Artxiboak: Urria 2007

2007-10-18

Permalink 17:44:57, Atalak: Herriak bizirik  

Jai Herrikoien aldeko manifestazioa izango da bihar Donostian

iturria: www.gaztesarea.net

Donostiako piratek deitu dute manifestazio hau, Ilunki jai batzordearen ekimenez. Ohar batean salatu dutenez, Donostiako udalak jai elitistak soilik bultzatzen ditu eta jai herrikoiei trabak besterik ez dizkie jartzen. Manifestazioa 19:00etan irtengo da Anoetako futbol zelaitik.

Donostiako Piraten oharra:

JAI HERRIKOIEN ALDEKO KALEJIRA! ZATOZ!!!

Bihar, urriak 19 - 19:00etan Anoeta estadiotik hasita

Biharko, urriak 19, Jai Herrikoien aldeko kalejira egingo dugu Donostiako Piratek, Ilunki Jai Batzordeko kideen ekimenez, Donostiako beste zenbait jai batzorde eta gazte eragilerekin batera. Kalejira 19:00tan abiatuko da Anoeta estadiotik. Bidea Dj Bull musika jartzaileak alaituko du. Buruhandi eta erraldoiak ere aterako dira kalera eta amaieran luntx antzerako bat egongo da. Hau guztia, Jai Herrikoien Alde!

Hona hemen deialdiaren oharra:

Debekuak, isunak, ...oztopo guztien gainetik

JAIAK HERRITIK HERRIARENTZAT!!!

Azken urteetan Donostiako Udala auzo ezberdinetako jaiei zein beste ekimen herritar batzuei oztopoak jartzen ari da. Haien Donostia burges eta atzerakoian ez dago jai euskaldun eta parte hartzaileentzako lekurik. Su artifizialez, zezenketez?beteriko jai elitistak soilik nahi dituzte.

Jai herrikoien aurkako jokaera honen hamaika adibide izan ditugu azkenaldian: Ikasbide elkarteak San Joanetan antolatzen dituen jaietan baimenak murriztea, Aste nagusian Donostiako Piratek Kaian burutu behar zuten bazkari herrikoiari baimenik ez ematea, Egiako Porrontxo jaietan ordutegiekin zein txosnekin egondako hika-mikak...

Eraso guztietan larriena Amara Berriko jaien aurkakoa dela esan daiteke; izan ere, Ilunki kultur elkarteak urteetan zehar urrian antolatu dituen jaiak, debekatu egin ditu Udalak azken 5 urteetan. Halere, Amara Berriko auzotarrak hala moduz auzoa girotu eta festaz gozatzen saiatu gara, honek milaka eurotako isuna eta hainbat eta hainbat tentsio momentu ekarri badizkigu ere. Iazko Urrian, egoeraz kokoteraino, eta Udaletxetik eta Cat-etik arazoa konpontzeko borondaterik ez zegoela ikusita, auzotarrek kanpaldia burutu genuen Olaeta plazan, protesta gisa. Udalak udaltzainak bidali zituen, eta egoerari irtenbidea eman beharrean, beste isun batekin mehatxatu gintuen.

Egoeraz nazkatuta gaude, honek konponbide bat behar du, jai euskaldun eta herrikoiak nahi ditugu bai Amara Berrin, bai gainontzeko auzo eta herrietan.

Idatzi honen bitartez, zera eskatzen diogu Donostiako Udalari eta CATi:
• 1.- Ilunki kultur elkarteko Jai Batzordeak, urtero Urrian antolatzen dituen Amara Berriko jaiei baimena ez ukatzea.
• 2.- Gainontzeko auzoetan zein aste nagusian jai batzorde zein eragile ezberdinek antolaturiko jaiei eta ospakizun herrikoiei trabarik ez jartzea.

Gure aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko, Manifestazio- kalejira bat burutuko dugu datorren Urriaren 19an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Anoetako futbol zelaitik abiatuta.

Donostiako herritar guztiak gonbidatuak zaudete bertan parte hartzera, eta auzo ezberdinetako jai batzordeetako kideei deia luzatzen dizuegu mobilizaziora etortzeaz gain, zuen auzoetako jaietako ikurrak, zapiak, etab... ekar ditzazuen.

Guztion artean lortuko dugulako, Jai Herrikoiak AURRERA!!!

Ilunki Jai Batzordea Donostiako Piratak

Informazio gehiago: www.izanpirata.info

----------

Azken Portua

Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau. Zabalik dago Amelie guztientzat.

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution