1976. Behin eta berriz aipatzen ari garen trantsizio urte hontan antolatu zen “24 orduak euskaraz” izeneko ekitaldi potolo hau, Herri Irratia eta Loiola Irratiaren eskutik. Franco hil osteko askatasun giroan kokatzen da unea. Ordurarte euskaraz eginiko lanen errotze bat ematen ari zen, indartze bat. Abagune historikoa izan zen euskal irratigintzarentzat.
Jose Ramon Belokik oso gertutik bizi izan zuen egun hura, bera izan baitzen koordinatzaile nagusia.
Juan Lekuona garaiko Herri Irratiko zuzendariari planteatu zion komunikabideetan euskararen planteamendu zehatz baten beharra. Honek ateak ireki zituen egun hartako proiektua aurrera atera zedin. Elebitasunaren eztabaida pil-pilean zegoen hartan, beraiek euskara hutsezko eredu linguistiko baten beharra nabarmentzen zuten; %100 eta 24 orduz euskaraz lan egingo zuten hedabideen beharra.
Hortarako, aspaldidanik euskaltzaindiak lanean ziarduen euskara batu edo normalizatuak indarra hartu behar zuen, komunikabideak euskaraz gara zitezen.
Odile Kruzetak, aldiz, nahiko kanpotik bizi izan zuen esperientzia hura. Artean gaztea zen, Zeruko Argian kolaborazioak egiten zituen eta aldi berean unibertsitatean Fisikako ikasketak.
Halere, harrezkero oso lotuta egon da euskal irratigintzara. Egun, Euskadi Irratiko zuzendaria da.
Berak, “24 orduak euskaraz” etxetik jarraitu zituen arren emozioz eta euforiaz gogoratzen du eguna. Aldarrikapen handi haren atzean, esanahi handia ezkutatzen omen zen, euskara bizitzako arlo guztietara zabaltzeko beharra eta nahia, alegia. Bizitza oso bat euskaraz egitea posible zen eta urtetako lanaren ostean urrats garrantzitsu bat ematen ari zen.
24 orduak irratian. Ekitaldi hau antolatzeko zailtasun asko zeuden oraindik, nahiz eta diktadura osteko urtea izan. Halere, zailtasunen gainetik lanerako borondatea antzematen zen, herri oso bat zegoen ekimena babesten, euskal gizartea aldaketaren egarri zen. Ordurarte euskararen aldeko lanak egin baziren ere puntu honek epoka berri bat markatu zuen, dudarik gabe.
J.R. Belokik antiirrati bezela definitu zuen egun hartan gertatutakoa. Komunikazioaren ikuspuntutik oso pisutsua izan omen zen irratsaioa: euskara eta euskal kulturaren inguruko mahainguruak, kronikak…. Testigantza bat izan zen komunikazioa egiteko behar bat baino gehiago. Antikomunikazioa, hitz batetan. Halere, erantzun erraldoia izan zuen gizartean. Jende ugarik entzun zuen, arrakastatsua izan zen, baina garbi zeukaten hori ez zela irratia egiteko bidea.
Belodromoko jaialdia. Irratsaioaz gain, Donostiako belodromoan jai handi bat ere antolatu zuten, hamaika kantari, artista…bildu zirelarik (Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete…) Leherketa baten moduan definitzen dute jai hura.
Ametsa egi bihurtzen ari zen, euskaraz 24 orduz jardungo zuten hedabideak sortzea posible zen, herritarren babesa zuten. Urteetako lana gorpuzten hasia zegoen.
Oihartzuna. Gaur egun badira 24 orduz euskara hutsean diarduten hainbat komunikabide. Hauek guztiak egun haren fruitu direla esatea asko esatea bada ere, orduko planteamenduak jarraitzen dituztela azpimarratu du Belokik.
Odilen ustez, irratian indarra errepikapenak du, iraupen luzeko irratsaioak egiteak, “24 ordu euskaraz” asko egiteak, ez soilik egun bat. Geroztik, hedabideetan lan egiten dutenen zeregina izan da euskara esparru guztietara zabaltzea, gai ezberdinen inguruan euskaraz hitzegingo duten adituak lortzea, beraien berri izatea. Lan sakona eta zabala egin du eukal irratigintzak “24 orduak euskaraz” egun hartatik.
Egunaren kronika. Hona hemen Argiak “Gure Mendea” liburuan jasotako egun hontako kronika, momentuan bizitako egoera kontatzen duelarik.
Gaur egungo irratien egoera. Gaur egun, Euskal Herrian hainbat irrati daude euskara hutsean emititzen dutenak. Gehienak herri eta eskualde irratiak dira. Horietatik batzuk erakunde publikoen diru-laguntzak jasotzen dituzten arren, gehienen finantzaketa-iturria publizitatea eta bazkidetza dira.
Garbi dago, Iparraldean eta Nafarroan batipat, egoera politikoa medio, euskarazko hedabide batek komunikabide arloan tokitxo bat egiteak zailatasunak baino ez dituela aurkitzen bidean. Hona hemen bi kasu.
Ipar Euskal Herriko lau irratiek (Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegiko irratia eta Antxeta irratia) Euskal Irratiak izeneko federazioa osatzen dute. Lau irratiek, batera osatzen duten programazio kopurua handitu dute, berri sailen taldea sendotu, ekonomia arloa hobeki egituratu eta prestakuntzak eskaintzen jarraitu dute. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekiko negoziazio fasea «bururaino» eraman nahi dute, are gehiago kontuan hartuz aurten bukatuko dela Hitzarmen Berezia eta datorren urtean negoziatuko dela hurrengo zazpi urteetarakoa. Diru laguntza horiez gain, beste finantzabide batzuk aurkitu behar dituzte. Botere publikoetatik poliki-poliki diru-laguntzen beherakada bat nabari baita.
Nafarroako kasuan, euskara hutsean emititzen duen irrati bakarra dago, Euskalerria irratia. Duela 18 urte jaio zen eta bidean aurkitutako zailtasunak gaindituz airean darrai oraindik ere. 1998an Nafarroako gobernuak emititzeko lizentzia kendu zionetik borrokan jarraitzen du bere legeztatzearen alde. 2004an Nafarroako Hizkuntza Politikak diru-laguntza gabe utzi zuen emitititzeko lizentziarik ez zuelako. Horregatik irrati honen finantzabide nagusia bazkidetza da egun.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Euskal Prentsa aztergai izan dugun lau ikasle gara. Azken 30 urteetan gure herriko prentsak jasan duen bilakaera kontatuko dugu jarraian. Urte guzti hauetako protagonistak eta gaur egungo protagonisten testigantzak, elkarrizketak... Guztia Euskal Prentsa hobeto ezagutzeko. Azkenik guk gai honen inguruan izan dezakegun iritzia edo kritika zuekin partekatu nahi genuke. Eta zuek izan dezakezuen iritziaz gure lana aberastu.