Mezua: Pozik nago

Pozik nago

2007-09-13

Oina sartu dut uretan. Hotz, baina jasangarria da. Luzatu barik, zilborreraino uretaratu naiz. Eguzki printzek ez naute jotzen, baina aurrealdeko uhintxo jostarien urdintasun iluna argitzen dute. Itsasoratzen diren eskaileren azken maila gainean nago, harkaitzen aurka datozen olatuek niri oreka galarazteko erronkan dihardutela. Hamaika tonu urdinetako koadroan murgildu behar dudalakoan nago,eta olagarro lagunak jolasean segitzen du nire orkatila zuriarekin. Jauzi txiki bat, eta uretan murgiltzen naiz. Hotzak inguratzen nau, baina uraren besarkada gozoa da, eta flotazioaren sentsazioa: primerakoa. Poz batean nago. Igeriketari ekin eta arroka batzuetara hurbiltzen naiz, urpekari-betaurrekoak soinean. Itsas hondoaren irudiek kutsu artistikoa dute. Arrastiko eguzkiaren izpiek angelu zehatzean sartzen dira, eta ur azpiak mamu itxurak egiten ditu. Betaurrekoak lausotu dira, eta horrek begitazioa areagotzen du. Noraezean nabil, igeriketan. Itsasoa harrotu egin da, eta uraren mugimenduek astindu ederra ematen hasi zaizkit. Uretan behera murgiltzen naiz. Oraindik erdi itsuan noa. Gune alboan harkaitz handiagoak daude, eta itzalak nagusitu dira.

Itsumustuan agertzen dira. Nondik etorri diren ez dakit, lehen ez baititut ikusi. Inguratzen naute dantza polit batean. Arraintxoak dira, zilar kolorekoak, eta dir-dir izugarria sortarazten dute nire inguruan. Ez dute ihesik egiten. Berriz murgiltzen naiz, eta multzo barruan sartu. Haiek beren joan-etorri sinkronizatuan jarraitzen dute. Amets batean nagoela ematen du. Edonora begiratu arren arraintxo argitsuak baino ez ditut ikusten. Arroka eta uretako dir-dir indartsuek arrainenekin bat egiten dute. Betaurreko barruko lurrunak efektua areagotzen du. Izugarria da. Ama itsasoak bere haurrak bidali dizkit, haren edertasunaz goza dezadan. Poz batean jarraitzen dut, eta arrainekin bat eginda dantza egiten dut. Murgiltzen naiz, berriz igo, besoak zabaldu, zangoak astindu. Haiek nire albotik alde egiten dute, eta berriz inguratu. Berriz joan eta, beste behin, etorri.

Arnasa areagotu zait. Edertasunak bultzatuta, ziur asko. Neuk uste baino hotzago nabil. Hipnotizatuta, nire gorputzaz ahaztu naiz. Lagun berriei agur esaten diet, eta besakada gutxi batzuen laguntzaz eskaileretara heltzen naiz.

Betaurrekoak eransten ditut, uretatik irten eta gero. Argitasun handia nabari dut, eta bizi izan dudana ametza izan dela iruditzen zait. Berriz joan nahi dut bertara, baina indarrak joan zaizkit. Bihotza tximeletez beteta daukat, eta motel-motel eskaileretan gora noa. Goian toalla hartu, eta haren babesean gozo-gozo berotzen zait gorputza. Itsasoari so geratzen naiz. Zeruertzak txapel luze bat jantzi du, eta etortzekoa den gauaren iluntasunak argilun koloretsuak margotzen ditu. Itsasoa bere kolore urdinak aldatzen ari da, gris, berde eta tonu gorriekin jolasean. Tximeletak bihotzetik zilborreraino barreiatu zaizkit. Kaioak pasa dira nire buru gainetik, eta haizeak nire ilea laztantzen du. Hau poza!


Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)