Egia esan, azken egunotan ahoz aho dabil berriro ere Zarautzen Udal Kiroldegiko kontua. Duela zenbait aste blog honetan jakinarazi genuen moduan, antza denez, ustez hainbat diru lapurtu du azken urteotan bertako zuzendaria izan denak, eta orain, udal arduradunek zuloari tapaezina iritzita, kargutik kendu dute. Horren harira, Amalda herri plataformak datuak ere eman ditu prentsaurrekoan, falta den dirua, frogatuta, 60.000 euro arteraino iristen dela, baina hortik gora Udalak frogak aurkezteko zailtasunak dituela esanez. Era berean, kargutik kendutako zuzendariak Udalari 30.000 euro itzuli behar izan dizkiola ere esan zuten prentsaurrekoan. Datu horiekin, Udalari dakiena esateko, eta dituen datuak publiko egiteko eskatu dio.
Maite Etxaniz alkateak erantzun zuen berehala hedabideetan, Zarautz ustelkeria kontuekin lotzen saiatzeko ahaleginik ez duela onartuko esanez. Hala ere, ez zuen Amaldak esandakorik ukatu. Gaur, berriz, Ezker Batuaren eta EAJren hitzak irakur daitezke hedabideetan, berriro ere gai hau hizpide hartuta.
Gaia, beraz, berriro ere pil-pilean dago.
Honela, bada, harrigarria da ikustea El Diario Vasco egunkariak nola orain arte ez duen lerro bakar bat ere argitaratu gai honen inguruan. Isiltasuna da nagusi orain arte, nahiz eta prentsaurreko bat, alkatearen prentsa ohar bat, Ezker Batuaren adierazpenak eta EAJren gutun publiko bat behintzat ekarri dituen gai honek. Dudarik gabe, susmagarria baino gehiago da DVren jokaera, herri informazioa eta herrian oihartzun zabala duen gaia denik ezingo baitute ukatu. Zentsura, bada, argi eta garbi.
Ez daude Erantzunak/Pingback-ak mezu honetan...
Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau. Zabalik dago Amelie guztientzat.