Gaur,
Arrasateko Eskola Politeknikoan izan naiz. Ingeniaritzako bigarren mailako informatika ikasle batzuk izan ditut entzule-sufridore.
Slidy-rekin eginiko aurkezpen batean, software proiektu kudeaketari buruz hitz egin dut.
Gure enpresan erabili ditudan eredu ezberdinak erakutsi dizkiet. ISO zertifikazioak puri-purian zeudenean erabili genituen modelo estu eta pisuetatik hasita, egun, mantenu proiektuetan erabiltzen ditudan eredu heterodoxoetaraino.
Extreme Programming motako ereduak ere aipatu ditut. Aurkezpena arinago egiteko asmoarekin, internet konexioa erabili dut hainbat web orri erakusteko.
Morfeoren beso artean galdutako neskaren bat salbu, ikasle gehienak adi izan ditut.
Iaz eginiko aurkezpen bat erabili dut. Oraingoan ordea, atal berri bat gehitu diot. Aurreko gaiarekin zerikusirik ez duen arren, egunerokotasun handia duenez, interesgarria iruditu zaidalako:
Web 2.0 / Taller 1.0. Funtsean, egun ahoz-aho dabiltzan wiki, blog, folksonomia eta halako gauzok, makina-erreminta moduko enpresa batean izan dezaketen erabilpenaz aritu naiz. Departamenduan egin dugun web aplikazioren bat erakutsi dut eta wiki edo blogei ateratzen diegun probetxuaren ideia batzuk eskaini dizkiet.
Harritu nauena zera da: informatika ikasketak egiten ari diren 20-22 urteko gazte hauen gehiengo batek
del.icio.us,
google-maps,
zabaldu,
tagzania,
flickr eta halakoak ezagutzen ez dituztela. Aurkezpenaren azken zatia holako aplikazioak erakusten eman dut.
Pasio gutxi ikusi dut ikasleengan...
- Zerk eramaten gaitu gehiegi interesatzen ez gaituen bost urteko ikasketa batean matrikulatzera?
- Lau katuren asuntoa ote da web 2.0 hau?
- Horrelakoak ote ginen gu ikasle garaietan?
- ...