen hitzak:
"En este caso me es muy difícil hablar, pero lo que puedo decir es que el mundo perdió a una mujer ejemplar. Que el mundo, que México perdió a una de esas luchadoras que le hacen falta, y pues a todos nos arrancaron un pedazo del corazón. "
Kaixo Blogariok!!!
Gaurko honetan, industria arkeologiaren edo kultur ondare industrialaren inguruko galdera batzuekin natorkizue. Gai honen inguruan lanean nabil egunotan eta zuengana nator laguntza eske. Industrializazio garaia, Euskal Herrian garrantzitsua izan zela zerbait jakina da guztiontzat. Ezin da ukatu, momentu hark, azkunde ekonomikoa eta etorkizunerako bideen zabaltzea ekarri zuela. Baina badirudi, gure historiaren momentu hau, oroimenetik ezabatu nahi dugula. Momentu honen berri, liburu, dokumentu edo testuetan bakarrik izan nahi dugula. Zergatik ez ditugu garai horietako testigu diren elementu eta eraikuntzak baloratzen? Zerk egiten du kultur ondare mota hau beste edozein kultur ondare baino gutxiago? Zer dute beste kultur ondare motek kultur ondare industrialak ez duenik? Estetikoki politagoak direla agian?
Adibide bezala: Bilbo. Hor dugu, bizkaiko hiriburua etorkizunera begira. Izugarrizko proiektu berritzaileak burutuz industrializazioaren bihotza izan zen lurretan. Berebiziko garrantzia izan zuten labe garai eta untziolei bizkarra emanaz. Irudi hotz, zikin eta agian mingarri hori Bilboko planotik desagerraraziz. Bere gertuko historiari bizkarra emanez. Ez al dugu historia horren berreskuratze eta zabalkuntza merezi? Gaur egun ez al da garrantzitsua industrializazio garaia presente izatea? Garai haietan bizi izan ziren momentuak, teknikak, bizimoduak, lan baldintzak, mugimenduak, aldarrikapenak... aintzat hartzea? Garenaren zati bat haiei zor diegula ez ahaztea?

Irudia: Bilboko Labe Garaiak (www.elpais.es)
Niretzat argia da ezaugarri hauek dituzten kultur ondareen garrantzia. Agian burutu ditudan ikasketei zor diedan zebait izango da. Baina harrigarria iruditzen zait, gauden garaietan, kultur ondare mota hau baloratzeko lanik ia ez egitea. Harrigarria iruditzen zait, gauden garaietan, gure historian horrenbesteko garrantzia izan duen garai bat horrela alboratzea, ahaztea. Ez al dute garai hura bizi izan zutenek protagonista harro izateko eskubiderik? Ez al da penagarria momentu haietako bizimodua eta bizibaldintzak ahaztea? Garai bateko tresna eta teknikak betirako galtzea? Noiz konturatuko gara ondare hau galtzen uzten badugu, denok garela galtzaile? Gure memoriaren zati bat betirako ezabatzen ari garela?
Galdua duguna berreskuratuz, ahaztutakoa oroituz, urrunekoa gerturatuz, daukaguna balioztatuz eta guk egiten dugulako, historia geureganatuz.