2006-02-10

Permalink 11:24:57, Atalak: aritzkeriak, 47 hitz  

Super Sanz

sanzpelotari

LEHENENGO ARGAZKIA: 2x1. Nafar Gobernuko Presidente eta bere buruaren bizkarzain aldi berean.

BIGARREN ARGAZKIA: (NO coment) Diario de Noticias-ekoen argazki oina: "Esteríbar estrena nuevo polideportivo en Zubiri. En la imagen, Miguel Sanz muestra sus dotes como pelotari en uno de los frontones inaugurados ayer".

Super Sanz!

2006-02-09

Permalink 00:56:47, Atalak: aritzkeriak, 122 hitz  

Burges iraultzaileak

Patxi gutako bakoitzak egiten ahal dituen iraultza txikien gainean aritu da bere azken mezuan. Uste dut hausnarketarako mezu egokia izaten ahal dela. Epaiketetan errugabetasun-presuntzioarekin gertatzen omen den gisan, herri honetan denok gara iraultzaile (gora "Euskadi" sozialista, goraaaaa...), gure ekintzek kontrakoa erakusten duten arte. Adibide bat beheko argazkian (berria 2005-02-05). Iazko Gazte Topagunekoa. Euskal gazte ezkerzaleak biltzen diren jaialdi erraldoi horretakoa. Niri ezkerreko neskak eskuan daraman poltsa gorriak deitu dit arreta (triangelu berde susmagarriak, hain zuzen).

topagunea

Ez dut demagogoa izan nahi, eta ziur naiz Topagunean gazte ezkerzale kontsekuente askok hartzen duela parte. Hala ere, argazkia errealitatearen isla denik inork ez dit ukatuko!

Pako Aristik dioen moduan,...

Hau da Euskal Herria:
burges putaz beteta dagoen
munduko herririk iraultzaileena.

Nik nire burua aipatutzat jo dut. Zuek?

2006-02-08

Permalink 23:52:21, Atalak: bertsoak, 6 hitz  

Bertsotarako gaia (7)

Ispilu aurrean zaude. Zer ikusten duzu?

2006-02-06

Permalink 12:59:05, Atalak: dantza, 198 hitz  

Dantza eta sexua

Ez dakit Euskal herriko gainontzeko txokoetan, baina Iruñean dantzarioi sexuzale fama jartzen digute zenbaitzuk (egia esan, dantzari ala ez dantzari, zein ez da sexuzale?) (eta ez dut uste gure jarduna fama hori hartzerainoko gisakoa denik). Dantza taldeak ligatzeko "tapadera" bat baino ez omen dira batzuendako (kasu batzuetan ez zaie arrazoirik falta, dena den). Aspaldiko kontua omen. Ni baino zaharragoa den lankide ohi batek trufa egiten zidan maiz, bere garaiko dantzariei esaten ziena gogoratuz: "Hola, somos los dantzaris ¿Dónde están las putas?". Garaiak aldatu dira eta garaiekin batera, baita dantzarion ustezko ohitura horiek ere bai. Neurri batean. Uste dut.

dantzan

Dantza jendearekin harremanetan hasteko modu bikaina iruditzen zait niri. Horrela zen lehen (herriko plazako erromerian) eta horrela da orain (dantza taldeetan). Alta, salbuespenak ere badaude. Karlos Sachez Ekiza txistulari eta musikologoaren testu honek frogatzen duenez:

"Ya hacia 1754 el padre Larramendi (1882: 240) refería el caso de una localidad vasca donde el fervor eclesiástico había hecho desaparecer los bailes, y al cabo de un año se habían producido tantos nacimientos ilegítimos que se hizo preciso como remedio volver a ellos".

Sasi-jakintsu horiek diotenaren kontra, dantzatzeak (bertikalki) sexu harremanei kalte galanta egiten dien seinale argia!

Permalink 00:17:06, Atalak: aritzkeriak, 233 hitz  

Aberria vs Herria

ETB1ean Kronikak izeneko dokumental bat ematen ari dira. Euskal Herriko historiari buruzkoa omen. Osasunaren gola nonbaiten ikusteko esperantzaz piztu dut telebista eta katetik-katerako karrikadantzan hoixe topatu dut. Orreagako guduari eta Erroldani buruz ari ziren. Garaipen handia izan zen hura euskaldunondako, dokumentalak zioenez. Euskaldunondako... eta pentsatzen hasi naiz. Zeri deitzen ote diote euskaldun kasu honetan? Euskaraz mintzatzen direnei? Euskal Herriko biztanleei? Harrika frankoei egur eman zieten nafar eta mairuz osatutako "gudaroste" hari? (Gorkak idatzitako mezu bikaina etorri zait burura).

altobizkar

Historia guztia gaur egungo perspektibaz ikustea arriskutsua da. Hau da, Historia guztia abertzaletasunaren galbahetik pasata erakustea arriskutsua dela. Izan ere, ez dut uste 778. urtean Euskal Herriaren alde borrokan aritzearen konzientzia izanen zutenik Altobizkarreko igarobidearen bi aldeetan Carlomagnoren zain kokatu zirenek. Eta euskaldun konzientzia izatekotan, ez dut uste gaur guk dugunarekin konparagarria izan daitekeenik.

ibañeta

Azken Argian Andoni Esparzari egindako elkarrizketaz ere gogoratu naiz. Egun batzuk neramatzan horren inguruan idatzi nahirik eta gaur aukera aproposa eskaini dit ETBko dokumentalak.

Uste dut Esparza jaunak arrazoi duela Euskal Herrian abertzale gehiegi dagoela dioenean. Kasu! Nik ere abertzaletzat dut nire burua, baina aberriaren izenean zenbat zitelkeri egin izan dira herri honetan? Eta hor dago koxka, aberria eta herria gauza ezberdinak baitira. Aberria hitz hutsa da (bi zentzutan: hitz bat soilik eta mamirik gabeko hitz bat gehienetan).

Herria da mamia eta maiz, aberria bezalako hitz ponpoxoen atzean ahaztuta uzten dugu. Euskal Herria (aberria) ahaztu eta Euskal Herria (herria) zain dezagun!

2006-02-01

Permalink 22:40:40, Atalak: kantuak, 119 hitz  

Ez duzue aitzakiarik!

izarra
Ez duzu aitzakiarik (Klik!)

Ote da ezer txarragorik?
Pentsatu eta edan ez,
bizi eta ez pentsatu,
esateko ezer ez eduki!
Lanik ez egin
edo ondo geratzea baino?

Egin dezakezuna da
pentsatzeke barre egitea,
pentsatu eta ez egitea,
sortu eta ez erakustea.
Besteen barruko arra
lasaitzeko ari izatea,
zeuk zeure buruari
iruzur egitea.

Guztia gaizkiago
jarri daiteke.

Euri ugari egingo du
ubiderik ez denean.
Eta gorrari tokatzen zaio
Coca-Cola diska sorta.
Bizitzearen sentitzea!

Guztia gaizkiago
jarri daiteke.

Eta zer saiatuko bazina
barre egin, pentsatu eta edaten?,
pentsatu, bizi eta egiten.
Sortzen eta ikertzen.
Eta esango didazu
nola doakizun
lan eginez edo egiteke.

Oraingoz behintzat,
ez duzulako erreumarik
ezta San Vitoren dardarik,
ez duzu aitzakiarik.

Hertzainak
(Historiako euskal rock talderik onena).

2006-01-31

Permalink 14:23:35, Atalak: dantza, 239 hitz  

Tolon, tolon, tolon,...

ioaldunak

Urtarrileko azken igandearen osteko astelehenean Zubietako joaldunek larruak jantzi eta Iturengo lagunei bisita egiten diete. Iturendarrak esker onekoak direnez, hurrengo egunean, hau da, gaur, bisita bueltatzen diete zubietarrei.

Ikusgarria (eta entzungarria) da hamarnaka joare handi horiek Ezkurra aranean sortzen duten burrunba. Ni iaz izan nintzen Zubietan gaurko egunez eta harrituta geratu nintzen bertan topatutako jendetza ikusterakoan.

Aurreko astean, Oier Araolazak elkarrizketa interesgarria egin zion Thierry Truffaut-i Berrian, Ituren-Zubieta eta Lapurdiko ihauterien inguruan. Bertan, horrelakoak bota zituen euskal folklorean adituak:

"Arriskuan dago jaia bera. Jaia ezagutarazi ahala, herria harro sentitzen da. Baina zer gertatzen da gero? Jar dezagun adibide bat. Zure familian sendiaren ospakizun bat duzue. Familiako 15-20 senide elkartuko zarete, familia tradizionala bildu eta ospakizuna egitera zoazte. Zuen etxe aurrean bost autobus aparkatu dituzte eta zuen familiaren ospakizuna ikustera datozen japoniarrez bete da etxea. Etxe barruan 20 senide eta 12 turista japoniar zaudete. Familiaren ospakizuna berdina izango al da? Nire ustez, hori familia ospakizunaren amaiera da. Hori gertatzen denean jaiak dagoeneko ez du zentzurik jaiagatik bakarrik, baizik eta ikustera datorren jendearentzat egiten da jaia. Eta jaiaren arima galtzen da."

Gaurko Berria-ko Tartea gehigarrian berriz, honakoa dio Lazaro Erregerena Iturengo joaldunak, Asier Azpilikuetak egindako elkarrizketan:

"Zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta politagoa da"

Zeni kasu egin? Adituari? Joaldunari?

Kontua da Ituren eta Zubietako ihauteriak nahikotxo aldatu direla azken urteotan. Horren adibide, "Malerreka solasean" liburu-DVDtik ateratako bideotxo hau. Bertan, iturendarrak beraiek dira antzinako ihauteriak deskribatzen dizkigutenak.

Bideoa hemen.

*(Hitzen trankribapena erantzunetan)
*ZORIONAK AMATXO!!!!!

2006-01-27

Permalink 12:43:09, Atalak: aritzkeriak, 78 hitz  

Elurra?

Aizue! Kezkatzen hasia naiz.

Iruñeko dorre altu batean lan egiten dut, azken pisuan. Terrazak eraikin osoari buelta ematen dio, eta hartara Iruñea eta Iruñerri osoa ikusten da bertatik.

Ipar, hego, ekialde, mendebaldera begiratu eta elurraren arrasto txikiena ere ez (Txurregi eta Gaztelu mendiek - 1000 metro ingurukoak biak - ere ohiko kolore nabarra dute). Areago, eguzkia nagusi dugu hemen.

iruñea

Euskal Herri osoa txuri omen dagoen honetan (klikatu hemen, hemen, hemen edo hemen), galdera bat: martzianoek abduzitu al gaituzte?

Permalink 12:20:57, Atalak: efemerideak, 207 hitz  

Arana vs Campión

Agenda begiratzen dudalarik gustatzen zait efemerideei kasu apur bat egitea. Batzutan hutsalak dira, beste zenbaitetan interesgarri eta argigarriak. Gaurko efemeridea hauxe:

1865. - Sabino Arana Goiri jaio zen, Abandon.

arana

141 urte pasa dira Sabino Arana jaio zenetik, baina bere itzala luzea da oraindik ere (eta itzala den aldetik, ilun samarra, nire gusturako). Aranak euskotarren arraza eta J.E.L (jaungoikoa eta lege zaharra) uztartu zituen euskal aberriaren oinarri gisa. Badirudi, egun, Sabinoren teoriak eraberrituak eta gaindituak dituela Euskal Herriak. Ez zait iruditzen. Egungo abertzaletasuna (eskuin zein ezkerrekoa) Arana-Goirik asmatutako kontzeptuetan oinarriturik dago oraindik orain.
Euskadi, ikurriña, bizkaitar-zentrismoa, Aberri eguna pazko igandean,... Guztiz barneratuak dauzka euskal gizarteak horiek eta gehiago, baita haien burua iraultzailetzat duten askok eta askok ere.

Sabinoren garaian izan zen beste pentsalari bat Nafarroan, Euskal Herrian hain ezaguna ez dena (bizkaitar-zentrismo horren eraginez ziuraski): Arturo Campión. Euskal Herriari buruzko teoria "erromantikoak" sortu ordez, errealitateari heldu zion: Euskera atzeraka ziohala eta, bost euskalkien azterketa egin zuen. Boteretik sasi historia zabaltzen zutela eta, Nafarroako erresumarena aztertu eta azaldu zuen. Gizartearen erretratua marraztu zuen eleberrien bitartez, egiazko Euskal Herrian existitzen ziren arazoak gogoratuz (Erraondoko azken ttunttuneroa, kasu).

kanpion

Ni ez naiz Campionen defendatzaile sutsua (Sabinorena baino gehiago bai, noski), baina bere ideiak bizkaitarrarenei gailendu balitzaizkio, nolakoa litzateke egungo Euskal Herria?

2006-01-26

Permalink 01:34:40, Atalak: bertsoak, 34 hitz  

Bertsotarako gaia (6)

Gustuko neska, mutila edo dena delakoa ikusi duzu sartu zaren tabernan. Ezin diozu begirada gainetik kendu. Garagardoa (kubata, kalimotxoa, pika, txupitoa,...) trago batez edan eta beregana abiatu zara,...

3 bertso nahi duzuen doinu eta neurrian.

Azken erantzunak

kontu ttipiak

Tipo serioa izan nahiko nuke, benetan!

Otsaila 2006
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28          

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

Zer da hau?

Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
Ikastaroak, garapena, informatika zerbitzuak

Blogak :

powered by
b2evolution