Mezua: Kokaina eta zerbeza prezio berean

Kokaina eta zerbeza prezio berean

2008-03-25

Metro egunkarian argitaratuko albistean oinarritua


Astelehenean alkoholaren gaineko tasak %4ean igo zituzten Erresuma Batuan. Orain, Pub batean zerbeza bat hartzearen bataz besteko kostua hiru pound da. Prezio berean kokaina lerro bat har daiteke. Droga legalak droga ilegalaren kostu bera du.

Hil honetan Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, Erresuma Batua -Espainia eta Italiarekin batera- Europar Batasunean kokaina gehien kontsumitzen den lurraldea da. Alkoholaren gaineko tasen azken igoerak lehendik nahikoa larria zen arazoa nabarmendu besterik ez du egin. Azken hamar urteetan kokainaren prezioa gramoko 77 poundetik 45era jaitsi da eta heroinarena 74etik 53ra. Elkarte eta erakunde ezberdinak beldur dira azken igoera honek gazteak ez ote dituen tabernetatik urrundu eta supermerkatura gerturatuko. Alkohola eta drogak merke erosteko modua izanda, etxeetan festak egiteko ohitura berez nahiko errotua are gehiago indartuko den ustea dute.

Egunkariak zehazten ez duen Gobernuko iturri batek zera adierazi du: “Drogen prezioen jaitsierak  lehiakortasuna hazi dela adierazi dezake, edo eskaria gutxitu. Ez du zertan adierazi haiek lortzeko bidea errazagoa denik. Drogen prezioak eta erabilerak ez dute lotura zuzenik. Esaterako, extasia droga merkea izan da betidanik, baina azterketek haien kontsumoa gutxitu egin dela adierazten dute”.

Adierazpenak funtsik gabekoak dira. Edo egunkariak ez du hizlariak esana zuzen islatu edo telefono deiak ohean harrapatu zuen. Bere helburua, jakina, Gobernua droga ilegalen merkatu beltzaren aurka lan eraginkorra egiten ari dela esatea zen. Eskaintza eta eskariaren legeak, ordea, norabide bakarra eta logika jakina du. Prezioen jaitsierak lehiakortasuna hazi dela adierazi omen dezake. Bai ba! Zenbat eta droga saltzaile gehiago orduan eta prezio merkeagoak. Eroslea 'dendarik denda' joan daiteke produktu merkeenaren bila. Lehen argudioa norbere teilatura harrika egitea lakoxea da. Ondoren, eskaria gutxitu izanaren ondorioa izan daitekeela dio. Jakina! horregatik dio Nazio Batuen Erakundeak kokaina kontsumitzailerik gehien Erresuma Batuan dagoela. Horregatik betetzen dituzte abeslari, modelo edo bestelako zelebritateen abusu hedonistek, egunero-egunero, egunkarietako orriak eta telebistako minutuak. Bigarren saiakerak ere kale. Azkenik, extasiaren adibidea erabiltzen du. Kokaina zerbezaren prezio berean izanda, zertarako fama txarreko drogekin jolasean ibili? Gazteak dira, baina ez tontoak. Argudioek badute indarra, baina lortu nahi zuenaren justu kontrako efekturantz. Gobernuaren lana kritikatu nahi duen edonork ez luke arrazoi sendoagorik aurkituko.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small, img>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)