Mezua: Etxeko zibergela

Etxeko zibergela

2007-06-26

Etengabe ari da teknologia aurrera egiten, arinegi beharbada, batzuentzat behintzat. Gauza bat ikasten dugunerako, dzast! esan ezineko beste bat ( hatxetepecea...), horren izena esaten eta nondik norakoak dakizkigunerako, dzast! beste bat eta horrela... Jakina, erabiltzen ikasteaz gainera, erosi ere egiten ditugu apur bat merketzen direnean. Baina, atzo erositakoa gaur zaharkituta geratu zaigu; lehen bizpahiru funtzio zituenak mila eta bat gehiago ditu orain; tramankulu itzela zena eskuan eramateko moduko gauza txikitxoa oraingoan. Eta kontua da etxea, batez ere etxeko egongela, tramankuluz beteta daukagula, tope eginda, ez dela gehiagorik sartzen, sofa kendu ezean, behintzat: telebista(k); bideo-, DVD-, musika-aparatuak, TeDeTe dekodifikatzailea... eta, jakina, bakoitzak bere mandoa du. Horrez gain, ordenagailua(k), bideo-kamera, argazki-makina, MP3a... Kokoteraino gaude, ez ote dago modurik horiek guztiak gutxitzeko? Ez ote dago denetarako balio duen aparaturik? Ba, ba omen dago, bai, irtenbiderik, hainbat gainera.

[Gehiago:]

Gauzak horrela, EGAko ahozkoa prestatzen gabiltzan honetan, zera bururatu zait, gutako bakoitzak arlo batez arduratuko dela eta horren gaineko informazioa denon artean trukatuko dugula. Azkenean, bata eta bestearen alde abantailak, desabantailak komentatuko ditugu eta zein edo zeintzuk diren egokienak gure beharretarako.

>EGITEKOA: Gai tekniko, baina dibulgatibo bati buruzko ahozko jendaurreko azalpena, ahal dela material osagarria erabiliz: argazkiak, irudiak, grafikoak... Hau modu xumean baina txukunean egitekoa da, hau da, gure klasean eta gure artean. Ez pentsa Euskaldunan emateko hitzaldia izango denik.

GAIA: Etxeko multimedia:

Gaiok Zibergela blogetik hartuta daude. Hor biltzen dituzte Ibon Aizpuruak (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) eta Josu Waliñok (Elhuyar Fundazioa) Berria egunkarian asteazkenero argitaratzen dituzten artikuluak.

GAIA PRESTATZEKO KONTUAN HARTU BEHARREKOAK

Kontuan izan prestaketa azalpena bera bezain garrantzitsua dela. Ondo prestatutakoa, normalean, ondo ateratzen da. 

  •  Norberak gaiaz dakiena: Horren araberakoa izango da azalpena, zenbat eta gehiago jakin azalpen borobilagoa. 
  •  Entzuleek dakitena: Kontuan izan behar dugu jakin dezaketena zenbatekoa den: asko/nahiko/ezer gutxi. Hori aurreikusi egin behar dugu eta horren arabera antolatu informazioaren nolakoa: zer azaldu eta zer ez; nolako zehaztasunez; hiztegi espezifikoa, siglak argitu...Hortaz, hori aurreikusita, azalpena horretara moldatuko dugu: Zelako entzulea, halako azalpena. 
  • Zer azaldu: daukagun informazio guztia ez da ezinbestekoa, beraz, aukeratu egin behar dugu eta beharrezko ikusten duguna eta beharrezko xehetasunez baino ez dugu emango. 
  • Zelan ordenatu informazioa: Eskema onak azalpen ondo egituratua dakar. Informazioa ordenatzerakoan logikak badu zer ikusirik, normalean hierarkia bat izaten da ideien artean. Aipatutako puntuek ere badute zerikusirik, agian komeniko da aurretik oinarrizko informazioa (eta osagarria) ematea, edota hiztegi teknikoa azaltzea. Arruntena, gauza bat definitzetik hastea izaten da gero xehetasunetara jotzeko edo gai baten orokortasunetik ataletara...Hau guztia planifikatu egin behar da. 
  • Baliabideak eta bitartekoak: azalpenak borobiltzeko, hobeto ulertarazteko erabili ditzakegunak: irudiak, argazkiak, grafikoak, arbela bera ere oso lagungarriak dira. Entzuleen inplikazioa, parte-hartzea bila dezakegu galderak eginez, gaiaz asko edo nahikotxo dakien bati azaltzeko eskatuz... 
  • Oharra: gogoan izan ulertzen ez dituzuenak (siglak, esanahiak, xehetasunak...) Interneten bertan aurki ditzakezuela: Wikipedian Googlen...

PROZEDURAK

-Gaia aukeratzeko prozedura

Arestian aipatu bezala, lau gai baino ez dizkizuet proposatu, zuetako lauk, behintzat, horiek aukeratuko dituzue. Denek gai berbera aukera ez dezazuen, honako prozedura honi jarraituko diogu: 

  • Nork zer: gaia aukeratutakoan, nire post-eko erantzun-ean sartu eta idatzi izena eta aukeratutako gaiarena. 
  • Begiratu erantzun ataltxoari: hor berton jartzen baitu norbaitek erantzun duen (erantzun 1, edo 2...). Horrela bada, klikatu sartzeko eta bertan irakurri ahal izango duzue nork zer aukeratu duen, beraz, zein ezin duzuen aukeratu. 
  • Libre dagoen gaia aukeratu: gogoan izan hartuta egonez gero ezin dela hartu. 
  • Gai guztiak hartuta egonez gero ZER?: bilatu blog berean beste gai aproposen bat, gaiarekin zerikusia duena, alegia. Horretarako kategoria sailkapenera jo eta miatu. Hainbat arlotan dago silkatuta: Internet, multimedia, oinarrizkoa, trikimalua...

-Azalpenerako prozedura 

  • Azalpenak banan-banakoak izango dira. Beharrezko euskarriak erabil ditzakezue: ordenagailua...Behin denak entzunda, zein iruditzen zaigun egokiena eta zergatik komentatuko dugu denon artean. Ondoren, azalpenak ere baloratuko ditugu.

PRESTATZEKO EPEA 

  • Astebete luzea, 10 bat egun

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)