Historia hau lagun batek luzatutako galdera batekin hasten da:
Bezero batek formatu arraro batean dituen datuak irakurri, eta mysql moduko datubase batera mugitu nahi nituzke... Laurogeiko hamarkadan eginiko aplikazio batek kudeatutako datuak dira eta ziur aski COBOL aplikazio bat izango da...Horrela hasten da festa. Horrela hasten dira ordu txikietako saioak, hau begiratu, bestea instalatu, hori irakurri, bestea frogatu... Erronka klase hauek izugarri atsegin ditut, hau bai da nire afizio eta pasioa.
COBOLi buruz zereozer gehiago jakiteko aukera izan dut. Jada desagertua zegoelakoan nengoen ni, baina ez da hau egoera inondik inora, 1997an, Gartner Groupek eginiko txosten batek zioen, munduko negozioen kudeaketa ehuneko larogei batean COBOLen oinarriturik dagoela.
1959an sortua, datu kudeaketa du xede. Txartel zulatuak erabiltzen zirenez garai haietan euskarri moduan, programazio langoaia honetan idatzitako aplikazioetan, lehen zazpi zutabeak "zuri" mantendu behar dira.
Hau litzateke COBOL-en idatzitako oinarrizko "Hello World" moduko aplikazioa
IDENTIFICATION DIVISION.
PROGRAM-ID. HELLO-WORLD.
PROCEDURE DIVISION.
PARA-1.
DISPLAY "Kaixo, mundu!.".
STOP RUN.
Nire lagunaren datuak irakurtzeko
COBOL pixka bat ikasi eta aplikazio txiki bat egin nuen. Lehen aukera, software libreak eskaintzen duen COBOL konpiladorea:
OpenCOBOL. Ubuntu distribuzio batean istalatu, aplikazioa konpilatu eta... kaka. COBOL konpiladore ezberdinak sortu zituzten enpresek, datu formatu ezberdinak erabiltzen zituzten :-( eta ez dago OpenCOBOLekin gure datu fitxategiak duen formatua irakurtzerik.
Hurrengo pausua: datu fitxategiaren formatua zein den jakitea. Aplikazioen egileak MS-COBOL 3.1 erabili zuela aitortu zuen, eta aplikazio horri buruz bere ahotik aterako ziren azken hitzak hauexek izango zirela. Oraingoan ere, Microsoft tartean! Ba bai, bai jauna, Microsoftek
Micro Focusek eginiko COBOL aplikazio hau eskeini zuen 1992 urtera arte. Microsoften konpiladore hau sei disketetan eskaintzen da, garai bateko hiru pulgada eta erdiko disketetan. Eta jakina, DOS sistema eragile baten gainean erabili daiteke bakarrik. Berriz ere software librea erreskatera: Ubuntu distribuzioan
VirtualBox birtualizazio softwarea instalatu eta
FreeDOS sistema eragilea bertan abiarazi :-). Disketak fisikoki grabatu beharrean,
imaginak sortu nituen eta hauek montatu nituen.
FreeDOSen gainean istalatutako Micro Focus konpiladoreak ederki egin zuen bere lana! Datu base bitar indexatu bat
C-ISAM formatura eraldatzea lortu nuen, registro bakoitza lerro batean, eta eremu guztiak luzeera berarekin, kalkulu orri batek erraz asko onar dezakeen formatua.
Micro Focusek, egun,
Net Express izena duen COBOL garapen IDE bat eskaintzen du. Mandoa martxan jarri, ikastetxeentzat eskaintzen den bertsio bat lortu eta berau erabiliz ere dena primeran joan zen.
Hurrengo "a que no..." horietako bat proposatu arte, lo ordu gehiago egingo ditut behintzat!