Edinburgoko Starndard Life Assurance konpainiako eraikina erraldoia da. Zazpi pisuko altuera du eta zabaletara esparru bitan banaturik dago: ekialdea eta mendebaldea. Zazpi igogailu nagusi ditu zentroan eta beste lau eraikineko izkina ezberdinetan. Pisu bakoitzean berrehun ordenagailu izango dira, gutxienez. Bulegoek eta batzargelek kode izena dute, erraz aurkituak izateko. Esaterako, W/5/02 kodeak zera esan nahi du: bulegoa mendebaldean (West) dagoela, bosgarren solairuan (5) eta hasiera samarrean (02). Esandakoarekin egingo zenuten ideia bat. Ba, imaginatu, eraikin hartako 'catering' zerbitzuan lanean dabilenak zenbat buruhauste izan ditzakeen gelak aurkitzen bakarrik. Ordu bererako hiru eskaera badaude, gainera, arrapaladan ibili behar.
Karrotxoekin rallian ibiltzen den horietako bat ni naiz. Goizetan kafea, tea, ura eta pastak eramaten ditugu eskaera egindako bulego edo batzargeletara. Hori ez da lan zaila. Eguerdietan, ordea, buffetak egoten dira. Orduerdian bata bestearengandik lekutan dauden hiru-lau geletara janaria (gehi kafea, ura...) eramatea ez da lan samurra. Puntual iritsi behar duzu, dena zuzen antolatu, ahalik eta zarata gutxiena atera... Nire ustez, eguneroko eskari kopururako langile gutxi gaude. Kontua da, presiopean huts egiteak errazago ematen direla. Eskoziarrek, normalean, umorez hartzen dituzte hanka sartze txikiak; ulerkorrak direla esango nuke. Zoritxarrez joan zen astean alemaniarrekin topo egin nuen eta hauek ez dute gupidarik.
12:00etan buffeta nahi zuten Braid izeneko (E/5/80) batzargelan. Denboraz justu samar genbiltzan, beti legez, eta karrotxo hutsa utzi, betea hartu eta sukaldera abiatu nintzen zuzen janaria batzera: hiru motatako sandwichak (haragizkoak, arrainezkoak eta begetarianoak), fruta mazedonia eta pastrie izeneko pasteltxoak. Hozkailuan gela bakoitzerako enkarguak apaletan banatuta egoten dira; apal bakoitza, gela bat. Baina enkargu asko baldin badaude eta guztientzako apal nahikorik ez badago, gela ezberdinetako erretiluak elkarren ondoan egoten dira. Normalean, estalkian gelaren kodea izaten dute, baina ez beti. Hartu nituen ustez hartu beharrekoak eta pausu arinean alemaniarren gelara zuzendu nintzen. Jo nuen atea. Sartzeko esan zidaten. Jarri nuen mantela mahai luzeko punta batean eta janariari estalkia kentzen hasi nintzen. Dena mahai gainean zegoen di-da batean. Ondoren, mahaiko beste puntan kafea eta gainerakoak jarri behar nituen. Karrotxoari heldu eta, alboz, azken begiratu azkarra eman nion buffetari. “Zer demonio!” Izerdi hotza segituan. Lau sandwich bandeja zeuden hiruk beharko zuketen tokian.
Neuri zegozkidanez gainera, hozkailutik beste gela bateko erretilu bat ere hartu nuen oharkabean. “Mahai gainetik janaria kentzea zatarra da”, pentsatu nuen lehenengo. “Baina beste gela batera eskatutakoa baino janari gutxiagorekin joatea ez da politagoa”, gero. “Eramateko geratzen diren buffetak lasterrerako dira. Beharbada lankideren bat hozkailuan burua galdu beharrean dabil erretilu honexen bila. Kaka! Eta sukaldariak ez du sandwchak berriz prestatzeko adina astirik. Ez ordu laurden bat galdu gabe behintzat. Zer egin? Zer egin?”. Karrotxoan zimurtutako estalkiak zabaldu nituen: “Hau ez, hau ere ez, hau... bai hau da! E/5/83. Ondoko gelarako da, hori albiste ona da. Baina bandeja neuk daukala abisatu egin behar diet”. Ordurako alemaniarrak jabetuta zeuden zeozer oker zioana, baina beren batzarrarekin jarraitu zuten, alemanieraz. “Ea Joseba, hau da plana. Ondoko gelatik 'Hospitality' eremura deitu eta denak lasaitu; gero bandeja hartu karrotxoaren beheko apalean gorde, eginbeharrekoak bukatu eta ospa!”.
Halaxe egin nuen. Bandeja jaso, burua erreberentzia txikian okertu eta gelatik irten nintzen. Deitu nuen eta kontatu nion lankide bati gertatua. Eskaeren orria gainbegiratu zuen: “E/5/83 diozu? Gaur ez dago eskaerarik gela horretarako”. “Seguru?”; “Bai, seguru”. A ze lasaitua. Dena dela, bandeja berriz mahai gainean ez jartzea erabaki nuen zalantzakor itxurarik ez emateko -ordurako emandakoa baino gehiago, esan nahi dut-. Sartu nintzen gelara eta edariak atontzen hasi nintzen. Urduritasunak eraginda izerdi patsetan nengoen eta eskuak dar-dar nituen. Behar baino denbora gehiago eman nuen dena atontzen eta lehenagotik zeuden katilu zikinak batzen. Alemaniarrek umoretsu ziruditen; gutxi uste nuen orduan barreak nire kontura zirela.
Arratsaldean zazpigarren solairuan nengoen lankide batekin platerak eta katiluak garbitzen. Gure garbigailua hondatuta dagoenez zazpigarren solairuko txikia erabili behar izan dugu azken aste bietan. Denbora kendu eta buruhauste asko eragiten dizkigu horrek. Kontuak kontu, hantxe genbiltzan lanean eta solasean beste lankide bat Braid-eko hondakinekin iritsi zenean. “Begira honi”, esan zidan, gela bakoitzean zerbitzuaren eta janariaren kalitatea kalifikatzeko uzten dugun inkesta-orria luzatuz. Ezin nuen sinestu ikusten ari nintzena. Inkestak sei puntu ditu: janariaren aurkezpena, zaporea eta barietatea, zerbitzuaren kalitatea eta prezioa. Alor bakoitza 'Exceed Expectations', 'Meets Expectations', 'Disappointed' eta 'Very Disappointed' kalifikatiboekin neurtu daiteke. Aurrean nuen orriko ''ixa' guztiak 'Very Disappointed' laukitxoetan zeuden. Sekula ez omen dute hain kritika txarrik jaso. Egia esanda, janariak nire zerbitzuak adinako puntuazio txarra jaso zuela ikustea lasaitu itzela izan zen niretzako. Sukaldariek ere jaso zuten berea, ez nik bakarrik. Zerbitzua eta janaria ez ziren munduko onenak izango, baina hain puntuazio apalgarririk jasotzerik ere ez genuen merezi, nire uste apalean. “Orain ulertzen duzu poloniarrok zergatik gorrotatzen ditugun alemaniarrak hainbeste?”, esan zidan lankide batek.
Badakizue zer den okerrena? Oharkabean hartutako bandeja santua beste egun baterako enkargua zela, sukaldariek deskuidoan eguneko paperekin nahasi zutena.
The Scotsman egunkarian jasotako informazioa. Maiatzak 12.
Westminsterrek bizkarra eman dio. Holyroodeko alderdi-kideek nahiago dute itzalean mantendu. Alex Salmondek Eskoziako Gobernuari “urtebetze opari posiblerik onena” erregalatu izana eskertu dio. Egunkari oneberenak bere kargua balantzan dagoela diote. Urakanaren zentroan dago, dudarik gabe. Hala ere, Wendy Alexanderrek, Eskoziako Laboristen buruak, erreferendumaren aldeko postura berretsi zuen atzo BBC Scotland telebista kateko programa batean: “Eskoziarrei hitza eman behar litzaiekeela uste dugu. Eskoziarrei beren iritzia emateko aukerari ez diogu kontrako botorik emango, baina (Eskoziako Gobernuak) lehen bait lehen jakinarazi behar lituzke baldintzak: galdera zein izango den, zein garapena… Uste dugu zuzena dela, 30 urteren ondoren, Eskoziari hitza ematea”.
Alexanderren zehaztu zuenez, ez dago “txeke zuririk” emateko prest eta SNPren proposamenaren gaineko erabakirik ez du hartuko Parlamentuan aurkezten duten arte. Hala ere, argi utzi zuen, Eskoziako Alderdi Laboristak ez lukeela proposamenaren aurka bozkatuko, abstentzioaren bidea irekiz. Laboristen abstentzioarekin eta SNPren aldeko botoekin proposamenak aurrera egingo luke.
Horrez gainera, ez duela kargua utziko adierazi zuen eta “zinez espero” duela Eskoziako Laboristen buru legez jarraitzea. Iritzi ezberdinak izan arren, Gordon Brownekin “lagun” izaten jarraitzen duela ere adierazi zuen.
*****************
Atzo arte Alexanderren estrategiak honako hau zirudien: SNPk, eskoziar alderdi abertzaleak, independentzia nahi du. Guk ez dugu nahi. Ildo horretatik, beraiek erreferenduma nahi dute eta guk ez. Baina erreferendumik izatekotan hobe da lehen bait lehen izatea. Orain, ia seguru, guk nahi dugun emaitza lortuko genuke; 2010ean batek daki, Alex Salmond politiko zolia baita. “Erreferenduma lehen bait lehen?” Lasai, ez buruari heldu, ez da emango eta. SNPri ez zaio komeni eta halaxe adieraziko du. Iritzi publikoari begirako estrategia da.
Atzo, ordea, SNPren proposamena ez lukeela blokeatuko adierazi zuen. Baldintzekin guztiz ados egon ezik abstenitu egingo liratekeela. Laboristak abstenituz gero, proposamenak aurrera egingo luke SNPren aldeko botoekin. Beraz, abstentzioa diskretuko bai bozkatzea da. Erakutsi zuenez, Alexander konprometiturik dago eskoziarrei hitza ematearekin.
Joan zen astean, erreferendumari erreferentzia eginez “eraman dadila aurrera” esateko Gordon Brownen babesa zuela ziurtatu zuenean, ataka larrian jarri zuen azken hau. Brown ezin zen erreferendumaren alde agertu, ez modu horretara aurkeztuta, eta aurka agertzeak alderdi barruko zatiketa irudia areagotu egingo zukeen. Krisiari irtenbide salomonikoa ematen saiatu zen: “Ez, Alexanderrek esana ez duzue zuzen ulertu. SNP alderdia kritikatu nahi izan zuen 2010era arte ez dutelako erreferendumik nahi. Bai esanda, ez esan nahi zuen”.
Ipuinak umeentzako. Hitzei mozorroa kendu eta hurrengo eguneko titularrak bat zetozen: ez dio babesik eman.
Alexanderren adierazpenen eta Brownen erantzunaren artean hiru egun joan ziren. Denbora gehiegi. Bitartean, hedabideak gidari, iritzi publikoaren jarrera galdera baten inguruan sustraitu zen: Babesa emango dio, bai ala ez? Bai ala ez. Erantzunak ildo horretakoa behar zuen. Horren ordez, iritzi publikoa moldatzen saiatu zen: “ez duzue zuzen ulertu”. Beranduegi zen horretarako. Krisiari oin puntetan izkin egiten saiatzea politikarien ohiko jokabidea da. Baina ildo horretako estrategiek iritzi publikoarekin konkordantzian behar dute.
Era berean, iritzi publikoari begira Laboristak hain ahul dauden sasoi honetan –udal hauteskundeetako porrota, adibiderik berriena- egoerak erantzun erabatekoa eskatzen zuen. Sarritan hain erabilia den anbiguotasunak ez zuen balio testuinguru horretan. Mahai gainean ukabilkada eskatzen zuen. Alde edo kontra, baina zirt edo zart. Erantzun ahul horrekin, Alexanderri babesa ez emateaz gainera, Brown bera geratu zen Alexanderren babes beharrean. Mendeku gosez edo printzipioei konprometitua, Eskoziako Laboristen buruak bizkarra eman dio. Atzoko adierazpenekin “bai, ondo ulertu zenuten”, esan du, esan gabe. Cameron eskuak igurtzen ariko da.
Alexanderren asmoen muinean, Eskoziako Alderdi Laboristak autonomia politikorako duen desioa dagoela uste dut; Eskoziako interesen alde egoki deritzoten politika propioak sustatzeko nahia, kanpo loturarik gabe. Helburua goresgarria da, baina hori lortzeko aukeratu duen bidea ez da egokiena. Lehenengo bere alderdian adostasun konprometitua lortu behar du. Alderdiak blokean egin behar du aurrera. Ondoren, prentsa deialdia legoke, proposamena iragartzeko. Ildo bateratua adostea zaila dela? Bai, ados, baina susmoa dut borondatea badagoela eta borondatea dagoen tokian, akordioa ez da aparte izaten.
Informazioa eta adierazpenak: The Times egunkaria. Maiatzak 8
Lehendik nahikoa ez eta buruhauste bat gehiago Gordon Brownentzat. Wendy Alexander Eskoziako Laboristen lehendakariak –2007ko abuztuaz geroztik- askok erreferendumaren aldeko aldarri legez ulertu duten adierazpenak burutu zituen Sunday Mail egunkarian: “Ez diot beldurrik eskoziarren epaiari. Eraman dadila aurrera”. Ondoren, BBC telebista kateko programa batean Gordon Brownen babesa zuela baieztatu zuen.
Westminsterren David Cameron alderdi kontserbatzaileko buruak erreferendumaren alde dagoen galdetu zion Browni eta Lehen Ministroa honela defendatu zen: “Hori ez da berak esan zuena”. Brownen iritziz Alexanderrek justu kontrakoa adierazi nahi zuen. SNP alderdia kritikatu nahi omen zuen, hasieran erreferenduma berehala gauzatzen saiatuko zirela esan zela esan, eta orain, proposamena 2010era arte ez dutela aurkeztuko diotelako.
A ze panorama! Eta jakina, politikan besteen miseriak norberraren probetxura erabiltzea eguneroko ogia denez, zaplastekoak alde guztietatik etorri dira, Holyroodetik – Eskoziako parlamentua- hasita.
Nicola Sturgeon lehendakariordea: “Wendy Alexandarren egoera sostenga ezina da. Brownek Alexanderren lidertza suntsitu du eta bereari galdera ikur erraldoia ezarri”.
Annabel Goldie, Eskoziako Toryen liderra: “Alexander babesten zuen galdetuta, Brownek ez babesteaz gainera Alexander ito egin du. Hau ez da lidertza, kaosa da”.
Nicol Stephen, Eskoziako Liberal Demokraten burua: “Argi dago, Laboristen alderdiko goi kupulan kaosa dagoena. Inork ez daki zehazki zein den alderdiaren jarrera”.
Bitartean Alexander bere burua zuritzen ahalegindu da: “David Cameron oker dago. Bere galderak prozesuaren gaineko ulermen falta agerian uzten du. Lehen Minstroa zuzen mintzatu zen, inor ez zebilela erreferendumik proposatzen adierazi zuenean”.
Wendy Alexanderren urtea
- 2007ko abuztua: oposiziorik gabe Eskoziako Alderdi Laboristako buru izendatu zuten. >>
upportLists]-->- 2007ko azaroa: donazio ilegalen aferaren erdi-erdian dago.>
!supportLists]-->- 2008ko otsaila: poliziak dio ez dutela inor auzipetuko donazio ilegalen kontua dela-eta.>
!supportLists]-->- 2008ko martxoa: erreferendumaren aurka azaldu zen: “Ez da gure politika”.>
!supportLists]-->- 2008ko maiatza: “Ez diot beldurrik eskoziarren epaiari. Eraman dadila aurrera”.>
ang="ES" style="font-size: 14pt; line-height: 115%; font-family: "Times New Roman"">
The Sunday Times Magazine-n argitaratutako artikulua.
Orain bost urte, tankeen burrundara mekanikoaren disimuluan, gizadiaren ondare historiko baliotsuak desagertu egin ziren Baghdadeko Irak Museotik. Antza denez, museoa zaintzea ez zegoen koalizio indarren lehentasunen artean eta lapurrak nahierara ibili ziren. Bestalde, Babiloniako Lorategi Esekietan, munduko zazpi mirarietako batean, koalizio indarrek kanpo militarra antolatu zuten, kalte negargarriak eraginez.
John Curtis Ekialde Erdiko Departamenduko burua da British Museum-en. 1970az geroztik sarritan izan da Iraken; besteak beste, 80ko hamarkadan arkeologia-indusketak zuzendu zituen Irak iparraldeko zortzi gune ezberdinetan. Gerrak ondare kulturalean eragindako kaltea bertatik bertara bizi izan du eta Irakeko arkeologoekin zein gobernuarekin orpoz-orpo lanean aritu da errekuperazio prozesuan. Hona hemen azken bost urteetako bizipenen testigantza.
“(...) Irakeko inbasioa hasi aurretik oso argi zegoen Saddam paretik kentzearen kostua ikaragarri altua izango zela, baina, hala ere, gutxik aurreikusi izango zuten giza heriotzetan eta herrialdearen ondare kulturalean izan duen benetako kostua. Jende asko legez, ni neu ere gerraren guztiz aurka nengoen, baina nire kezka giza galeren gainekoa zen. Sekula ez nuen uste izango koalizio indarrek hain axolagabe jokatuko zutenik ondare kulturalaren zainketan; alegia, museoaren atarian zaindari bat jartzeko ardura minimorik ere ez zutela hartuko tankeak Baghdageko bihotzera sartu ondoren. Museoa arpilatua izan zela entzutea, beraz, kolpe bortitza izan zen niretzako.
Nire tristuraren jatorria begi bistakoa da: arkeologoa eta historialaria naizen aldetik, badakit zer dagoen jokoan. Baina zergatik arduratu behar luke beste inork? Irak gizadiaren sorlekua dela dioenak ez dio gezurrik. Hantxe asmatu zen idazketa, hantxe agertu ziren lehen herriak, eta Mesopotamia – Tigris eta Euphrates erreken arteko lurraldea- babiloniarren, sumeriarren eta assyriarren bizilekua izan zen. Irak Museoa Ekialde Erdiko – munduko ez esatearren- museorik aberatsenetakoa zen eta antzinako Mesopotamiako altxorren bilduma zoragarria gordetzen zuen.
Ni bezain haserre zeuden beste hainbat. Beraz normaltzat jo daiteke, British Museum-eko 250. urteurrena dela-eta askoz aurreragotik antolatutako prentsaurrekoa Irak Museoko krisiak monopolizatu izana. Tessa Jowell, kultur alorreko estatu idazkariak, gorriak ikusi zituen horrelako desastrearen zergatiak justifikatzeko. Baina ez berak ez beste inork ez zuen benetako erantzunik.
'Channel 4' telebista katearen bitartez Donny George -Irakeko Antigoaleko Ondareen Departamenduko ikerketa zuzendaria- lagun zaharrarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Donny txikituta zegoen. Sakeatzaileak nahierara sartu-irtenean ibiliak ziren egun bitan. (...) Baghdadera joateko eskatu zidan, ahal nuen neurrian krisiarekin lagun niezaien. BBC kateko lan-taldearekin indarrak batu eta 2003ko apirilaren 22an harantz zuzendu ginen. (...) Museoan zehar egindako lehen osteran bihotzak buelta eman zidan. Banekien artelanak galerietatik lurrazpiko 'gela sekretura' lekualdatuak zituztela. Hala ere, pieza batzuk ez zituzten gorde pisutsuegiak zirelako edo batagatik edo besteagatik. Horiek ziren lapurtutako eta txikitutako artelanak. Asko espekulatu da lapurreten jatorriaren eta egileen inguruan; berezkoak ala antolatuak izan ziren eta nortzuk burutu zituzten. Teoria bat baino gehiago dago. Horietako batek dio Ba'athist-en aldekoak izan zirela; beste batek nazioarteko tratalarien aginduz ostuak izan zirela. Merkatu beltza egon badago, baina inork ez daki artelanek non bukatu duten. BBCko lan taldeak uste zuen artelanen kontserbatzaileek konplize papera bete zutela gertatutako guztian eta halaxe islatu zuten dokumentalean. Ez nator bat. Badaiteke negligentzia apurren bat egon izana, baina, nire ustez, langileen leialtasun falta baieztatzeko ez dago ebidentzia argirik.
(...) Apirilaren 29rako beste prentsaurreko bat deitua zegoen British Museum-en. Donnyri Londresera lagun ziezaidan eskatu nion. Prentsaurreko hark -Tessa Jowellek zuzendua- harreta handia piztu zuen eta ostutako pieza baliotsuenen zerrenda jakinarazi genuen. Ondoren, Irak Museoak jasandako benetako galera kalkulatzeari ekin genion. (...) Baina arazoak ez ziren Baghdad-eko museora mugatzen. Herrialdeko beste museoetako zein gune arkeologikoetako egoera ere jakin nahi genuen. Babiloniako museotik hasi ginen. Ez zegoen beste munduko presentzia militiarrik, ezta ezer arpilatu izanaren aztarna handirik ere (...) Ondoren, Irak iparraldera joan ginen, antzinako Assyriara. Mosul Museoan ere artelanak falta ziren. Zera aurkitu genuen: han eta Irak Museoan lapurretak egun berberetan eman zirela: apirilaren 11n eta 12an. Nolanahi ere, Irak iparraldera egindako bisita indargarria izan zen, ondare kulturalaren galera ez baitzen hegoaldean adinakoa.
2003ko udaz geroztik, insurgentzia indartu ahala segurtasun egoera nabarmen okertu da eta ez dago Irakera nahierara bidaiatzerik. (...) Ondorioz, ezinezkoa izan da British Museum-eko lan taldeak museoaren zainketarako gida-lerro moduan emandako aholkuak burutzea. Irak bisitatzeko nire hurrengo aukera ez zen 2004ko abendura arte iritsi. Babilonian ezarritako esparru militar gero eta handiagoak munduko aztarnategirik garrantzitsuenetakoan izan zezakeen eragin kaltegarria zela-eta kezka areagotzen ari zen. Babilonia antzinako errege sonatu biren hiri-kapitala izana zen: Hammurabi-rena (KA 1792-1750), zeinak munduko lehen lege kodea ezarri zuen, eta Nebuchadnezzar-ena (KA 604-562), zeinak Babiloniako Lorategi Esekia eraiki zuen, munduko zazpi mirarietako bat. Eremu militarrak 150 hektarea hartzen zituen eta, bere sasoian, 2.000 soldaduren egonleku izana zen. Arazoaren berri ematen zuten artikuluak eta erreportajeak argitaratuak zeuden eta gizartean sortzen ari zen sentiberatasun gero eta handiagoa medio, koalizioak esparrua hustu eta irakiarren esku uztea erabaki zuen.
Mufid al-Jazairik, Irakeko kultur ministroak, kalteen txostena egingo zuen agente independente bat nahi zuen. Niri eskaini zidaten eginkizuna. Babiloniara bidean, Saddam Husseinen palazioa izandakoan antolatu zidaten ostatua, zeina laku artifizial baten ondoan eraikia zegoen. Diktadoreak eraikitako palazioan lo egitea esperientzia bitxia izan zen. Gunearen azterketa Maryam Umran Musah-en -garai hartan Babiloniako gunearen kargu zegoen- gidaritzapean egin genuen. Gunea ezin hobeto ezagutzen zuen eta kalteen zerrenda zehatza egin zigun. Lehenengo eta behin, dozena bat inguru trintxera zeuden, luzeena 170 metrokoa, aurretik arakatu gabeko eremu arkeologikoetan. Trintxera horietan zeramika-lanak, hezurrak eta antzinako idazkera kuneiformedun inskripzioz osatutako adreilu zatiak aurkitu zituzten, gehienbat Nebuchadnezzar erregearenak. Gune batzuetan lur kantitate handiak falta ziren. 300.000 bat metro karratutan lurzorua legarrez estalita zegoen, helikoptero, ibilgailu eta kanping denden erosotasunerako. Harri guztia kanpotik ekarria zen eta gune arkeologikoarekin nahasiz gero, hau modu konponezinean kutsatzeko arriskua zegoen.
Gauza bera gertatuko zen ibilgailuak petroleoz kargatzen zituzten eremuan, lurzoruan isuriak ikus baitzitezkeen. Harezko sakuak behar bazituzten bertako lurra erabiltzen zuten. Hori ez zela komenigarria esan genienean lurra kanpotik ekartzen hasi ziren, baina erremedioa are kaltegarriagoa zen, zeren eta sarritan, lurra beste gune arkeologiko batzuetatik ekartzen zuten eta, ondorioz, Babiloniako gunea kutsatzeko arrisku handia zegoen. Han eta hemen ibilgailu astunek utzitako gurpil arrastoak ikus zitezkeen; seguru etengabeko joan-etorri horiek azpiko balio arkeologiko hauskorra kaltetu zutela. Era berean, guneko iparraldean, adreiluz osatutako antzinako Prozesio Bidea -KA VI. mendekoa- hautsita zegoen, ibilgailu beren eraginez.
Egia biribila da Saddam Husseinen sasoian Babiloniak kalte handia pairatu zuela. Esaterako, Nebuchadnezzar-en palazioa bere izenez zigilatutako adreiluekin berreraiki zuen. Horrez gainera, gunean laku eta mendixka artifizial bana eraiki zuen, azken honen gainean luxuzko palazioa eraikitzeko. Nolanahi ere, abusu horiek ez dute oraingo egoera justifikatzen. Esparru militarrik sekula ez zen antolatu izan behar Babilonian; Piramide Handiaren itzalean antolatzea lakoxea da.
Ur-ko gune arkeologikoa
Ur-en, Irak iparraldean, panorama ez zen askoz samurragoa. Hain zuzen, Abrahamen jaiolekua den toki horretan aurkitu zuen Sir Leonard Woolleyk Erregeen Kanposantua 1920ko eta 30eko hamarkadetan. Aztarnategia Tallir aire-basearen ondo-ondoan dago. Diotenez Ekialde Erdiko baserik handiena da, 28 kilometro karraturekin. Golfoko bigarren gerraren ondoren Ur-eko gune arkeologikoa aire-basea babesten duen perimetro heziaren barrura gehitu zuten. Ondorioz, bisitak mugatuta daude.
Jakin genuenez, arkeologo batzuk, koalizio indarrekin elkarlanean, guneko inskripziodun hainbat harri Nasiriyako museora lekualdatzen ari ziren, Irakeko Antigoalen Departamenduko baimenik gabe. Donnyri -departamenduko zuzendaria ordurako- eta niri jokabide onartezina iruditu zitzaigun eta gunea bisitzea erabaki genuen. (...) Bisita gauzatu aurretik Donnyren senitarteko batzuek heriotz mehatxuak jaso zituzten. Ondorioz, 2006ko abuztuan Donny Iraketik joan egin zen. Orain, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakaslea da. 2006ko azaroan bere ordezkoa ezagutu nuen Londresko konferentzia batean eta bion artean proiektua berpiztu genuen. 2007ko otsailean Ur-era joateko moduan ginen.
Aire-basearen barruan dagoen Tallil-eko esparru-militarra, amerikar, australiar eta errumaniar tropek osatzen dute. Nik basean bertan egin behar nuen bat Abbas-ekin. Bost ibilgailutan banatuta 20 bat laguneko lan-taldearekin etorri zen. Berehala, barrura sartzeko eragozpenak aurkitu genituen. Zaindari amerikarrek baldintza bi jarri zituzten: arauzko nortasun dokumentuak erakustea eta arakatuak izateko prestu egotea. Printzipioduna izaki, Abbas doktorea ez zegoen arakatua izateko prest; gainera lan-taldeko kide guztiek ez zuten beharrezko dokumenturik. Irakeko Antigoalen Departamenduko zuzendaria zenez, gune arkeologiko guztietara sarrera baimendua izan behar lukeela errepikatu zien Abbasek behin eta berriz zaindariei. Alperrik, ordea. Ez zieten sartzen utzi. Han gertatua lotsagarria iruditzen zait eta zinez espero dut etorkizunean horrelakorik berriz ez errepikatzea.
Zoritxarrez, Ur-en beste arazo bat ere bazegoen. Sarrera nagusi berria antzinako aldiri baten gainean eraikia zegoen, Diqdiqqah legez ezagutua. Sarrerak 400 metro karratu hartzen ditu eta eraiki orduan azpiko ondare arkeologikoak kaltetuko zituzten, dudarik gabe. Egia esan, Diqdiqqah-en sekula ez da azterketa arkeologiko sakonik egin, baina koalizio indarrek edozein arkeologori kontsultatzeko ardura hartu izan balute, jakingo zuten han ezer eraikitzea arriskutsua zela. Gertaera honek eta Babiloniakoak argi uzten dute koalizio indarrek Irakeko Antigoalen Departamenduarekin harremanak estutzeko beharra.
Gaur egungo egoera
Zein da egoera gaur egun? Zoritxarrez bost urtean aurrerapausu gutxi eman da. Asko hitz egin da, laguntza eskaintza ugari izan da, baina oraingoz ezer gutxi gauzatu da. (...) Italia eta Japon dira salbuespenak. Beste gauza batzuren artean, Irak Museoko kontserbazio laboratorio berria finantzatu dute. Laboratorioa erabilia izateko prest dago, baina, segurtasun egoera eskasa medio, langileek ez dute lanera joan nahi eta tristeki hutsik dago. (...)
Hala ere, itxaropenerako zantzuak ere badaude. Irak Museoko galerietatik ostutako 40 objetuetatik gehienak berreskuratuak izan dira (ez, ordea, KA VIII. mendeko marfilezko plaka baliotsua). Gordailutik ostutako 16.000 objetuetatik erdiak ere berreskuratu dira (ez, ordea, zigilu bilduma baliotsua). Ameriketako Estatu Batuetako indarrek diru-sariak eskaini zituzten objetuak bueltatzearen truke. Oraintsu, Irak Museoko galeria bi berriz ireki dira, baina bisitatzeko baldintzak ez daude argi. (...) Babiloniari buruz ere albiste onak daude. Antigoaleko Departamenduak guneko kalte batzuk konpontzeaz zein etorkizuneko kudeaketa-plana gauzatzeaz arduratuko diren erakunde birekin akordioa lortu du. (...).
(...) Kalitate goreneko museoetan lapurretak izan dira eta hegoaldeko gune arkeologiko asko konpondu ezineko moduan hondatu dira. Ondorioz, ondare kulturaleko informazio baliotsua galdu da; mundu osoaren jabetzakoa den ondare kulturala".
Metro egunkarian argitaratuko albistean oinarritua
Astelehenean alkoholaren gaineko tasak %4ean igo zituzten Erresuma Batuan. Orain, Pub batean zerbeza bat hartzearen bataz besteko kostua hiru pound da. Prezio berean kokaina lerro bat har daiteke. Droga legalak droga ilegalaren kostu bera du.
Hil honetan Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, Erresuma Batua -Espainia eta Italiarekin batera- Europar Batasunean kokaina gehien kontsumitzen den lurraldea da. Alkoholaren gaineko tasen azken igoerak lehendik nahikoa larria zen arazoa nabarmendu besterik ez du egin. Azken hamar urteetan kokainaren prezioa gramoko 77 poundetik 45era jaitsi da eta heroinarena 74etik 53ra. Elkarte eta erakunde ezberdinak beldur dira azken igoera honek gazteak ez ote dituen tabernetatik urrundu eta supermerkatura gerturatuko. Alkohola eta drogak merke erosteko modua izanda, etxeetan festak egiteko ohitura berez nahiko errotua are gehiago indartuko den ustea dute.
Egunkariak zehazten ez duen Gobernuko iturri batek zera adierazi du: “Drogen prezioen jaitsierak lehiakortasuna hazi dela adierazi dezake, edo eskaria gutxitu. Ez du zertan adierazi haiek lortzeko bidea errazagoa denik. Drogen prezioak eta erabilerak ez dute lotura zuzenik. Esaterako, extasia droga merkea izan da betidanik, baina azterketek haien kontsumoa gutxitu egin dela adierazten dute”.
Adierazpenak funtsik gabekoak dira. Edo egunkariak ez du hizlariak esana zuzen islatu edo telefono deiak ohean harrapatu zuen. Bere helburua, jakina, Gobernua droga ilegalen merkatu beltzaren aurka lan eraginkorra egiten ari dela esatea zen. Eskaintza eta eskariaren legeak, ordea, norabide bakarra eta logika jakina du. Prezioen jaitsierak lehiakortasuna hazi dela adierazi omen dezake. Bai ba! Zenbat eta droga saltzaile gehiago orduan eta prezio merkeagoak. Eroslea 'dendarik denda' joan daiteke produktu merkeenaren bila. Lehen argudioa norbere teilatura harrika egitea lakoxea da. Ondoren, eskaria gutxitu izanaren ondorioa izan daitekeela dio. Jakina! horregatik dio Nazio Batuen Erakundeak kokaina kontsumitzailerik gehien Erresuma Batuan dagoela. Horregatik betetzen dituzte abeslari, modelo edo bestelako zelebritateen abusu hedonistek, egunero-egunero, egunkarietako orriak eta telebistako minutuak. Bigarren saiakerak ere kale. Azkenik, extasiaren adibidea erabiltzen du. Kokaina zerbezaren prezio berean izanda, zertarako fama txarreko drogekin jolasean ibili? Gazteak dira, baina ez tontoak. Argudioek badute indarra, baina lortu nahi zuenaren justu kontrako efekturantz. Gobernuaren lana kritikatu nahi duen edonork ez luke arrazoi sendoagorik aurkituko.