Artxiboak: Abendua 2005

2005-12-31

Permalink 11:23:52, Atalak: bazterrak  

Badator 2006a!!!

Gaur egun berezia, 2005a badoa eta 2006a agurtzea tokatzen zaigu. Urte berrirako helburu berriak planteatzen ditu jende askok gaueko hamabietako kanpai hotsekin batera. Nik ez dut horren ohiturarik, baina aurten...
Ea urte berriarekin nire blogh-a emankorragoa gertatzen den!!! Bertan idazteko, gainezka dagoen nire agendan tartetxo bat egitea planteatu diot nire buruari. Hori da urrengo urterako nire nahia. Eta zuena???
Blogh hau martxan jarri nuenetik ez dut erregulartasun batekin idazteko aukerarik izan, atalak eta itxura ere apurka apurka joan dira, baina tira, batek ezin du toki guztietan egon!!!
Ea 2006. urteak, nire blogh-a edukiz aberasteko aukera ekartzen didan!!!
Hala ere, benetan eskertu nahi dizuet, txoko hau irakurtzeko tartetxoa atera duzuen guztioi. Pozgarria da, behin edo behin, zuk idatzitakoa norbaitek irakurtzen duela jakitea!
Datorren urte berri honetan, Bazterrak Nahasten txokoak, zuek irakurtzeko eduki gehigo izango dituela zin dagizuet. Bitartean, irakurle eta eblogosfera hau osatzen dugun guztioi, urtea ondo bukatu eta urte berria zorionez besarkatzea opa dizuet.
Laister izango duzue nire berri!!!
Ordurarte...

----------
Permalink 10:22:01, Atalak: Asteko Gomendioa  

Argazkiak Gustoko? “Baluarteko Une Ikusezinak"

Atal berri oni hasiera emateko Euskal gazte baten argazki erakusketa gomendatzera natorkizue. Iñaki Zaldua da argazkilari honen izena eta baluarteko ikuskizunen argazki bilduma eder eta ikusgarria aurkezten digu honakoan. Nafarroko hiriburuko areto honen ibilbide laburrean egon diren ikuskizunetako momentu txikiak hartu eta handi bilakatu ditu. Ikusleari gerturatu dizkio zuzenekoan jaso ezin diren momentu eta mugimenduak. Gure begientzako ikusezinak bilakatzen diren mugimenduz beteriko 30 une aurkezten dizkigu.
Argazkilaritza eta argazkiak gustoko badituzu, edo plastizitate ederreko irudiez gozatu nahi baduzu, Urtarrilaren 23a arte, Baluarteko harrera gelan daukazu zita paregabea.

----------

2005-12-28

Permalink 11:55:56, Atalak: bazterrak  

XIX. Mendeko Grabatuak Interneten

Atzo Berrian irakurri nuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak, XIX.mendeko zenbait grabatu digitalizatu eta Interneten zintzilikatu dituela. Artxibo desberdinetan gorderik zeuden 1.500 grabatu batu eta digitalizatu dituzte lehenengo txanda honetan eta urrengo urterako beste horrenbeste zintzilikatzeko lanean dabiltza. Gainera, irudiok, Creative Commons lizentziapean zintzilikatu dituzte!!!
Berri interesgarria iruditu zitzaidan. Ondo dago daukagun kultur hondarea guztien esku jartzea, artxiboak zenbaiti kalanbrea ematen diela dirudi eta. Webgune honen bitartez, nahi duenak, eskuragarri izango ditu XIX.mendeko altxor ttipi hauek. Hona hemen helbidea: http://www.albumsiglo19mendea.net/
Nik ezin izan dut gehigo itxoin eta bazterrak nahasten hasi naiz web berri honetan barna. Egia esan, gauza polit eta bitxiak topa daitezke, baina hori bai, zerbait topatu nahi baduzue, bilaketa, herri izenaren bidez egitea gomendatzen dizuet. Ni saiatu naiz arrantzale, baserri, arrantza, nekazari eta horrelako hitzekin zenbait irudi topatu nahirik baina, nire kasuen behintzat, herri izenak sartzean topatu ditut irudiak. Interneten sorturiko txoko berri honetatik bueltatxo bat ematera animatu nahi zaituztet. Agian, etxea apaindu, opari bat egin edo lan bat ilustratzeko bilatzen zenutena topatzen duzue bertan! Nork daki!
Hona hemen nik topatutakoaren adibide txiki bat:

XIX. mendeko Grabatuak

XIX.mendeko Grabatuak

XIX.mendeko Grabatuak

----------

2005-12-24

Permalink 18:17:07, Atalak: bazterrak  

Gabonak eta Elkartasuna

Gabon egun hauetan murgildurik, elkartasun kanpainak ikusten ditugu han eta hemen. Telebistako iragarkietan, interneten, herriko eta hiriko kaleetan... Hirugarren munduko haur bat aitabitxitu! Diru laguntza jasotzen da afrikako umeentzat! Lagundu munduko goseari aurre egiten! Eta abar luze bat. Honek zer pentsatua ekarri dit.

Jakina da, Euskal Herrian, beti egon izan dela zenbait herriekiko elkartasunerako joera. Gehienetan, laguntza ekonomikoa edo bolondresak beharrezkoak diren egoera politikoen aurreko erantzunak izanten dira. Elkartasun honek, herri hauen egoeren ezagupenean eta hauekiko parekotasunean ditu bere sustrai eta zergatiak. Arrazoi hauengatik, ez dugu noiz behinkako elkartasun moduan topatuko, elkartasun jarrai bat dela esan daiteke.

Baina, besteak beste, badago beste elkartasun mota bat. Hotzagoa eta urrunagoa den elkartasun bat. Kontu korronte batean diru kopuru bat sartu eta arazoaren aurrean zure zatia egin duzula pentsarazten dizun elkartasuna. Ez dut uste honek elkartasun izena merezi duenik, hitz honek inplikazio pertsonala baitarama bere baitan. Laguntza ekonomikoa, horrela dehitu beharko litzaioke. Laguntza mota hau oso puntuala izaten da normalean, urteko sasoi edo natur hondamendi baten ostean ematen dira. Berdina izango ote zen aurreko urteko tsunamien hondamendiaren aurrean eman zen mundu mailako erantzuna gabonetan gertatu ez balitz? Gabonak dira laguntza ekonomiko honentzako sasoirik onena eta egun hauetako kontsumo, elkartasun eta familia giroa, horretarako primerakoa. Ez ote da, bizi garen testuinguru kapitalista eta kontsumista honen aurrean gure burua hobeto sentiarazteko egiten dugun zerbait? Nire aburuz, egun hauetako gehiegizko kontsumoari lotzen zaion laguntza da, familia askoren gabonetako aurrekontuan sartzen den beste erosketa bat besterik ez: Kontzientzia lasaiago baten erosketa.

Hobe genuke gizarte kapitalista honen kontsumoan eroriko ez bagina eta beste herriekiko begirakortasun eta errespetu handiagoz jokatuko bagenu. Izan ere, beraiei zor diegu gure ongizatea.

Ez ahaztu zure semeari erosi diozun futbol baloi hori josi duen haur tailandiarra, ezta zure neskalagunari erosi diozun bitxiaren atzean dagoen Hego Ameriketako mehatzaria. Arren, ez ahaztu gabonetan, baino are eta gehiago, etzazula ahaztu urte osoan zehar!

----------

2005-12-22

Permalink 18:54:47, Atalak: bazterrak  

Olentzerok blog asko ekarriko dituela uste dut

Olentzerok eguberri hauetan blog asko ekarriko dituela uste dut. Ni oso pozik nago nirearekin :)
Olentzero blogari

----------

2005-12-18

Permalink 21:13:20, Atalak: bazterrak  

Badago Irabazle Berria

Bertsozaleok gaur BEC genuen topaleku. Hitzen eta errima joku bilakatu da egun oso batez Barakaldo. Euskaraz blai eginda utzi du bertara gerturatu den jende olatu erraldoiak. 13.000 pertsona eta zortzi lagun oholtza gainean. Primerako giroa eta primerako bertsoak. Irri eta negar, guztia egiteko aukera izan dute belarriak zabalik izan dituzten milaka pertsonek. Ibilbide luzea egin eta gero, bukaera iritsi da, beste ziklo baten hasiera. Txalpeldun berria badugu, ZORIOAK ANDONI!!! Laugarrenez, zure duzu Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren garaikurra, zure buruan berriro txapela.
Baina ezin ahaztu zure alboan egon diren beste zazpi bertsolari borobil horiek. Txapelketa ikusgarria eskeini diguzue. Bertara iritsi eta 13.000 lagunen aurrean bertso bat hasieratik bukaerara, edo hobeto esanda, bukaeratik hasierara osatu eta patxadaz ezpainen artetik ateratzeak badu meritua! Zorionak denei!
Baina bertso mundua ez da hemen bukatzen. Zain dituzte herrietako plaza eta oholtzak. Txikiagoak eta apalagoak, baina jendearen goxotasunez beteak. Egun handi honen ostean, zuen ahotsek gure kale eta plazak noiz alaitu zain geratzen gara.

----------

2005-12-13

Permalink 01:27:31, Atalak: bazterrak  

DURANGOKO AZOKAREKIN ZITA

Beste euskal blogari batzuen antzera, ni ere Durangon izan naiz!
Nola huts egin horrelako zita interesgarri bati? Nola ahaztu niretzat usadio bilakatu den ekimena? Horixe bera esan nion nire buruari mahai gainean nituen liburu eta papelen artean galdurik nenbilela. Unibertsitateko ikasleentzat garai txarra den honetan, arnasa hartzen lagunduko didan haize fresko bila urbildu nintzen azokara larunbat eguerdian.
Jendetzaren artean muturra sartzeko prest nengoen ni. Baina bertara iritxi eta pentsatu nuena baina jende gutxiago topatu nuen liburu eta disken artean eraikitako kaleetan barrena. Baina, gaur larunbata da ezta? Eta non dago aurreko urteetan egon den jende pila? Euskal kulturaren topagune honek indarra galdu ote duen beldur gelditu naiz. Beste urteetako estatistikak etorri zaizkit burura: inoiz baino salmenta handiagoak egon dira; Inoiz baino jende gehiago gerturatu da azokara (eta horrelako esaldiak). Ikusiko dugu asteleheneko berriek zer esaten duten pentsatu eta nirean jarraitu dut.
Urtero bezala, zerbait erosiko nuenaren susmoa nuen. Banituen patrikan neramatzan xoxekin bukatuko zuten zenbait ideia eta baita haien bila liburu artean begiratu eta jolasteko nahikoa gogo ere. Baina ideia horiek gero eta nahaziagoak egin ziren. Nola aukeratu Totiren eta Unai Elorriagaren azken eleberrien artean? Eta zergatik ez Jon Maiaren lehen lana erosi? Aizue, eta musika erosten badet? Buff... hau da buru nahastea! Eta hori aurten ideiak garbi nituela! Azkenean aldizkari batzuk erosi nituen! Hau da marka hau!
Liburu eta diskak urteko beste sasoi baterako uztea iritzi diot. Izan ere, urte guztian goza dezakegu euskal kulturaz! Azokatik gero eta urrutirago eramaten ninduten pausoei jarraiki nindoan bitartean, Durangoko azoka, zita garrantzitsua izan arren, gure herrian sorturiko kultura urte osoan disfrutatzeko aukera dagoenaren ideia izan beharko genukeela pentsatu dut. Euskal liburu eta diskak gure egunerokotasunean erosteko joera izan beharko genukeen eta ez azoka batek irauten duen lau egunetara bakarrik mugatu. Niretzat, egunerokotasun horretan dago gure kulturaren etorkizuna.
Gaur astelehena da. Berriak entzun eta irakurri ditut. Pentsatzen zena baino jende gutxiago egon dela esaten dute. Bigarren egun indartsu baten falta nabaritu dela. Baina, guzti honen gainetik, azoka guztiz finkatuta dagoenaren froga ageri da. Salmentak mantendu dira eta jendea gustura ibili da salerosketan. Ea egunen batean, guztion artean, gure kultur produkzioaren salmenten tasa urte osoan mantentzea lortzen dugun! Ordurarte, Zorionak Durango!!!

----------

2005-12-09

Permalink 22:08:50, Atalak: bazterrak  

BAZTERRAK NAHASTEN

Bazterrak nahasten

Ni ere tresna berri hau frogatzera ausartu naiz. Nire lehen pausoak ematen ari naiz eBlogosfera izena hartzen duen unibertso zabal eta anitz honetan. Apurka-apurka, pausoz pauso, noraezean ez erortzeko ahaleginetan. Niretzat arrotza zen orrialde zuri hau nirea egiten. Zuena egiten. Buruan alde batetik bestera darabilzkidan ideien ispilu izango dena sortzen. Euskal Herria eta mundua protagonista izango dituen txokoa apaintzen. Non kokatuko ditut kulturari buruzko lerroak? non historiari dagozkionak? eta azken berriak, iritziak eta kritikak?
Ez dakit ze maiztasunez berrituko dudan, ezta bukaeran ze itsura izango duen ere. Baina zerbait sortzen hasia naiz jadanik. Lerro hauek idazteko erabakia hartu eta eman ditut lehen urratsak. Hemendik aurrera, txoko honi nortasuna emango dioten gaien bila hasiko naiz. Beti bezala, BAZTERRAK NAHASTEN.

----------

Bazterrak Nahasten

Galdua duguna berreskuratuz, ahaztutakoa oroituz, urrunekoa gerturatuz, daukaguna balioztatuz eta guk egiten dugulako, historia geureganatuz.

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution