2007-11-30
Herrian gertatzen diren euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko, eta euskararen normalizazioaren mesedetan egindako ahaleginak zoriontzeko atalak sortu ditu Altzako euskalgintzak beren blogean. Ikusteko, klikatu hemen.
2007-11-29
Ezaguna da jada Bai Euskarari Ziurtagiria Goierri aldean, izan ere, badira jada hainbat urte eskualdeko eragileek lehenengo ziurtagiriak eskuratu zituztenetik. Iaz esaterako, 36 entitatek lortu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria Goierrin. Gaurko ekitaldian Bai Euskarari Ziurtagiriaren inguruko proiekzio desberdinak eman dituzte eta bertara hurbildutakoek euren zalantzak argitzeko aukera izan dute. Ziurtagiria bultzatzeko antolatu diren ekintza multzoaren pausoetako bat izan da aurkezpen hau. Eta pauso anitz eman dira dagoeneko herrian. Azaroan bertan Segurako udalak eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, aurten martxan jarritako Euskara Biziberritzeko Planaren barruan.
2007-11-19
Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dizkie euskararen aldeko neurriak hartu dituzten Zestoako 25 saltoki, enpresa eta bestelako entitateri. Hauetatik 17, ‘Zerbitzua euskaraz’ mailakoak dira, hau da, zerbitzua euskaraz eskaintzeko gai dira. Beste 5, ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ mailakoak dira, hots, maila gorenekoak; eta azken 3ak, ‘Bidean’ mailakoak: konpromisoak hartzen hasi diren eragileei dagokien maila da. Zestoako eragileek Ziurtagiria jasotzearekin bat, puzle baten pieza bana jarri dute eta horrela Ziuratigiri handi bat osatu dute.
2007-11-16
Kontseiluak eta Amurrioko udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute herriko entitateen artean euskararen normalizazioa sustatzeko helburuarekin. Agiri honen bidez, urtean zehar euskararen alde elkarlanean arituko direla adostu dute Amurrioko jardungo alkateak, Mariano Alavak, eta Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. AHIZE aholkularitza kontratatzea adostu dute lan teknikoaz arduratu dadin. Honetaz gain, merkataritza euskalduntzeko udalak duen egitasmotik eratortzen diren lan teknikoaz ere arduratuko da AHIZE.
2007-11-15
Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dizkie euskararen aldeko neurriak hartu dituzten Tafallako 22 saltoki, enpresa eta bestelako entitateri. Horietatik, 2 ziurtagiridun berriak dira, udalak merkataritza euskalduntzeko planetik lorturikoak hain zuzen ere. Izan ere, Tafallako udalak merkataritza euskalduntzeko plana jarri du martxan. Horretarako, aurretik Tafallako euskalgintzak egindako lana kontuan izan du eta arrazoi honegatik Kontseiluak zoriondu egin du udala.
2007-11-14
Kontseiluak eta Segurako udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute herriko entitateen artean euskararen normalizazioa sustatzeko helburuarekin. Agiri honen bidez, urtean zehar euskararen alde elkarlanean arituko direla adostu dute Segurako alkateak, Maixabel Telleriak, eta Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Segurak aurten Euskararen Biziberritzeko Plana jarri du martxan eta proiektu honen barruan herriko entitateen normalizazioa bultzatzeko helburu duten ekintzak adostu dituzte, gaurko hitzarmena kasu.
2007-11-12
2007-11-09
“Haur, gazte eta heldu Bai Euskarari” lemarekin euskararen hamabostaldia antolatu dute Zestoan. Izan ere, Danbolinek, herriko euskara elkarteak, 7 urte betetzen ditu eta hurrengo egitarauarekin ospatuko dute urteurrena:
Azaroak 9, 21:30ean Kultur etxean, literatur emanaldia Leire Bilbaorekin, “Ezkatak”.
Azaroak 16, 20:30etan Kultur Etxean: Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa, herriko bertsolari gazteen bertsoez lagundurik. Ondoren luntxa eta 21:30etan, Lakrikun taldearen antzerkia: ‘Greban gaude’ antzezlana hain zuzen ere.
Azaroak 17, arratsaldeko 17:00etan ‘Zirika zirkus’ ikuskizuna haurrentzat.
Aurten bertan gehitu da Ziburu Bai Euskarari Akordiora eta bertako 31 eragilek Ziurtagiria eskuratu dute. Bai Euskarari Akordioa izenpetu zuten Ziburuko 70 saltegi, elkarte, mediku eta eskolari proposatu zaizkie beren entitateak euskalduntzeko neurri desberdinak.
Gaur egun, Euskal Herri osoko 1500 entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria, horietatik 235 Lapurdin eta Nafarroa Beherean.
Ezaguna da jada Bai Euskarari Ziurtagiria Sakanako Mankomunitatean, izan ere, duela lau urte eskuratu zituzten lehenengo ziurtagiriak eskualdeko eragileek. Iaz esaterako, 64 entitatek lortu zuten Ziurtagiria Sakanan eta aurten, azaroaren 22an, ospatuko da urteroko ekitaldia. Aurkezpen honen bidez, Arakilgo elkarteen artean Ziurtagiria zabaldu nahi izan dute.
2007-11-05
Azkoitiko Bai Euskarari Ziurtagiriaren zozketako saridunak hurrengoak dira:
1go Saria. 300 €. DORLETA ALKORTA (1.952 zenbakia ETXE AITZ tabernan
banatutakoa)
2go Saria. 200 €. IZASKUN ALBERDI (1.731 zenbakia, OTARRE jatetxean
banatutakoa)
3go Saria. 100 €. OLATZ ALBERDI (3.782 zenbakia NHO estudioan banatutakoa)
Ezpeletako Euskararen Aste arrakastatsuaren ondoren, azaroaren 12tik 18ra ospatuko den ‘Mintza euskaraz! Bai Euskarari Azkainen’ egitasmoa aurkeztu dute gaur Bai Euskarari Akordioaren jarraipen taldeko eta Azkaingo Herriko Etxeko ordezkariek. “Azkaindar guztiak euskaraz mintzatzera animatu nahi ditugu!”, adierazi dute aurkezpenean. Azkaingo karriketan euskara entzutea eta hitz egitea da egitasmoaren helburua. Jarraipen taldeko Graxi Solorzanok azaldu duen bezala: “jolas baten moduan, bederen aste batez euskaraz mintzatzeko indar bat egin dezaten nahi dugu”.


Zabaldu
Bildu
Twitter