Artxiboak: 2008

2008-12-04

Permalink 00:31:09, Atalak: barruntadak, pasadizoak  

Facebook, benemerita eta Pablo

Facebooken sartu izan naizen bakoitzean, informazioa kudeatzeko dudan ahalmenak goia jo duela iruditzen zait. Denetarik aurkitzen dut bertan: norberaren sareko partaideek bidalitako mezuak, Uruguaytik nire abizen berbera duen neska batek bere sarekide izateko luzatzen didan gonbitea (lizunkeririk ez, eh!), Nafar estatu independientearen alde egiten duen taldeko harpidetza eskaintza, erregina pikutara bidali nahi duen taldearen gonbidapena... Lartxo pilartxo!

Lankide eta lagunak Facebooken erabilpenaren inguruan galdekatu ditudanean, jaso dudan erantzunik bitxiena eta aldi berean kezkagarriena, hau izan da: CIAren entsegu esparrua besterik ez dela!
Sare sozialen azterketa da poliziaren lanik zaharrenetako bat, eta hemen, gure herri bedeinkatu honetan, edozein polizia kontroletan itaunduak izan bazarete, badakizue zertaz ari naizen: nor da zure aita? zein lekutan egiten duzu lan? zure andreren izena?

Teoria baten arabera, bi pertsona ezezagun erlazionatu daitezke elkarren ezagun diren 6 pertsona baino gutxiagorekin. Teoria hau jarraituz, benemeritoek behin baino gehiagotan lotu naute honekin edo bestearekin. "Goraintziak familiari" esanez ere agurtu naute noizbait.

Gimnasioko makina batean jo-ta-su nabilela, alboan, Berasaluze VIIa korrika hasi da zinta gainean. Bera hartu dut jomuga. Nola bihurtu dezaket Pablo ezezaguna Pablito-lagun? Hiru bide ere aurkitu ditut:
  • Nire anaiaren etxeko aldamenekoa bere pelota-enpresan pelotaria da.
  • Nire herriko ezagun bat ere bere pelota-enpresan lankidea da.
  • Nire andrearen lehengusinaren senarra, botilero laneta ibili da berarekin.
Izutu ere egin naiz!
----------

2008-11-19

Permalink 10:16:36, Atalak: teknologia  

Markettroops

Kudeako lagunek, abentura berri bat jarri dute martxan, markettroops izenekoa. Gasteizen kokatua dagoen enpresa txiki bat da kudea, baina bere xumetasunean, proposamen ausartak egiteko gai ere badira. Horrelakoa da markettroops, erosle askoren interesak bildu eta prezio onak lortzeko ekimena.
Batzuk, horrelako proiektuen inguruan zailtasunak besterik ikusten ez ditugun bitartean, beste batzuk, Kudeako lagunak kasu, aurrera egiten dute.
Zorte hoberena opa nahi diet Iban eta bere lantalde guztiari proiektu berri honetan.

The little buyers revolution!
----------

2008-10-17

Permalink 09:37:55, Atalak: barruntadak  

Loturak

Goizean, zer irakurria parean dudala gosaltzen dut, berdin kolakao potoa edo rebista bat, beti ere hipnotizatuta. Irakurri dut Vigas Lunak masia bat duela Tarragonan. Bertan, ortu bat landu, ogia egin eta astean behin ez bada ere, nekazaritza ekologikoari lotzen zaio. Oreka aipatzen du berak, irian bizia ematen duen batek behar duen kontrapuntua.

Eta pentsatu dut badela horrelakoetan beste arrazoi bat ere: gure arbasoekin, euren jardunarekin, gure historiarekin lotzen gaituen gauza bat dela. Nik neronek, lehen gorroto banuen ere, gustura landuko nukeen baratze txiki bat. Nire aitarekin lotzen nauelako, txikitako oroitzapenekin lotzen nauelako. Gogoan ditut anaiak eta nik aitaren baratzea ureztatzeko izaten genituen komeriak. 200 litroko bidoi erraldoi bat garraiatzen genuen aitonak motor gurpilekin eginda zuen gurdi txiki batean. Etxe aurrean zegoen iturrian urez lepo bete eta etxe bazterretik zuloz josita zegoen bidean behera, gure aitaren baratzera abiatzen ginen. Proeza handia zen ur hura guztia inongo istripurik gabe baratzeraino eramatea... noizbait, Mirenen denda ere urperatzeko zorian izan zen. Patata ateratzea suertatzen zenean ere, ilara haiek ez ziren sekula amaitzen; alde batean eguzkia jartzen zenean, beste aldetik argitu egiten zuen.

Gure gurasoen jardunarekin lotzearen beharra frogatzeko beste aukera bat ere izan nuen aurreko batean. Alfak, josteko makina merke bat merkatuan jarri duela jakin nuen, komunikazio kanpaina aurrera eraman duen enpresako kide batek esanda. Arrakasta handia izan omen dute, eta arrakastaren arrazoietako bat hau omen da: emakumezko askorentzat erakargarria da jostun lanetan aritzea, jaiotetxean amak egiten zuen bezala.

Berriz ere ortura bueltan, nire ametsetako etxera egin dut jauzi, etxe bakarra, herritik urbil, planta zabalekoa eta inguruan belardi eta ortu txiki bat. Horrelakorik ez da oraindik, baina nik egindako bizkotxo eta jogurta gosaltzen jarraitu dut, ametsetan, gure amaren jogurtera hura gogoan.
----------

2008-10-15

Permalink 11:47:35, Atalak: teknologia  

Django eta Google App Engine

Atzo, Miñaon izan nintzen, Araba Enpresa Digitalak antolatutako ikastaro batean. Bost ordutan, argiaren abiaduran, Deustuko unibertsitateko Diego Lopez de Ipiña Django eta Google App Engine-ren inguruan aritu zen.

Djangori dagokionez, Python darabilen framework bat da, di-da batean web aplikazioak sortzeko pentsatua. Framework hauek eskaintzen dituzten ezaugarri guztiak ditu. Bakar batzuk aipatze aldera:
  • Datubasearen modeloa deskribatzen da eta Djangok berak sortuko ditu behar diren taulak eta hauek irakurri, idatzi eta kontsultatzeko objetua
  • Espresio regularrak erabiltzen dira orri eskaerak identifikatu eta behar diren modeloak aktibatzeko.
  • MVC ereduan oinarrituta dagoenez, garatzailea aplikazioaren logikan arituko da gehien bat.
  • Aplikazioaren alde administratiboa frameworkak sortu dezake
  • Datuen bistaratzea garatzeko, txantiloiak erabili daitezke
  • ...
Aplikazio berriak garatzeko oso ondo egon daitekeela iruditzen zait, baina badiren aplikazioak migratzekotan ordea, arazoak aurreikusten ditut:
  • Taulen eremu izenak ez dutelako frameworkak erabiltzen dituen konbentzioak jarraitzen.  Agian, Julenek iradoki zidan SQLAlchemy ORMari begirada bat bota beharko nioke...
  • Aplikazio batzuk datubase bat baino gehiago kudeatzen dituztelako
  • ...
Google App Engine-ri dagokionez, Googlek aplikazioak ostatzeko duen zerbitzua da. ostatutako aplikazioak, oraingoz, pythonen garatuak egon beha dute, eta Django bezalako frameworkak erraz sartu daitezke bertan, WSGI espezifikazioa betetzen duelako. Aplikazioei hainbat zerbitzu eskaintzen die Google App Engine honek:
  • Eskalagarritasuna
  • Datubase euskarria Big Table bidez
  • Erabiltzaile kudeaketa googleren erabiltzaile sistemaren bidez
  • Googleren beste hainbat zerbitzuekin ere integratu daiteke (picasa, ...)
Badirudi inor gutxi animatu dela bere aplikazio eta datuak Googleren esku uztera; bada Big Tabletik abiatuta, Big Brotherrera oso alde txikia ikusten duenik ere.
----------

2008-10-10

Permalink 23:18:52, Atalak: barruntadak  

Berriz ere martxan

Aupa Blog!
Badira hilabeteak blog hau bazterturik dudala. Honen erruduna Igor da, laster sei hilabete egingo dituen gure pottoko. Gure seme alabak horrelakoak dira, atentzio AASSKKOO eskatzen duten horietakoak.
Orain dela urte bat inguru idatzi nuen artikulu batean, kurtso berriko asmoen berri eman nuen bertan. Urte bat pasa da eta asmo guztiak usteldu ez direla ikusteak poztu nau.

EGAduna naiz jada, eta honekin, nire alfabetatzearekiko nuen errena atera dut nolabait. Autoformakuntza kurtsoan aritu nintzen, astean behin Durangoko Udal Euskaltegian ikasle, kantak dioen bezala: batzuetan bero eta besteetan ero... Eskerrak Puri eta bere hiztegi santuari.

Lanari dagokionez, hasiera batean hartu genuen JBoss jBPM alboratu eta Processmaker-i ekin diogu. Software librean oinarriturik dago eta gure proiektuko beharrak asetuko dituelakoan nago.
Lankide batek utzi gaituela eta, berak hasitako proiektu batean murgildu naiz, interesgarria inondik inora: enpresako web portal berria. Jende kasta berri bat ezagutzeko parada izan dut: "kreatiboak", komunikazio esparruan lan egiten duten pertsonak; hizkuntza berri bat, lan esparru berri bat.

Nire web aplikazio txikiak egiteko, altxor txiki bat ere aurkitu dut, MVC eredua azaltzen zuen artikulu sorta batetik ateratako framework xume bat baliatu dut. Gustokoa dut, xumea, ulergarria eta eraginkorra. Hurrengo batean luzatu naiz honen inguruan. Eta frameworketaz ari garela, datorren astelehenean Araba Enpresa Digitalak Django inguruan antolatzen duen kurtso batean izango naiz. Amak txikitan "berrizale" esaten zidan, eta orain ere horrela jarraitzen dut, gauza berriak ezagutzeko grinarekin.

Nire elikaduran ohitura berriak hartzen ere banabil. Montignac delako baten ideietan oinarritu naiz. Funtsean: elikagai prozesatuak baztertu eta "betiko" janarietara bideratu dut nire menua. Sukaldean lan gehiago eskatzen du, baina pozik nago orokorrean, pisua galtzen nabil eta nire belaunak gutxiago kexatzen dira artean.

Lankide baten blogak ere argia ikusi du nire mutualdi honetan. Biziki gomendagarria: zorrotza eta fina.

Hurrengo baterako utziko ditut zibilekin izandako komeriak edo enpresa ilun batera eginiko bisita. Laster ikusiko garelakoan, ongi segi.
----------

2008-02-27

Permalink 12:54:42, Atalak: teknologia  

BPM prozesuak, automatizazioa

BPM sistemak aurkezteko, Zamudion Bizkaia Enpresa Digitalak antolatutako jardunaldi batean izan nintzen atzo. Gauza berri handirik ez nuen entzun.
  • Adecom enpresako kide batek (Luis Ybarra), BPM bat zer den eta zein ezaugarri izan behar dituen azaldu zuen. Universidad de Navarra-ren TEMIS portala aipatu zuen. Temis delako honetan sartu (Publicaciones->Artículos), eta nahiko irakurgai interesgarriak topatu ditut bertan.
  • Confianz enpresako zuzendariak, BPM soluzio bat ezartzen ari direla aipatu zuen, eta ezarpen honen nondik norakoak azaldu ziten labur-labur.
  • AuraPortal enpresak, izen bereko softwarea aurkeztu zuen azkenik. Bi bezeroentzat eginiko aplikazioak azaldu zituen: Istobal enpresa eta Algemesí herriko udaletxea. Gauza asko erakusten saiatu zen hizlaria. Microsoften hainbat produktu baliatzen dituenaren susmoa hartu nion nik. Itxura grafiko aldetik ez zitzaidan oso erakargarria egin. Prozesuak grafikatzeko, BPMN notazioa erabiltzen zutela esan zuen eta MS Visio abian jarri zuen.
Laburbilduz: nahiko jardunaldi astuna. Hoberena, ESI erakundean Software librea eta BPMS-en inguruan ikerketak egin dituen mutil gazte bat ezagutu nuela eta bere laguntza lortu ahal izango dudanaren itxaropena gure enpresan abian dugun BPM proiektuan.
----------

2008-02-19

Permalink 15:30:50, Atalak: barruntadak  

Egunkaria libre

Egunkaria libre
Technorati:
----------

2008-02-12

Permalink 08:27:58, Atalak: barruntadak  

Durangon, guraso eskolan

Gure seme-alaben arazo emozionalei aurre egiteko estrategiak izenburutzat duen kurtsoaren lehen saioan izan nintzen atzo Durangon. Kurtsoa hasi eta berehala, hezitzaileak bakoitzaren aurkezpen labur bat eskatu eta galdera bi luzatu zizkigun: bata hezkuntzaren definizio baten eskean, bestea, gure seme-alabekiko ditugun igurikapenak zeintzuk ote diren jakin nahian.
Ikastaroko kideek emandako erantzunetatik, honako motibazio hauek sumatu nituen: alde batetik, nerabe mukizuen gurasoak, ezintasunak bultzatuta, kurtsora erantzun eskean etorri direnak. Bestetik, ume txikiak dituztenak, badaezpada ere, zerbait jakin nahian.
Sailkapen gaiztoagoak ere egin nituen, baina oraingoz (behin bada ere), mihiari giltza jarriko diot.

Lehendabiziko galderari dagokion erantzuna, nahiko argi dut. Heziketa, niretzat, beste pertsona batekin konpartitzen den bide bat da; bide horretan, erakutsi eta ikasi egiten dugu, hartu eta eman. Noizbait, seme-alabetan pentsatzen jarrita, erabaki dut pribilegio bat dela pertsona baten hezkuntzan parte hartzeko aukera izatea, zoro txiki horien aurrerapenen testigu izatea.
Bigarren galdera hausnarketaren gelan utzi dut, hurrengo baterako. Formatzaileak esan zigun ez genuela inongo errezeta zerutiarrik jasoko; izatekotan, reflexiorako aukera izango genuela. Lehen harrikada bat ere bota zigun: zure seme edo alaba pertsona ona da.
----------

2008-02-07

Permalink 09:16:59, Atalak: barruntadak  

No time for love

Hertzainaken kantu hau darabilt buruan azken egunotan, gaztelumendi.org blogaren ale hau irakurri nuenetik; herri zahar honek berritzerik ez omen du.

Goizean, lanera nindoala, kanta honek bidean jarri dizkit azken aste hauetako torturak, atxiloketak, jazarpen eta ilegalizazioak.
Eta ez dut ulertzen zer egiten dugun euskaldunok, independentzia zale garenok behintzat, espainiar estatuan antolatzen diren hauteskunde orokorretan parte hartu nahian. Legeak bere gustu eta mesedetan egokitzen dituen estatu tranpati eta sasi-demokratiko honen aurrean, independentzia aldarrikatzea ondo dago, baina independentzia hau praktikan jartzea ere ez legoke gaizki. Euskaldun gehiegi dabil aspaldi Madrilera bidean, otzan, edozein epaileren esanetara. Eguneroko rutina bihurtu da hau guztia, noizbait herri honek gainean duen harri madarikatua goitik behera abiatzen bada ere, hor da sisifo, berriz ere harria gure etorkizunaren gainean jartzeko prest, temati.

Arratsaldez, lanetik bueltan, autopista irteeran maniobra "irregular" bat egiterekin batera, zibilak ondoan zirela ohartu nintzen. Gutxira, atzetik nituen sirena hotsak. Nire kotxea inguratu eta ohiko paper eskakizun eta miaketak espaloian zeuden herritarrak adi-adi zeudela. Behin eta berriz, errepikatzen diren eszenak, mutiko koskor ginela, atzamarra egiten ari eta kuartelillorako bidean jarri gintuztenekoa, edozein kontroletan bizitako komeriak, nik zer dakit...

Gaur goizean, irratiak dio Iruñan emakume batek bere eroaldian bi seme akabatu omen ditu pozoindu eta labankatu ondoren.

No time for love.
Technorati:
----------

2008-01-21

Permalink 10:55:38, Atalak: barruntadak  

BAI software libreari

Eusko Jaurlaritzak, ezkutuko barne txosten batean oinarriturik, ez du egoki ikusi software librea erabiltzea hainbat esparrutan. Horrelako txosten bat ezkutuan mantentzeak elkarrizketa ezabatzen du. Txostena plazaratuko balitz, hainbat ekarpen jasoko lituzkete, eta ziur nago bat baino gehiago balio handikoak izango liratekeela.
Euskal komunitatean, sortu da gertakari honen aurrean zerbait egiteko gogoa. Momentuz, softare libreari BAI esaten dion logoa aurkituko duzue blog honetan.
----------

:: Hurrengo orrialdea >>

agonirena

baiSL

Teknologia pixka bat, eguneroko pasadizotatik sortutako purrustadak eta niretzat psikiatra birtualaren lana egiten duen bloga duzue hau.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

ander goñi

agonirena

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Atalak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution