Laguntza eske natorkizue oraingoan. Arazoa zein den azaltzeko, adibide erreal bat jarriko dizuet

Aplikazio informatiko bat garatzen dugunean, hainbat zerbitzu erabiltzen ditugu aplikazio horren ezaugarriak gauzatzeko. Adibidez, aplikazio sarrera baimentzeko, LDAP direktorio zerbitzua erabili dezakegu, datuak datu-base zerbitzari batean gorde edo txostenak
cocoon bezalako framework batean sortu. Zerbitzu ezberdin hauek makina ezberdinetan egoten dira, eta makina hauetako bakoitzak, guk erabiltzen ditugun zerbitzuetaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte.
Demagun, azpiegitura informatiko honen arduradunak, zerbitzari jakin batean lanen bat egiteko premia duela eta horren ondorioz, makina honek eskaintzen dituen zerbitzuak desgaituta egongo direla. Sistema arduraduna dator zuregana eta hauxe galdetzen dizu: Zer gertatuko da X makina itzaltzen ba dut?.
Azpiegitura txikia denean, galdera honek ez luke zentzu handirik izango, baina, aplikazio mordoa martxan dagoenean, aplikazio bakoitza pertsona ezberdinen ardurapean dagoenean... ez da hain erreza.
Enpresan dugun azpiegituran ematen diren erlazio edo mendekotasun hauek kudeatzeko software baten bila nabil. Nahiz eta Google-kin jotake aritu, ez dut ezertxo ere aurkitzen. Funtsean, zerbitzari, zerbitzu eta aplikazioen arteko harremanak grafikatu nahi nituzke, sistemetako arduradunak, dida batean jakin dezan, zein ondorio izan dezakeen makina jakin batean egin daitekeen ekintza batek.
Nahiago nuke software askean oinarrituriko softwarea balitz, eta langileok, elkarlanean diagrama hau osatzeko aukera eskaeiniko balu, hobe (badakizue, 2.0 kutsuarekin)!
Gustokorik aurkitu ezean, lan orduz kanpo, web aplikazio txiki bat egiteko asmoa dut. Norbaitek interesik balu, ongietorriak izango dira elkarlan eskaintza guztiak!
2007.01.23 eguneraketa: Lehen biktima: phpMyInventory