2008-01-10
Tolosaldeko euskalgintzak, bertako 13 udalerritako udalek eta Kontseiluak ‘Egin txokoa euskarari txokoan’ proiektua aurkeztu dute Zizurkilgo Urkamendi elkartean. Ekimenaren helburua Tolosaldeko elkarte gastronomikoetan euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hurrengo hilabeteetan luzatuko diren hainbat ekintza prestatu dituzte. Aurkezpenean Tolosaldeko hainbat elkarteren ordezkariak izan dira, eta Galtzaundi euskalgintzako elkarteak ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkie. Horretaz gain, eta ekimenak udalen babesa jaso duela adierazteko, hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere bildu dira bertan.
Eguberritako Bai Euskarari Futbol Festa antolatu dugu Herrerako Sporting taldeak eta Bizarrain elkarteak. Aurten, berritasunak izan dira:
Batetik, kartelaren diseinua Herri Ametsa ikastola, eta Herrera, San Luis eta Oleta ikastetxeetako 180 haurrek egindako irudiekin osatu dute. Irudiak ikusgai izan dira horretarako espreski jarritako karpa batean.
Bestetik, bigarren jardunaldian txokolatea eskaini diete haur eta gurasoei, hotzari aurre egiteko gozo-gozo. Irudiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.
2008-01-03
Donostiako euskalgintzak kartela sortu du hirian dauden 168 ziurtagiridunen izen-zerrendarekin. Alorrez alor banatuta ageri dira, zerbitzuen gida baten gisara: ostalaritza, merkataritza, elkarteak, irakaskuntza eta formazioa, zerbitzuak eta enpresak, osasuna, kirola, finantzak eta aseguruak, kultura, elkargoak, gizarte mugimenduak eta hedabideak.
2008-01-02
Amurrioko Bai Euskarari Akordioaren sustatzaileek 2008ko egutegia kaleratu dute. Bertan zerrendatu dituzte Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten herriko 54 entitateen izenak.
Donostiako udalak eta Bortzirietako Mankomunitateak hitzarmenak berritu dituzte Kontseiluarekin. Lehenaren bidez, Donostian euskara normalizatzeko udal planaren ezarpenaren auditoria egiten du Kontseiluak. Bigarrenaren bidez, Bortziriretako enpresa, saltoki, ikastetxe eta era guztietako entitateetan euskararen normalizazioa indartu eta laguntzeko egitasmoa garatzen du Kontseiluak.


Zabaldu
Bildu
Twitter