Durangon, guraso eskolan
Gure seme-alaben arazo emozionalei aurre egiteko estrategiak izenburutzat duen kurtsoaren lehen saioan izan nintzen atzo Durangon. Kurtsoa hasi eta berehala, hezitzaileak bakoitzaren aurkezpen labur bat eskatu eta galdera bi luzatu zizkigun: bata hezkuntzaren definizio baten eskean, bestea, gure seme-alabekiko ditugun igurikapenak zeintzuk ote diren jakin nahian.
Ikastaroko kideek emandako erantzunetatik, honako motibazio hauek sumatu nituen: alde batetik, nerabe mukizuen gurasoak, ezintasunak bultzatuta, kurtsora erantzun eskean etorri direnak. Bestetik, ume txikiak dituztenak, badaezpada ere, zerbait jakin nahian.
Sailkapen gaiztoagoak ere egin nituen, baina oraingoz (behin bada ere), mihiari giltza jarriko diot.
Lehendabiziko galderari dagokion erantzuna, nahiko argi dut. Heziketa, niretzat, beste pertsona batekin konpartitzen den bide bat da; bide horretan, erakutsi eta ikasi egiten dugu, hartu eta eman. Noizbait, seme-alabetan pentsatzen jarrita, erabaki dut pribilegio bat dela pertsona baten hezkuntzan parte hartzeko aukera izatea, zoro txiki horien aurrerapenen testigu izatea.
Bigarren galdera hausnarketaren gelan utzi dut, hurrengo baterako. Formatzaileak esan zigun ez genuela inongo errezeta zerutiarrik jasoko; izatekotan, reflexiorako aukera izango genuela. Lehen harrikada bat ere bota zigun: zure seme edo alaba pertsona ona da.
Erantzunak:
Erantzun: