Askotan pentsatu dut: une honek kanta eder batek lagunduta ikusleak hunkituko lituzke. Ez al zaizue gertatu?
Egunsentia (edo iluntzea), giro ederra (edo euria barra-barra), kale luzean oinez, poliki edo azkar, baina ahal izatera bakarrik, edo, behintzat, jende gutxi inguruan. Pozez zoratzen edo triste, lur jota, tartekoak ez luke hain ongi funtzionatuko, muturreko sentipenak hobeki lagunduko dizute honetan. Proba egin, pentsa Golemetako pantaila erraldoi bateko protagonista nagusia zarela, egunsenti edo iluntzean, poliki edo azkar, pozik ala triste. Zein soinu-banda aukeratuko zenioke zure bizitzari?
Ligatzeko betiko esaldiek ez dutela jada funtzionatzen? Zure bihotzeko azukre koxkorrari botatzeko losintxa edo piropo originalak agortu zaizkizula? Hona hemen Deustuko Berbaizu euskara elkarteak egindako piropo lehiaketako hamar onenak:
- "Han edo hemen ibili, ni zurekin Mari Pili!".
- "Zure kuleroak, nire ikurriña!" edo "Zure gaiunboak, nire ikurriña!" bertsioa.
- "Zeu zara nire pottoka. Polita, basatia eta euskalduna".
- "Elkarrekin gauden bakoitzean, planetaren beroketan laguntzen dugu".
- "Munduari buelta emango nioke helmuga zeu izango bazina".
- "Ni su, zu gar, ni ta zu, su ta gar".
- "Nor litzateke ilea zure gorputz atal intimoetan kili-kili egiteko!".
- "Ederra dozu azala, gorria masaila, eta leuna soa, txanda ostean nora hoa, Deustuko tomate bikaina?".
- "Zu zara maite dudan neskatxa bakarra, eragiten didana irri eta negarra, zeru oskarbiaren izar goiztiarra, zuk markatzen didazu bihotzean iparra".
- "Zuregatik balea bat txankletaz hilko nuke".
Zorte on, beraz!
Bilbon Ertzantzarekin euskaraz hitz egin nahi izateagatik neska bati gertatua. Hona hemen berak adierazitakoa:
"Isilik egon naiz hilabete osoan, gertaerak barneratzeko ahaleginetan, baina badaude irentsi ezin daitezkeen egoerak eta hona natorkizue. Pasadizoa luzea da eta zerrenda zoro bihurtzeko arriskua badut ere, labur kontatu nahi dut. Izan ere, hau bezain sinplea dena baino ez dut plazaratu nahi: Ertzaintzari euskaraz egiteko eskatu niolako atxilotu ninduten.
Otsailaren 18an Bilboko Zazpikaleetako metro geltokian bertako langilearekin tirabira izan ondoren honek Ertzaintza deitu zuen. Hauek erdaraz hasi zitzaizkidan, eta nik, mesedez, euskaraz egiteko esan nien. Orduan hasi zen kalbarioa! Agenteak «euskaraz badakit, baina zurekin ez dut hitz egingo», bota zigun... Kartera erakutsita, euskaraz eskatuz gero emango niola errepikatu nion, baina ez zidan begiratu ere egin. Orduan euskaraz hitz egin nahi zuen norbait bidal zezaten eskatu eta bost bat minutura uniforme beltzez jantzitako lau ertzain agertu ziren, eta euskara zekiten galdetu nienean inortxok ez zidan erantzun. Ez zetozen, antza, ni laguntzera... Pare bat minutura «Detenida!» esan, eta konturatu nintzenerako bultzaka ninderamaten eta euskaraz hitz egitea baino ez nuela nahi oihuka hasi nintzaienean, gorroto biziz, eskuburdinak jarri zizkidaten martxan gindoazela. Hori guztia sei ertzain handiren artean, ni metro eta erdi baino ez izanda... Gehiago nahasteko, ertzain euskaldunak belarrira «zu ez zara euskalduna» xuxurlatu zidan irribarretsu. Esaldia ulertzen dut, baina zentzua eta asmoa ez...
Bitartean, argazkiak atera zituen lekukoa lurrera bota zuten, argazki kamera (mugikorra) kendu eta nahi zutena ezabatu zioten.
Behin polizia-etxera helduta, biluzarazi ninduten, argazkiak egin zizkidaten, hatz markak artxibatu eta ziega batean sartu. Abokatuari deitzeko telefono zenbakia eman nien, eta denbora aurrera zihoanez zaintzaileari deitu nion. Ea zer gertatzen zen, ea zergatik nengoen han, ea non nengoen, ea abokatua non zegoen... galdetuta, medikua ikusi nahi nuela ulertu zuen berak. Izan ere, ez zuen euskaraz hitz bakarra ulertzen, bertan egon ziren beste gehienak bezala. Salbuespena fitxa bete zuen sasieuskalduna eta ziegatik medikuarengana eraman nahi ninduena izan ziren. Gau hartan 18 bat ertzainekin izan nuen tratua.
Pare bat ordura goiko bulegoetara eraman ninduten, nire gauzak bueltatu zizkidaten eta sinatzeko paperak eman. Lehenengo dokumentua nire eskubideena zen. Erdaraz zegoen paper hark erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan deklara nezakeela esaten zuen... Hara! Nire eskubidea nire delitua... Nork ulertu! Hurrengo egunean epaitegira joan behar nuela esan zidaten, eta itzultzailerik beharko nuen galdetu zidatenean, ea zein hizkuntzatarako(!), bota zidan... Adarra jotzeko gogoarekin, zu!
Hurrengo egunean epaitegira etorri ez zirenak ertzainak izan ziren, eta martxoaren 8ra atzeratu zen epaiketa. Han entzundakoak ez ziren makalak izan: euskara pa' marear la perdiz erabiltzen nuela eta en mis trece jarraitzen omen nuen gainera (tematia izan ere banaiz)... Batek airean ninderamatela eta besteak, ordea, lasai asko lagundu nindutela atxiloketan, ez zuten gogoratzen eskuburdinak jarri zizkidaten... eskubideak bi hizkuntzetan irakurri omen zizkidaten, ni erdaraz ibili omen nintzen...
Beraz, salatu beharrekoak asko dira eta Behatokira, Arartekora, Sailburuordetzara eta hedabideetara igorri ditut jada nire kexa-idatziak. Orain arduradun politikoek eta epaileak diotenaren zain nago, ni bainaiz akusatua! Ertzainek beren jarrera lotsabakoa erakutsi zuten, eta neuk ere eskertu behar diedan bakarra botijo gabe etorri izana da.
(OLATZ BERROJALBIZ INTXAURBE zornotzarra eta euskalduna da)
"Mundua oker irakurtzen dugu, eta, gero, engainatu gaituela esaten dugu".
Rabindranaz Tagore
Nik, larunbatean Batzar Orokorra dagoela gogorarazi nahi nizuen, eta Zuzendaritzako
batzuk bagoazenez jende berria behar dela ere bai. Beraz ea animatzen zareten
Zuzendaritza Batzordean sartzen. Bilera 15:30 tan izango da, orduko hasten bagara
lehenago bukatuko dugu. Etor zaitezte!! Nerea Murillo
Zer pentsatuko zenuke lagun bati deitu eta "digamelon" erantzungo balizu, duela ez asko iragarki batean azaltzen zen bezala? Barre egin eta krestozenoko esaera hori nola bururatu zaion esango zenioke, ziuraski. Aldiz, ke pasa Neng! batekin agurtuko bazintu ez zintuzke harrituko, gehienez, nire iritzi berekoa bazara, "zein originala=astuna" pentsatuko zenuke.
Moda hauek, guztiak bezala, zaleak eta gaitzesleak dituzte. Zaleek etengabe errepikatzen dituzte eta gaitzesleok, irri bortxatu bat eskaintzen dugu konfiantzarik ez badago edo nazka aurpegia jarri lagunen artean bada. Konturatuko zineten ni bigarren taldean sartzen naizela, salbuespenak salbuespen, jakina; onartu behar dut noizean behin grazia egiten didala, baina zenbaiten ahotan guztia izaten delako barregarri.
Nahiko jasangaitz zaizkidan batzuk ditut buruan, baina, zalantzarik gabe, guztietan gorrotagarrienak Comorrr? eta horiek egiten zaizkit; benetan, horiekin No puedorrr!
Zuek baduzue gorroto edo gustuko duzuen esamolderen bat?
Oharra: barka gaurkoan ez identifikatu izana, horrelako aitorpena neure onetik ateratzeko erabil lezake gaizkileren batek...
Gure hitza ez dadin gure txokoan gera.