Artxiboak: Maiatza 2007

2007-05-30

Permalink 10:29:11, Atalak: azkenportu  

Leiho irekia komisioarentzat: Astero ostera hastera

Bildu berkodeu, o ze ostiya!

        Ekainean sartzear gaude lagunok. Gure auzoko festa sonatuetarako bi hilabete ta zerbait geratzen da. Hau kontuan izanik komisiyua biltzearen beharra du hainbat lagunek, hurrengo bi hilabeteetako bizitza antolatu diezaion. Beraz larunbat honetan hamaiketan Isabelen agertzeko deia luzatzen zaie. Dana ez da lana lemapean, aurten ere komisiyuak bizitza antolatuko dizu.

Biba Azken Portu, Biba zuek!

----------

2007-05-18

Permalink 17:26:53, Atalak: azkenportu  

Leiho irekia komisioarentzat

            Hemen doaz azken auzolanetan ateratako argazki batzuk. Udaletxeak belarra moztu digunez, bihar hamaiketan belarra biltzeko geratu gara hainbat lagun. Isabelen da hitzordua eta bide batez baratzan beste zenbait gauza landatuko ditugu. Beraz animatzen denarentzat hamaiketan Isabelen hitzordua.
----------

2007-05-17

Permalink 18:43:24, Atalak: Begiradak  

bizitza, izar iheskor puta hori...

atzo goizean BERRIA egunkaria zabaldu eta irribarre samurra atera zitzaidan, itsasoan galdutako marinelen bikoteekin eta senideekin osatutako bi orrialdeko erreportaje hunkigarria aurkitu eta irakurri nuenean. institutu garaiko ezagun batekin gogoratu nintzen, oihanarekin, haren aita itsasoan galdu baitzen aspaldi, eta kantu hunkigarri bat egin baitzion alabak. gustukoak zituen poemak.
gustukoa zuen abestea. gustukoa zuen lagunen poemak musikatzea. eta aitari kantatzea.
zarauzko tabernaren batean ere ezagutu genuen gero, zerbitzari moduan. ez dakit zergatik, baina harekin gogoratu nintzen atzo goizean, BERRIA egunkarian itsasoan galdutako marinelei buruzko bi orrialdeak irakurri nituenean.

bizitzaren kasualitate putakume horietako bat izango zen beharbada. atzo arratsaldean berriro ere oihanaz hitz egin baitzidaten lagunek. istripua izan zuela atzo, autobidean. istripu arina, baina anbulantzian sartu zutela azkenean. eta gero kamioi batek eraman zuela aurretik anbulantzia. telebistan ere eman zituztela irudiak. eta oihana oso larri zegoela.

orain telefonoak oihu egin du. hil egin dela esan dit beste aldeko ahotsak. eta ezin lanean segi. ezin beste ezer pentsatu, idatzi, sentitu.

oihana alkorta hil da. galdutako marinel haren alaba. institutuko neska hura. taberna hartako zerbitzaria. haren abestiak geratuko zaizkigu. eta haren oroitzapena.

izar iheskor puta bat besterik ez da bizitza, batzuetan oihanak bezalako distira badu ere...

----------
Permalink 14:45:35, Atalak: azkenportu  

Bihar hasiko dira aurtengo Santa Marinak

 Aurreko asteburuan pelota eta mus txapelketak izan baziren ere, asteburu honetan lehertuko da festa Santa Marinan. Honakoa da auzotarrek antolatu duten egitaraua:

     

Maiatzak 18, ostirala

Arratsaldeko 6etan:

XLIII. Santa Marinako korrika txapelketa, 7tik 10 urte bitarteko mutilentzat. Irabazleari, “ZARAUZKO KIROL ELKARTEA”k eskeinitako trofeoa emango zaio. Auzoko lehenak, “GOIKOETXEA ANAIAK” emandako zapatila pare bat izango du, eta “MASAJES LOREA”k eskeinitako trofeoa.

Jarraian, XL. Santa Marinako korrika txapelketa, 7tik 10 urte bitarteko neskentzat. Irabazleari, “BAR CANTABRICO”k eskeinitako trofeoa emango zaio. Auzoko lehenari, “TXIRLA” arrantza dendak eskeinitako trofeoa.

Bi karreratan, “MOLLARRI PIZZERÍA”tik pasatzen den lehendabizikoari pizza bat oparituko zaio.

Ondoren, buruhandiak,auzoko eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira.

Gaueko 10etan:

SANTA MARINA DANBORRADA.

Jarraian,  musika emanaldia, “TRIKIZIO” taldearekin.

Maiatzak 19, larunbata

Goizeko 10’30etan:

XVIII. Santa Marina Pilota Txapelketa, “LA SALLE ZAHARREKO FRONTOIAN”. Bi mailetako finalak izango dira. “EROSKI”k emandako trofeoak.Euria egiten badu, pelota partiduak GAZTELEKU-ko frontoian izango dira.

Goizeko 10etan

Gazteentzat, XXX. Marrazki eta Pintura Lehiaketa kalean, HILARIO EPELDEren oroimenez. Irabazleek, EPELDEk emandako sariak izango dituzte.

Izen-ematea 10etatik 10’30etara. Marrazkien bilketa 11’30etan. Sari-banaketa 12etan. Hau dena, Santa Marinako plazoletan izango da.

Arratsaldeko 8etan:

Zezen-txiki eta poney-en jaialdia.

Gaueko 22,00 etan:

“BESTE BAT ” musika taldearen emanaldia.

Egun osoan zehar “TURU-TURU-BAM BAND” txarangak auzo osoa alaituko du

Maiatzak 20, igandea

Goizeko 9,30tan:

Kanpai errepika eta MEZA NAGUSIA Santa Marina ermitan, ermitaren 75.urteurrena ospatzeko, eta ondoren prozesioa.

Santa Marinaren prozesioa amaitzean “IRATZARRI” dantza taldearen saioa.

Eguerdiko 12,30ean:

VII. PATATA TORTILA lehiaketa. Lehiaketa honetan, auzoko edonork har dezake parte. Tortilak 12,30etan, Santa Marinako tabernan aurkeztu beharko dira. Sariak izango dira.

Eguerdiko 14,00etan:

Bazkari herrikoia  “TXIKI-POLIT” jatetxean Ermitaren 75. urteurrena ospatzeko. Txartelak salgai: GARRASTAZU OPTIKAn eta KOXKOR OKINDEGIAn. Bazkaria alaitzeko trikitixa eta bertsolariak izango dira.

Arratsaldeko 5’30etan:

Haurrentzako  KIKI, KOKO eta MOKO pailazoak.

Segidan, buruhandiak auzoko eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira.

Maiatzak 21, astelehena. Santa Marina Eguna

Goizeko 7retan:

MEZA NAGUSIA, Santa Marina ermitan.

Jarraian, “KIRKILLA” Jatetxean, mezetara joan direnentzako txokolatejana.

Goizeko 11etan:

Jubilatuentzat, ohizko hamaiketakoa “ARKAITZ-MENDI” Ehiza eta Arrantza Elkarteak eskeinita.

Trikitilariek auzoko kaleak alaituko dituzte.

Arratsaldeko 6 tan :

LVIII.Santa Marinako Korrika Txapelketa. 11tik 14 urte bitarteko mutilentzat. Irabazleari “AGIRREZABAL BIZKIAK” eskeinitako trofeoa emango zaio. Auzoko lehenari, “GOAZ” Inmobiliariak emandako trofeoa.

Jarraian, XL. Santa Marina Korrika Txapelketa, 11tik 14 urte bitarteko neskentzat. Irabazleari, “BAR JOE”k emandako trofeoa. Auzoko lehenari, “CASA URQUIA”k emandako trofeoa.

Bi karreratan, “MOLLARRI PIZZERÍA”tik pasatzen den lehendabizikoari pizza bat oparituko zaio.

Karrerak bukatu ondoren, Santa Marinako zozketa egingo da. ZORTE ON DENOI!!!

Segidan, buruhandiak auzoko eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira.

Arratsaldeko 8etan:

Zezen-txiki eta poney-en jaialdia.

----------

2007-05-15

Permalink 14:29:34, Atalak: azkenportu  

"Herriaren benetako motorra auzoak dira"

Koldo Olaizola ,Vista alegreko auzo elkarteko kidea elkarrizketatu du Hitzak, hona hemen elkarrizketaren zati txiki bat:

 Vista Alegreko auzo elkarteko kidea da Koldo Olaizola
(Azpeitia, 1961). Zarauzko auzoari eragiten dion politika izan du
hizpide.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu Zarauzko Udalaren azken lau urteotako
agintealdiaz?

Auzo elkarte moduan, bi urte behar izan ditugu Udalaren errespetua
lortzeko. Askotan gertatu zaigu beraiek baiezkoa eman eta gero nahi
dutenean erantzutea. Orain, komunikazioa eta errespetua dauden
mementoan gaude. Eskariei dagokienez, aurretik martxan jarri ezin izan
diren proiektuak berpiztu ditugu, eta Udalarekin autobus urbanoa
jartzea lortu dugu. Jende askok erabiltzen du orain, eta hori gure
lorpena izan da. Dena den, Udalak gaizki egin dituen hainbat kontu ere
badaude, Plan Orokorraren Aholku Batzordea, esaterako. Parte-hartzea
eskatzen dute, baina behar ez denean. Aurrez landu beharko litzateke
eragileekin Plana, ez egin ondoren. Lotesleak izan behar lukete
elkarteen proposamenek.

Oro har, zer eskatuko zenioke hurrengo Udalari?

Auzo elkarte moduan, oraingoari eskatzen dioguna. Batetik, aterpe
beharra daukagu auzoan eta herrian, eta Txakolin plazako aterpea egitea
posible da. Bestetik, Torreoia eta inguruko parkea berritzeko eskatzen
dugu, mantenu erreal batekin.

Zure esparrutik, zer nabarmendu nahiko zenioke Udalari?

Politikoek aulkitik jaitsi egin behar dute, herriarekin egon behar
dute. Herriaren benetako motorra auzoak dira eta ez da hainbeste
zentralizatu behar. Diru laguntza gehiago behar dute auzoek.

----------

2007-05-11

Permalink 11:56:10, Atalak: azkenportu  

leiho irekia komisioarentzat

       Bihar baratzean aurtengo uzta emango duten landareak aldatzeko asmoa dugu. Tomateak, letxuak, tipulak, azenarioa, perrexila eta abar. Nahi izanez gero 9:30tan hitzordua Isabel tabernan. 12ak ingururako bukatzeko asmoa dugu.

----------

2007-05-09

Permalink 11:44:42, Atalak: azkenportu  

Leiho irekia komisioarentzat: aurtengo kamiseten eztabaida

       Azken bileran erabaki bezala kamiseten inguruko eztabaida blogaratuko dugu. Ahalik eta azkarren ateraz gero, salmenta haunditu eta eskari berriak egiteko denbora gehiago izango dugu. Oraingoz dauden ideiak honakoak dira:

-Dana ez da lana

-Hurrengo geltokia AZKEN PORTU

-Fiestak eta ruidoa

      Behin lema aukeratuta, mnx-ek diseinuak egingo ditu. Beraz proposamen berririk izanez gero idatzi . Kamiseten koloreak, neurriak eta abar begiratzeaz ere norbait arduratzea komeni da. Beraz aurtengo jaietan dotore ibiltzeko hasi buruari bueltak ematen

----------

2007-05-07

Permalink 14:20:06, Atalak: azkenportu  

"Torreoia bizirik" larunbatean

       Vista Alegreko auzo elkarteak festa antolatu du larunbaterako. Torreoia bizirik lemapean antolatu dute egun osoko festa. Goizean goizetik, auzo eta Torreoi inguruan txistulariak, txalapartariak eta trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen. Herri kirolak ere izango dira eta Zestoako talde batek, 100 lagun ingururentzat prestatutako paella dastatzeko aukera izango da lau euroren truke.

Antolatzaileek adierazi dutenez festa herrikoi eta partehartzailea antolatu nahi izan dute. 

----------

2007-05-03

Permalink 14:10:20, Atalak: azkenportu  

Leiho irekia komisioarentzat

   Jendeak azkenaldian blogean idazteko duen zaletasuna ikusirik eta atzo bi egun falta zirela kontuan izanda, honakoa erabaki zuen atzo Isabelen bildu zen 150 pertsona inguruko asanbladak: larunbateko sagardotegia atzeratzea edo ez egitea eta horren ordez maiatza erdian edo amaiera aldera (Santa Marinak?) bilera-afari-desfas bat antolatzea. Bestalde larunbat honetan 10etan auzolana deitzea. 
----------

Azken Portua

Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau. Zabalik dago Amelie guztientzat.

Bilaketa

Blog hau sindikatu

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

free 
website stats program

powered by
b2evolution