Gure umeak Eskola Publikoan ikasten dute. Kurtso hasierako batzarrak izan ditugu aste honetan. Orain arte egin den bezala, batzar hauetan, txosten bat eman digute eta irakasleak txosten hau azaldu digu, bai euskara eta bai gaztelera txandaka erabiliz. Txostena hizkuntza bitan idatzia dagoenez, irakaslea euskaraz ari denean, erdaldunek txostena irakurtzea besterik ez dute azaldutakoa ulertzeko.
Pentsa daiteke, D eredua bakarra den ikastetxe honetan, guraso batzarretan erdaldunak gutxiengoa izan arren batzuetan, haien hizkuntza eskubideak ondo baino hobeto babesturik daudela.
Azken batzarrean, irakasleak gaztelera hutsean eman zituen azalpen guztiak. Hainbat bider bizitako egoera errepikatu zen: lehen agurra euskaraz, denon ulermenaren mesedetan gaztelera lehenetsi eta batzarra euskaraz despeditu. Eta hau eskola euskaldun batean gertatu da, irakasle euskaldun bat eta gehiengoa euskalduna den guraso talde batek egindako batzar batean.
Berriz ere, ustez eztabaidarik onartzen ez duten euskaldunon hizkuntza eskubideak urraturik. Eta horrelako jokabideak saihestu ezean, aurrekari bihurtzeko arriskua izaten dute. Egun hauetan hitzetik hortzera dabilen
Keith Johnsonen artikulua datorkit burura. Horrelakoak hontzat ematen baditugu, Johnson jaunak arrazoi izango du, hots, hizkuntza ezgauza dela gurea, eguneroko jardunerako balio ez duena.