Mezua: Wendy Alexander-ek erreferenduaren aldeko jarrera berretsi du: “Eskoziari hitza eman behar litzaioke”

Wendy Alexander-ek erreferenduaren aldeko jarrera berretsi du: “Eskoziari hitza eman behar litzaioke”

2008-05-12

The Scotsman egunkarian jasotako informazioa. Maiatzak 12.


Westminsterrek bizkarra eman dio. Holyroodeko alderdi-kideek nahiago dute itzalean mantendu. Alex Salmondek Eskoziako Gobernuari “urtebetze opari posiblerik onena” erregalatu izana eskertu dio. Egunkari oneberenak bere kargua balantzan dagoela diote. Urakanaren zentroan dago, dudarik gabe. Hala ere, Wendy Alexanderrek, Eskoziako Laboristen buruak, erreferendumaren aldeko postura berretsi zuen atzo BBC Scotland telebista kateko programa batean: “Eskoziarrei hitza eman behar litzaiekeela uste dugu. Eskoziarrei beren iritzia emateko aukerari ez diogu kontrako botorik emango, baina (Eskoziako Gobernuak) lehen bait lehen jakinarazi behar lituzke baldintzak: galdera zein izango den, zein garapena… Uste dugu zuzena dela, 30 urteren ondoren, Eskoziari hitza ematea”.

Alexanderren zehaztu zuenez, ez dago “txeke zuririk” emateko prest eta SNPren proposamenaren gaineko erabakirik ez du hartuko Parlamentuan aurkezten duten arte. Hala ere, argi utzi zuen, Eskoziako Alderdi Laboristak ez lukeela proposamenaren aurka bozkatuko, abstentzioaren bidea irekiz. Laboristen abstentzioarekin eta SNPren aldeko botoekin proposamenak aurrera egingo luke.

Horrez gainera, ez duela kargua utziko adierazi zuen eta “zinez espero” duela Eskoziako Laboristen buru legez jarraitzea. Iritzi ezberdinak izan arren, Gordon Brownekin “lagun” izaten jarraitzen duela ere adierazi zuen.

 

*****************

Atzo arte Alexanderren estrategiak honako hau zirudien: SNPk, eskoziar alderdi abertzaleak, independentzia nahi du. Guk ez dugu nahi. Ildo horretatik, beraiek erreferenduma nahi dute eta guk ez. Baina erreferendumik izatekotan hobe da lehen bait lehen izatea. Orain, ia seguru, guk nahi dugun emaitza lortuko genuke; 2010ean batek daki, Alex Salmond politiko zolia baita. “Erreferenduma lehen bait lehen?” Lasai, ez buruari heldu, ez da emango eta. SNPri ez zaio komeni eta halaxe adieraziko du.  Iritzi publikoari begirako estrategia da. 

Atzo, ordea, SNPren proposamena ez lukeela blokeatuko adierazi zuen. Baldintzekin guztiz ados egon ezik abstenitu egingo liratekeela. Laboristak abstenituz gero, proposamenak aurrera egingo luke SNPren aldeko botoekin. Beraz, abstentzioa diskretuko bai bozkatzea da. Erakutsi zuenez, Alexander konprometiturik dago eskoziarrei hitza ematearekin.

Joan zen astean, erreferendumari erreferentzia eginez “eraman dadila aurrera” esateko Gordon Brownen babesa zuela ziurtatu zuenean, ataka larrian jarri zuen azken hau. Brown ezin zen erreferendumaren alde agertu, ez modu horretara aurkeztuta, eta aurka agertzeak alderdi barruko zatiketa irudia areagotu egingo zukeen. Krisiari irtenbide salomonikoa ematen saiatu zen: “Ez, Alexanderrek esana ez duzue zuzen ulertu. SNP alderdia kritikatu nahi izan zuen 2010era arte ez dutelako erreferendumik nahi. Bai esanda, ez esan nahi zuen”.

Ipuinak umeentzako. Hitzei mozorroa kendu eta hurrengo eguneko titularrak bat zetozen: ez dio babesik eman.

Alexanderren adierazpenen eta Brownen erantzunaren artean hiru egun joan ziren. Denbora gehiegi. Bitartean, hedabideak gidari, iritzi publikoaren jarrera galdera baten inguruan sustraitu zen: Babesa emango dio, bai ala ez? Bai ala ez. Erantzunak ildo horretakoa behar zuen. Horren ordez, iritzi publikoa moldatzen saiatu zen: “ez duzue zuzen ulertu”. Beranduegi zen horretarako. Krisiari oin puntetan izkin egiten saiatzea politikarien ohiko jokabidea da. Baina ildo horretako estrategiek iritzi publikoarekin konkordantzian behar dute.  

Era berean, iritzi publikoari begira Laboristak hain ahul dauden sasoi honetan –udal hauteskundeetako porrota, adibiderik berriena- egoerak erantzun erabatekoa eskatzen zuen. Sarritan hain erabilia den anbiguotasunak ez zuen balio testuinguru horretan. Mahai gainean ukabilkada eskatzen zuen. Alde edo kontra, baina zirt edo zart. Erantzun ahul horrekin, Alexanderri babesa ez emateaz gainera, Brown bera geratu zen Alexanderren babes beharrean. Mendeku gosez edo printzipioei konprometitua, Eskoziako Laboristen buruak bizkarra eman dio. Atzoko adierazpenekin “bai, ondo ulertu zenuten”, esan du, esan gabe. Cameron eskuak igurtzen ariko da.

Alexanderren asmoen muinean, Eskoziako Alderdi Laboristak autonomia politikorako duen desioa dagoela uste dut; Eskoziako interesen alde egoki deritzoten politika propioak sustatzeko nahia, kanpo loturarik gabe. Helburua goresgarria da, baina hori lortzeko aukeratu duen bidea ez da egokiena. Lehenengo bere alderdian adostasun konprometitua lortu behar du. Alderdiak blokean egin behar du aurrera. Ondoren, prentsa deialdia legoke, proposamena iragartzeko.  Ildo bateratua adostea zaila dela? Bai, ados, baina susmoa dut borondatea badagoela eta borondatea dagoen tokian, akordioa ez da aparte izaten.  


Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)