Badabiltza! Edo hori ematen du, bederen… Elebide, Behatokia… badira toki zenbatsu euskaraz aritu eta bizitzeko eskubideari trabak jartzen dituztenen aurka egiten dutenak. Eta zapalketa horiek gertatzen dira, eta baita ondo gertatu ere!
Esaterako, aurreko egunean Artxandako tuneletatik joatea erabaki genuen. Hiru ordainleku irekita ikusi eta lagunari eskumakotik joateko esan nion, libre baitzegoen. Bertaratu eta morroiak itxita zegoela esan zigun. Itxita? Nola, baina? Sartu garenean gezi berdea ez dugu ikusi, bada! Baina: ezetz. Berak tokia itxi eta gezia ikusterik ez dugula izan. Gurutze gorria (hitz-jokoa badirudi ere) zegoela jarrita, eta ea zein unetan ikusi dugun bestea… Zein unetan? Alajaina! Zer egon behar dugu, autoa sartu ahala geziari begira? Arrazonamendu hori ez al da ergelkeria hutsa?
Ika-mikatan ez hasteko, martxa aldatu, eta albokora joateko atzerakoan irten ginen ordainlekutik. Bide batez, esan behar da legez kanpoko ekintza dela hori. Are gehiago, ekintza lar arriskutsutzat jotzen da.
Albokoan geundela gertatutakoa kontatu genion neskari, eta kexa bat agertzeko liburua eskatu genion. Arazorik ez zigun jarri, eta ordaindu eta gero ordainlekutik aurreragoko bazterrean itxoiteko eskatu zigun, une batean etorriko zela. Eta hala egin genuen.
Baina, halako batean, aurreko morroia agertu zitzaigun. Hitz-jarioa zen gizasemea. Potoloa, hondartzako eguzkiak erretako azal beltzaranekoa eta hileko erroak atera beharrean gominaren tentsioagatik. Bere txanda amaitu zuela baino ez zuen ahotan, eta azkar batean joan nahi zuela etxera. Geu nahiko erreta geunden gertatutakoagatik, eta azalpenak alde batera utzi eta erreklamazio orria ziztuan ekartzeko eskatu genion berriz ere. Baina berak bere horretan jarraitu zuen, eta hirugarren aldiz eskatu behar izan genion erdi garrasika. Azkenik, ahoa itxi, buelta eman eta desagertu zen.
Horren ostean, neska etorri zitzaigun. Erreklamazio orria zekarren, eta egin genion lehenengo galdera honako hau izan zen: “euskaraz ari al gaitezke?”. Erantzuna ezezkoa izan zen. Beraz, gaztelera hutsez azaldu behar izan genion gertatutako guztia. Halere, orria euskaraz bete genuen, hasieratik bukaeraraino.
Prozesua bukatu ostean zera pentsatu genuen: euskaraz egin behar zigutela. Hala, Elebide eta Behatokira bidali genituen kexa bana, gertatutakoa azalduz. Bi erantzunak ia-ia berdinak izan ziren, alegia, hartu gintuen neskak euskaraz egin behar zigula, eta horrela egin ez izanagatik behar bezalako neurriak hartuko zituztela.
Horra hor, beraz. Kexak jarri behar dira, bai kontsumoaren zein euskararen aldetik. Arazorik txikienarekin ere kexa agertu. Beti. Zalantzan izanez gero, kexa jarri. Harrera txarra egiten badizuete, kexa jarri. Era horretan, eta kexak pilatzen direnean, neurriak ezartzeko hainako presioa izango da.
Eta euskarari dagokionez, honako kexa hauek jarri ditugu dagoeneko:
-Bilboko Eusko Jaurlaritzako Egoitza Nagusiko Hezkuntza Sailaren mahaietan euskaraz aritzeko eskatu eta gazteleraz egin ziguten. Arartekoari jakinarazi genion gertatutakoa eta, azkenean, hango erantzulearengandik barkamena jaso genuen.
-EHUko egoitzetako batean (Bilboko El Cano kalean) lan-poltsa baterako paperak euskaraz eraman genituen, eta hangoek ez zekiten ez lan-poltsaz ez eta orrian idatzita zegoenaz ere. Euskaldunik ez zen han, bat ere ez. Errektoreari kexa-eskutitza bidali genion, baina, oraingo honetan, alferrik izan zen. Ez dut ulertzen zergatik deitzen den EHU, benetan UPV denean.
-Artxandako Tuneletan (arestian kontatutakoa).
-Mundakako Surf Txapelketan. Iaz euskararen presentzia nulua izan zela esatea gutxi da. Hainbat tokitara bidali genuen kexa (Eudel, Mundakako Udaletxera eta Bakiokora barne), baina inortxok ere ez zigun erantzun, Mundakako Udaletxeak izan ezik. Haren hitzetan txapelketa pribatua den heinean, administrazioak ez du eskurik, eta, hortaz, ezin da ezer eskatu. To! Entzun beharrekoak. Lotsa gutxi.
Aholkua argia da: galdu lotsa eta eskatu zure hizkuntza-eskubideak. Honelakoen haritik normalizaziorako bidea erraztuko diegu atzetik datozenei eta baita gure buruei ere.
Jo ta ke!
Ez daude Erantzunak mezu honetan...