Egia esan ez dira bi hitz izango.
Hamaika hitz.
Ehundaka hitz.
Milaka hitz.
Hitz asko gai bera jorratzeko. Euskal Prentsa gerturatzeko. Barneratzeko.
Astuna izan daiteke, beraz, hartu unetxo bat. Eta ez irakurri guztia segidan. Tarteka.
Hartu unetxo bat gora begira zauden momentuan; TBn Goenkale dagoenean; xaboein iragarkiak ikusteaz nazkatzen zarenean; porru-patatak egosten dauden bitartean; komuna garbitzea tokatzen zaizunean; lanean zereginik ez duzunean.
Izan dadila nahi duzunean, baina ez zaitzala aspertu.
Gure xedea ez baita inor gogaitzea, Euskal Prentsaz jakin daitekenaz gozatzea baino.
Bide batez, kontatuiguzu burutik pasatzen zaizun hori. Aberas gaitzazu.
Izan ditzazula momentu asko
1976.urtea “euskal kazetaritzaren urte”gisa izendatu zuten Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkariek. Aldaketa eta progresu giroa izango dugu Euskal Herrian eta Frankoren heriotzaz gero, egindako lan gogorrak fruituak ematen hasiko dira. Aldakuntzak izango dira euskal prentsaren munduan, irratian, hedabideetan, baita telebista arloan ere. 15 urte baino gehiagoko lan gogorra izan da gaur egungo egoerara iritsi bitartekoa.
1975 “Emakumeen nazioarteko urte” gisa batailatu zuten. Berrikuntza batzuk emango dira, hala nola, elkarte politikoak sortzeko aukera, ECU txanponaren sorrera, Euskal liburu eta disko azoka Durangon baina errepresio egoerari ez zaio bukaera ematen.
Astekariak bahituak,propaganda gazteak erailak, apaiz atxilotuak eta Francoren azken bost exekuzioak emango dira (Txiki, Otaegi, Jose Humberto Baena, Ramon Garcia, Jose Luis Sánchez Bravo). Urte honetan Franco hil egingo da eta Juan Carlos izango da Espainiako estatuburu. TVEan lehen euskarazko programa igorriko dute.
1976 “Euskal kazetaritzaren urtea” dugu. Loraldiz josia dago alde batetik: euskal komunikabideen astea, unibertsitatearen alde, euskaltzaindia babestua, “24 orduak euskaraz”, Euskal Egun Nazionala, amnistia mugatuaren indultua eta ikurrinaren legeztatzea moduko berriak izango ditugu. Beste alde batetik, langile erailak, Segoviako hiesean hildako eta zaurituak izan ziren. Erregeak Adolfo Suarez izendatuko du gobernuko presidente. Xalbadorren heriotza ere aipatzekoa dugu urteotan.
“Egunkari berrien urtea” dugu 1977, elebitasunerantz joaz: “Jakin”-en itzulera, “Deia” eta “Egin”-en sorrera. Hurrengo urtean ostera irakurle falta izango da.
1980an “Zeruko Argia”-ren krisia dugu, “Argia”sortuz eta zenbait euskal komunikabide txikiren sorrera.
Bi urte beranduago, Euskal Irrati Telebista sortuko da eta Euskadi Irratia euskaraz egingo da. Elebitasunaren frakasua eta Anaitasunaren bukaera ere urte honetakoa dugu.
Euskarazko lehen hastapenak 1989. urtean emando dira eta 1990ean Euskaldunon Egunkaria kalean da, lan gogor eta astunen fruitu gisa.
Hori guztiaren lekuko izango dira Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkariak. Garaiko testuinguru horiek diseinuan, estiloan eta kazetaritzaren momentuko kezketan islatuko dira.
Zeruko Argia zenbati sail desberdinetan banatuko da (Ipar Euskal Herria, Bulbar irekia, 24 orduak euskaraz, Baserritarrak)eta momentuan momentuko gaiak jorratuko ditu. Hala nola, irakaskuntza, nuklearrak, hilketa eta bortitzkeriak, bertsolaritza zinema, eliza, Xalbadorren heriotza eta sindikatuen gaia beti ere, “euskal kazetaritzaren urtea ote”lelopean. 1977an ikurrina ilegala azalean argitartuko du aldizkariak.
Anaitasuna aldizkariak ere sail desberdinak ditu (Iberian zer, Euskal Herrian, 3. mundua, tantaka) eta honako gai hauen inguruan mintzatuko da: alfabetizazioa, euskaltzaindia, hilketak, grebak, 24 orduak euskaraz, foruak, langabezia, mundua, unibertsitatea, ikurrina, Durangoko euskal liburu eta disko azoka eta Xalbadorren heriotza besteak beste.
Ondorengo bideoa ikusten ez baduzu klikatu HEMEN.
Joan Mari Torrealdai Anaitasunan zuzendari izan eta Jakin eta Euskaldunon Egunkarian ere lanean aritutako esperientziadun gizona da. Beste horrenbeste esan dezakegu Mikel Atxagari buruz, berau, Zeruko Argia aldizkarian gogor aritu baitzen. Kazetaritza ikasketak egin gabe zituztela, gazte-gaztetatik praktikatu dute kazetari lana.
Francok agintzen zueneko garaiak, euskal prentsari begira, “izugarri latzak” izan zirela gogor azpimarratzen dute. “Oso urte gorabeheratsuak” izan ei zirela, diote. Gainera, kazetaritza ikasketak hemen egiteko aukerarik ez zegoela eta, euskal prentsan lanean hari ziren gehienak (guztiak ez esatearren…) titulubakoak ziren. Hori gutxi balitz, “Franco hil zenean, 215 kazetarietatik euskeraz moldatzen zirenak 10 besterik ez ziren”, esan digu bikoteak.
Torrealdaik, garaiko zentsurari egiten dio erreferentzia. “Garai hartan, bazegoen kaleratutako idatzien kontrol administratibo bat”, diosku. Idazlea ez ezik, hedabide horretako zuzendaria ere salatu egingo zuten administrazioak nahi ez zuen hori kaleratuz gero. Beldurra zabaldu egin zen auto-zentsurari bidea irekiz eta arazoa benetan gaiztotu zen orduan. Idazleak jada, gertatutakoa edo uste zuena edo igorri nahi zuena idazten ez zuelako. Egin, egiten zuen, baina administrazioari gustatuko litzaiokeen modura edo hark onartuko zukeen modura egiten zuelako… Nabaria zen euskal politikak bere komunikabidea behar zuela.
Baina Franco hilda, 70.hamarkada aldi itxaropentsua izan zen. Aldaketak zetozen politikoki, sozialki… Ilusioa eta gogoa gainez zeukaten euskal prentsa aurrera atera nahi zutenek. Aldi itxaropentsu hartan, komunikabideak ere mugitzen hasiak ziren. Mundu oso bat ireki zen politikan eta euskeran. Euskal prentsan, urratsak egiteko modernizatu beharra eta E.H aintzakotzat hartu beharra ikusi zuten. Aldarrikapenak gehitu ziren. Euskal komunikabideez hitzegiten hasi ziren, kazetarien etorkizunaz….
Honela, euskera batua indartzeaz bat, kazetaritza eskolak irekitzeak bezalako ekintzak egin ziren. Ordea, diru arazoak oso nabarmenak zirela kausa, etorkizuna ilundu egiten da euskal kazetaritzan. Bikote honek, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen zati handi bat EITBra bideratuta zegoela/dagoela kritikatzen dute, eta euskal kazetaritza hori baino mundu zabalago bat dela nabarmendu. Hortik , Anaitasuna aldizkariaren diruak baldintzatutako “gero arte?” .
Euskal aldizkari batzuk elebidun izatera pasa ziren. Aldizkari horietako irakurleak, elebidunak izan artean, gaztelerak garrantzia handiagoa zuela/duela sinisten zuten eta igorleek eskaintzaren zati garrantzitsuena gazteleraz idatzita ematen zuten/dute, euskera 2.maila batera pasatuz. Horren adibide ditugu Deia eta Egin.
“EITBn ere, euskerari ematen zitzaion/zaion erabilera guztiz 2.mailakoa da” salatzen du bikoteak, umeei eta kirol zaleei eskeinita dagoelako programazioa.
Guztiz baikor, lan handia egin zutela badakite eta harro daude. Hala ere, bidea gaitza dela eta oraindik egiteko asko dagoela ikusten dute. “Ametsaren zati bat besterik ez da gauzatu”, dioskue. Ezin ahaztu ditzakegulako Euskaldunon Egunkariak (itxi), Egin (itxi) eta Jakin (7urteko isilunea) aldizkariek jasotako erasoak. Bai, estatuan nork agintzen duen argi utzi eta kulturaren mundua zanpatzen duten zentzugabekeriazko eraso horiek. Urteetan egindako lana pikutara bidaltzen dutenak.
1976. Behin eta berriz aipatzen ari garen trantsizio urte hontan antolatu zen “24 orduak euskaraz” izeneko ekitaldi potolo hau, Herri Irratia eta Loiola Irratiaren eskutik. Franco hil osteko askatasun giroan kokatzen da unea. Ordurarte euskaraz eginiko lanen errotze bat ematen ari zen, indartze bat. Abagune historikoa izan zen euskal irratigintzarentzat.
Jose Ramon Belokik oso gertutik bizi izan zuen egun hura, bera izan baitzen koordinatzaile nagusia.
Juan Lekuona garaiko Herri Irratiko zuzendariari planteatu zion komunikabideetan euskararen planteamendu zehatz baten beharra. Honek ateak ireki zituen egun hartako proiektua aurrera atera zedin. Elebitasunaren eztabaida pil-pilean zegoen hartan, beraiek euskara hutsezko eredu linguistiko baten beharra nabarmentzen zuten; %100 eta 24 orduz euskaraz lan egingo zuten hedabideen beharra.
Hortarako, aspaldidanik euskaltzaindiak lanean ziarduen euskara batu edo normalizatuak indarra hartu behar zuen, komunikabideak euskaraz gara zitezen.
Odile Kruzetak, aldiz, nahiko kanpotik bizi izan zuen esperientzia hura. Artean gaztea zen, Zeruko Argian kolaborazioak egiten zituen eta aldi berean unibertsitatean Fisikako ikasketak.
Halere, harrezkero oso lotuta egon da euskal irratigintzara. Egun, Euskadi Irratiko zuzendaria da.
Berak, “24 orduak euskaraz” etxetik jarraitu zituen arren emozioz eta euforiaz gogoratzen du eguna. Aldarrikapen handi haren atzean, esanahi handia ezkutatzen omen zen, euskara bizitzako arlo guztietara zabaltzeko beharra eta nahia, alegia. Bizitza oso bat euskaraz egitea posible zen eta urtetako lanaren ostean urrats garrantzitsu bat ematen ari zen.
24 orduak irratian. Ekitaldi hau antolatzeko zailtasun asko zeuden oraindik, nahiz eta diktadura osteko urtea izan. Halere, zailtasunen gainetik lanerako borondatea antzematen zen, herri oso bat zegoen ekimena babesten, euskal gizartea aldaketaren egarri zen. Ordurarte euskararen aldeko lanak egin baziren ere puntu honek epoka berri bat markatu zuen, dudarik gabe.
J.R. Belokik antiirrati bezela definitu zuen egun hartan gertatutakoa. Komunikazioaren ikuspuntutik oso pisutsua izan omen zen irratsaioa: euskara eta euskal kulturaren inguruko mahainguruak, kronikak…. Testigantza bat izan zen komunikazioa egiteko behar bat baino gehiago. Antikomunikazioa, hitz batetan. Halere, erantzun erraldoia izan zuen gizartean. Jende ugarik entzun zuen, arrakastatsua izan zen, baina garbi zeukaten hori ez zela irratia egiteko bidea.
Belodromoko jaialdia. Irratsaioaz gain, Donostiako belodromoan jai handi bat ere antolatu zuten, hamaika kantari, artista…bildu zirelarik (Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete…) Leherketa baten moduan definitzen dute jai hura.
Ametsa egi bihurtzen ari zen, euskaraz 24 orduz jardungo zuten hedabideak sortzea posible zen, herritarren babesa zuten. Urteetako lana gorpuzten hasia zegoen.
Oihartzuna. Gaur egun badira 24 orduz euskara hutsean diarduten hainbat komunikabide. Hauek guztiak egun haren fruitu direla esatea asko esatea bada ere, orduko planteamenduak jarraitzen dituztela azpimarratu du Belokik.
Odilen ustez, irratian indarra errepikapenak du, iraupen luzeko irratsaioak egiteak, “24 ordu euskaraz” asko egiteak, ez soilik egun bat. Geroztik, hedabideetan lan egiten dutenen zeregina izan da euskara esparru guztietara zabaltzea, gai ezberdinen inguruan euskaraz hitzegingo duten adituak lortzea, beraien berri izatea. Lan sakona eta zabala egin du eukal irratigintzak “24 orduak euskaraz” egun hartatik.
Egunaren kronika. Hona hemen Argiak “Gure Mendea” liburuan jasotako egun hontako kronika, momentuan bizitako egoera kontatzen duelarik.
Gaur egungo irratien egoera. Gaur egun, Euskal Herrian hainbat irrati daude euskara hutsean emititzen dutenak. Gehienak herri eta eskualde irratiak dira. Horietatik batzuk erakunde publikoen diru-laguntzak jasotzen dituzten arren, gehienen finantzaketa-iturria publizitatea eta bazkidetza dira.
Garbi dago, Iparraldean eta Nafarroan batipat, egoera politikoa medio, euskarazko hedabide batek komunikabide arloan tokitxo bat egiteak zailatasunak baino ez dituela aurkitzen bidean. Hona hemen bi kasu.
Ipar Euskal Herriko lau irratiek (Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegiko irratia eta Antxeta irratia) Euskal Irratiak izeneko federazioa osatzen dute. Lau irratiek, batera osatzen duten programazio kopurua handitu dute, berri sailen taldea sendotu, ekonomia arloa hobeki egituratu eta prestakuntzak eskaintzen jarraitu dute. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekiko negoziazio fasea «bururaino» eraman nahi dute, are gehiago kontuan hartuz aurten bukatuko dela Hitzarmen Berezia eta datorren urtean negoziatuko dela hurrengo zazpi urteetarakoa. Diru laguntza horiez gain, beste finantzabide batzuk aurkitu behar dituzte. Botere publikoetatik poliki-poliki diru-laguntzen beherakada bat nabari baita.
Nafarroako kasuan, euskara hutsean emititzen duen irrati bakarra dago, Euskalerria irratia. Duela 18 urte jaio zen eta bidean aurkitutako zailtasunak gaindituz airean darrai oraindik ere. 1998an Nafarroako gobernuak emititzeko lizentzia kendu zionetik borrokan jarraitzen du bere legeztatzearen alde. 2004an Nafarroako Hizkuntza Politikak diru-laguntza gabe utzi zuen emitititzeko lizentziarik ez zuelako. Horregatik irrati honen finantzabide nagusia bazkidetza da egun.
Joxe Mari Iriondo eta Ramon Labayenen elkarrizketak
40 urte atzera egin beharra dugu alfabetatze garaia, hitzaldiak, kultur ekitaldiak (Durangoko lehen azoka 1965ean egin zen), euskal kantak (Ezdok 13), bertsolaritza… eta horrelakoak gogoratzeko.
Jakina da, garai horretan, 60ko hamarkadan hain zuzen ere, oso mehatxatuta bizi zela Euskal Herrian, dena den, horrelako mugimenduen parte zirenek, hala nola Joxe Mari Iriondok oso polita izan zela garai hura aitortzen dute. Orduan ari ziren gauzak jaiotzen, orduan ari zen mugimendu guzti hauen sorrera ematen eta nahiz eta lana askotan klandestinitatean egin, gustura zenbiltzan euskaltzaleak lan horretan.
Nahiz eta oraindik 60.hamarkadan euskarak indar gutxi eduki, dagoeneko euskara bazebilen irrati uhinetan zehar, eta euskaldun askoren sukalderaino sartzen zen gure hizkuntza. Dena den, entzun bai, baina euskara ez zen ikusten, eta euskal gizarteak nabaritzen zuen euskara komunikabideetan sartzeko beharra.
Euskara lehendabizikoz ikusteko aukera 1965ean izan genuen, Atano X Eta Hilario Azkarateren partida izan zen eta Telenorten erretransmititu zuten; 66ean ere, pelotari berberen arteko bigarren finala emititu zuten euskaraz. 1975ean berriz, “Euskalerria” saioa eskaintzen zuten Telenorten, eta 1983an berriz, Euskal Telebistaren sorrera eman zen. “Euskalerria” saioan, gai atenporalak jorratzen zituzten, hau da, gaurkotasunarekin zerikusirik ez zuten gaiak. Umeentzako tartetxo bat ere eskaintzen zuten, “Pinpilipauxa” izenekoa. Esan daiteke, garai hartan umeei garrantzia berezia ematen zietela, haiexek izango baitziren euskararen etorkizuna, ume horiek izango ziren biharko euskaldunak.
Baldintza kaxkarrak izan ziren hasieran izan zituztenak, Euskal Herrian ez baitzegoen, Kataluinan eta Galizian bezala, bertako hizkuntzan (euskaraz) emititzen zuen TVEko katerik, minutu gutxiko saioa besterik ez zegoen.
1976. urtea, “Euskal Kazetariaren Urtea” konsideratzen da “Zeruko Argia” aldizkariaren ustez, garai horretan, dena den, kazetari asko, horietako bat Joxe Mari Iriondo bera, telebistan murgilduta zeuden. Iriondoren esanetan, desberdintasun ugari zeuden irrati eta telebistaren artean, kazetariak ez baitu paper berdina jokatzen batean eta bestean. TBn, kazetaria, teknikoen menpe dagoen morroia da, teknikoek indar gehiago baitute hedabide honetan; irratian aldiz, kazetariak berak agintzen du.
Desberdintasun guzti hauen gainetik, argi zegoen hedabideak beharrezkoak zirela Euskal Herria euskalduntzeko, hasiera batean irratia sortu zen eta beranduago telebista, gainera garai hartan, 76an, somatzen zen eta sentitzen zen behar hori, jendeak nahi zituen euskal hedabideak beraien etxeetan. Sentimendu hau ez zen ikus-entzuleen aldekoa soilik, iragarleek ere sentimendu eta nahi berbera zuten. Dena den, Iriondoren esanetan, behar hori gutxi aldarrikatu zen, eta aldarrikatzen zenean, gehiegi sinistu gabe egiten zen. Aipatu behar da, garai honetan eman zen zapalkuntza nahiko handia izan zela.
Hala ere, Euskal Telebista beharrezkotzat jotzen zen euskal kazetaritzaren munduan, gainera, euskaldunok eskubidea genuen gure Telebista edukitzeko, eta Euskal Telebista egin beharra zegoen.
1983an ETB sortu zen, eta horretan lagundu zuenetako bat Ramon Labayen izan zen. Bere ustetan garai hortan, bai eta oraindik ere, euskara irakurtzen dakien jendea minoritate bat da, horregatik ematen zaio hainbesteko garrantzia ikusi eta entzuten denari. Ezin zuten ziurtatu euskara aurrera aterako zen edo zen TBren laguntzarekin, baina Labayenen hitzetan, beraiek ziur zeuden Telebistarik gabe ez zela aurrera aterako euskara. Hasiera kaxkarra izan zuen ETBk, bai legeen aldetik, bai teknologiaren aldetik; baita beste hainbat aldetatik ere. Laguntzak ere jaso zituen, ikastolak esaterako oso elementu garrantzitsuak izan ziren telebistaren sorrera ahalbidetzeko, orduan, bertatik atera baitziren kazetari berri guztiak. Langile alfabetatuak behar ziren, eta Euskal Telebistan, kazetari berriekin hasi ziren lanean, Labayenen esanetan, bataz besteko adina ETBko langileen artean, bere lehengo urratsetan 24-25 urte bitartekoa zen.
Aipatu beharra dago, gaur egun ETBren sorrerari garrantzi asko ematen zaion arren, bere garaian, zirrara piztu zuela baina ez irratiak piztu zuen adina.
Telebista oso tresna garrantzitsua izan da euskara normalizatzerako garaian, nolabait gizartean bere tokia eman diola esan daiteke; euskaldunon kasuan, hedabideak izan dira euskaldunon defentsa ministerioa, eta dena den, ez dute merezitako laguntza guztia jaso, Labayenen iritziz.
Euskal Telebista eta irratia, euskal gizartearen mailan daude. Hedabide hauekin ez da euskararen egoera konponduko jendeak uste duen bezala, gizartean dauden arazoak hedabideetan ere badaudelako, hedabideak, gizartearen zati baitira. Dena den, ezin da ukatu hedabideak izan direla euskarari bere tokia eman diotenak, eta euskarak bere tokia du, nahiz eta hau askoren gustu onekoa ez izan.
Orain etorkizuna gure esku dugu, oraingo belaunaldiak euskaldunak eta alfabetatuak dira, eta honek hurrengo urratsak emateko balio izango du, dena den, gaur egun errebindikazio gutxi egiten dira, eta fede gehiago izan beharko genuke.
Euskal Prentsa aztergai izan dugun lau ikasle gara. Azken 30 urteetan gure herriko prentsak jasan duen bilakaera kontatuko dugu jarraian. Urte guzti hauetako protagonistak eta gaur egungo protagonisten testigantzak, elkarrizketak... Guztia Euskal Prentsa hobeto ezagutzeko. Azkenik guk gai honen inguruan izan dezakegun iritzia edo kritika zuekin partekatu nahi genuke. Eta zuek izan dezakezuen iritziaz gure lana aberastu.