Urtero bezala, sasoi honetan gonbidatu bereziak izaten ditugu gure etxeetan: saharar umeak. Hilabete bi gure artean izateko etortzen dira, Tindufeko basamortuaren bero ikaragarritik ihesi, elikagaien gabezitik eta beste gauza askorengandik ihesi. Umeak ume han eta hemen eta, edozein umek bezala, hondartzara joateko ilusioa dute, bizikletan ibiltzeko, gozokiak jateko... Ez dezagun ahaztu gauza horiek planeta honetako ume askorentzat luxua baitira. ONGI ETORRI, beraz, gugana datozen umeei, har ditzagun gozo eta izan daitezela zoriontsu gure artean. Hona hemen eguenean (uztailak 12)Loiuko frontoira etorri diren azken umeen argazkia.

Ez da giro, ez, lan egiteko. Beroa (ala hotza?) dela, leihoa zabaldu/itxi behar dela, nekea dela... denok gaude oporretan joateko irrikitan. Neuk ere laster batean izango ditut oporrak eta nirekin batera blogak. Hala ere, tartean-tartean, nahiz eta bestelako kontuekin, izango duzue nire berri. Tarte honetan, blogaren itxura ere aldatzea pentsatu dut, ea ditudanen artean zein aukeratzen dudan. Eta zergatik ez hasi oraintxe bertan? Udarako, behintzat, malekoia aukeratuko dut, aprobada egiteko. Zer deritzozue?
Etengabe ari da teknologia aurrera egiten, arinegi beharbada, batzuentzat behintzat. Gauza bat ikasten dugunerako, dzast! esan ezineko beste bat ( hatxetepecea...), horren izena esaten eta nondik norakoak dakizkigunerako, dzast! beste bat eta horrela... Jakina, erabiltzen ikasteaz gainera, erosi ere egiten ditugu apur bat merketzen direnean. Baina, atzo erositakoa gaur zaharkituta geratu zaigu; lehen bizpahiru funtzio zituenak mila eta bat gehiago ditu orain; tramankulu itzela zena eskuan eramateko moduko gauza txikitxoa oraingoan. Eta kontua da etxea, batez ere etxeko egongela, tramankuluz beteta daukagula, tope eginda, ez dela gehiagorik sartzen, sofa kendu ezean, behintzat: telebista(k); bideo-, DVD-, musika-aparatuak, TeDeTe dekodifikatzailea... eta, jakina, bakoitzak bere mandoa du. Horrez gain, ordenagailua(k), bideo-kamera, argazki-makina, MP3a... Kokoteraino gaude, ez ote dago modurik horiek guztiak gutxitzeko? Ez ote dago denetarako balio duen aparaturik? Ba, ba omen dago, bai, irtenbiderik, hainbat gainera.