Artxiboak: Uztaila 2007

Hurrengo umetokia

2007-07-30

Gozo-gozo. Bero-bero. Kezka barik. Non, bada? Amaren umetokian, jakina! Eta mundu fisiko honetan hori dugu gure lehenengo aterpetxea. Berton ez dago ezertaz kezkatu beharrik. Ez janaz, ez edanaz, ezta arnasteaz ere. Flotatzen, lasai baino lasaiago. Eta hori da gure burmuin barruan geratzen zaigun babes-sentimenduaren lehenengo oroimena: amatxoren barrena.

Mundura agertu eta ostean helburu nagusi bat dugu: aterpetxeak bilatzea. Babesa behar dugu, etxean sentitu behar dugu, garai bateko beroaren kutsua sentitu behar…  Jaiotzea esperientzia traumatikoa da, adituen ustez, eta hala izan behar! Izan ere, aipaturiko babes horren gibeletik baikabiltza gure bizitza osoan zehar: dirua, janaria, telebista, etxebizitza, drogak… guztiak dira aterpetxeak; guztiek, nolabait, babes-sentimendua transmititzen dute: umetoki arketipikoak, nonbait; betiere, norberaren esperientziaren arabera.

Herria edo hiria zera horietako bat dugu. Herriaren izaerak sekulako garrantzia du lagun batengan, benetako umetoki handi-handi bat delako. Hasierako bizierak, lagunak, lana, parranda-guneak… Horiek guztiek marka sakona uzten dute, eta, esaten ohi den bezala, erroak sakontzea errazten dute. Baina, zer gertatzen da herriz aldatu behar edo aldatu nahi dugunean? Eta, latzagoa: hiritik herrira mugitu behar dugunean? Galdera interesgarria. Are gehiago sentimendu andana bat korapilatzen denean gure barrenaren barrenetan.

Gizakiak elkarretaratzerako joera agertu izan du betidanik. Hori dela-eta, baserria herri bilakatu da, herria hiri eta hiria metropoli. Eta prozesu horren abantailak agerikoak dira: zerbitzu ugari –jana, botikak, aisia- eta hurbiltasuna –zilbor-hestea, edo?-. Bitxia da, ezen umetoki batek bestea besarkatzen baitu, eta horrela, tipula-azal kontzentrikoetan bezala, bata bestearen barruan daude: norbera, familia, etxea, txokoa, herria, herri-inguruak, hiria, herrialdea… Naturan, unibertsoan, edonon ikus daiteke hori: zelulak ehunak sortzen, izarrak galaxiak eratzen…

Hiri umetokitsuari agur esaten zaionean, familiatik urrutiratu, eta bizitza-estiloa aldatzen dugunean korapilo antzeko bat sortzen zaigu urdail inguruan. Buruan ere bai. Beldurra, urruntasuna… erreferentzia puntuak galtzen ditugu, azken finean. Hiria herri bilakatzen zaigunean: non zinemak, non makrodendak, non eskumenen hurbiltasuna? Agur zilbor-hesteari! Egunero aurpegi berberak ikusten dira, jende bera, eta lagunak ez izan arren horrela sentitzen ditugu. Herriak geruzak kentzen dizkio hiriari, baina beste berri batzuk eraikitzen ditu.

Bitxia da. Zabor piloa etxea balitz bezala ikusiko bagenu, gustura joango ginateke bertara bizitzera, sagu eta labezomorroak gora-behera. Trafikoa, poluzioa, kutsadura elektromagnetikoa, hiriaren gizarte-arazoak, pobrezia, gauaren ika-mikak, zergak… Ez da panorama polita hiri batentzat, nahiz eta berau izan eskaintzen dutena azkenaldi honetan. Hurbiltasunaren truke prezio gorria ordaindu behar berton bizi nahi duenak.

Herria txikia da. Herriak beste ahogozo bat du. Kale estuak, jende euskaldunagoa –kasuak kasu-, ezezagunak lagun, gertutasun bestelakoa… Zaila da esaten. Horrenbeste urteren osteko hiritartasuna eta gero, herritartasuna droga antzekoa da. Hasieran mingotsa, gerora garratza, azkenik gozoa.

Apustua da. Apustu potoloa. Hiria popara bidali eta herria etxe izatea.

Internet ustiatzen

2007-07-10

OHARRA: Kontuz! Hemen esan behar direnak zu informatzeko besterik ez dira, Sarean darabilten estrategien jakitun izan zaitezen. Legez kanpoko ekintzei ekiten badiezu zeurea eta ez beste inorena izango da erantzukizuna.

Sarea –s larriz- iturri oparoa dugu mota eta izaera orotako eskumenak eskuratu ahal izateko: dokumentuak, musika, filmak… Argi dago horietako asko legez kanpo plazaratu dituztela, lapurreta edo pirateria deritzonari bide emanez. Horri dagokionez norberak jakin behar du horiekiko nola jokatu. Hurrengo lerroetan azalduko da itsas lapurren estrategiak softwarea lortu nahi dutenean.

Demagun software mota bat eskuratu nahi dela musu-truk. Normalean, softwarea eboluzionatzen da sortzen denetik, horrexegatik izenarekin batera bertsio zenbakia jartzen zaio. Komenigarria da, oro har, azken bertsioa jasotzea, beraren ezaugarri eta erabilgarritasuna handiagoa izango delako. Hortaz, lehen urratsa softwarea garatu duen enpresaren web-gunera jotzea da. Berton, ziurrenik, probarako bertsioa jaisterik izango da. Berau jaso eta instalatu. Hiru kasu ezberdin gerta daitezke: paketea, berez, murriztuta dago –proba-paketea delako-; paketea osoa da, eta kodea behar du aktibatzeko; paketea osoa da, eta ez du koderik ametitzen –adibidez, Interneten bidez aktibatzen delako-. Lehenengorako, ez dago pirateatzerik, eta irtenbide bakarra bertsio osoko paketea topatzea da. Bigarrenerako, serial zenbakia bilatu behar zaio (www.serials.ws), eta azkenerako: kraka (www.astalavista.com). Giltza horiek aipaturiko web-guneetan daude topagarri, edota sen berekoetan (astalavistatik beste hainbatetara joan daiteke). Softwarearen garrantzia edota ospearen arabera errazago edo zailago suertatuko da bere segurtasuna apurtzea.

Aurrekoaz gainera, badira beste bi prozedura. Emule, utorrent edo antzekoren batengana jotzea baino ez dugu. Programa hauek softwarea bilatuko dute beren datu-basean eta aldez aurretik zehatz ez daitekeen denbora-epe batean jaitsiko dute pakete osoa. Normalean, pakete barruan kraka, serial edo dena delakoa egongo da, softwarearekin batera.

Azkenik, rapidshare, megaupload, eta halako web-guneen bitartez topa daitezke softwareak. Horiek ez dute bilatzailerik, eta zerbait topatuko bada trikimailu honen bitartez izango da: Google barruan idatzi programaren izena eta aipaturiko web baten izena. Hala nola: “probanet rapidshare”, “probanet megaupload”,… Estekei erreferentzia egiten dieten orri guztiak agertuko ditu Google-k. Haietara bertaratu, eta estekaren bitartez eskuratu softwarea. Web-gune hauek segundo batzuez itxoitea eskatzen dute, gerora iruditan agertuko den kode bat idazteko. Erne horri, beraz.

Horra egun erabiliriko estrategiarik eraginkorrenak erabiltzaileen artean. Esteka eta erreferentzia ugari faltsuak izango dira, baita serial, krak eta abar ere. Hortaz, bilaketa zabala egin eta banaka-banaka probatu beharko lorturiko eskumenak.

Itsasoa

2007-07-05

Gaur urdin-urdina da. Atzo gris-berunezko izpiak islatzen zituen airera. Herenegun, berde antza hartu nion. Aurpegi anitz ditu, bai, gizakion umetokirik handienak, itsasoak, alegia. Egunetik egunera eguzki jainkoaren laztanaren arabera bere margoak aldatzen ditu, ortzadar batez zipriztinduta bezala, eta hamaika tonuen oparia prestatzen dit goizeko lehen orduetarako. Kaioek hasierako kanta ziztrinak bota bezain laster, argiaren xala itsaso gainean hedatzen da, eta milaka harribitxiei distiratzeko parada ematen die.

Eta erdialdean, alegiazko irudia balitz bezala, hor dago, arro, uhartetxoa. Luzea, arrain baten antzera; kaioen etxe gozoa; begien gozagarria. Gezurrezkoa ematen du, naturak gizakiari jarritako begitazio harrigarria. Baina egiazkoa da. Hor dago, isilik, zain. Eta inguruan itsasoa. Urteetan bere labarrak zizelkatzen, lurrari forma ematen; mendeetan, milurtekoetan, memoria galtzen denetik.

Paisaiak burua nahasten du. Erreala da, baina ez da, ezta gutxiagorik ere. Zer edo zer oker dago horretan. Itsasoaren gaineko uhin jostagarriak, argi izpiak, kolorea, barrenetan gordetzen duena… Zerbait oker dago. Lurrak jasotzen gaitu. Itsasoak, aldiz, norabait eramaten. Nora, baina. Iluntasun gozagarria nabari dut, baina egunerokotasunera itzuliko ez gaituena. Atea da, itsasoa. Ireki beharrekoa, norberak egitekoa. Eta ixterik ez badago, ez dio axola. Bere kanta liluragarriaren sorginkerian erori bainaiz.

Hizkuntzaren ñabardurak

2007-07-04

Komunikazioa, komunikazioa… Hain erabilia den lanabes hau ezezagun galanta dugu egunotan. Planetan zehar gertatzen diren gatazkei begiratzen badiegu, azkar batean ondorioztatuko dugu hitzak txarto erabili izanagatik gertatu direla. Okerreko soinua, aurpegiera desegokia edota testuingurutik kanpoko keinua nahikoa dira harreman on bat pikutara joateko.

Komunikazio hitza buruan darabilgunean elkarrizketaren ideia lotzen diogu, zalantza barik. Izan ere, askok eta askok ahotsa besterik ez dute oinarri ekintza komunikatiboa garatzerakoan, eta hori dugu zioetako bat mezua helarazten ez denean. Baina, bitxia bada ere, ahotsaren bidetik igorritako mezuak duen informazio-zama %10ekoa baino ez da, adituen ustez. Gainerako %90a ahots-doinu, gorputz-jarrera, mugimendu, aurpegiera eta beste hainbaten bitartez gauzatzen da, besteak beste.

Handiak dira izaki baten mezuak dituen ñabardurak –animaliak barne-. Hitz bereko mezuak, bi doinu ezberdinekin, bi emaitza ezberdin sor ditzake. Eguneroko bizitzan ongi asko nabaritzen dugu hori: garrasika ala adeitsuki eskatutakoa. Lehenengoak eraso-jarreran jarriko gaitu, kontra egingo diogu; bigarrenak eskatutako betetzen lagunduko digu. Zakur bati etorri esan leun-leun eta ondoan izango duzu amen batean, garrasika edo oldarkor agindu eta ez da mugituko. Guri gauza bera gertatzen zaigu.

Arestian azaldutako guztiari protokoloa deritzo komunikazioaren barnean. Berau, bi entitateen arteko mezuak elkar trukatzea bermatzen duen arauen multzoari esaten zaio. Adibidez, ordenagailuen arteko protokoloak zorrotz-zorrotzak dira; hortaz, egitura irmo eta matematiko baten barruan daude, eta zehaztasunaren onuran malgutasuna galtzen dute –batik bat, ustekabeko gertakaria ematen denean-. Aldiz, gizakion protokoloak oso korapilatsuak dira: enuntziatzailearen testuingurua, esperientzia, egoera psikikoa, egoera fisikoa, aldartea… Horiek guztiek eragiten diote komunikazioari, eta protokoloa aldatzen dute egunetik egunera. Horrexegatik, askotan, mezua helarazterik ez dago, protokoloa zapuztu  eta hasierako informazioa itxuraldatuta bidaltzen dugulako.

Oztopoak oztopo, nola lortu, bada, komunikazio eraginkorra? Behaketa hitzak du erantzuna. Ordenagailuek lar ondo egiten dute hori, alegia, feedbacka (atzerako elikatzea) gordetzen delako protokoloaren barruan. Gizakiok hori egin dezakegu enuntziatarioa behatuz. Esaterako, esaldi bat botatzen badiogu, goitik behera behatu behar dugu botatakoak zer eragin izan duen ikusteko. Aurpegia, doinua, gorputz-jarrera… aldatu bazaio, argia izango da mezuak beregan eragina izan duela (ikusi beharko onera edo txarrerako izan den).

Eta idazteko? Idazten dugunean ezin irakurlearen erreakzioa ikusi, ezin mezua aldatu, ezin doinua gozotu. Nola ekin, orduan, idatzizko komunikazio eraginkor bati? Kasu honetan, erantzuna anitza da. Ziur asko, testu motak badu garrantzi handia horretan, baina nahiz eta estilo ezberdinak erabili, guztietan da aplikagarria arau bera: transmisioa eta rol aldaketa.

Transmisioa ekintza komunikatiboa zuzen egiteko energia da. Norberak mezu bat helarazi nahi badu –bihotzez- ahalik eta eskumenik gehien jarriko ditu martxan helburua betetzeko. Aitzitik, mezua igorri behar eta interesik ez badu, transmisioan jarritako energia askoz murritzagoa izango da. Datu-kableekin antzekoa gertatzen da. Argindar nahikoa aplikatu eta datuak mugituko dira puntu batetik bestera; txikiagotu, eta datuen seinaleen erdia galduko da bidean. Adibidera joz, demagun testu zientifiko konplexu bat prestatu behar dugula. Gaira zuzenean joan beharrean sarrera aproposa, ideien errepikapena eta adibide ugari erabiltzen baditugu, enuntziatarioa mezua jasotzeko probabilitatea handituko dugu. Bestera esanda, energia gehiago erabiliko dugu mezua igortzeko, eta, hortaz, transmisioa handituko dugu.

Rol aldaketa, edozein ekintza komunikatiboan, lanabes indartsuenetakoa dugu. Laburbilduta, bestearen praketan sartzea dakar. Nola jakingo dut zer edo nola adierazi, testu zientifikora itzuliz, etxekoandre bati? Bide bakarra dugu horretarako, etxekoandrearena egitea. Bere buruan sartu, bere gonan, bere eguneroko bizitzan, eta, hortik abiatuta, ekintza komunikatiboari ekin.

Komunikatzea saila delakoan gaude. Komunikatzaile askok ere arazoa izaten dituzte lan horretan. Aurreko irizpide guztiak bete –protokolo-malgutasuna, behaketa, transmisioa, rol aldaketa- eta, harrigarriro, ez dute helburua betetzen. Ez dago misteriorik horretan, arazoa irabaztean baitago. Bai, irabazi. Batik bat eztabaidetan. Ika-mika bati ekiten diogunean, guztiaren gainetik, gure iritzia gailentzea nahi dugu. Ez diogu zirrikiturik usten zalantzari, ezta gure jarrera aberasteari. Aldez aurretik denetarik dakigu, eta gure jarrera da bermatu beharreko bakarra. Kale egingo dugu bide horretatik… Bakoitzak bere aurreiritziak ditu, urteetan garatutakoak, ondo erein eta hazitakoak, eta horien aurka egingo duenarenak egin behar du. Kontuz beraz absolutismoekin. Mezu bat igortzen dugunean horma zenbatsu izango ditu aurrean. Mezuak besteen ideiekin lotzeko bideak utzi behar ditu prest, hori egiterik dagoenean, behinik behin. “Hau honelakoa da” eta “antza, eta esperientziak erakutsi duenez hainbat kasutan, hau honelakoa izaten ohi da” esaldien arteko ñabardurak agerikoak dira, ezta?

Hor, beraz, irizpide batzuk. Eguneroko ekintza komunikatiboei gehituaz batera baietz bizi-kalitatea handitu (eztabaida antzuak ekidingo ditugun aldetik, bederen), hala nola: malguak, rol aldakorrak, behatzaileak, iradokitzaileak eta igorleak.

Ez gai

2007-07-03

Ez gai. Urteko hilabeterik arrosenean hori entzutea ere… Homofonia diglosikoa kontutan hartuta denetarik uler daiteke. Eta bananduta idatzi dutenean… Ez gaitik ezgaira kristoren aldea baitago. Baina aldarte ona alde batera utzita, zera esan behar da: tamalgarria. Urte osoko lana putzera. Bai, jakina, kasketa barruan euskara fin-fina geratu zait –geratu beharko, hainbeste egur jaso ostean-, eta hori egia borobila da, izan. Baina ematen du kaxkarragoa dela titulurik gabeko ezagutza. Zertaz ari naizen? HABEko 4. mailaz, jakina!

Kasualitate hutsa izan zen. Labayrurekin kontaktatu nuen beste zera batzuetarako -testu honetatik kanpo utziko ditudanak- eta ikastaro berri batez hitz egin zidaten, une hori arte egin ez zena. Hastapenetik misterio kutsua gorde zuen berauk, berria izanik puntu asko erabakitzeke baitzeuden. Baina ilusio handiz ekin genion, bai neuk baita nire klase-kideek ere.

Gure irakaslea the bee’s knees iruditu zitzaidan, hots, onenen artean onena. Iratxe L.A deituko diogu -izena asmatuta, bere nortasuna babesteko-. Azkarra, hitz-jarioa, zuzena eta garrantzitsuena: sustatzaile eta pizgarria. Euskarazko irakasleekin beti izan naiz zortekoa. Ikastaroren batean izena eman, eta to! Irakasle fina zain. Oraingo honetan ere asmatu zuen bizitzak.

Halere hamaikatxo ika-mika izan genituen berak eta biok. Zentsu onean diñot, noski; baina gerundioaren eta ulergarritasunaren zera horiekin bereak eta bi ikusi zituzten ingurukoek, begiak zabal-zabalik. Izan ere, itzulipurdi linguistikoak atsegin ditut erabat, eta horiek testua ilundu edo erdaltzeko arriskua dakarte. Horrexegatik blog hau; berton nire gauzez lasaiago idazterik izango baitut, laukikeria akademikotik at.

Azterketa egunean beldurrak jota joan nintzen. Horretarako ziorik ez bazegoen ere, aspaldiko mamuak itzuli zitzaizkidan unibertsitateko aretora gerturatu ahala. Hainbat gauza zebilzkidan burutik: atzerakargak, nominalizazioak, perifrasiak… kontuz ibili beharreko zerak. Eskerrak barre algara batzuk egin genituela lasaitzeko, baina, antza, nahikoak ez ziren izan. Eseri eta bolaluma hartu nuenean, orduan konturatu nintzen zeinen zaila zen eskuz idaztea, gehiago urte osoan zehar ordenagailua erabili eta gero. Hitz kopurua kalkulatzen ere kale egin nuen, eta tipexa hirutan-edo atera behar izan nuen.

Orotara, oso-oso deseroso sentitu nintzen. Horren kontrolpean izan nuen neure burua, horren itzulipurdi gutxi, horren jaiotasun eza eskuarekin… Word maitea! Xuxen preziatua! Non zeundeten? Halako hondamendirik! Senak orduan esan zidan nireak egin zuela. Intuizioa-edo, batek daki. Baina azterketatik irten bezain laster, jakin izan nuen ez nintzela bera gainditzekoa.

Eta halakoa da zeraren zera. Asko jakin dezakezu. Urteak eman ahal izan dituzu ogibide batean. Onena izan zaitezke gai baten inguruan. Baina, eta tamalgarria bada ere, aurrekoaz gain azterketa egiteko teknikarik ez baduzu… txakurraren putza!

Egun, aste batzuk pasatu dira. Hasierako zaplaztekoaren ondoren lasaiago nabil. Euskara pixka baztertuko nuelakoan banengoen ere egia da beroren yonkia bilakatu naizela eta, betebeharraren kutxua alde batera utzita, oso gustura nabilela testuak lantzen. Hala, udaldia baliatuko dut neure kabuz ikasteko, eta urteko ezagupena finkatzeko modu jostari batean. Hori bai, jolas bezala bideratuko dut, betekizunez potrotaraino bainago.

Hortaz, ez kezkatu Euskara maitea. Zure ministroen aurrean maila gorena merezitzeko haina prestakuntza agertu ez baldin badut aurten, urte honetan zehar beroren zirrikitu guztietatik sartu eta idorotako misterioen jabe egingo naiz. Horratx nire hitza!

Hurrengo eguneko ajeak

2007-07-02

Halako katurik! Zin dagit ez dudala alkohol gehiagorik hartuko… datorren asteetan, bederen. Nabari da, nabari, aspaldiko urte onenak atzean utzi ditudala. Garai batean, nire gibela gai zen jai gau oso bat jasateko; aitzitik, egun, gaitasun hori galdu-edo egin dut, eta lanak izaten ditut ohetik altxatzeko goiza heltzen denean.

Halere, eta biharamuna biharamun, primeran pasatu nuen larunbat gauen. Ene! Aspaldin ez nuen egin hainbeste barrabaskeriarik jai giroan. Lagun koadrila batetik, beste koadrila bestetik, bat batean agertzen direnak, ezagutu ez eta hitz egiten dizutenak… hegal guztietatik zetozkidan. Nola esan, bada, ezetz pote bat hartzeari horietako bakoitzarekin?

Barre algarak, musika ozena, jende andanak, beroa taberna barruan eta hotza kale gorrian, kea, belar-kea, pixa potxingoak, okak, kalimotxo botila hustuak… Jai-panorama argia, alafede.

Zer pentsatuko ote du San Pedrok berak? Haren omenean halakoak egitea ona ote izpirituarentzat? Kar, kar. Baietz giltzak estu-estu gorde, badaezpada ere; edota izan liteke txirria ahoan, behera begiratu eta bere golkorako pentsatzea: -hau pasioa! Eusko Herrikoek badute plaza bat gordeta hemen goian!

Tamala da hurrengo eguneko zorra kitatu beharra. Baina halakoa da kasketa. Suzko urez bete eta arazoak desagertzen dira. Baina ordaindu beharrekoak hor itxoingo digu, eta aurreko eguneko danborrek bere erritmoan jarraituko dute, baina buru barruan! Orekaren legea, ezta?

Eta orain… Madalenasen zain!

Blog honetan kasketa barrutik darabilkidan oro islatzekoa naiz.


adopt your own virtual pet!

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

baietzlortu

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution